I.- AURREKARIAK
2017ko maiatzaren 16an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren idazkia sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean; idazki horretan, honako proiektuari buruzko txostena egiteko eskatzen zen: “EAEn behi-aziendaren okelaren eta behi-aziendaren okelakien etiketatze fakultatiborako sistema aplikatzeko neurriak araupetu dituen azaroaren 21eko 235/2000 Dekretua indargabetu duen Dekretu-Proiektua”, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko maiatzaren 17ko 8/2012 legearen 3.1. artikuluan ezarririk dagoenaren arabera.
Honako hau da Dekretuaren xedea: Europako arautegian gertatu diren aldaketak betetze aldera, EAEren esparruan behi-aziendaren okelaren eta behi-aziendaren okelakien etiketatze fakultatiboa araupetzen zuen 235/2000 Dekretua indargabetzea.
Berehala bidali zitzaien agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkuraren kide guztiei, haiek beren proposamenak eta iritziak igor zitzaten, horiek oro Lan-Batzorde egokiari bidaltze aldera, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Jardunbiderako Araudian ezarririk dagoenaren arabera. 2017ko maiatzaren 29an bildu zen Garapen Ekonomikorako Batzordea eta, batzarrean hartutako erabakiak oinarri hartuz, honako Irizpen-Proiektu hau egin du, ekainaren 5eko Osoko Bilkuran aurkezteko, eta Osoko Bilkurak aho batez onetsi du.
II.- EDUKIA
EAEn behi-aziendaren okelaren eta behi-aziendaren okelakien etiketatze fakultatiborako sistema aplikatzeko neurriak araupetu dituen azaroaren 21eko 235/2000 Dekretua indargabetu duen Dekretu-Proiektuak hitzaurrea, 235/2000 Dekretua indargabetzen duen artikulu bakarra eta azken xedapena ditu.
Hitzaurrean azaltzen denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1760/2000 zenbakiko (EE) Araudian honako beharkizuna jasota zegoen: estatu kide baten agintaritza eskudunak etiketatzearen arloan nahitaezko ez diren aipamenak biltzen dituzten baldintzen pleguak baimendu edo onestea. Baimena emateko edo onesteko prozedurak administrazio-zama handia eta administrazioentzako kostu ekonomiko handiak eragin ditu, eta horiek guztiak inondik inora ere ez dira prozedura horrek planteatzen zituen onurekiko proportzionalak izan.
Hori dela eta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 653/2014 zenbakiko (EB) Araudiaren bidez, etiketatzearen arlorako arestion adierazi diren aipamen fakultatiboen alorrerako baldintza-pleguetan eskatzen zen guztia indargabetu da. Hala ere, indargabetze horrek ez du galarazten behi-aziendaren okela merkaturatzen duten eragile ekonomikoek eta erakundeek beren produktuetan aipamen fakultatibo horiek eskaintzen jarraitzea. Araudi honetan ezartzen den beharkizuna honakoa da: “aipamen horiek objektiboak, agintari eskudunek egiaztatzeko modukoak eta kontsumitzaileek ulertzeko modukoak izatea”.
Araupetze berri hori zuzenean aplika daiteke estatu kideetan, indarrean jartzen den unetik bertatik. Aitzitik, segurtasun juridikoa bermatze aldera, estatu kideen lege-testuak indargabetzea edo egokitzea gomendatzen da.
Estatuak bere arautegia egokitu du, azaroaren 25eko 543/2016 Errege Dekretuaren bidez, eta EAEn, berriz, arestion aipatu diren baldintza-pleguak onetsi eta baimentzeko prozedura araupetu eta Araudia Erkidego honen berezko egiturara moldatu zuen azaroaren 21eko 235/2000 Dekretuan, era berean, haren indargabetzea zehazten da orain.
III.- GOGOETA OROKORRAK
Gure irizpean jarri da EAEn behi-aziendaren okelaren eta behi-aziendaren okelakien etiketatze fakultatiborako sistema aplikatzeko neurriak araupetu dituen azaroaren 21eko 235/2000 Dekretua indargabetu duen Dekretu-Proiektua.
Europako Erkidegoaren arautegian, hots, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1760/2000 zenbakiko (EE) Araudian honako beharkizun hau jasota zegoen behi-aziendaren okelaren eta honen deribatuen etiketatze fakultatiborako: agintaritza eskudunak egiaztatutako baldintza-plegua eta erakunde lokabe baten kanpoko kontrola edukitzea. Horrezaz gainera, sistema hori Erkidegoaren Nekazaritzako Politikaren arloko zuzeneko laguntzekin loturik zegoen, behien entzefalopatia espongiforme deritzon eriak eraginda; garai hartan, aribideko sektorearen gardentasuna bermatzeko ezarri zen politika hori.
2014. urtean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 653/2014 zenbakiko (EB) Araudiaren bidez, behi-aziendaren okelaren etiketatze fakultatiborako sistema horien xedapenak indargabetu ziren, eta horien ordez borondatezko etiketatzerako beste sistema batzuk ezarri dira, aurrekoaz bestelako edukia dutenak; halaber, horietan guztietan nekazaritzako produktuetarako eta elikagaietarako arautegi orokorra aplikatzen da (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Araudia).
Aldarazpen horrek, egungo etiketatze-sistema hagitz erraztea ekartzeaz gain (administrazio-zamak eta operadoreentzako kostuak gutxitzen baititu), ez dute kontsumitzaileek egiazko informazioa jasotzeko duten eskubidea murrizten, zeren eta produktu honi buruzko informazioa, nahitaezko etiketan jasotzen denaz at, elikagaien arloko informazioaren arautegi orokorraren itzalpean baitago.
Hainbestez, egokitzat jotzen dugu Europako arautegia Erkidego honen berezko egiturara moldatu zuen 235/2000 Dekretua indargabetzea, eta gure aholkupean jarri den arauaren balorazio positiboa egiten dugu.
IV.- ONDORIOAK
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “EAEn behi-aziendaren okelaren eta behi-aziendaren okelakien etiketatze fakultatiborako sistema aplikatzeko neurriak araupetu dituen azaroaren 21eko 235/2000 Dekretua indargabetu duen Dekretu-Proiektua” izapidetzea, aholkularitza-organo honek egin dituen gogoetekin.
Bilbon, 2017ko ekainaren 5ean
Batzordeburuak O.E: | Idazkari Nagusi |
Francisco José Huidobro Burgos | Emilia Málaga Pérez |