IRIZPENA 13/21 ADIKZIOEN ETA
DROGA-MENDETASUNEN GAINEKO ARRETA INTEGRALARI BURUZKO APIRILAREN 7KO
1/2016 LEGEA EZ BETETZEAGATIKO ZEHAPENAK ORDEZTEKO SISTEMA ARAUTZEN
DUEN DEKRETU-PROIEKTUARI BURUZKOA
I.-
AURREKARIAK
2021eko
azaroaren 16an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean
Osasun Sailaren idazkia sartu zen, eta irizpena eskatzen zuen
Adikzioen eta Droga-mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko
apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko
sistema arautzen duen Dekretu Proiektuari buruz, 8/2012 Legeak,
maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Dekretuaren
xedea da zehapenak ordezteko sistema arautzea eta 1/2016 Legeak 93.
artikuluan xedatutakoa garatzeko prozedura zehaztea. Horren arabera,
isunak zehatzearen ordez beste aukerako neurri-mota batzuk izan
daitezke.
Berehala
agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali
zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan
batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari
jarraiki. Gizarte Garapenerako Batzordea 2021eko abenduaren 1ean
bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, Irizpen Proiektu hau
egin da Batzordearen Osoko Bilkurak abenduaren 9an lan dezan. Bertan
aho batez onartu da.
II.-
EUDUKIA
Dekretuak
azalpen zati bat, 11 artikulu eta 2 azken xedapen ditu.
Zioen
azalpenaren arabera, Adikzioen eta Droga-mendekotasunen gaineko
Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak zazpigarren
tituluko 93. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arau-hauste arinak
edo astunak direla eta, zehapenak ezartzen direnean, horien ordez
erkidegoaren onurarako lanak edo jarduerak egin daitezke edo,
bestela, arau-hauslea prestatzeko, informatzeko ala tratatzeko
prebentziozko programetan sar daiteke.
Bestalde,
Adikzioen VI. Planak (2017/2021) 2. ardatzean (eskaintza murriztea)
helburu nagusi du adikzioak sor ditzaketen substantziekiko eta
jarduerekiko eskuragarritasuna mugatzea, kontsumo horren aurrean
gizarte-tolerantzia murriztea eta indarreko araudia eraginkortasunez
bete dadin sustatzea. Zehazki, 2.1 helburuak hizpide du “adikzioa
sor dezaketen tabako, alkohol eta legezko beste substantzia batzuei
dagokienez, sustapen, publizitate, salmenta, hornidura eta
kontsumoarekin zerikusia duten jarduerak kontrolatzea”.
Helburua, besteak beste, honako ekintzarekin gauzatuko da:
“Zehapenekiko aukerako neurriak indartzea (bai legezko
substantzien kasuan, bai legez kanpokoen kasuan), norberaren ekintzen
ardura har dezaten sustatzeko”. (5. ekintza).
Xedapen-gorputza
I.
kapituluan (xedapen orokorrak) (1.etik
3. artikulura) zehazten dira arauaren helburua, aukerako neurriak
aplikatzeko ustezkoak, hau da, neurrien onuradunak, eta neurri-motak,
besteak beste, erkidegoaren onurarako lanak eta prestatu, informatu
edo tratatzeko prebentziozko programak.
II.
kapituluan (zehapenekiko aukerako neurriak)
(4.etik 7. artikulura) arautzen dira neurrien ezaugarriak, horiekin
lortu nahi diren helburuak eta baliabideen eskuragarritasuna, baita
erakundeen lankidetza-printzipioa ere.
III.
kapituluak
(8.etik 11. artikulura) ordezteko
eta aukerako neurriak garatzeko prozedura
xedatzen du, hau da, elkarrizketa eta egiteko plana arautzen dira.
AZKEN
XEDAPENEI
dagokienez, lehenengoa araudia gaitzeari buruzkoa da; bigarrena,
berriz, araua indarrean jartzearen gainekoa.
III.-
GOGOETA OROKORRAK
Aurretiazko
alderdi bat
Prozedura
hasteko memorian azaldutakoari jarraikiz, 2020ko otsailaren 12an
lehenengo memoria egin zen adikzioen eta droga-mendetasunen gaineko
arreta integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea (EHAA, 69.
zk., 2016ko apirilaren 13koa) ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko
sistema arautzen duen dekretua egite aldera prozedura hasteko,
xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003
Legeak xedatutako izapideekin bat etorriz.
Ondoren,
pandemia iritsi zen, eta administrazio-epeak eten egin ziren.
Gainera, aukerako neurrien eremuan lanean diharduten eragileekin ezin
ziren lanerako eta eztabaidarako taldeak egin, beraz, prozeduraren
hasiera atzeratzea erabaki zen.
Bizitako
inguruabar bereziak kontuan hartuta, oso balorazio positiboa du
prozedurari eta, bereziki, lantaldearekin aurretiazko azterketa- eta
analisi-lanari berriz eustea.
Proiektuaren
edukiari buruz
Gure
iritziz, egokia eta aproposa da. Hala eta guztiz ere, artikuluak eta
zioen azalpena bera irakurtzean atentzioa eman digu arau-hausleak
borondatezko baimena ematea funtsezkoa dela dekretuan aurrez ikusten
diren aukerako neurriak aplikatu ahal izateko. Hori argi gelditzen
da. Ildo horretatik, bi ustezko aurrez ikusi eta arautzen dira: (i)
adin nagusikoen baimen pertsonala eta (ii) guraso-ahala edo legezko
ordezkaritza duenaren baimena adingabeen kasuan. Horrenbestez,
dekretuak ez die adin nagusikoei aukerarik ematen, tutoretzarik
zehaztu ez bada eta haien adikzio-egoera dela bide, jakinarazi osteko
baimena ezin badute eman. Adin nagusikoetan droga-mendekotasun ugari
datorkigu burura, non tutoretzarik zehaztuta ez duten eta beren
adikzio zehatzarengatik haien gaitasuna urrituta dagoen.
Gogorra
egiten zaigu talde horri dekretuak ematen duen aukera ukatzea, are
gehiago, aukerako neurri bat tratamenduaren programa aplikatzea
denean. Kasu horietan, agian, baimen hori emateko, adibidez, gizarte
zerbitzuek esku hartzea aurrez ikus daiteke.
Aipatutakoak
gutxienez hausnarketa egiteko eskatzen duelakoan gaude. Baliteke
egina egotea, eta azkenean bestelako arrazoiak direla eta ez sartzea.
Finantzaketari
dagokionez
Memoria
ekonomikoan azaltzen den bezala, adikzioen prebentzio-eredua
erkidego-eredua da, eta erkidegoan dauden baliabideak erabili nahi
ditu esku-hartzearen azken hartzaileetara iritsi ahal izateko. Eredu
horretan funtsezko zeregina dute udalek eta mankomunitateek.
Pertsonekiko hurbilak dira, eta tokiko planak abian jar ditzakete,
baita udal-talde teknikoak antolatu ere erkidegoan adikzioak
prebenitzeko. Horiek abiapuntutzat hartuta, pertsonaren eta familien
ingurune hurbilenak aktibatzen dituzte, proposatutako esku-hartzeetan
inplikazioa eta partaidetza lortzen saiatzeko. Gainera, ez ditugu
ahaztu behar hirugarren sektoreko erakundeek edo pribatuek
prebenitzeko eta arriskuak nahiz kalteak murrizteko egindako
proiektuak.
Tokian
udalekin eta mankomunitateekin koordinatuta garatzen den esku-hartze
eredu hori bi mekanismoren bitartez gauzatuko da:
Adikzioen
arloan Osasun Sailaren laguntza-agindua.
Horren bidez, bultzatzen dira erkidego-prebentziorako udal-talde
teknikoak sortzea
eta mantentzea eta tokiko erakundeen erkidegoko prebentzio-programak
garatzea.
Gaur
egun 33 udal-talde teknikok osatutako sarea dago, eta EAEko
populazioaren % 80 hartzen du. Talde horiek urtero gutxi
gorabehera 200 prebentzio-proiektu garatzen dituzte. Horietan, hain
zuzen, arau-hausleak aukerako neurriak garatu ahalko lituzke,
programa eta egitura berriak bultzatu gabe. Izan ere, EAEko zenbait
udalerrik haien ordenantzetan alkoholaren eta beste droga batzuen
kontsumoekin zerikusia duten zehapenak ordeztu edo eteteko aukera
aurrez ikusten dute, eta, beraz, aukerako neurriei buruzko programak
dituzte. Horien artean daude hurrengo udalerri hauek: Elgoibar,
Portugalete, Barakaldo, Bilbo, Galdakao eta Donostia.
Adikzioen
erkidegoko prebentzio-programak,
baita jokabide osasungarriak sustatzen dituztenak ere garatzeko
laguntzen
kapituluan, ohiz 43 eta 45 tokiko erakundek eskatzen dituzte
laguntzak. 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan laguntza-ildo
honetarako 561.765 euro esleitu dira. 2017az gero zenbateko bera
mantendu da.
Tokiko
erakundeen baliabide eta programez gain, Osasun Sailak adikzioen
arloan laguntza-aginduaren bitartez bultzatzen ditu hirugarren
sektoreko erakundeek arriskuak eta kalteak murriztu eta prebenitzeko
egiten dituzten proiektuak. 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan
laguntza-ildo honetarako 1.118.500 euro esleitu dira. 2020ko
zenbateko bera mantendu da.
Eusko
Jaurlaritzak zuzeneko
kontratazioaren
bidez prebentzio-zerbitzuak ematea.
Eusko
Jaurlaritzak gazteenentzako zenbait programa lehian jartzen ditu,
batez ere, hezkuntzan eta jaietan nahiz aisialdian adikzioen
prebentzioa indartu eta suspertzeko. Halaber, erkidegoaren eremuan,
sentsibilizazio-kanpainak egiten dira herritarrentzat orokorrean.
2021eko ekitaldirako aurrekontuetan kontratu horietarako 330.872 euro
esleitu dira.
Azaldutakoaren
arabera, memoria teknikoaren edukiarekin bat etorriz,
dekretu-proiektua indarrean jartzen denean EAEko Administrazioari ez
dio gastu osagarririk sortuko, beraz, ekintzen finantzaketari
dagokionez arauaren gure balorazioa positiboa da.
IV.-
ONDORIOA
Euskadiko
EGABren ustez egokia da adikzioen eta droga-mendetasunen gaineko
arreta integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez
betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen Dekretu
Proiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetak
kontuan hartuta.
Bilbon,
2021eko abenduaren 9an
O.E.
Presidentea
|
Idazkari
nagusia
|
Emilia
M. Málaga Pérez
|
Lorea
Soldevilla Palazuelos
|