COVID-A
BIGARREN URTEZ
2021. urtea gorabehera eta ziurgabetasun urtea
izan da, baina baita itxaropen urtea ere. COVIDa bigarren urtez gure
artean izan arren, eta pandemiak eragiten jarraitu duen astinaldia
gorabehera, badira era positiboan nabarmendu diren gai aipagarriak.
Garrantzitsuena, itxaropenari atea letra larriz ireki ziona, txertoa
izan da. Guri helarazteko izan den osasun-kudeaketa goraipagarriari
eta herritarren onarpen ezin nabarmenagoari esker, aurre egin ahal
izan zaio urte honi (izan dituen eragozpen guztiak gorabehera,
pandemiaren ondorengo etorkizunari dagoeneko aurrez aurre begira
jarri den urteari).
Hala eta guztiz ere, ez dago memoriarik, ez
kudeaketa txostenik, ez publikorik, ez pribaturik, birusak gure
artean bigarren urtez eragin dituen kalteetatik aldendu daitekeenik.
Hala ere, nahiz eta osasun-larrialdiko testuinguru zaila izan,
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ahalik eta
normaltasun handienaz garatu ditu bere eginkizunak, COVIDak urtean
zehar izan duen eraginaren araberako testuinguru aldakor baten
baitan.
2021ean nabarmen berreskuratu da irizpenak
emateko jarduera; hori da Batzordearen eginkizun nagusia. Euskadiko
EGABek garrantzi handiko eta eragin sozial handiko esparruetan eman
zuen iritzia, hala nola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako
Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretu Proiektuan eta Euskadiko
Osasun Publikoaren Aurreproiektuan; edo Diru-sarrerak Bermatzeko eta
Gizarteratzeko Euskal Sistemaren Lege Aurreproiektuan (kasu horretan,
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak idatzitakoan). EAEko
biztanleriaren kolektibo zabalentzat interes handikoak diren
legegintza-ekimenen hiru adibide dira. Euskal Autonomia Erkidegoko
etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko
bizigarritasun-baldintzak arautzen dituen dekretu proiektuan jasotako
berrikuntzak ere badira horien adibide. Batzordeak 2021eko maiatzean
eman zuen proiektu horren gaineko irizpena.
Beste maila batean, lege-aurreproiektuari
buruzko irizpena ere nabarmendu zen Euskadiko Memoria Historiko eta
Demokratikoa bezalako gai sentikor batean. Bertan, Batzordeak
onartzen zuen erakundeen ekintza funtsezkoa dela Memoria babesteko,
gertatutakoari buruzko gogoeta eginez eta belaunaldi berrientzat
eskuragarri eginez, askatasunen egungo esparruko lorpenak babesteko
eta lorpenaren alde borrokatu zirenen sufrimendua aitortu eta
balioesteko.
Irizpen-jardueraz haratago, Euskadiko Ekonomia
eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urteko memoria sozioekonomikoa
egiteko lege-agindua bete zuen. Memoria hori uztailean aurkeztu zen
jendaurrean, eta, horrela, pandemiaren aurreko garaiak eta moduak
berreskuratu ziren.
Azkenik, eta ezaugarri bikain gisa, 2021ak
aukera eman du, Espainia eta Frantziako fatxada atlantikoko batzorde
ekonomiko eta sozialen arteko harremanaren esparruan, pandemiaren
ondorioengatik 2020an murriztutako jarduera baten erritmoari berriro
ekiteko. Batzorde horiek osatzen duten Sare Transnazional Atlantikoak
hainbat gomendio eman ditu Atlantikoko Korridorearen ezarpena
bultzatzeko, eta gomendio horiek “Espazio atlantikorako TEN-T
delakoaren berrikusketarantz” txostenean jaso dira. Ekarpen
horrekin, Sare horretan sartutako ekonomia eta gizarte arazoetarako
batzordeek indartu egin nahi izan dute eskualdeaz gaindiko dimentsioa
izanik gure lurralde bakoitzean eragin handia eta zuzena duten
gaietan elkarrekin lan egiteko konpromisoa
(Ikusi
dokumento osoa)