TRAGIKOA
ETA DISRUPTIBOA EZUSTEAN
Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Memoria
Sozioekonomikoa argitaratzea itxarotako gertaera bat da, kolektiboek
eta interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate sozial eta
ekonomikoari buruzko dokumentu oso, serio eta fidagarri bat izateko
duten interesagatik. Gure azterlanak iturri fidagarriek
argitaratutako datu ofizialak, estatistikak eta informazioak biltzen
ditu, kontrastatu egiten ditu, eta, batez ere, interpretatu egiten
ditu, denboran izan duten bilakaera testuinguruan kokatuz,
aurrerapenak eta atzerakadak egiaztatuz, bilakaerak aurreratuz eta
analisian oharren eta gogoeten multzo bat txertatuz, zeintzuk
aparteko balio erantsia baitute, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordea osatzen duten eragile sozial eta ekonomikoek
egindako eztabaida bizi baten eta adostasunean amaitutako emaitza
baitira.
Horrelako
dokumentu bat argitaratzeak, beraz, poz berezia ematen digu. Oraingo
honetan, ordea, 2020ko Memoria Sozioekonomikoaren edukiak sentimendu
hori mindu egiten du. 2020. urtea urte tragikoa izan da, gizakiei
dagokienez, eta disruptiboa, gizarteari eta ekonomiari dagokienez.
SARS-CoV-2 pandemiaren balantzea ikaragarria izan da: bi milioi
pertsona hil dira munduan eta ia ehun milioi kasu diagnostikatu dira.
Gure autonomia erkidegoan 3.000 pertsonatik gora hil ziren gaixotasun
horren ondorioz 2020an. Birusak, adinekoentzat bereziki kaltegarria
denak, kolektibo hori kolpatu du, euskal gizartea bezalako zahartuta
dagoen honetan. Tragediak adineko pertsonak eta ahulenak astindu
ditu, eta denbora bat igaro beharko da oraindik eragin dituen
ondorioak barneratzeko eta lasaitasunez ebaluatzeko, objektibotasun
jakin bat lortzea ahalbidetuko digun distantzia batekin, memoria
sozioekonomiko honetan adierazten dugun bezala.
Giza
urradura mingarriarekin batera, osasun krisiak uzkurdura ekonomiko
sakona eragin zuen 2020an planeta osoan, munduko BPGren % 3,3ko
jaitsierarekin, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Euskadin,
beherakada % 9,5ekoa izan zen (Eustat), eta atzerakada latz horrek
azken sei urteetako hazkunde iraunkorrari amaiera eman zion.
Hain
epe laburrean izandako uzkurdura honen indarrak ez du aurrekaririk
bake garai batean, ustekabeko eta bat-bateko izaeragatik. Hala eta
guztiz ere, gure eremuan eta Europan hartutako politika ekonomikoen
erantzunak, neurri egokiak hartuta, bat-batean azaldutako krisiaren
ondorio hondamendienak arintzeko aukera eman dute. Jarduketa horiek,
eta hartu beharreko beste batzuk, luzaroan jarraitu beharko dute,
krisia erabat suspertu arte. Horretarako, ezinbestekoa da modu
adimentsuan jardutea eta, adibidez, Next Generation funts europarrek
emango dizkiguten aukerak aprobetxatzea, gure erkidegoan gainditu
gabe dagoen trantsizio hirukoitza, teknologiko-digitala,
energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala, bultzatuko duen
estrategiak inplementatzeko.
Hala
ere, ezer gutxirako balioko du ondo egiteak, ez bagara gai gure
gizarte-babeseko sistema indartzeko eta gure bizi-baldintzen
ongizatea neurtzen duten adierazle batzuen okertzea zuzentzeko; izan
ere, horien atzerakadaz ohartarazi genuen 2019ko Memoria
Sozioekonomikoan, ustekabeko pandemia gertatu baino lehen. Eta hori
iritsitakoan, EAEko gizarte ezkutuak estaldurari eutsi zion 2020an,
Europako herrialde nagusien mailan; hala ere, osasun-krisiak agerian
utzi zituen errealitate eta erronka berriak, gure gizarte-babesaren
sistema hobetzeko beharra agerian utzita. Horien artean, gure
osasun-sisteman egitura sendoak eta nahikoak izatearen garrantzia,
etorkizuneko antzerako krisien aurrean erantzun azkar eta
eraginkorrak eman ahal izateko. Aurretiazko aurreikuspena egin behar
da, eta horretarako, ezinbestekoa da pandemiak izan duen eragina
sakon ebaluatzea pertsonen kalteberatasun mailaren arabera, Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak dokumentu honetan
proposatzen duen bezala.
Ez
naiz luzatuko sektore eta eremu sozial eta ekonomiko desberdinek
salbuespenezko egoera honetan aurre egin behar dieten erronkei buruz.
Hori guztia zehaztuta eta arrazoituta dago Memoria honetan, EGABeko
Batzordeko kideen eta Kontseiluaren zerbitzura dagoen pertsonalaren
dedikazioaren eta ahaleginaren lan arretatsuaren emaitza. Guztiei
eskerrik beroenak eman nahi dizkiet egindako lanagatik eta
inplikazioagatik.
Emilia
M. Málaga Pérez
Presidentea