Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

COVID-A BIGARREN URTEZ

2021. urtea gorabehera eta ziurgabetasun urtea izan da, baina baita itxaropen urtea ere. COVIDa bigarren urtez gure artean izan arren, eta pandemiak eragiten jarraitu duen astinaldia gorabehera, badira era positiboan nabarmendu diren gai aipagarriak. Garrantzitsuena, itxaropenari atea letra larriz ireki ziona, txertoa izan da. Guri helarazteko izan den osasun-kudeaketa goraipagarriari eta herritarren onarpen ezin nabarmenagoari esker, aurre egin ahal izan zaio urte honi (izan dituen eragozpen guztiak gorabehera, pandemiaren ondorengo etorkizunari dagoeneko aurrez aurre begira jarri den urteari).

Hala eta guztiz ere, ez dago memoriarik, ez kudeaketa txostenik, ez publikorik, ez pribaturik, birusak gure artean bigarren urtez eragin dituen kalteetatik aldendu daitekeenik. Hala ere, nahiz eta osasun-larrialdiko testuinguru zaila izan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ahalik eta normaltasun handienaz garatu ditu bere eginkizunak, COVIDak urtean zehar izan duen eraginaren araberako testuinguru aldakor baten baitan.

2021ean nabarmen berreskuratu da irizpenak emateko jarduera; hori da Batzordearen eginkizun nagusia. Euskadiko EGABek garrantzi handiko eta eragin sozial handiko esparruetan eman zuen iritzia, hala nola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretu Proiektuan eta Euskadiko Osasun Publikoaren Aurreproiektuan; edo Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren Lege Aurreproiektuan (kasu horretan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak idatzitakoan). EAEko biztanleriaren kolektibo zabalentzat interes handikoak diren legegintza-ekimenen hiru adibide dira. Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak arautzen dituen dekretu proiektuan jasotako berrikuntzak ere badira horien adibide. Batzordeak 2021eko maiatzean eman zuen proiektu horren gaineko irizpena.

Beste maila batean, lege-aurreproiektuari buruzko irizpena ere nabarmendu zen Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoa bezalako gai sentikor batean. Bertan, Batzordeak onartzen zuen erakundeen ekintza funtsezkoa dela Memoria babesteko, gertatutakoari buruzko gogoeta eginez eta belaunaldi berrientzat eskuragarri eginez, askatasunen egungo esparruko lorpenak babesteko eta lorpenaren alde borrokatu zirenen sufrimendua aitortu eta balioesteko.

Irizpen-jardueraz haratago, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urteko memoria sozioekonomikoa egiteko lege-agindua bete zuen. Memoria hori uztailean aurkeztu zen jendaurrean, eta, horrela, pandemiaren aurreko garaiak eta moduak berreskuratu ziren.

Azkenik, eta ezaugarri bikain gisa, 2021ak aukera eman du, Espainia eta Frantziako fatxada atlantikoko batzorde ekonomiko eta sozialen arteko harremanaren esparruan, pandemiaren ondorioengatik 2020an murriztutako jarduera baten erritmoari berriro ekiteko. Batzorde horiek osatzen duten Sare Transnazional Atlantikoak hainbat gomendio eman ditu Atlantikoko Korridorearen ezarpena bultzatzeko, eta gomendio horiek “Espazio atlantikorako TEN-T delakoaren berrikusketarantz” txostenean jaso dira. Ekarpen horrekin, Sare horretan sartutako ekonomia eta gizarte arazoetarako batzordeek indartu egin nahi izan dute eskualdeaz gaindiko dimentsioa izanik gure lurralde bakoitzean eragin handia eta zuzena duten gaietan elkarrekin lan egiteko konpromisoa

(Ikusi dokumento osoa)