10/21
IRIZPENA, EUSKADIKO GOBERNANTZA SOZIOSANITARIOARI
BURUZKO DEKRETU-PROIEKTUAREN INGURUKOA
I.-
SARRERA
Irailaren 24an, Osasun Sailaren idazki bat
sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseilura. Idazki horren
bidez, “Euskadiko gobernantza soziosanitarioari buruzko
dekretu-proiektuaren” inguruko txostena eskatzen zen,
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari buruzko maiatzaren 17ko
8/2012 Legearen 3.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Euskadiko gobernantza soziosanitarioa zehaztu
eta lurralde-mailan antolatzea da kontsultatu diguten
arau-egitasmoaren helburua, gizarte politiken eremuaren eta
osasun-eremuaren arteko egiturazko harremanak eta harreman
funtzionalak, eremuon lurralde-, plangintza- eta antolaketa-mailak
(antolamenduari nahiz laguntzari dagokienez) eta eremu bakoitzaren
zerbitzuak eta profesionalak konfiguratu eta formalizatzeko premiari
erantzuteko. Hori guzti hori, arreta soziosanitarioaren
erakundearteko bateratze-eredu baten eta koordinazio funtzional eta
diziplina anitzeko baten esparruan.
Dokumentua jaso eta berehala, Kontseiluaren
osoko bilkurako kide guztiei bidali genien kopia bana, beren
proposamen edo iritziak eman zitzaten eta proposamen edo iritzi
horien berri eman ziezaioten Lan Batzordeari, Euskadiko Ekonomia eta
Gizarte Kontseiluaren Funtzionamendu Araudian ezarritakoarekin bat.
2021eko urriaren 7an, Gizarte Garapenerako Batzordea elkartu zen,
eta, bilera hartan hartutako erabakietan oinarrituta,
irizpide-proiektu hau idatzi genuen, Kontseiluaren urriaren 15eko
osoko bilkurara igo zedin. Han, aho batez onetsi zen.
II.-
EDUKIA
“Euskadiko
gobernantza sozioekonomikoari buruzko dekretu-proiektuak“”
arrazoien azalpena, bi kapitulutan banatutako 37 artikulu, bost
xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat
eta lau azken xedapen dauzka.
Arrazoien
azalpenean lehenik eta behin gogorarazten denez, Euskadin,
osasun-arazo larriengatik edo muga funtzionalengatik eta/edo
gizarte-bazterketarako arriskuagatik aldibereko arreta sanitario eta
sozial koordinatu eta egonkorra (arretaren jarraitutasunaren
printzipioari egokitua) behar dutenei bideratutako zaintzen multzoa
da arreta soziosanitarioa. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko
12/2008 Legean jasotzen den definizio hori osatzeko, arreta
soziosanitarioaren esparruan arta daitezkeen kolektiboak
identifikatzen dira (46.2 artikulua).
12/2008
Legean jasotzen da Euskadiko arreta soziosanitarioaren erregulazioa;
bertan, arretaren izaera ez ezik (46. artikulua), eremu
soziosanitarioan lankidetzan eta koordinatuta jarduteko bideak ere
zedarritzen dira, Eusko Jaurlaritzaren gizarte-zerbitzu eta
osasunaren arloko politikak, foru-aldundien gizarte-zerbitzuen arloko
politikak eta EAEko udalen gizarte-zerbitzuen arloko politikak
bateratzeko koordinazio-eredu batekin bat etorriz.
Lege
horretan, elkarguneetako premia soziosanitarioko egoerei erantzun
diezaieketen askotariko sistemak eta politika publikoak lankidetzan
eta koordinatuta jorratzeko guneak sortzearen alde egiten da Eta
berariaz aipatzen dira eremu soziosanitarioko lankidetzari eta
koordinazioari buruzko alderdiak, honako hiru maila hauen arabera
antolatu behar direnak:
“a)
Erkidego-mailan, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari
egokituko zaio Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Osasun
Sistemaren arteko koordinazioa eta lankidetza bideratzea, koordinazio
soziosanitarioko gaietan erabaki politikoak, arauzkoak, ekonomikoak,
antolaketakoak eta asistentzialak orientatzea eta haien jarraipena
egitea baitu helburu. Eraketa paritarioa izango du, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskadiko Osasun Sistemaren
esparruan eskudunak diren administrazio publiko autonomiko, foral eta
munizipalen ordezkariekin. Eraketa eta funtzionamendua arauz ezarriko
dira.
b)
Foru- eta udal-mailan, koordinazio-bideak egongo dira,
lurralde-kontseiluen, komisioen edo bestelako organo mistoen forma
izango dutenak eta koordinazio soziosanitarioa lehen eta bigarren
mailako arretan sustatu eta errazteko xedea izango dutenak, baita
diziplinarteko lan-esparruan eta erabiltzaileekin esku hartzeko
ibilbideen diseinuan ere”.
Arreta
Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari buruzko apirilaren 5eko 69/2011
Dekretuarekin osatzen da erkidego-mailako koordinazio-mekanismoen
definizioa; bertan, organo horren eginkizunak, eraketa eta oinarrizko
funtzionamendu-gidalerroak onesten dira.
Gizarte
Zerbitzuei buruzko Legeak eta Arreta Soziosanitarioko Euskal
Kontseiluari buruzko Dekretuak osatzen duten arau-esparruak barruan
biltzen du Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak 2003an arreta soziosanitarioa
garatzeko sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren mamia. Bada,
hitzarmen horretan, erakunde sinatzaileek honela definitzen dute
eremu soziosanitarioa: «(...) bitarteko sozial eta sanitarioak
bateratzeko gune bat da (...), hainbat bitarteko, programa eta
zerbitzu elkartu eta elkarreraginean jartzen dituena (...)» eta
«tartean dauden arloetan eskumenak dauzkaten erakunde publikoen
arteko hurbilketa eta koordinazio administratibo, funtzional, tekniko
eta antolaketakoa eskatzen duena».
Alabaina,
2012an, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari buruzko Dekretua
indarrean jarri zenez, 2003ko hitzarmenean aurreikusten ziren
lurralde-kontseiluak desagertu ziren. Horrek agerian jarri zuen
foru-erakundeen (arretarako lurralde-kontseiluak eta beren batzorde
tekniko eta/edo sektorialak) eta koordinazio soziosanitariorako
irudien (erkidego- eta lurralde-mailakoak) pisu espezifikoa galdu
egin zela, 2003ko hitzarmenean aipatzen ziren arren ez zirelako
Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari buruzko apirilaren 5eko
69/2011 Dekretuan jaso.
Ikuspegi
horretatik begiratuta, lankidetza eta koordinazio soziosanitarioko
erakundeen, organoen eta profesionalen arteko harremanak egituran eta
funtzionalki antolatzen dituen araudirik ez egoteak (Arreta
Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari buruzko apirilaren 5eko 69/2011
Dekretua kenduta) argi erakusten du koordinazio soziosanitarioa
egituratu beharra dagoela. Egituraketa horrek, bada, arreta
soziosanitarioaren askotariko mailetan dauden harreman organiko eta
funtzionalak formalizatu beharko ditu, eta arlo soziala eta arlo
sanitarioa batuta dituzten premiei erantzungo dieten zerbitzuetan
sartuta dauden askotariko organo eta erakundeen parte-hartzea,
harremanak, eginkizunak eta tresnak zehaztu (plangintzan eta
antolamenduan –kudeaketa-maila makroa–, antolaketan
–kudeaketa-maila mesoa– eta asistentzian –kudeaketa-maila
mikroa–).
Horri
begira, dekretu-proiektuak honako artikulu hauek dauzka:
I.
KAP. XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua Euskadiko gobernantza soziosanitarioaren xedea eta eremua
2.
artikulua Euskadiko gobernantza soziosanitarioaren printzipioak
3.
artikulua Euskadiko gobernantza soziosanitarioaren antolaketa-egitura
4.
artikulua Tipologia
II.
KAP. EUSKADIKO GOBERNANTZA SOZIOSANITARIOKO ORGANOEN ETA HARREMANEN
ZEHAZTAPENA
1.
SEKZIOA. ORGANO ERABAKITZAILEAK, LURRALDE-EREMUAREN ETA
KUDEAKETA-MAILAREN ARABERA
5.
artikulua Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua Izaera eta
definizioa
6.
artikulua Eraketa
7.
artikulua Eginkizunak
8.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
9.
artikulua
Lurralde
Kontseilu Soziosanitarioak Izaera eta definizioa
10.
artikulua Eraketa
11.
artikulua Eginkizunak
12.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
13.
artikulua Lurraldeko Batzorde Soziosanitarioa Izaera eta eraketa
14.
artikulua Eginkizunak
15.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
16.
artikulua Eskualdeko
Batzorde Soziosanitarioa.
Izaera
17.
artikulua Eginkizunak
18.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
19.
artikulua Arreta goiztiarra baloratzeko taldeak Izaera eta eraketa
20.
artikulua Eginkizunak
21.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
22.
artikulua Lehen mailako arreta soziosanitarioa Konfigurazioa
23.
artikulua Eginkizunak
24.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
2.
SEKZIOA. KOORDINAZIO-IRUDIAK, LURRALDE-EREMUAREN ETA
KUDEAKETA-MAILAREN ARABERA
25.
artikulua Koordinazioa-organoak. Kontzeptua eta izaera
26.
artikulua Erkidegoko
koordinazio soziosanitarioa.
Izaera eta konfigurazioa
27.
artikulua Eginkizunak
28.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
29.
artikulua Batzorde
Tekniko Iraunkorra.
Konfigurazioa eta funtzionamendua
30.
artikulua Eginkizunak
31.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
32.
artikulua Lurraldeko
koordinazio soziosanitarioa.
Izaera eta eraketa
33.
artikulua Eginkizunak
34.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
35.
artikulua Erreferente
soziosanitarioak.
Izaera eta konfigurazioa
36.
artikulua Eginkizunak
37.
artikulua Harreman funtzional zuzenak
Testua
xedapen
gehigarrien, xedapen iragankorren, xedapen indargabetzaileen eta
azken xedapenen multzo batekin amaitzen da, eta “Euskadiko
bitarteko soziosanitarioen katalogoa”
deituriko eranskina
dauka.
III.-
GOGOETA OROKORRAK
Hasteko, gogorarazi egin nahi dugu, Arartekoak
2007an esan zuen moduan,
gure bizitzetan arlo sozialaren eta arlo sanitarioaren arteko
zatiketa artifiziala dela; hortaz, premia jakin batzuk mistoak eta
konplexuak direnez, premia horiei arreta emateko jarduketa
sanitarioak eta sozialak elkarrekin lotuta daude; are gehiago,
elkarren mendekoak dira.
EAEko arreta soziosanitarioaren ereduan,
erakundearteko koordinazioa oinarrizko elementua da; are, erronkarik
garrantzitsuenetako bat da eragindako gaietan eskumenak
dauzkatenentzat, erakundeen eta eskumenen egitura dela-eta. Halaber,
aintzat hartu behar da koordinaziorik ez egoteak pertsonen eskubideak
murriztu ditzakeela hainbat eremutan, eta ez osasunean bakarrik,
baita berdintasunean, enpleguan, etxebizitzan, parte-hartzean,
aisialdian eta abarretan ere.
Testuinguru horretan, gobernuaren hainbat
analisik eta estrategiak ohartarazi dutenez, Euskadiko sistema
soziosanitarioa ahula da erakundearteko eta sektorearteko
koordinazioari dagokionez, bi hamarkadako ibilbidea egin badu ere:
tartean askotariko administrazioak daudela, administrazio beraren
barruan lanak eta ardurak sakabanatzen direla eta, are, komunikazio
falta dagoela adierazi dute, ahulguneak aipatzeko orduan.
Horri, gainera, COVID-19aren pandemiak duela gutxi modurik
dramatikoenean nabarmendu dituen arazoak gaineratu diezazkiokegu.
***
Oraingo honetan, Euskadiko gobernantza
soziosanitarioari buruzko dekretu-proiektua dugu aztergai. Bada,
arrazoien azalpenean esaten duen bezala, honako hau da
dekretu-proiektuaren xedea: “Arreta Soziosanitarioko Euskal
Kontseiluari buruzko apirilaren 5eko 69/2011 Dekretua kenduta,
Euskadin ez dago lankidetza eta koordinazio soziosanitarioaren
eremuko erakundeen, organoen eta profesionalen arteko harremanak
egituran eta funtzionalki antolatzen dituen araudirik; bada, gabezia
hori arintzea da dekretu-proiektu honen xedea”.
Hala, koordinazio soziosanitario hobea behar
dugula egiaztatu dugunez, zeinak arreta soziosanitarioaren askotariko
mailetan dauden harreman organiko eta funtzionalak formalizatu
beharko dituen eta arlo soziala eta arlo sanitarioa biltzen dituzten
premiei erantzungo dieten zerbitzuetan sartuta dauden askotariko
organo eta erakundeen parte-hartzea, harremanak, eginkizunak eta
tresnak zehaztu (plangintzan eta antolamenduan –kudeaketa-maila
makroa–, antolaketan –kudeaketa-maila mesoa– eta
asistentzian –kudeaketa-maila mikroa–), egitasmoa begi
onez ikusten dugu.
***
Oro har, eremu soziosanitarioan lankidetzarako
eta koordinaziorako sistema bat ezartzea egokia eta beharrezkoa dela
uste dugu, eta sistema horrek bat egin beharko du Eusko
Jaurlaritzaren gizarte-zerbitzuen arloko eta osasunaren arloko
politikak, foru-aldundien gizarte-zerbitzuen arloko politikak eta
EAEko udalen gizarte-zerbitzuen arloko politikak bateratzeko
koordinazio-eredu batekin, elkarguneetako premia soziosanitarioko
egoerei erantzun ahalko dieten askotariko sistemak eta politika
publikoak lankidetzan eta koordinatuta jorratuko diren guneak
sortzeko.
Horretarako, Euskadiko gobernantza
soziosanitarioa organo erabakitzaileetan eta koordinazio
soziosanitarioko irudietan egituratzen da; hala nola, plangintza eta
antolamendua kudeatzeko eta antolaketa kudeatzeko kontseiluak eta
batzordeak dauzkagu.
Zentzu horretan, ondo ikusten dugu agente
sozialen parte-hartzea gobernantza-eredu horren zati gisa sartzea,
eta dekretu-proiektuaren 16.3 artikuluak
(Eskualdeko Batzorde Soziosanitarioari buruzkoak) eskaintzen duen
esparrua parte-hartze hori bideratzeko bitarteko argia iruditzen
zaigu.
***
Bestalde, asistentzia soziosanitarioak hartzen
dituen eremuetan bitartekoak eta profesionalak koordinatzeko unean
aurrerapenak egitearen ondorioz, laguntzaren kalitatea eta
bikaintasuna hobetu beharko lirateke, baina argi utzi nahi dugu behar
besteko bitarteko ekonomikoak bideratuta bakarrik lortuko dela hori.
Bitarteko ekonomikoek egiturazko premiei nahiz sortzen joango diren
premiei aurre egitea ahalbidetu beharko dute.
Zentzu horretan, dekretu-proiektuari erantsi
zaion memoria ekonomikoak honako hau esaten du amaieran:
“Laburbilduz, dekretu hau indarrean jarrita, koordinazio
soziosanitarioan sartuta dauden askotariko erakunde eta antolakundeek
ondorio ekonomikoak izango dituzte, ala ez, aukeratzen den
lan-agertokiaren arabera: lehenengo agertokiak, funtsean,
gobernantza soziosanitarioaren ereduan zehaztuta dagoen koordinazio
soziosanitarioan sartuta dauden erakundeen gaur egungo egiturek
eginkizunak beren gain hartzearen alde egiten du; bigarren
agertokiak, berriz, egitura-arloan haztea planteatzen du,
lanpostu berriak garatu daitezen eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun
Sailean nahiz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean plantilla
handitu dadin”.
Gure ustez, “1. agertokia”
deiturikoarekin, “guztia aldatuko da, ezer ez aldatzeko”.
“2. agertokiak”, beharbada, giza baliabideetan eta
bitarteko material zein ekonomikoetan nahikoa inbertitzen bada,
sektore soziosanitarioa nabarmen hobetzen lagunduko du.
***
Amaitzeko, gure ardurapean utzi den arauan
erabiltzen den terminologiari dagokionez, Euskadiko Ekonomia eta
Gizarte Kontseilu gisa adierazi nahi dugu testuan zehar hainbat aldiz
susmatzen dugula, bat gatozela eta positiboki baloratzen dugula
adierazi nahi dena, baina zalantza batzuk ditugu zenbait gai zehatz
interpretatzeko orduan. Adibidez, Arreta Soziosanitarioko Euskal
Kontseiluaren 3. eta 4. eginkizunez ari gara (7. artikulua).
Hori dela-eta, egoki ikusten dugu, testua
argiagoa izan dadin eta segurtasun juridiko handiagoa egon dadin,
dekretu-proiektuaren artikuluetan erabili den terminologia
berrikustea.
IV.-
GOGOETA BEREZIAK
2. artikulua.- Euskadiko gobernantza
soziosanitarioaren printzipioak
Euskadiko gobernantza soziosanitarioaren f)
letrako printzipioa, “Premia soziosanitarioak
dauzkatenentzako zaintza jarraituak eta arreta koordinatua
sustatzeak izan behar du esku-hartzearen lehentasunezko ardatza, eta
bereziki begiratuko zaie Euskal Autonomia Erkidegorako onetsi den
esparru estrategikoan zehaztutako kolektiboei, arreta soziosanitario
berezia behar dutenei”, ez zaigu oso argia iruditzen (bereziki,
azpimarratu dugun zatia); beraz, idazketa berrikusi beharko da.
4. artikulua.- Tipologia
Artikulu honen 3. idatz-zatiak honako hau
ezartzen du: “sistemetan ordezkaritza duten koordinazio-irudiak
eremu sanitarioa eta gizarte-zerbitzuen eremua beren kudeaketa-mailan
funtzionalki koordinatzeko mekanismoak dira...”.
Gure ustean, apartatu hori zein sistemari buruz
ari den zehaztu beharko litzateke: gizarte-zerbitzuen sistema (Eusko
Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) eta osasun-sistema (Eusko
Jaurlaritzaren Osasun Saila eta/edo Osakidetza).
7. artikulua.- Arreta Soziosanitarioko
Euskal Kontseiluaren eginkizunak
Kontseilu horri esleitutako eginkizunen artean,
honako hau dago:
“11. Gizarte
Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 46.6.b)
artikuluan aurreikusten dena betetzeko foru- eta udal-mailan egon
beharko diren koordinazio-bideen sorrera eta
funtzionamendua sustatu eta babestea. Bada, koordinazio-bide horiek
lurralde-kontseiluen, komisioen edo bestelako organo mistoen forma
izango dute, eta koordinazio soziosanitarioa lehen eta bigarren
mailako arretan sustatu eta errazteko xedea edukiko dute, baita
diziplinarteko lan-esparruan eta erabiltzaileekin esku hartzeko
ibilbideen diseinuan ere”.
46.6.b) artikuluak aipatzen dituen organoak
dekretuaren 9. artikuluan eta hurrengoetan erregulatzen diren
berberak dira; hortaz, bidaltze-oharra sartu beharko litzateke, eta
“egon beharko diren” espresioa kendu.
27. artikulua.- Erkidegoko koordinazio
soziosanitarioaren eginkizunak
Erkidegoko koordinazio soziosanitarioaren
eginkizunen artean, honako hau dago:
«9. Gobernuko
aholkularitza-organoekiko elkarrizketa garatzea (Berdintasun,
Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Osasun Saila, Hezkuntza
Saila eta abar)”.
Karguen eta funtzioen dekretuan ez da
“aholkularitza-organorik” existitzen; hortaz, artikulua
zein organo edo karguri buruz ari den zehaztu beharko litzateke.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.–
Erkidegoko koordinazio soziosanitariorako araubide iragankorra eta
erkidegoko koordinazio soziosanitarioari laguntzeko teknikariak
Xedapen honen bigarren idatz-zatiak honako hau
xedatzen du: “dekretu hau argitaratzen den unean Arreta
Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak finkatutako lehentasunak
jorratzetik eratorritako konpromisoak betetzeko asmoz eta erkidegoko
koordinazio soziosanitarioari egotzitako eginkizunak garatzeko asmoz
laguntza teknikoko lanak egiten ari den langileak lan horretan
jarraituko du, harik eta Euskadiko koordinazio soziosanitarioaz
arduratzen den erakunderen batek laguntza teknikoko egitura bat sortu
arte, langilea egitura horretara sartzeko aukerari kalterik egin
gabe”.
Koordinazio soziosanitarioaz arduratzen diren
erakundeetan egitura hori sortzen denean laguntza teknikoko langile
horrek izango duen destinoak kezkatzen gaitu.
“Egitura horretara sartzeko aukera”
aipatu da, baina inolako segurtasun juridikorik gabe. Gure ustez,
langile hori sortzen diren laguntza teknikoko egituretan sartuko bada
bakarrik egin behar da horrelako aipamen bat.
V.-
ONDORIOA
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren
ustez, “Euskadiko gobernantza soziosanitarioari buruzko
dekretu-proiektua” behar bezala izapidetu da, organo
aholku-emaile honek egindako gogoetak kontuan hartuta.
Bilbon,
2021eko urriaren 15a
O.E. Presidentea
|
Idazkari nagusia
|
Emilia M. Málaga Pérez
|
Lorea Soldevilla Palazuelos
|