Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

ZIURGABETASUNA ETORKIZUNEAN

Memoria honen orrialdeetan kontsulta daiteke Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak pandemiaren bigarren urtean Euskadik izan duen errealitate soziala eta ekonomikoa aztertzeko egin duen azterketa zehatza. Txertoa iritsita, itxaropena zabaldu zen COVID-19a atzean uzteko eta etorkizunari begira nolabait baikor izateko, baita maila ekonomikoan ere. Hala ere, EAEko ekonomiak hazkundea izan bazuen ere, pandemiaren seigarren boladak, energiaren prezioaren igoerak eta 2021eko amaierako hornidura eskasiak susperraldiaren indarra mugatu zuten.

2022an eta pandemiak aurrera egin ahala, ziurgabetasunez beteta jarraitzen du etorkizunak. Testuinguru horretan, uste dugu krisitik irtetea aprobetxatu behar dela hobetzeko, eta formula ekonomiko eta sozial berritzaile, iraunkor eta inklusiboen alde egin dezaten bultzatu nahi ditugu administrazio publikoak, elkarrizketa soziala eta negoziazio kolektiboa sustatzeko eta lankidetza-harremanen alde egiteko.

Memoria honetan agerrarazi dena ikusita, egiazta daiteke ezen, pandemiaren aurreko jarduera ekonomikoaren mailara iritsi ez bada ere, ekonomia eta enplegu adierazleak nabarmen hobetu zirela Euskadin 2021ean (BPGd-aren % 5,6ko igoera eta enpleguaren % 1,5eko hazkundea izan ziren). Gogorarazi behar da politika monetarioak eta fiskalak jarduera ekonomikorako euskarri erabakigarriak izaten jarraitu zutela, baita aldi baterako lan erregulazioko espedienteek ere, aurreko urtean baino gutxiago izanik ere, nabarmen murriztu baitzuten lanpostuen galera. Era berean, gure kezka nabaria da egungo inflazioagatik, eta akordioak lortzeko eta sortutako egoera ahalik eta ondoen gainditzeko aukera emango duten neurriak hartu behar direla uste dugu.

Pandemiaren ondoriozko erronkez gain, Euskadik aurre egin behar die sistema ekonomikoaren eraldaketa global sakonaren ondoriozko erronka berriei, eta horrek aukera berrietarako ateak ere irekitzen ditu. Hori dela eta, Kontseiluak Europako Next Generation funtsek eskaintzen dituzten aukerak baliatu eta zuhur jokatzeko deia egiten dugu, trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala bultzatuko duten estrategiak ezartzeko. Etorkizunaren diseinua trantsizio horiek zehaztuko dute, eta funtsek, bai kantitatean bai diseinuan aurrekaririk ez duen Europako erantzunak, trantsizio horiek erraztuko dituzten errailak jartzea lortu behar dute, baita ezinbestean ekarriko dituzten doikuntzengatik gizartearen zati bat ahaztea eragotzi ere.

Oro har gertatutakoaren ildotik, eta hainbat eremutan datuak gogorrak izan arren, demografikoa nabarmendu nahi nuke batez ere. Pandemiaren giza eragina hain handia izaten ari da, ezen denbora bat igaro ondoren bakarrik izango baikara gai pandemiaren ondorioak lasaitasunez ebaluatzeko, eta ezin izango dira estatistiketan bakarrik neurtu. Heriotzen zifra berriez gain, jaiotza-tasa txikiaren eta biztanleriaren zahartze progresiboaren ondoriozko erronka demografikoa ere gehitu behar da. Horregatik, ezinbestekoa da demografia eta migraziorako eredu orokorra, politika publikoak zeharka eta modu koordinatuan orientatzea ahalbidetuko duena. Horrekin lotuta, erronkari heltzeko tresnak zehazten hasi dira.

Gizartearen egoerari dagokionez, 2021. urteak agerian utzi du gizarte-babeseko sistema sendoa izateak duen garrantzia, gure gizarteak dagoeneko bere gain hartutako erronkei, gero eta behar handiagoei eta erronka eta errealitate berri posibleei aurre egiteko. Azpimarratzekoa da, COVID-19ak eragindako krisia hasi zenean, EAE abiapuntu onean zegoen erronka berriei aurre egiteko, eta, beraz, pandemiaren hasieratik ez da bizi-maila orokorra nabarmen jaitsi.

Amaitzeko, memoria hau irakurtzen jarraitzera gonbidatzen zaituztet, eta Euskadiko EGAB osatzen dugun eragile sozial eta ekonomikook identifikatu ditugun erronkak, eta horri buruz ditugun gogoetak ere proposamenak ezagutzera. Gure zeregina da iturri ofizialek argitaratutako estatistikei eta informazioei balio erantsia ematea, haien bilakaera denboran testuinguruan jarrita, aurrerapenak eta atzerapausoak egiaztatuta, eboluzioei aurrea hartuta eta oharrak eta gogoetak txertatuta, modu kontrastatuan eta adostuan.

Eskerrak eman nahi dizkiet, besterik gabe, memoria hau egiteko ardura duen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kideei eta Kontseiluko langileei. Eskerrik asko, bene-benetan, egindako lanagatik eta inplikazioagatik.

(Dokumento osoa eskuragarri)

(Laburpena eta Ondorioak)