9/21 IRIZPENA KONTSUMITZAILEEN ETA
ERABILTZAILEEN ESTATUTUARI BURUZKO LEGEAREN AURREPROIEKTUA
I.-
AURREKARIAK
2021eko irailaren 1ean Euskadiko Ekonomia eta
Gizarte Arazoetarako Batzordean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo
Sailaren idazkia sartu zen. Horren bidez, txostena eskatzen zuen
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen
Aurreproiektuari buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.a)
artikuluan xedatutakoaren arabera.
Lege-aurreproiektua Turismo, Merkataritza eta
Kontsumo Sailak egin du, Gernikako Estatutuak 10.28 artikuluan
esleitzen dizkion eskumenetan oinarrituta. Horri jarraikiz,
kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzearen arloan eskumen
esklusiboa du, prezioen politika orokorra, Estatuko lurraldean
ondasunen zirkulazio askea eta lehia defendatzeko legeria
gorabehera.Diziplina askoko arloa denez, eremuan berariazko zenbait
eskumen-titulu elkartzen dira, ekonomiaren nahiz osasunaren
plangintza orokorra eta eskubideak erabiltzean nahiz eskakizunak
betetzean berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzetarako
oinarriak eman eta koordinatzeko Estatuaren eskumena barne.
Aurreproiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestu, defendatu eta
sustatzeko modua arautzea. Hala, egungo arauketa, Kontsumitzaileen
eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak
xedatutakoa, ordezkatuko du, eta, ondorioz, indargabetuko da.Era
berean, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei
buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua indargabetuko da.
Irailaren 1ean lege-aurreproiektua Batzordearen
Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta
iritziak igorri eta guztiak lan batzorde egokiari, hau da, Gizarte
Garapeneko Batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak
xedatutakoaren babesean. Gizarte Garapeneko Batzordea lan-saioan
irailaren 24an bildu zen irizpen-aurreproiektuaren proposamena
eztabaidatzeko eta irizpen-proiektua egitea erabaki zuen. Nolanahi
ere, Euskadiko EGABren Osoko Bilkurak 2021eko urriaren 1ean landu eta
aho batez onartu zuen.
II.-
EDUKIA
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari
buruzko Legearen Aurreproiektuari dagokion testuak zioen azalpena, 7
titulutan banatuta 158 artikulu, 3 xedapen iragankor, xedapen
indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.
Zioen azalpenak, hasteko,
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuari buruzko arauketa
berrirako arrazoiak ematen ditu. Kontsumitzailearen arloan eskubideen
babesa nabarmenki aldatu da, jarduketaren errealitate soziala aldatu
delako eta azkeneko 15 urteetan legedia modu garrantzitsuan zabaldu
delako, batik bat, Europako Batasunean. Halaber, Estatuko esparru
arauemailea aldatu da, eta Erkidegoko kontsumo-araudia hartan
txertatuta dago. Barne antolaketari eutsiz, Kontsumobide-Kontsumoko
Euskal Institutua sortu da, lehen kontsumoaren arloan Eusko
Jaurlaritzako organo eskudunari zegozkion eskumenak eta funtzioak
orokorrean bere gain hartzeko.
Printzipioei dagokienez, kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen interesak babestea da gizarte- eta
ekonomia-politikaren printzipio gidarietako bat, baina horrek esparru
juridiko egokia eskatzen du, segurtasuna, osasuna eta legezko interes
ekonomikoak bermatzeko. Ildo horretatik, arreta berezia jarriko zaie
informazioari eta hezkuntzari. Gainera, Espainiako Konstituzioak
xedatutakoaren babesean, botere publiko guztien betebeharra da
estatuan, erkidegoan eta tokian.
Ondoren, arauketa berriak lantzen dituen
alderdirik berrienak zehazten dira, lege berriaren edukian zehar
ibilbide arina egiteaz gain.
Xedapen-gorputza
Lege-aurreproiektuaren xedapen-gorputzak
hurrengo xedapenak ditu:
I.
TITULUA - XEDAPEN OROKORRAK (1-3 art.)II. TITULUA.– EUSKADIKO
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ESKUMENAK (4-11 art.)
I. kapitulua.-
Administrazioen eskumenak
II. kapitulua.- Euskadiko Kontsumoko
Kontsulta Batzordea
III. TITULUA.- KONTSUMITZAILEEN ETA
ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK (12-81 art.)
I. kapitulua.- Xedapen
orokorrak
II. kapitulua.- Osasunari eta segurtasunari eragiten
dizkioten arriskuen aurrean babesteko eskubidea
III. kapitulua.-
Ekonomia- eta gizarte-interesak babesteko eskubidea
IV.
kapitulua.- Kaltea erreparatzeko eskubidea
V kapitulua.-
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informatzeko eskubidea
VI.
kapitulua.- Kontsumoaren arloan hezi eta prestatzeko eskubidea
VII.
kapitulua.- Ordezkatzeko, parte hartzeko eta kontsultatzeko
eskubidea
VIII. kapitulua- Hizkuntza-eskubideak
I.
kapitulua.- Xedapen orokorrak
II. kapitulua.- Kexak,
erreklamazioak eta salaketak izapidetzea
III. kapitulua.-
Bitartekaritza
IV. kapitulua.- Arbitrajea
V. TITULUA.-
ZAINDU ETA KONTROLATZEKO ADMINISTRAZIO-JARDUKETAK (94-110 art.)
I.
kapitulua.- Neurri orokorrak
II. kapitulua.- Behin-behineko
neurriak arriskuaren kasuan
III. kapitulua.- Laginak hartu eta
analisia egitea
VI. TITULUA.- KONTSUMOKO IKUSKAPENA (111-123
art.)
VII. TITULUA. ZEHATZEKO GAITASUNA (124-158 art.)
I.
kapitulua.- Xedapen orokorrak
II. kapitulua.- Arau-hausteak
tipifikatzea
III. kapitulua.- Arau-hausteak kalifikatzea
IV.
kapitulua.- Zehapenak
V. kapitulua.- Arau-hausteengatik
erantzukizuna
VI. kapitulua.- Preskripzioa eta
iraungitzea
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengo xedapen
iragankorra
Bigarren xedapen iragankorra
Hirugarren xedapen
iragankorra
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
AZKEN XEDAPENA
III.-
GOGOETA OROKORRAK
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari
buruzko Legearen Aurreproiektua Batzordeak aztertuko du. Bere
helburua da Euskadiko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak
babestu, defendatu eta sustatzea. Legezko testu berria arloan egungo
araudi arauemailea (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari
buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legea) ordezkatzeko da. Horrenbestez,
lege berria onestean indargabetuko da.
Aurreproiektuko zioen azalpenak lege testu
berria egitea justifikatzen du. Kontsumoko eskubideak babesteari
buruzko ikuspegia nabarmenki aldatu da, batetik, araudiak jarduteko
errealitate soziala aldatu delako, eta, bestetik, azkeneko urteetan
esparru juridikoa asko zabaldu delako, batez ere, Europako
Batasunean.
Egun indarrean dagoen legearen eta aztergai
dugun lege-aurreproiektuaren artean 18 urteko tartea dago, eta
esparru arauemaileak nahiz kontsumoko jardunek aldaketa sakonak izan
dituzte.
Legediari eutsiz, kontsumoaren arloan
erkidegoaren arautegia asko ugaritu da, aldaketa arauemaile
garrantzitsuetara iristeko. Arautegiak denboran zehar bilakaera
nabarmena izan du, eta zenbait lege-bultzadaren arabera garatu da.
Hasieran, egoera prekarioan egin zen kontsumitzaileen eskubideen
alderdi zehatzak bateratzeko eta barne merkatua egiteko
laguntza-politika gisa. Gero, berezko politikarantz jo da, izandako
aldaketetatik abiatuta, oso sendo errotuta eta sartuta tratatuetan,
nagusiki, Amsterdam eta Lisboako Tratatuetan (1997. eta 2007.
urtekoak, hurrenez hurren). Horren ondorioz, azken urteotan
kontsumoko arau ugari eman dira, hainbat sektore arautzeko eta
ukitutako eskubideak egiaz eta eraginkortasunez gauzatzeari begira
babes-mekanismoak zehazteko.
Era berean, erreferentziazko esparru
arauemailea aldatu da, egungo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
estatutuaren indarraldian Estatuan arautegia aldatu baita.
Testuinguru honetan bidezkoa da azpimarratzea azaroaren 16ko 1/2007
Legegintzako Errege Dekretua, kontsumitzaileak defendatzeko lege
orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten
duena, egin zela. Horrek Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak
Defendatzeko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorra eta arloan
Erkidegoko zuzentarauen transposizio-arauak bateratu zituen. Hala,
oinarrizko esparru arauemailea zehaztu zen, eta Estatuko eskumen
esklusiboen babesean xedapenak eman ziren. Beraz, Erkidegoaren
araudia haien mende dago. Horregatik, zalantzak daude ea
aurreproiektu honetan zehaztutako arauketa batzuek oinarrizko eta
Europako esparru arauemailearen mugak ez ote dituzten gainditzen
honako arlo hauetan: kontsumoa, prozesua, eremu zibila eta
administratiboa. Adibide modura, 40, 43, 62, 101, 103, 125, 148, 151,
153, 154, 157 artikuluak aipa daitezke, hortaz, gomendatzen dugu ildo
horretatik testua birpasatzea.
Kontsumoko jardunak azken urte hauetan izandako
bilakaeraren garrantziari dagokionez, nahikoa da ikustea pandemiak
azken 18 hilabeteotan kontsumoko ereduetan izan duen eragina,
eraldaketak zein azkar eta biziki gertatzen diren antzemateko.
Gainera, asko gelditzeko etorri dira, ekarri zituzten inguruabar
puntualetatik haratago.
Kontsumoko harremanetan teknologiaren eta
digitalizazioaren aurrerapen errukigabeak, merkatuen konfigurazioak,
merkataritza-banaketarako moduen eraldaketek, kontratazioak,
ordainketa-moduek, kredituaren garapenak eta elementu berrien
zerrenda luzeak aukera berriak ematen dituzte, arazo eta erronka
berriekin batera, bereziki gizarteko kide kalteberenei erreparatzen
badiegu. Horrenbestez, kontsumitzailearen babes- eta
defentsa-politikak adi egon beharko du eta modurik eraginkorrenean
erantzun ere bai.
Kontsumo arduratsu, jasangarri eta
ingurumenarekiko errespetua dakarten joera berrienetarantz
kontsumitzailearen sentikortasunak eskatzen du kontsumoko politika
balio eta printzipio berriekin konprometitzeko eta arautegian isla
izateko.
Gure iritziz, kontsumitzaileak eta
erabiltzaileak babestu eta defendatzeko arautegi berria gauzatzeari
begira, Eusko Jaurlaritzaren ekimen legegilea egokia eta beharrezkoa
da, bai hura erreferentziazko esparru arauemaile berriari egokitzeko,
bai denboran kontsumitzeko moduetan eta kontsumoa antzematean
izandako aldaketei erantzuteko. Ildo horri eutsiz, Euskadiko
kontsumoko harremanetan operadoreei eta subjektuei arautegia eman
behar zaie ezin hobeki lerrokatuta, batetik, Europan nagusi
denarekiko eta, bestetik, merkatuko errealitate berrietara eta
kontsumoko sentikortasun eta joera berrietara egokitutako formulazio
juridikoekiko.
Dena den, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
estatutuari buruzko legezko testu berria egiteko ekimen legegilea
positiboki baloratu arren, egokitzat jotzen dugu bere edukiaren
inguruan ondoren aipatzen diren zenbait berariazko gogoeta gauzatzea.
IV.-
GOGOETA BEREZIAK
3. artikulua.- Definizioak
h) atalean interes orokorra duten oinarrizko
zerbitzuak definitzen dira. Gure ustez, telefoniako zerbitzuak ere
sartu behar dira.
3 h) artikulua:Interes orokorra duten
oinarrizko zerbitzuak: ur, gas eta elektrizitatearen hornidura;
telefonia zerbitzuak; finantzarioak eta aseguruenak;
posta-zerbitzuak; aireko, treneko eta errepideko garraioa; osasunaren
babesa; saneamendua eta hondakinak; baita legez zehaztutako
gainerakoak ere.
q) atalean lege berriari begira
erreklamaziotzat jotzen dena definitzen da. Gure iritziz,
xedapen honek aurrez ikusten duen erreklamazioaren definizioak
ez du kontuan hartzen kontsumitzaileen elkarteen zeregina
erreklamazioak jartzeko orduan, eta bere isla izan beharko luke
aurreproiektuak ematen duen “erreklamazioaren”
definizioan. 85. artikuluak berak berariaz dio “kontsumitzaileek
eta erabiltzaileek, zuzenean edo ordezkatzen dituzten elkarteen
bitartez, kontsumoaren arloan administrazioari kexak, erreklamazioak
eta salaketak helarazteko eskubidea dutela”.
10. artikulua.- Funtzioak
Ondoren, 10. artikuluan Euskadiko Kontsumoko
Kontsulta Batzordearen funtzioen zerrenda idaztean, zenbait
proposamen planteatzen ditugu:
a) atalean Batzordeari xedapen
arauemaileen proiektuak eztabaidatu eta aztertzearen funtzioa ematen
zaionean, proposatzen da zehaztea “horretarako, azterlan eta
txostenak egin beharko dituela”.
Legea garatzeko ematen diren xedapen orokorren
proiektuei eta, oro har, xedapen arauemaileei buruz
eztabaidatu eta aztertzea eta, horretarako, azterlanak eta
txostenak egitea, baldin eta kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen eskubide eta interesei eragiten badizkiete.
b) atalean bi gai planteatzen ditugu:
Lehenengoa.Zehaztuko da kontsumitzaileak eta
erabiltzaileak ordezkatuta egon behar duten organo eta organismoetan
parte hartzeko proposatutako elkarteak kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen elkarteak direla.
Bigarrena.Idazkera hobetu behar da, egungo
formulazioarekin hainbat arrazoirengatik xedapenak nahastea sortzen
baitu. Batetik, egungo idazkeraren arabera, itxuraz, ondoriozta
baitateke kooperatibak bakarrik konfederazioetan sartuta egon
daitezkeela, baina arrazoizkoa da pentsatzea beste erakunde mota
batzuetan ere sartuta egon daitezkeela. Horrenbestez, idazkera
aldatzea komeni da, “edo horietako edozeinetan sartutako
kooperatibak” adierazteko. Halaber, araua irakurriz gero,
honako galdera dator gogora: zergatik erakunde batean sartuta dagoen
kooperatibak lehentasuna izan behar duen Kontsulta Batzordean postu
bat hartzeko.
Gure iritziz, arauak dituen idazkera- eta
ulermen-arazoak konpon daitezke aipatu berri dugun “federazioak,
konfederazioak edo horietan sartutako kooperatibak” zehaztapen
nahasgarria kenduta. Horren ordez bidezkoa da testuaren 60.
artikulura bidaltzea, lege berri honetarako, kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen elkarteen kontzeptua definitzen baitu.60. artikuluak
xedatutakoari jarraikiz, kontzeptu horretan sartzen dira
“…irabazi-asmorik gabeko erakundeak, elkarteei
buruzko legediaren babesean sortutakoak, baita federazioak eta
konfederazioak ere, haien helburua kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen eskubideak eta interesak babestu eta defendatzea bada;
halaber, multzoan daude kooperatiben legediarekin bat,
kontsumitzaileek sortutako erakundeak, beren helburuen artean
halabeharrez bazkideen hezkuntza eta prestakuntza badago...”.
11. artikuluan kontsumoaren arloan kide
anitzeko organoaren (Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea) osaera
eta funtzionamendua arautzen dira, eta, dirudienez, ildo horri eutsi
zaio, “kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak”
baino ez baititu adierazten, federazio, konfederazio eta kooperatibei
aipamenik egin gabe.
Proposatzen dira kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen elkarteak (federazioak, konfederazioak edo
horietan sartutako kooperatibak), 60. artikuluan
definitutakoaren antzera, Erkidegoko kide anitzeko
organoetan, erakunde eta entitate publiko edo pribatuetan parte
hartzeko, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek ordezkatuta egon behar
badute.
c) atalean iradoki dugu kontsumitzaileen
eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeko proposamen interesgarriek,
Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak dituen funtzioen esparruan
formulatutakoek, proposamen arauemaileen edo jarduketa ala
esku-hartzearen proposamenaren forma hartu ahal izatea. Hori
zehaztu beharko litzateke.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak
defendatzeko interesgarritzat jotzen diren proposamen arauemaileak
edo jarduketa ala esku-hartzearen ingurukoak formulatzea eta
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari aholkuak ematea.
12. artikulua.Kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen eskubideak
12. artikuluak kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen eskubideak xedatzen ditu. c) atalak “ondasunak
edo zerbitzuak erosi ala erabiltzeagatik izandako kaltea
erreparatzeko” eskubidea du hizpide.
Gure ustez, ezinbestekoa da zehaztasun bat
indarreko legediari eskubide horren onespena egokitzeko, kaltea
erreparatzea bidezkoa izan baitaiteke ala ez gaiaren inguruan
legediak aurrez ikusitakoaren arabera.
Hortaz, hurrengo hau gehitzea proposatzen da:
c) Ondasunak edo zerbitzuak erosi edo
erabiltzearen ondorioz izandako kaltea indarreko legediarekin
bat etorriz erreparatzea.
13. artikulua.Babes bereziko eskubideak
Xedapen honen arabera, egoera zehatzetan botere
publikoen jardunean lehentasunez kontsumitzaile eta erabiltzaileen
eskubideak babestu dira, eta helburu hori lortzeko zenbait ustezko
aurrez ikusten ditu arreta berezia jartzeko.
Testuinguru honetan, legegileari honako hauek
eranstea proposatzen diogu:
d) atalean bereziki erreparatzea
farmazia-produktuen eta sendagaien etiketari, informazioari,
publizitateari, konposizioari eta kalitateari.
d) Elikagaien, farmazia-produktuen eta
sendagaien etiketa, informazioa, publizitatea, konposizioa
eta kalitatea.
f) atalean hurrengo hau eranstea:“kontsumoko
harremanak interes orokorreko beste oinarrizko zerbitzu batzuetan”.
f) Kontsumoko harremanak telefoniako eta
interneteko zerbitzuetan, komunikazio elektronikoko beste zerbitzu
batzuetan, urrunetik eta merkataritza-establezimenduetatik kanpo
egindako kontratuak eta finantzen eremuan kontsumitzaileak eta
erabiltzaileak lotzen dituztenak, baita kontsumoko harremanak
interes orokorreko beste oinarrizko zerbitzu batzuekin ere.
19. artikulua.- Kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen erantzukizuna
Xedapen honi jarraikiz, kontsumoaren arloan
botere publikoen jarduketak, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei
arauaren babesean onartzen zaizkien eskubideak babestu eta
defendatzeaz gain, haiei dagozkien erantzukizunak onartzera
bideratuko dira. Xede horrez, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek
erantzukizunak onartzeko bereziki bost egoera aipatzen dira.Gaiari
eutsiz, Batzordeak beste atal bat eranstea proposatzen du,
erantzukizuna onartzeko egoera berria aurrez ikuste aldera, zuzenean
lege-testu berriak aipatzen duen kontsumo arduratsuaren printzipioari
lotuta. Helburua da produktuak, ondasunak eta zerbitzuak erosi
aurretik ezaugarriei buruz haztatu eta hausnarketa egitea.
21. artikulua.- Arriskuei buruz
jakinarazteko betekizuna
Aurreproiektuaren II. kapituluak osasun eta
segurtasunari eragiten dizkioten arriskuen aurrean babesteko
eskubidea aipatzen du. Zehazki, kapitulu honen 21. artikuluak
arriskuen berri emateko eskakizuna du hizpide. Beharrezkotzat jotzen
dugu artikulu honetan aipamen berezia sartzea fabrikatzaileen,
inportatzaileen eta hornitzaileen betekizunei dagokienez, Laneko
Prebentzioari eta Arriskuei buruzko Legearen 41. artikulua bete dadin
zaintzeko.
Lanean erabiltzen diren makina, ekipo, lan-tresna, produktu eta
substantzia kimikoen hornitzaileek, beste betekizun batzuen artean,
honako hauek dituzte: langilearentzat arrisku-iturri ez direla
ziurtatzea, horiek segurtasun-baldintzetan kontserbatu eta
manipulatzeko ontziratu eta etiketatzea eta informazioa ematea,
batetik, behar bezala erabiltzeko eta, bestetik, ohizko moduan edo
modu desegokian erabiliz gero, lan-arriskuak adierazteko. Gure
iritziz, aipamen hori bidezkoa da enpresak langileek manipula
ditzaketen elementuen balizko erosleak baitira.
21. artikulua: Ondasun eta zerbitzuen enpresa
ekoizleek eta hornitzaileek, bitarteko egokiez baliaturik, beren
jardueren barruan, aurretiaz informazioa eskuratuko dute ondasunak
edo zerbitzuak erabiltzean izan ditzaketen arriskuei buruz, indarreko
araudiak eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak
xedatutakoarekin bat etorriz.
24. artikulua.- Ondasun eta zerbitzuen
adostasuna
Bigarren ataleko c) letran bi gogoeta
planteatzen ditugu:
Xedapenak ondasunen pisuan eta neurrian
zehaztasuna ardazten du kontsumitzaile eta erabiltzaileen
“eskubide” gisa; legediak eta, zehazki, azaroaren 3ko
1801/2008 Errege Dekretuak, ontziratutako produktuetarako kopuru
nominalei eta edukiaren kontrolari buruzko arauak xedatzen dituenak,
ordea, arlo horretan tolerantzia onesten du, eta uzten du pisua
% 100ekin bat ez etortzea. Beraz, gure iritziz, atala aldatu
behar da, aurreproiektuak aipatzen duen ondasunen pisu eta neurri
zehatza ezagutzeko eskubidearen ordez, ondasunen pisu eta neurri
zuzenak ezagutzeko eskubidea sartze aldera.
Bestalde, egokia da “zerbitzuen hornidura
zuzena” adierazpenaren ordez “zerbitzuak behar bezala
ematea” adierazpena erabiltzea.
24.2c) art.: (Ondasunen eta horniduraren
pisuan eta neurrian zehaztasuna) Ondasunen pisu eta neurri
zuzenak ezagutzea eta zerbitzuak behar bezala ematea.
25. artikulua.- Kontsumo-harremana
justifikatzeko dokumentua
Xedapen honek nabarmentzen du kontsumitzaileek
eta erabiltzaileek faktura jasotzeko duten eskubidea, hain zuzen,
faktura egitearen eskakizunari lotutakoa. Halaber, horretan azaldu
behar diren ezinbesteko zenbait elementu adierazten dira. Ordenamendu
juridikoak eskatzen dituen elementuak bete behar direla
azpimarratzeaz gain, iradoki dugu azken prezio osoaren adierazpena
zehaztea, aplikatutako zerga-kuota eta zerga-tasa banatuta adierazten
direla sartzeko.
25. art.: Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek
faktura edo kontsumo-harremana egiaztatzen duen bestelako dokumentua
jasotzeko eskubidea dute, eta agertuko dira enpresaren
identifikazioa, eragiketaren oinarrizko baldintzak, kontratatutako
ondasuna edo zerbitzua, data eta azken prezio osoa, aplikatutako
zerga-kuota eta zerga-tasa bereizita, legedi aplikagarriak eskatzen
dituen gainerako elementuez gain.
Betebeharrak gorabehera, legegileari ohartarazi
nahi diogu salmenta automatikoak arlo horretan planteatzen dituen
zailtasunez, horrenbestez, epe iragankorra behar da halako
salmentetan nahasia dagoen makineria egokitzeko eta tiketak legezko
zehaztapen guztiekin bat emateko. Ildo horri eutsiz, oso egokia eta
beharrezkoa iruditzen zaigu aurreproiektuan aurrez ikusitako xedapen
iragankorra.
31. artikulua.- Ondasunak eta zerbitzuak
diskriminaziorik gabe lortzea
Xedapenari zerbait gehitzea proposatzen dugu
honako hau zehazteko: enpresek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
eskeei erantzun behar dizkietela, baldin eta eskeek enpresaren
jardueraren beraren zerbitzuak ematearekin zerikusia badute.
31. art.: Ondasunak hornitu eta zerbitzuak
ematen dituzten enpresek, enpresaren jardueraren berezko
zerbitzuak emateari dagokionez, nahitaez erantzungo dizkiete
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskeei aukera dutenean; hala,
nazionalitatea edo bizilekua ala beste arrazoi pertsonal bat dela
eta, edozein diskriminazio-modu debekatuta dago, lortzeko
baldintzetan aldea zuzenean irizpide objektiboekin justifikatzea
gorabehera.
32. artikulua.- Generoaren arabera
prezioen diskriminaziorik eza
32. artikuluak xedatutakoaren arabera, produktu
edo zerbitzuei ezingo zaizkie prezio desberdinak jarri, bereizgarri
bakarra hartzailearen generoa bada. Xedapen honetan balioztatu eta
partekatzen dugu legegilearen ahalegina emakumeen eta gizonen arteko
berdintasunera iristeko. Hala eta guztiz ere, gure ustez formulazioak
aldaketak behar ditu, egungoaren arabera, genero bat edo
bestearentzako produktuek edo zerbitzuek alde nabarmena izan
baitezakete prezio desberdina jartzeko. Ildo horri jarraikiz,
adibidez, alkandora eta blusa ez dira bakarrik hartzailearen
generoaren arabera desberdindutako produktuak; produktu desberdinak
dira.
35. artikulua.- Enpresetan bezeroei
arreta emateko zerbitzuak
35. artikuluak 2. atalean xedatutakoaren
arabera, enpresek eta profesionalek “interes orokorreko
oinarrizko zerbitzutzat” jotzen dituzten zerbitzuak ematen
badituzte, zerbitzuak “interes orokorreko oinarrizko
zerbitzuen” kategorian sartzen ez diren zerbitzuak eskaintzean,
bezeroei arreta-zerbitzu osagarriak eman beharko dizkiete.
Ez da argi bereizten zer zerbitzu aipatzen
dituen. Aurreko artikuluan (34. artikulua) aipatzen diren “interes
orokorreko oinarrizko zerbitzuak” (interes orokorreko
oinarrizko zerbitzuak, ohiko etxebizitzan ematen direnak) dira? Edo
3. artikuluan definitutako zerbitzuak? Adibidez, elektrizitatearen,
gasaren horniduraz edo farmaziako bulegoez ari gara? Zehatz-mehatz
ezagutu behar da zer “interes orokorreko oinarrizko zerbitzu”
aipatzen diren, horrek “interes orokorreko oinarrizkotzat”
jotzen ez diren zerbitzuekiko betebehar erantsiak baititu. Ildo horri
eutsiz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei
dagokienez, 79. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, “interes
orokorreko oinarrizko zerbitzuak” ematen dituzten erakundeek
elebitasunaren eremuan erakunde publikoei atxikitako eskakizunak bete
beharko dituzte, besteak beste, errotuluak, oharrak eta komunikazioak
orokorrean jendearentzat, eskaintzak, sustapenak eta publizitatea,
inprimakiak eta atxikipen-kontratuak.
Betebehar osagarria izateaz gain, betetzeak
berariazko zailtasunak ekar ditzake “interes orokorreko
oinarrizko zerbitzuetarako” betebeharrek eragindako sektoreen
arabera. Ezinbestekoa da alderdi horiek gehiago zehaztea eta
argitzea.
Gure iritziz, 4. atalean idazkera zalantzazkoa
da bezeroei arreta emateko zerbitzuetarako langileen irismenari
dagokionez. Horiek prestakuntza egiaztagarria izan behar dute
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzearen arloan.
Betebehar hori bezeroen arretarako zerbitzuan lehen lerroan dauden
pertsonentzat justifikatzen da, eta testuan hala azpimarratzea
proposatzen dugu, argi eta garbi gelditzeko, eta prestakuntzaren
behar hori langile guztientzat dela ez interpretatzeko.
45. artikulua.- Prezioei buruzko
informazioa
Lehenengoa.Xedapena irakurri ondoren,
ondoriozta daiteke ezinbestez eman behar dela
merkataritza-establezimenduetan ondasunen prezioa modu ulergarrian
eta informazio osagarririk eskatu gabe. Erakusleihoan dauden
produktuei dagokienez, bereziki, kanpoaldetik ikusgai izango da,
establezimenduan sartu gabe. Gure ustez, egokia da legegileari
ohartaraztea betebehar hori orokorrean eta salbuespenik gabe
formulatzen dela. Gure iritziz, egokia izan daiteke artikulu-mota
zehatzetarako, baina ez sektore guztietan aplikatzeko. Horregatik,
gomendatzen dugu arauan salbuespenen aukera aurrez ikustea egokia ez
den sektoreetarako.
Bigarrena.Iragarritakoa baino prezio
garestiagoa kobratu edo eskatzea bidezkoa ez den salbuespenen artean
iradoki dugu sartzea produktu edo zerbitzuen eskaintzaileak akats
nabarmena egiaztatu izana.
45.4. art.: Ez da bidezkoa iragarritakoa baino
prezio garestiagoa eskatu edo kobratzea. Produktu edo zerbitzu
bererako iragarritako prezioak bat ez datozenean, bakarrik txikiena
eska daiteke, kontsumitzailearen edo erabiltzailearen akats nabarmena
edo fede gaiztoa ala produktu edo zerbitzuen eskaintzailearen
akats adierazgarria egiaztatzen direnean izan ezik.
49. artikulua.- Jarduketa-motak
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak eta
udalek gauzatu behar dituzten jarduketen artean, d) atalean
komunikabide, feria eta beste adierazpen publiko batzuetan
kontsumoari buruzko dibulgazio-eremuak sustatzearen jarduketa dago.
Lege-aurreproiektuaren filosofiarekin eta kontsumoko joera berriekin
bat etortzeko, kontsumo arduratsuaren inguruko aipamena sartzea
proposatzen dugu.
d) Komunikabideetan, ferietan eta beste azalpen
publiko batzuetan kontsumo eta kontsumo arduratsuari buruzko
dibulgazio-eremuak sustatzea.
Kontsumobidek eta udalek gauzatu behar dituzten
jarduketa-motetan jarduketa osagarria gehitzea proposatzen dugu:
planteatutako erreklamazioen kopurua hedatzea, baita ukitutako
sektoreak eta kontuan hartutakoak adieraztea ere. Hedapena botere
publikoek beren jardunean izan behar duten gardentasun-arrazoietan
oinarrituta justifikatzen da, eta kontsumoko erreklamazioen
bolumenaren inguruan helburu estatistikoa du.
h) Jarduketa publikoaren gardentasuna
sustatzeko, helburu estatistikoekin, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal
Institutuak planteatutako erreklamazio guztiak hedatuko ditu, bai
aurkeztutakoak, baita kontuan hartutakoak ere, eta arrazoiak nahiz
ukitutako sektoreak jakinaraziko ditu.
50. artikulua.- Erreklamazioak hedatzea
Erreklamazioak hedatzeari buruzko 50.
artikuluak duen formulazioa kontuan hartuta, izaera desberdineko
zenbait aldaketa proposatzen ditugu:
Testua “Bidezkoa denean” hasi
ordez, “Beharrezkoa denean” jartzea proposatzen
da.Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna
arriskuan egon daitezkeenean, nahasitako erreklamazioak hedatzean ez
zaio bidezkotasunaren irizpideari erreparatuko, beharraren
irizpideari baizik.
Halaber, proposatzen dugu erreklamazioen
hedapena aukerakoa izan ordez, nahitaezkoa izatearen bidez
erreklamazioak hedatzeko edukia indartzea. Horretarako, idazkera
aldatuko da, eta hedatu behar den informazioa zabalduko da.
Erreklamazioen emaitzak adieraziko dira, eta azpimarratuko da
hedapenak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ondorengo erreklamazio
hauek hartuko dituela: osasuna, segurtasuna edo ekonomia- eta
gizarte-interesak ala informaziorako eskubidea.
50. art.: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
osasuna, segurtasuna edo ekonomia- eta gizarte-interesak ala haiek
informatzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoa
denean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak planteatutako
erreklamazioei (eman diezaieke) emango die
hedapena ildo hauetatik: arrazoiak, erreklamazioaren
xede diren enpresak eta ukitutako sektoreak, baita
erreklamazioen emaitzak ere, betiere datu pertsonalak
babesteko eskubidea errespetatuta, arloan aplikagarria den legediaren
ondoriozko baldintzetan.
56. artikulua.- Hezkuntza- eta
prestakuntza-jarduketen helburuak
Xedapen honi eutsiz, kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen hezkuntza eta prestakuntza bideratzeko helburuak
gehitu behar dira, kontsumoaren arloan honako hauekin zerikusia
dutenak sartzeko: ingurumena errespetatzea, elikagaien zarrastelkeria
saihestea, jasangarritasuna, erantzukizun soziala, kontsumo
jasangarrirantz kontsumoko ondasunen ekonomia zirkularra sustatzea
eta pertsona kalteberenak bankuen digitalizaziora eta ordainketa-modu
berrietara hurbiltzea. Aurreproiektu berriaren eta 17. artikuluak
aldarrikatzen duen kontsumo arduratsuaren printzipioaren arabera,
helburu horiek guztiak bat datoz kontsumitzaile kalteberenen
eskubideak babesterantz botere publikoek duten orientazio
nagusiarekin.
56.1 artikulua: kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen hezkuntza eta prestakuntza honako helburu hauek
lortzeko da:
Kontsumoko jarraibideak kontsumo
arduratsuaren eta ingurumena errespetatzen duen printzipiora
egokitzea, arrazionaltasunaren irizpideetan oinarrituta.
Hala, elikagaien zarrastelkeria saihestuko da, eta jasangarritasuna
nahiz erantzukizun soziala aintzat hartuko dira.
Kontsumo jasangarrirantz kontsumoko
ondasunen ekonomia zirkularra sustatzea.
Bankuen digitalizazioan eta
ordainketa-modu berrietan kontsumitzaile eta erabiltzaile
kalteberenak prestatzea.
70 artikulua.- Kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen elkarteen funtzioak, IV. tituluari (82-93 art.)
dagokionez. Kontsumoko gatazkak ebaztearen eremuan
administrazio-jarduketak eta bere III. kapitulua (bitartekaritza).
Kontsumoko gatazkak kudeatzeari dagokionez,
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei onartzen zaizkien
funtzioetan adostasunik eza antzeman dugu. 70. artikuluak d) atalean
berariaz onartzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen
legitimazioa eta gaitasuna kontsumoko gatazkak kudeatzeko, bereziki,
bitartekaritzaren bitartez.
70. artikulua:Lege honetan xedatutakoarekin bat
osatu diren kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek hurrengo
funtzio hauek dituzte:
Kontsumoko gatazkak kudeatzea, batez ere,
bitartekaritzaren bitartez.
Alderdi horrek, ordea, ez du islarik IV.
tituluko (kontsumoko gatazkak ebaztearen eremuan
administrazio-jarduketak) bitartekaritzari buruzko III. kapituluan.
Ez dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak aipatzen, eta
bakarrik administrazioko zerbitzuen esku-hartzea adierazten da, hau
da, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eta udalen esku
hartzea. Baztertze horrek harremana izan dezake IV. tituluko
izenburuarekin, hain zuzen, administrazio-jarduketak, non
bitartekaritzari buruzko II. kapitulua txertatzen den.
IV. tituluaren izenburua aldatzea proposatzen
dugu, “Gatazkak ebaztearen eremuan jarduketak”
esateko. Hala, artikuluetan, administrazioko eragileekin batera
(Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua eta udalak),
bitartekaritzaren bitartez gatazkak kudeatzeko orduan esku hartzen
duten eragileak sartu ahalko dira, nahiz eta administrazioarekin
zerikusirik ez izan. Halaber, 70 d) artikuluan azaldutakoaren
ildotik, bitartekaritzari dagokion kapituluan kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen elkarteen zeregina onetsiko da.
87. artikulua.- Jarduketaren printzipioak
Garrantzitsutzat jotzen dugu bitartekaritzaren
jardueran jarduketa-printzipioen doakotasuna sartzea. Prozesuaren
doakotasuna dagoeneko 88.4 artikuluan zehazten da, baina gure iritziz
garrantzitsua da jarduketa-printzipioetan ere sartzea.
87.1 art.: Bitartekaritzaren jarduerak honako
printzipio hauek beteko ditu: borondatezkotasuna, inpartzialtasuna,
neutraltasuna, doakotasuna eta konfidentzialtasuna.
Bestalde, konfidentzialtasunaren eskakizunari
dagokionez, egokia izan daiteke zehaztea ez dela zabalduko ofizioz
jarrai daitezkeen delituzko gertaerei.
87.6 art.: Bai bitartekariak, bai alderdiek
konfidentzialtasunaren eskakizuna onartzen dute, eta bitartekaritza
isilpean mantenduko dute, beraz, bitartekaritzan parte hartzearen
ondorioz lortutako informazioa ez dute ezagutaraztera emango.
Bitartekariak, berriz, ez du konfidentzialtasunaren eskakizuna
bete beharko, ofizioz jarrai daitezkeen delituzko gertakariak
aditzera eman ditzakeenean.
97. artikulua.- Kanpainen urteko plana
Xedapen honetan ezarritakoaren babesean,
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak merkatua kontrolatzeko
kanpainen urteko plana gauzatzean garatutako jarduketak eta horien
emaitzak publiko izan daitezke. Proposatzen dugu publikotasuna
nahitaezkoa izatea eta ez aukerakoa. Horretarako, “izan
daitezke” aditzaren ordez “izango dira” jarri
beharko litzateke. Gure ustez, forma horrekin hobe betetzen da
arauaren helburua: ukitutako sektoreek hobe funtzionatzea eta
kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak gehiago babestea.
97.2 artikulua: urteko plana egikaritzeko
garatutako jarduketak eta horien emaitza publiko (izan daitezke)
izango dira, ukitutako sektoreen funtzionamendua
hobetzeko eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak gehiago
babesteko.
VI. titulua.- Kontsumoko ikuskapenak
(111-123 artikuluak)
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak
behar bezala eta eraginkortasunez babesteko, botere publikoek
jarduketa arina izan behar dute. Erreklamazioa jartzen denetik
funtzio ikuskatzailearen esku-hartze azkarra funtsezkoa izan daiteke
kontsumoaren eremuan indarreko araudiaren kontrako jarduketak
antzeman eta saihesteko, baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
eskubideak defendatzeko ere. Hala, helburuak hutsaltzen dituzten
irregulartasunen aztarnak deuseztatzea ekidin behar da.
Horregatik, gure iritziz, egokia da
aurreproiektuari ildo horretatik xedapen bat sartzea, non
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan salaketa jartzen denetik
jarduketa ikuskatzaileak esku hartzeko epeak finkatuko dituen.
113. artikulua.- Ikuskatzailea
identifikatzea
Ikuskatzailea bere jardunean dagoenean,
ikuskatzen ari den pertsonaren aurrean identifikatzeko arau
orokorrari 2. atalean bi salbuespen jartzen zaizkio, eta
justifikatuta daude identifikazioarekin ingurune bateraezinak
direlako edo ikuskapenaren helburua zapuztu daitekeelako.
Planteamenduarekin ados gaude, baina uste dugu,
ikuskapena amaitzen denean, ikuskatzailea identifikatu behar dela,
gardentasuna eta pertsona edo erakunde ikuskatuak defendatzeko duen
eskubidea direla bide. Horrenbestez, proposatzen dugu ikuskapena
amaitu ondoren berehala ikuskatzailea identifikatu behar izana.
113.2 art.: Aurrekotik salbuesten dira
ustezkoak ikuskapena identifikazioarekin bateraezinak diren
inguruetan (telematikoak, telefono bidezkoak, etab.) egiten denean
edo haien helburua identifikazioaren ondorioz zapuztu daitekeenean.
Halakoetan, identifikazioa ikuskapena amaitu eta berehala
egingo da. Egindako aktan edo txostenean idatziz jasoak
geldituko dira jarduteko modua justifikatzen duten arrazoiak eta
inguruabarrak.
119. artikulua.- Kontsumoko ikuskapenean
lankidetza eta laguntza
Sektore publikoko enpresek, enpresa- eta
korporazio-erakundeek eta kontsumitzaileen zein erabiltzaileen
elkarteek ezinbestez kontsumoko ikuskapenak bere funtzioak betetzen
eskatutako informazioa eskuratu beharko dute. Horri dagokionez,
gomendatzen dugu ohar bat sartzea datu pertsonalak babestearen arloan
legediak zehazten duen eskubidea errespetatzeari buruz (50.
artikuluan erreklamazioak hedatzean sartutakoaren antzekoa).
119.2 art.: Euskadiko sektore publikoko
enpresek, enpresa- eta korporazio-erakundeek eta kontsumitzaileen
zein erabiltzaileen elkarteek edozein informazio eskuratuko dute,
kontsumoko ikuskapenak bere funtzioak betetzen hala eskatzen duenean,
ezinbestekoa denean datu pertsonalak barne, betiere datu
pertsonalak babesteko eskubidea errespetatuta, arloan legedi
aplikagarriak xedatzen dituen baldintzetan.
121. artikulua.- Ikuskapen-aktak
Artikulu honetan ikuskapenak egiten direnean
aktek izan behar dituzten datuak definitzen dira.Testuinguru honetan,
beharrezkotzat jotzen dugu ikuskapenaren arrazoia ikuskapen-aktaren
eduki izatea, baina ez dago xedapen honetan aipatuta, e) atalean
“esku-hartzearen xedea” adierazpenaren bitartez
adierazten ez bada. Ondorioz, komenigarria da alderdi hori argitzea
eta d) atalak ikuskapenaren arrazoia aipatzen ez badu, proposatzen
dugu atal gehigarrian xedapenaren testuari eranstea ikuskapen-aktan
azaldu behar duen datu osagarri modura.
125. artikulua.- Eremu objektiboa
Artikulu honek hitzez hitz hala dio: “gainera,
lege-testu berriaren arabera, kontsumoaren arloan organo eskudunek
kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko orduan berariazko
arauketa duten sektoreetako enpresaburuen jarraibideak
zehatuko dituzte, arau-hauste modura sailkatuta badaude”.
Gure iritziz, beharrezkoa da xedapen honen
irismena argitzea. Enpresa-jarduera batzuek sektoreko esparru
arauemaile berezia dute, eta kontsumitzaileen nahiz erabiltzaileen
eskubideak urratzen dituzten arau-hausteak zehatzen ditu. Xedapenari
jarraikiz, itxuraz, eskumenak eta zehapenak bikoizten dira, eta gure
iritziz jarduketa osagarri eta subsidiarioa baino ez luke izan behar.
Horrez gain, legegileari terminologiaren
inguruan ohartarazten diogu. Bakarrik berariazko arauketa duten
“enpresaburu gizonezkoak” aipatzen ditu, baina
ezinbestekoa da honako hauek eranstea: berariazko arauketa duten
“enpresaburu gizonezko eta emakumezkoak eta enpresak”.
129. artikulua.- Kontsumitzaileen eta
erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestearen arloko
arau-hausteak
129. artikuluari jarraikiz, kontsumitzaileen
eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestearen arloko
arau-hausteak tipifikatzean, 2. atalak hitzez hitz hala dio:
“Ekintzak edo ez-egiteak, formalki xedapenik ez urratu
arren, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasun eta segurtasunerako
benetako arriskuak edo kalteak ekartzen badituzte, bai jakinaren
gainean egonda, bai jardueran, zerbitzuan edo instalazioan eginbidea
utzi eta eska daitekeen ardura ez izateagatik”.
Antzeman dugu testuaren arabera, ekintza edo
ez-egite bat arau-hauste modura katalogatzeko, “eginbidea utzi
eta eska daitekeen ardura ez izatea” elkartu behar direla. Dena
den, arauak ez du definitzen hori eta kontzeptu zehaztugabea da. Ez
du jarraibide arau-hauslea tipifikatzeko eta segurtasun juridikoa
babesteko nahitaezkoa den zehaztasunik ematen, beraz, gehiago zehaztu
behar da.
139. artikulua.- Jarri zeharreko
zehapenak eta bat datozenak
Atentzioa ematen digu zehapen nagusi izatea
isuna eta establezimendua ixtea eta ez sartzea merkaturatzeko debekua
edo hori etetea. Neurri hori ere eraginkorra da, eta, adibidez,
establezimendua ixtea baino neurrizkoagoa, horretan arau-hausterik ez
duten produktu edo zerbitzu gehiago eskaini/ematen direnean.
142. artikulua.- Salgaiak konfiskatzearen
zehapen osagarria
Xedapen honekin bat etorriz, zehapen-ebazpenek
erabaki dezakete baldintza zehatzetan dauden salgaiak konfiskatzea:
salgai aizunduak, kaltetuak, faltsifikatuak, iruzurrekoak,
identifikatu gabeak edo kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako
arriskutsuak direnak. 2. atalean aurrez ikusten da azken jomuga
erabaki daitekeela, eta erabiltzearen edo kontsumitzearen ondorioz
osasunerako arriskutsuak diren salgaien kasuan suntsituko dira.
1. atalean aipatutako salgaien inguruabarrak
anitzak izan daitekeenez, gure buruari galdetzen diogu konfiskatzea
den irudi juridikorik egokiena horien guztien aurrean edo zenbait
irudi aurrez ikus daitezkeen, salgai bakoitza zirkulaziotik
ateratzeko duen premiaren eta balizko azken jomugaren arabera.
Osasunerako arriskutsuak diren salgaiak
suntsitzeari dagokionez, 2. atalean neurria hartzea justifikatzen
duen arriskua arrazoitu eta egiaztatu beharra erants dadin
proposatzen dugu.
142.2 art.: Ebazpenak konfiskatutako salgaiei
eman behar zaien azken jomuga erabakiko du. Nolanahi ere, salgaiak
suntsituko dira, erabiltzean edo kontsumitzean osasuna arriskuan
jartzen bada. Neurri horiek hartzeko justifikatuko dira. Hala,
kontsumitzaileentzako eta erabiltzaileentzako arriskua nahikoa
arrazoitu eta egiaztatuko da.
143. artikulua.- Publikotasunaren zehapen
osagarria eta 149. artikulua.- Egindako arau-hausteak argitaratzea
143. artikuluak kontsumoko zehapen-ebazpena
publiko egitea aurrez ikusten du, “publikotasunaren zehapen
osagarri” gisa, eredugarri izateko eta etorkizuneko
arau-hausteak saihesteko. Gainera, 149. artikuluak arau-haustea
argitaratzea aurrez ikusten du, administrazio-bidean ebazpen irmoa
bada.
Bi arauen espirituarekin ados gaude, baina,
dena den, beharrezkotzat jotzen dugu hedapen-ekintza une egokian
kokatzea.Zehapen-ebazpenak eta arau-hausteak irmoak direnean hedatu
behar dira, eta atzeratu egingo da errekurtsoaren bidea irekia dagoen
bitartean. Hori adieraztea garrantzitsua da.Eta ez zaio bakarrik
administrazio-bideari erreparatuko, baita administrazioarekiko auzien
bideari ere, ondoren baliogabetuta geldituko den
zehapen-ebazpenarekiko publikotasunaren zehapen osagarriak ukitutako
enpresetarako izan ditzakeen ondorio kaltegarriak saihesteko.
147. artikulua.- Inguruabar mistoak
Zehapenen mailaketa arautzen den atalean,
aurreproiektuak inguruabar astungarriak, aringarriak eta mistoak
aurrez ikusten ditu. Inguruabar astungarrien eta inguruabar
aringarrien kontzeptuak zuzenbidean aurki zabalduta dauden kategoriak
dira, eta zehapenak mailakatzean ez dute zalantzarik planteatzen.
Inguruabar mistoen kontzeptuak, ordea, nahiz eta susmatu, berariazko
azalpena eskatzen du, are gehiago, aurreproiektuaren
zehapen-araubidean kokatzen denean, beraz, ezinbestekoa da arauketa
zehaztea.
Beharrezkotzat jotzen dugu 147. artikuluko
inguruabar mistoaren kontzeptua definitzea eta arauan inguruabar
misto bakoitzak zehapenen zenbatekoan eta hedaduran duen eragina
gehiago garatzea. Oraingo idazkeran azaletik lantzen dira.
Erantsi beharreko xedapena: Xedapen
gehigarri bakarra
Indarrean dagoen oraingo legediak (abenduaren
22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari
buruzkoa) bigarren xedapen gehigarrian hizkuntza-eskubideekiko
arauketari zehapen-araubidea aplikatzez salbuesten dio. Horren
aldean, aztergai dugun lege-aurreproiektuak salbuespen horri ez dio
aipamenik egiten eta 136.13 artikuluan hizkuntza-betebeharrak ez
betetzea kontsumoko arau-hauste gisa tipifikatzen du.
Administrazio publikoak zerbitzu publikoetan
arreta ematean eraginkortasun eta arintasun berdinak izan behar ditu
bi hizkuntzatan (euskara eta gaztelania) eta lanaren eremuan
euskararen erabilera sustatu behar du zenbait tresna erabilita, hala
nola sentsibilizazioa, dirulaguntzak, lanaldietatik liberatzea...
Horrekin ados gaude.Hala eta guztiz ere, gure iritziz, testuan
proposatzen den zehapena eta neurri hertsagarriak berreskuratzea ez
dira bide positiboak helburua lortzeko eta bilatutakoaren kontrako
ondorea izan dezakete. Horrenbestez, gaiari buruz egun indarrean
dagoen araubidea mantentzea proposatzen dugu eta, horregatik, 136.13
artikulua ezabatzearen aldekoak gara. Hala, hizkuntza-eskubideen
kapituluan zehapen-araubidea kendu beharko litzateke, aurreproiektuan
egungo Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legeak
duen antzeko xedapen gehigarria eransteko.
136.13 artikulua: Kontsumoko arau-haustea da:
legeak arautzen dituen hizkuntza-betebeharrak ez betetzea.
EZABATZEA.
Xedapen gehigarri bakarra: Lege honen VII.
tituluan aurrez ikusitako zehapen-araubidea ez zaie aplikatuko III.
tituluan VIII. kapituluko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen
hizkuntza-eskubideei buruzko arauketari, ezta garatzeko araudi eta
xedapen osagarriei ere.
V.-
ONDORIOAK
Euskadiko EGABren iritziz egokia da
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen
Aurreproiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen
gogoetekin.
Bilbon, 2021eko urriaren 1ean
O.E. Presidentea
|
Idazkari nagusia
|
Emilia M. Málaga Pérez
|
Lorea Soldevilla Palazuelos
|