IRIZPENA 14/21 GARAPENERAKO
LANKIDETZA-PROGRAMETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN
DEKRETU-PROIEKTUARI BURUZKOA
I.-
AURREKARIAK
2021eko
azaroaren 18an, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA)
idazki bat sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordean, “Garapenerako
lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu
Proiektuari buruzko txostena”
eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen
maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1 artikuluan ezarritakoaren
arabera.
Kontsultatutako
legegintza-ekimenaren xedea garapenerako lankidetza-programak
finantzatzeko laguntzen araubidea arautzea da. Programa horien
helburua giza garapen jasangarria sustatzea da, ikuspegi lokal eta
globaletik. Ikuspegi hori elementu hauexek definitzen dute: egitura
arazoei eta erronka globalei heltzea, Iparreko eta Hegoko entitateen
arteko artikulazioa, eragileen eta erakundeen arteko itun zabalak eta
askotarikoak eratzea, askotariko mailetako ekintza eta subjektuei
laguntzea eta herritartasun globala eraikitzea.
Berehala
bidali zitzaien dokumentuaren kopia bat Kontseiluko Osoko Bilkurako
kide guztiei, proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta dagokion
Lan-batzordeari helaraz ziezazkioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan
ezarritakoaren arabera. 2021eko abenduaren 1ean, Gizarte Garapenerako
Batzordea bildu zen, eta, hartutako erabakietatik abiatuta,
irizpen-proiektu hau egin zen, Kontseiluaren Osoko Bilkurari
aurkezteko, eta aho batez onartu zen.
II.-
EDUKIA
“Garapenerako
lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu
Proiektuak”
honako hauek ditu: zioen azalpena, hogeita hamabi artikulu, xedapen
indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.
Zioen
azalpenean azaltzen denez, azken hamarkadan, garapenerako
lankidetza-programen testuingurua nabarmen aldatu da.
Globalizazioaren egungo fasean, krisi ekonomikoak, instituzionalak,
politikoak, sozialak, humanitarioak, ekologikoak, sanitarioak,
balioenak eta abar biltzen dira, izaera orokorrekoak, baina eragin
bereiziak dituzte lurraldeetan, kolektiboetan eta pertsonengan. Krisi
horiek tokikoaren, estatukoaren eta nazioartekoaren arteko mugak
lausotzen dituzten eta garapenaren arazoak nazioartera zabaltzen
dituzten aldaketa batzuei erantzuten diete, eta munduko herri eta
gizarte askok partekatzen dituzten erronka global bihurtzen dira.
Hain
zuzen ere, egoera horretatik proposatzen dira Agenda 2030 eta Garapen
Jasangarrirako Helburuak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean
onartutakoak. Agenda horren ezaugarri nagusiak hauexek dira:
proiekzio unibertsala, Iparraren eta Hegoaren arteko binomioa
gainditu nahi duena; maila anitzeko izaera, betiere tokikoa eta
globala elkarren mendekoak direla eta errealitate beraren parte
direla kontuan hartuta; integraltasunaren aldeko apustua: horrek
berekin dakar politika sektorial desberdinak helburu komunen inguruan
elkarrizketan jartzea; eta herrialde guztien arteko
erantzukidetasunerako deia, agenda bera garatzeko, erantzukizun
komunak baina bereiziak hartuz.
Erronka
globalei hobeto erantzuteko, ezinbestekoa da berrikuntzaren ikuspegia
txertatzea garapenerako lankidetzaren eremuan, eta ikuspegi hori
lan-estrategietara eta diru-laguntzen tresnetara eraman behar da
nahitaez.
Lan-estrategiei
dagokienez, beharrezkoa da hainbat eragileren arteko elkarrizketa eta
baliabide eta gaitasunen mobilizazioa indartzea, helburu partekatu
baterako bidean, hala proposamen estrukturalagoak eta integralagoak
egiteko, garapenaren erronkei hobeto erantzungo dietenak.
Horretarako, era berean, desberdinen arteko harremanen eskema berriak
sustatu behar dira, eta etengabeko esperimentaziorako eta
ikaskuntzarako esparru bat eratu.
Diru-laguntzen
tresnak ere aipatutako erronketara egokitu behar dira. Ildo horretan,
garapenerako lankidetza-programen erregulazio berriak pobreziaren
aurka borrokatzeko, egiturazko aldaketetaranzko prozesuetan
laguntzeko eta analisi, proposamen eta estrategietan sakontzeko
jatorrizko helburuari eusten dio, baina tokiko eta munduko
ikuspegiari zentraltasun saihestezina ematen dio bere helburuak
lortzeko bidean aurrera egiteko orduan, eta hori, aldi berean, bere
ezaugarri bihurtzen da.
Ildo
horretan, garapenerako lankidetza-programetan tokiko ikuspegi globala
txertatzea honako hauetara bideratuko da: egiturazko arazoei eta
erronka globalei aurre egitera, Iparreko eta Hegoko erakundeen arteko
koordinazioa hobetzera, askotariko eragileen arteko aliantza zabalak
ezartzera, toki, estatu eta nazioarte mailan antolatutako ekintza
bultzatzera eta subjektuei laguntzea eta herritartasun globala
eraikitzea sustatzera.
Kontzeptu-esparrua
aldatzeaz gain, araugintzako tresna berriak aldaketa garrantzitsuak
egiten ditu kudeaketa-sisteman, egiaztatu diren zailtasunetako batzuk
konpontzeko.
Bereziki,
diruz lagun daitezkeen fase desberdinak ezartzen ditu programak
identifikatu eta gauzatzeko. Hortaz, gauzatzearen finantzaketa
identifikazioaren ondoriozko behin betiko proposamenen balorazioaren
mende dago. Era berean, arrazionalizatu egiten dira erakunde
eskatzaileek deialdietan parte hartzeko bete behar dituzten
administrazioaren eta gaitasunen inguruko baldintzak, eta haien
egiaztapen-sistema optimizatu egiten da. Bestalde, laguntzak emateko
prozeduran eta programen justifikazio- eta jarraipen-ereduan ere
aldaketa batzuk egin dira, tresna hori malguagoa izan dadin eta
ordainketak hobeto egokitu daitezen proposamenak egiteko erritmora.
Azkenik,
programen orientazio estrategikoarekin bat etorrita, eutsi egiten
zaio finantza-baliakizun handiagoaren eta gauzatzeko aldi luzeagoaren
aldeko apustuari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste
tresna batzuekin alderatuta. Era berean, tokiko erakundeak indartzeko
prozesuen finantzaketa berresten da, eta horiek ere erakunde
eskatzaileetara heda daitezke, Garapenerako Lankidetzaren Euskal
Agentziari esleitutako lankidetza-eragileei laguntzeko eginkizunaren
esparruan.
Azken
batean, arau-aldaketa horrek lankidetza-programen helburuen lorpena
indartuko du, eta, aldi berean, nazioartean identifikatutako erronka
komunekin eta lehentasunezko lan-ikuspegiekin lerrokatuko ditu.
Horrekin batera, indarrean dagoen araudian egindako aldaketei esker,
tresnaren kudeaketa hobetu ahal izango da.
Eta,
horretarako, dekretu proiektu honek honako artikulu hauek garatzen
ditu:
1.
art. Xedea
2.
art. Garapenerako lankidetza-programen faseak
3.
art. Baliabide ekonomikoak
4.
art. Esleitzeko prozedura
5.
art. Erakunde eskatzailearen betekizunak eta egiaztatzeko modua
6.
art. Garapenerako lankidetza-programen eskakizunak
7.
art. Taldeko erakundeen betekizunak, eskatzailearenak ez direnak, eta
egiaztatzeko modua
8.
art. Taldeko erakundeen arteko hitzarmena
9.
art. Baldintzak betetzea
10.
art. Deialdia
11.
art. Diruz lagundu daitezkeen gastuak
12.
art. Azpikontratazioa
13.
art. Eskabideak aurkeztea
14.
art. Erantzukizunpeko adierazpenak
15.
art. Laguntzen instrukzioa eta kudeaketa
16.
art. Eskabidean dauden akatsak zuzentzea
17.
art. Hautaketa-batzordea
18.
art. Balorazio-irizpideak
19.
art. Diru-laguntzak emateko prozedura
20.
art. Emateko ebazpena
21.
art. Erakunde onuradunen betebeharrak
22.
art. Beste laguntza batzuekin bateragarria izatea
23.
art. Diru-laguntzaren ordainketa
24.
art. Justifikazioa
25.
art. Jarraipen-batzorde Mistoa
26.
art. Abalaren salbuespena
27.
art. Ondasunak diru-laguntzaren helburuekin lotzea
28.
art. Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea
29.
art. Ez-betetzeak
30.
art. Itzultzeko prozedura
31.
art. Aldaketak esku-hartzeetan
32.
art. Kontrola
III.-
GOGOETA OROKORRAK
“Garapenerako
lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu
Proiektua”
aurkezten zaigu kontuan har dezagun. Proiektu horren helburua da
tokiko ikuspegia eta ikuspegi globala programa horien
nortasun-ikurtzat kokatzea, baita aurkeztutako ekimenetan ikuspegi
hori behar bezala txertatzea bermatuko duen kudeaketa-sistema bat
ezartzea ere.
Horrek
ez du esan nahi aurreko araudian garapenerako lankidetza-programei
esleitutako helburuen aldean hausturarik dagoenik, baizik eta
aurrerapen garbia sortzen duela Garapenerako Lankidetzaren Euskal
Agentziak dituen beste tresna batzuekiko esleitzen zaizkien elementu
bereizgarrietan eta balio erantsian, dekretu proiektuaren
azalpen-memoriak dakarrenez, eta horrexegatik
jotzen dugu positibotzat.
Hain
zuzen ere, gure ustez, arau berriak Garapenerako Lankidetzaren Euskal
Agentziak berak egungo programa-tresnan ikusitako ahulezia batzuk
gainditzen lagunduko du; besteak beste, aldez aurreko
egiaztapen-sistemaren baldintza batzuen malgutasun mugatua edo
egokitzapenik eza nabarmentzen dugu, eta, aldi berean, sistemaren
sendotasuna bultzatzen da, besteak beste, garapenerako hezkuntza- eta
garapen-ekintzak tresna berean txertatzea.
Aurkeztu
diguten dekretu proiektuaren aldaketen artean, ikuspegi
lokal-globalaren zentraltasunari
buruzkoa nabarmendu nahi dugu bereziki.
Dekretu
proiektuaren azalpen-memorian argudiatzen den moduan, orientazio
horrek zuzeneko lotura du azken hamarkadan nazioarteko testuinguruan
izandako aldaketekin. Egoera honetan, hainbat krisi biltzen dira:
ekonomikoak, ekologikoak, instituzionalak, politikoak, sozialak,
humanitarioak, balioenak, sanitarioak, etab. Horiek guztiek dimentsio
global nabarmena dute, nahiz eta herriei eta pertsonei modu oso
bereizian eragiten dieten.
Egoera
horretan, gero eta gutxiago balio du garapena Hegoko herrialdeen
erronka esklusibotzat identifikatzeak. Izan ere, herrialde eta
lurralde bakoitzak bere problematika espezifikoa duen arren, erronka
global garrantzitsuak daude, eta horiei erantzun bateratua eta
partekatua eman behar zaie. Era berean, ikusten da tokiko, estatuko
eta nazioarteko mugen arteko bereizketa gero eta lausoagoa dela, eta
maila horiek etengabe erlazionatzen direla elkarren artean, eta
bateratu egin behar direla erantzun hori eraginkorra izan dadin.
Halaber,
egokitzat jotzen dugu arau berriak
diruz lagun daitezkeen bi fasetzat
hartzea garapenerako lankidetza-programen identifikazioa eta
betearazpena, eta gauzatzeko fasearen finantzaketa programen behin
betiko proposamenak baloratzeko prozesu baten garapenaren
baldintzapean jartzea. Hala, fase bakoitzari berariazko
denbora-tarteak eman ahal izango zaizkio, eta horrek prozedura
eraginkorragoa izaten lagunduko du. Hartara, egungo araudiaren
arabera identifikatu, jarraipen-batzorde mistoaren deialdia egin eta
ekimena abian jartzeko baimena ematen den arteko aldi baliogabeak
saihestuko dira.
IV.-
GOGOETA ESPEZIFIKOAK
Zioen
azalpena
2.
orrialdeko azken paragrafoan honela dio: “Bereziki,
diruz lagun daitezkeen fase desberdinak ezartzen ditu programak
identifikatzeko eta gauzatzeko, halako moldez non identifikazioaren
ondoriozko behin betiko proposamenen balorazioaren mende baitago
programak gauzatzearen finantzaketa”.
2007ko
aurrekoa indargabetzen duen dekretu berriaren izateko arrazoia,
arau-proposamenaren zioen azalpenean esaten denaren arabera, aurreko
prozedura aplikatzean sortu ziren arazoei aurre egiteko
diru-laguntzen mekanismoak egokitzean datza. Hala eta guztiz ere, ez
da zehazten zein diren arazo horiek, eta ez da esaten zergatik diren
tresna egokiak proposamenak identifikatzeko eta diru-laguntza
baldintzatuak emateko mekanismo berriak planteatutako arazoak
konpontzeko.
Proposamen
gisa, arauen justifikazioaren formulazioan eskatzen den gardentasuna
kontuan hartuta, hauxe proposatzen da: ahal den neurrian zehaztea
hobekuntza
horiek zeri erantzuten dioten
eta zergatik uste den emandako diru-laguntzei eraginkortasun
handiagoa emango dietela, aurreko sistemarekin alderatuta.
4.
art. Esleitzeko prozedura
Esleitzeko
prozedura arautzeko artikuluak identifikazio- eta egikaritze-faseetan
emandako laguntzen gehieneko eta gutxieneko muga batzuk ezartzen ditu
(40.000 € gehienez eta 600.000 eta 1.200.000 € artean,
hurrenez hurren). 3.c)
atalak dioenez,
“fase
bakoitzeko deialdiaren ebazpenean administrazio deitzaileak ekimen
bakoitzeko eskatu beharreko gutxienekoa eta gehienekoa murriztu
ahal izango dituela”.
Hala
ere, proposamena egokia bada, komenigarritzat jotzen da
Administrazioak beretzat gordetzea eskatutako kopuruen minimoa eta
maximoa handitzeko aukera, jakina, aurrekontu-esparruaren barruan
eta, oro har, ezarritako arau-esparruaren barruan.
Proposamen
gisa, ebazpen-fasean aurkez daitezkeen egitatezko kasuekin bat
etorriz, 3.c) atal honetan ere emandako gutxienekoa eta gehienekoa
zabaltzeko
aukera
kontuan har dadila eskatzen da –aukera oso txikia izanik ere–.
5.
art. Erakunde eskatzailearen betekizunak eta egiaztatzeko modua
Artikulu
horren 1.4 (5) atalak ezartzen duenez,
“laguntzen organo izapidegileak automatikoki egiaztatuko du,
behar
beste aldiz,
dagokion foru ogasunarekiko zerga-betebeharrak betetzen direla...”.
Estiloa
hobetze aldera, "behar beste aldiz" esamoldea
kentzea
proposatzen da. Izan ere, funsgabea da, hau da, Administrazioak
ziurtatu behar du diruz laguntzen dituen erakundeen
zerga-betebeharrak betetzen direla, eskura dituen metodo eta
prozeduren bidez.
9.
art. Baldintzak betetzea
Artikuluak
dioenez, “identifikazio-
eta egikaritze-faserako eskabideak aurkezten diren unean bete beharko
direla laguntza hauek emateko baldintzak, ezarritako epeetan
egiaztatu beharko direla eta une oro mantendu beharko direla diruz
lagun daitekeen jarduketa amaitu arte”.
Artikuluak
ezartzen du lortutako laguntzak baliatzeko baldintza hori nekez
egiazta daitekeela diru-laguntza ematen den unean, hau da, dekretu
honetan eskatutako baldintzak mantentzea diruz lagundutako jarduera
amaitu arte. Era berean, ez da esaten zeintzuk diren aipatutako
baldintzak galtzearen ondorioak. Agian interpretatu behar da
deialdian ezarritako baldintzaren bat galtzeko unean erakunde
onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli behar dituela edo, bestela,
behar den finantzaketa etenda utzi behar duela izaera galtzen den
unetik aurrera.
Proposamen
gisa, adjudikaziodunarentzat ondorio larriak ekar ditzakeen baldintza
bat izanik, proposatu egin liteke bi
alderdi horiek argitzea
(artikulu berean edo deialdietan bertan), hau da, ezarritako
baldintza guztiak bete direla eta baldintzok betetzeari utzi zaiola
noiz egiaztatu behar den.
17.
art. Hautaketa-batzordea
Artikuluaren
2.
atalak
ezartzen duenez, “deialdiaren
ebazpenetan ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira lanpostu hutsak,
absentziak, gaixotasunak edo
legezko beste arrazoi batek
eragindako kasuetan”,
baina ez da zehazten zer legez ari den.
Honako
hau proposatzen dugu: 16. Administrazio Publikoen Administrazio
Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eskaeran egindako
akatsak zuzentzeko erreferentziazko arautzat aipatzean,
Hautaketa-batzordeko kide bat ordezkatzeko aukera arautu behar duen
legea
zehaztea.
27.
art. Ondasunak diru-laguntzaren helburuekin lotzea
Xedatu
denez, “Garapenerako
Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketarekin eskuratutako
ondasun guztiak, baita horiek sortzen dituzten dibidenduak
ere,
formalki lotuta geratu behar direla egindako esku-hartzearen
helburuekin”.
Klausularen
estiloa
zuzentzea
proposatzen dugu, ondasunek sortutako dibidenduei (sic) buruzko
puntuan. Terminologiaren ikuspegitik, ondasunek ez dute dibidendurik
sortzen, fruituak baizik, eta bakar-bakarrik merkataritza-sozietate
bateko akzio edo partaidetzen kasuan hitz egin genezake dibidenduez.
V.-
ONDORIOA
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordeak egoki deritzo “Garapenerako
lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu
Proiektua” izapidetzeari, kontsulta-organo honek egindako
gogoetak kontuan hartuta.
Bilbon, 2021eko abenduaren 9an
O.E. Presidentea
|
Idazkari nagusia
|
Emilia M. Málaga Pérez
|
Lorea Soldevilla Palazuelos
|