Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 6/17

Irizpena 6/17

6/17 IRIZPENA elikadura enpresa eta establezimenduen osasun baimen eta jakinarazpenerako araubidea arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistroa (EAEEEE) sortzeko Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2017ko urriaren 16an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Osasun Sailaren idazkia sartu zen eta “elikadura enpresa eta establezimenduen osasun baimen eta jakinarazpenerako araubidea arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistroa sortzeko Dekretu Proiektuari” buruzko irizpena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Arauaren helburua osasun publikoa eta pertsonen eskubideak babestea da eta, xede horrez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan jarduten duten elikadura establezimenduak eta jarduerak kontrolatuko dira. Ildo horri eutsiz, EAEn jarduera garatzen duten elikadura enpresa eta establezimenduei dagokienez, osasun baimenaren prozedura, jarduera hasi aurreko jakinarazpena eta datuak aldatzeko jakinarazpena, erregistroan inskribapena baliogabetzea barne, arautzen dira eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Enpresen eta Establezimenduen Erregistroa sortuko da.

Berehala dokumentuaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, beren proposamenak eta iritziak bidaltzeko eta horiek Lan Batzorde egokiari jakinarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoaren babesean. Ekonomia Garapeneko Batzordea 2017ko urriaren 30ean bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, Irizpen Proiektu hau egin du Batzordearen Osoko Bilkurak azaroaren 6an azter dezan eta aho batez onartu da bertan.

II.- EDUKIA

“Elikadura enpresa eta establezimenduen osasun baimenerako araubidea eta jakinarazpena arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistroa (EAEEEE) sortzeko Dekretu Proiektuak” zioen azalpena, 10 artikulu, bi xedapen osagarri, indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu. Era berean, bi eranskin ageri dira.

Lehenik eta behin, azaldutakoaren arabera, 852/2004 (CE) Araudiak, Europar Parlamentu eta Kontseiluarenak, 2004ko apirilaren 29koak, elikadura produktuen higieneari buruzkoak, xedatutakoarekin bat, elikadura enpresetako operadoreek bere kontrolpean dauden establezimendu guztiak agintaritza eskudunari jakinarazi beharko dizkiote, agintaritza aginpidedunak eskatutako moduan elikagaiak ekoitzi, eraldatu eta banatzen badira. Helburua erregistratzea izango da. Era berean, jarduerari eta establezimendua ixteari eragiten dion edozein aldaketa esangarri jakinarazi beharko dute.

14/1986 Legeak, apirilaren 25ekoak, Osasunari buruzko Orokorrak, 25.1. artikuluan xedatutakoari jarraiki, osasun baimenak ezinbestekoak dira eta osasun arrazoiak direla-eta enpresek eta produktuek nahitaez erregistratu beharko dute, beraz, hori guztia araubidez xedatuko da.

33/2011 Legeak, urriaren 4koak, Osasun Publikoari buruzko Orokorrak, xedatutakoaren arabera, osasun administrazioek ezinbestez jarduera hasi baino lehen erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurretiko jakinarazpena egitea eska dezakete, osasunean eragin dezaketen jarduerak garatzeko instalazio, establezimendu, zerbitzu eta industrien kasuan (29.2. artikulua).

Halaber, 17/2011 Legeak, uztailaren 5ekoak, elikadura segurtasun eta nutrizioari buruzkoak, xedatutakoarekin bat, herri administrazioek elikagaien segurtasunaren arloan esku-hartze ekintzak eska ditzaketen egoera desberdinak ezagutzeko erregistroak sortu eta mantenduko dituzte eta araubidez zehaztuko dira horiek (24.1. eta 2. artikulua).

191/2011 Errege Dekretuak, Elikadura Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrari (EEEOEO) buruzkoak, erregistro bateratua eratzen du Estatuaren eremuan, erregistroan inskribatu, aldatu edo indargabetu behar duten elikadura enpresa eta establezimenduen inguruan autonomia erkidegoek kudeatutako erregistroetan ageri diren datuak sartzeko. Horretarako, operadore ekonomikoak aldez aurretiko jakinarazpena, datuak aldatzeko jakinarazpena edo baimen eskaera aurkeztu beharko du.

Beraz, osasun baimena lortu edo jarduera hasi baino lehenagoko jakinarazpena egiteko prozedurak arautu behar dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erkidegoko Erregistroa sortu ere. Nolanahi ere, horretan EAEn elikagaiekin diharduten establezimendu guztiak erroldatuak edota erregistratuak egongo dira, establezimendu mota batzuen kasuan beste erregistro batzuetan sartu behar izateaz gain. Helburua beren datuen informazioa kudeatuz osasun publikoa babestea da. Xede horrez, kontrol ofizialen programazio egokia bermatuko da.

Halaber, Erkidegoaren erregistroan 76/2016 Dekretuak, maiatzaren 17koak, Euskadin nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren eremu desberdinetan baldintza higieniko-sanitarioak egokitzeko baldintzei buruzkoak, xedatutako baldintzak betetzen dituzten elikadura establezimenduak sartuko dira.

Arau honek hurrengo artikuluak ditu:

1. artikulua. Xedea eta helburua

2. artikulua. Definizioak

3. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak dauden elikadura enpresa eta establezimenduen betebeharrak

4. artikulua. EAEEEEren eremua eta izaera

5. artikulua. EAEEEEn inskribatzea

6. artikulua. Erregistroaren edukia

7. artikulua. EAEEEEn elikadura enpresa eta establezimenduak baimendu, inskribatu, aldatu eta indargabetzeko prozedura

8. artikulua. EAEEEEn elikadura enpresa eta establezimenduak aldez aurretik jakinarazi, inskribatu, aldatu eta indargabetzeko prozedura

9. artikulua. Publizitatea eta datuen babesa

10. artikulua. Zigortzeko araubidea

XG-1. Datuak erregistro berrian (EAEEEE) integratzea

XG-2. Osasun kontrolerako sistemak

X Indargab. 223/1996 Dekretua, irailaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoan elikadura jarduerak, industriak eta establezimenduak funtzionatzeko osasun baimenei buruzkoa.

AX-1. 2002ko martxoaren 15eko Agindua, Osasun sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan jangela kolektiboen eta azken kontsumitzailearentzat janari prestatuak egiteko establezimendu ez-industrialen osasun baldintzak eta sailkapena xedatzen dituena.

AX-2. Garatzeko ahalmena

AX-3. Indarrean sartzea

I. eranskina. Osasun baimena eskatzea / Jarduera hasi aurreko jakinarazpena / Inskribapen datuak eguneratzeko jakinarazpena / Jardueraren amaiera jakinarazpena, guztiak elikadura establezimenduei dagokienez.

II. eranskina. Inprimaki normalizatuarekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osagarria

III.- GOGOETA OROKORRAK

Guk iritzia emateko “elikadura enpresetan eta establezimenduetan osasun baimen eta jakinarazpenerako araubidea arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistroa (EAEEEE) sortzeko Dekretu Proiektua” aurkeztu zaigu. Elikadura enpresa eta establezimenduei dagokienez, osasun baimen, jarduera hasi aurreko jakinarazpen eta datuen aldaketa jakinarazpenerako prozedura arautzen du, erregistro inskribapena indargabetzea barne, horiek EAEn jarduten badute. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Enpresen eta Establezimenduen Erkidegoko Erregistroa (EAEEEE) sortzen du. Publikoa eta Autonomia Erkidego guztian bakarra da.

Aipatu arauak indarreko 223/1996 Dekretua, irailaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoan elikadura jarduera, industria eta establezimenduak funtzionatzeko osasun baimenei buruzkoa, ordezkatzen du. Estatuko eta Erkidegoko araudiari egokitzea du xede eta hori guztia “elikadura jarduerak eta establezimenduak kontrolatuz osasun publikoa eta pertsonen eskubideak babesteko, horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan badihardute”. Izan ere, xedea oso positiboki balioztatzen dugu.

Dena den, ezinbestekoa den kasuetan funtzionamenduaren osasun baimena lortzeko prozedurari buruz hainbat ohar egin nahi dugu.

Jarduera ekonomikoa sustatzeko, Erkidegoaren araudia enpresa jarduerak hasi aurretiko administrazio baimenen eskakizuna mugatuz joan da. Araudi horren arabera, baimenak bakarrik oso ustezko zehatz eta berezietan eska daitezke: goi mailako interesen bat arriskuan dagoen horietan; bestela, justifikazio nahikoa izan gabe, enpresa askatasunaren oinarrizko eskubidea arriskuan jarriko litzateke. Hau da, hain zuzen ere, animalia jatorriko elikadura enpresa eta establezimenduen kasua, 853/2004 CE Araudiak 4-2. artikuluan aipatzen duena. Noski, ildo beretik doa kontsultatzen zaigun dekretu proiektuaren 3-1. artikulua.

Ez dago ezer esaterik, “jakinarazpen” hutsaren ordez 3-1. artikuluan “baimenaren” eskakizunari buruz, gainerako ustezkoetarako arau orokorra baita lehenengoa. Oso harrigarria da, ordea, administrazioak berak baimenaren eskaera ebazteko bere buruari ematen dion epea: sei hilabete (7-6. artikulua) eta, gainera, epea igarotzen denean berariaz ebazpenik ez badago, administrazioaren isiltasun negatiboa aurrez ikusten du.

Ulergarria da jarduera zehatzak osasun ikuskaritza pasa gabe ez hastea, baina gure ustez ez da arrazoizkoa eta aurrez aurre erasotzen du enpresa dinamismoa (eta Erkidegoaren arauen espiritu bera ere bai) aipatu izapidea gainditzeko sei hilabete itxaron behar izatea. Are kontrakoagoa da, administrazioak epe zabal horretan erantzuten ez badu, partikularrak bere eskubidea erabiltzeko erreklamazioaren lege izapidea hasi beharra.

Enpresak sortzeko orduan erraztasunak emateko eta, bide batez, nazioarteko rankingetara hurbiltzeko, ahal diren administrazio izapide guztiak deuseztatu eta mugatzea eskatzen du. Hala, aztertzen ari garen hau adibidea izan daiteke.

Beste gai bati eutsiz, indarreko araudiaren babesean (zehazki, 8/2003 Legeak, abenduaren 22koak, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzkoak, 10. artikuluan; eta 16/2012 Legeak, ekainaren 28koak, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa ekintzaileei eta txikiei laguntzeari buruzkoak, 6.1. artikuluan xedatutakoa), lantzen ari garen dekretu proiektuarekin batera lehenengo kasuan txosten ekonomikoa agertu beharko litzateke eta enpresak eratu, abian jarri eta funtzionatzean eraginari buruzko ebaluazio txostena bigarrenean. Zalantzarik gabe, agiri horiek aurkeztuz gero, Batzordeak arauaren balioztapen zehatzagoa egiteko aukera izango luke.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpena, 2. or., 2. paragrafoa

Hurrengo idazkera gomendatzen da:

“Erregistro Orokorrean (EEEOEO) inskribatzetik salbuetsiak daude elikadura establezimenduak eta enpresak, aipatu Errege Dekretuko 2.2. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen badituzte. Horiek erkidegoetako erregistroetan inskribatuko dira.

Beraz, dekretu honen helburua elikadura segurtasunaren eremua dagoen araudi esparru berrira egokitzea da. Hala, Euskadiko lurraldean kokatuak dauden elikadura enpresa eta establezimenduen kasuan, osasun baimena lortu edo jarduera hasi baino lehenagoko jakinarazpena egiteko prozedurak arautzen ditu, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erkidegoko Erregistroa sortu ere. Nolanahi ere, horretan EAEn elikagaiekin diharduten establezimendu guztiak erroldatuak edota erregistratuak egongo dira, establezimendu mota batzuen kasuan beste erregistro batzuetan sartu behar izateaz gain. Helburua beren datuen informazioa kudeatuz osasun publikoa babestea da. Xede horrez, kontrol ofizialen programazio egokia bermatuko da”.

Justifikazioa: Zioen azalpenak arauaren azalpena eta hala izateko arrazoiak eskaini behar ditu.  Horregatik, paragrafo honek bi zati izan behar dituelakoan gaude, arauaren helburua argi geldi dadin. Era berean, gure iritziz dekretuaren zergatia, hain zuzen ere, araudi errealitate berriari moldatzea (letra lodiz nabarmendutako testua), sartu behar da.

4.1. artikulua. EAEEEEren eremua eta izaera

Ondorengoa gehitzea gomendatzen da (lodiz):

“1. EAEEEE erkidegoari dagokiona eta publikoa da eta datu base informatizatu bihurtuko da”.

Justifikazioa: Proposatutako testuan erregistroa publikoa denik ez da adierazten. Gure ustez agertu behar du, erregistroaren helburua administrazioaren erregulazio eta kontrolpean diharduten gertaera, gorabehera eta eskubide zehatzei legezko publizitatea ematea baita. Nolanahi ere, gardentasuna bete behar da.

7. artikulua. EAEEEEEn elikadura enpresa eta establezimenduak baimendu, inskribatu, aldatu eta indargabetzeko prozedura

Lehenik eta behin, aldatu nahi dugun artikuluak honako izenburua duela gogorarazi nahi dugu: “erregistro baimena, inskribapena, aldaketa eta indargabetzea”. Proposatutako testuan, berriz, bakarrik inskribapena arautzen da eta hutsa dago erregistro aldaketari eta indargabetzeari dagokionez. Gure iritziz, hori konpondu beharra dago.

Bestalde, artikulu honetako 6. atalari dagokionez, gogoeta orokorretan azaldutakoari eutsi nahi diogu. Aurrekoaren harira, nabarmenki murriztu behar da aldez aurretiko osasun baimenaren prozedura ebazteko epea, hori nahitaezkoa denean.

Eta, azkenik, kontsultatzen zaigun testua errazago ulertzeko, bi alderdi aipatu nahi ditugu. Horiek dekretu proiektuaren 7. eta 8. artikuluetan arautuak egon arren, idazkera ez da behar bezain argia.

  • Lehenik eta behin, dekretuan arautzen diren gestioak elektronikoki izapidetzeari buruz hitz egiten da eta inprimakiak Eusko Jaurlaritzako web orrian eskura egongo direla ulertzen da. Hala eta guztiz ere, gomendagarria litzateke legezko testuan berariaz adieraztea inprimakiak deskargatu ahal izateko web orria.
  • Bigarrenez, artikulu berdinetan jarduera hasten denean baimenak edo lizentziak egiaztatuko direla azaltzen da eta ixtean gauza bera egingo dela uler daiteke, baina alderdi hori ez da nahikoa argia gelditzen eta argitasun handiagoa behar duelakoan gaude.

8. artikulua. EAEEEEn elikadura enpresa eta establezimenduak aldez aurretik jakinarazi, inskribatu, aldatu eta indargabetzeko prozedura

Artikulu honetako 5. atalean xedatutakoaren arabera, erregistroan inskribapenak “xedapen honetan araututako elikadura establezimenduen kasuan edozein arau aplikagarri betetzen dela ez du aurrez ikusten”.

Artikuluko 1. atalak xedatutakoarekin bat, horrela da bakarrik aldez aurretiko osasun ikuskaritzarik behar ez duten jardueretarako (Dekretuaren 3.2. artikulua), baina gure ustez komenigarria litzateke berriz aipatzea, araua interpretatzean nahasteak saihesteko.

Era berean, gogorarazten dugu erregistroan inskribatzean aipatu gorabeherek idatziz jasoak gelditu beharko dutela eta inskribapen egintza bera ondoren beharrezkoak diren kontrol eta egiaztapenen araberakoa izango dela, artikulu bereko 3. atalean xedatzen den modura.

1. Xedapen Gehigarria. Datuak erregistro berrian (EAEEEE) integratzea

Lege segurtasuna sendotzeko, lehenik eta behin, ondorengo moduan artikuluko titulua osatzea gomendatzen da:

“Datuak erregistro berrian (EAEEEE) baliozkotzea eta integratzea”.

Xede berdinez, lodiz nabarmendutako gehigarriak proposatzen dira:

“1.- Egun Euskadiko Elikagaien Osasun Erroldan dauden elikadura enpresa eta establezimenduen inskribapenak baliozkoa izaten jarraituko du.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistro berrian, ofizioz, orain arte dauden elikadura establezimenduen errolda guztiak integratuko dira eta, horretarako, erregistroen administrazio arduradunak koordinatuko dira.

3. Dekretu hau indarrean sartzen denean erroldatuak dauden elikadura establezimenduek bere egunean eman zitzaien inskribapen zenbakia mantenduko dute”.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren iritziz egokia da “elikadura enpresa eta establezimenduen osasun baimen eta jakinarazpenerako araubidea arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elikadura Establezimenduen Erregistroa (EAEEEE) sortzeko dekretu proiektua” izapidetzea, kontsulta organo honek egindako gogoetekin.

Bilbon, 2017ko azaroaren 6an

 S

Batzordeburuak O.E

Idazkari nagusia

Francisco José Huidobro Burgos

Emilia Málaga Pérez