I.- AURREKARIAK
2021eko apirilaren 12an, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren –Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako erakunde autonomoaren– idazkia sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege Aurreproiektuari buruzko txostena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Gogorak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak) egindako Lege Aurreproiektua da. Lege Aurreproiektu horrek, Gernikako Estatutuaren 9. artikuluak (botere publikoek herritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak behar bezala gauzatzen direla zaintzeko eta bermatzeko eta bizi-baldintzak hobetzeko politika bultzatzeko duten betebeharrari buruzkoak) esleitutako eskumenak baliatuz, Memoria Historikoaren Estatuko Legea, 52/2007 Legea (arlo horretako oinarrizko eskubideak eta askatasunak garatzen dituena) garatzen du Euskadin; bat etorriz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin eta memoria historiko eta demokratikoari buruz Espainiak berretsitako nazioarteko zuzenbideko gainerako tresnekin. Aurreproiektuaren oinarria da, halaber, Autonomia Estatutuaren 10.39. artikuluan ezarritako erkidego-garapenaren arloko eskumen esklusiboa.
Horren helburua da Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikorako politika publikoak arautzea, Gerra Zibilean eta diktaduran arrazoi politikoak, ideologikoak edo erlijio-sinesmeneko arrazoiak direla-eta jazarpena edo indarkeria jasan zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonala eta familiarra berreskuratzea sustatzeko, bai eta balio eta printzipio demokratikoak sustatzeko ere; Gerra Zibiletik, diktadura frankistatik eta demokraziarako trantsiziotik hasi eta Euskadiko Autonomia Estatutua indarrean jarri arteko aldian izandako gertaerak eta inguruabarrak ezagutzea erraztuz.
2021eko apirilaren 12an, Lege Aurreproiektuaren berri eman zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten; eta horien guztien berri eman zitzaion dagokion Lan Batzordeari, Gizarte Garapenerako Batzordeari, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Gizarte Garapenerako Batzordeak lan-bilera bat egin zuen 2021eko maiatzaren 3an, Irizpen Aurreproiektuaren proposamen baten inguruan eztabaidatzeko; eta Irizpen Proiektua egitea erabaki zuen. Proiektua Euskadiko EGABren 2021eko maiatzaren 7ko Osoko Bilkurari aurkeztu zitzaion, eta aho batez onartu zuten.
II.- EDUKIA
Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege Aurreproiektuaren testuak honakoak ditu: Zioen Azalpen bat, hamabi kapitulutan banatutako 45 artikulu, bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.
Zioen azalpenak 1936tik 1978ra bitartean izandako gertakari historikoei egiten die erreferentzia; izan ere, kolpe militarrarekin Gerra Zibilari hasiera eman zitzaion, eta, ondoren, diktadura frankistaren aldi luze bati, trantsiziora eta Gernikako Autonomia Estatutura iritsi arte. Iragan horren oroitzapenetik eta ezagutza historiko zorrotzenetik abiatuta Euskadiko Memoria Demokratikoa eraikitzea da kultura demokratikoa indartzeko modurik sendoena ukazioaren, bazterketaren eta intolerantziaren diskurtsoen aurrean, bizikidetza demokratikoko gure etorkizuna ziurtatzeko.
Jarraian, eskumen-alderdiak aipatzen ditu, eta baieztatzen du Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen testuinguruan kokatzen dela; eta erantzun egiten diela eta edukia ematen diela zuzenbide horretatik EAErako jarduera-esparru propioan eratortzen diren betebeharrei.
Gai honen oinarrizko erreferentzia-puntua 60/147 Ebazpena da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2005eko abenduaren 16an onartua, giza eskubideen nazioarteko arauen ageriko urraketen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak jartzeko eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzko oinarrizko printzipio eta jarraibideei buruzkoa. Ebazpen horren gainean egituratzen dira egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidearen hiru printzipioak, nazioarteko zuzenbide penalaren eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren krimenek kolpatutako gizarte bati bizikidetza oinarri demokratikoen eta zuzenbideko oinarrien gainean berreraikitzea ahalbidetu beharko liokeen gutxienekoen arau-erreferente gisa. Erreparagarria denari erreparazioa ematea da kontua, zer gertatu zen jakitea berriz gerta ez dadin, eta egiak biktimei eta gizarteari laguntzea Zuzenbide Estatua oinarri duen itun sozial berri baten hasiera gisa. Nazioarteko standard hori Espainiako barne-zuzenbidera Konstituzioaren 10.2 artikuluaren bidez lekualdatzen da; artikulu horren bidez, oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta gai horiei buruz Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera interpretatu behar dira. Hemen aurkitzen du bere lotura Memoria Historikoari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legeak, Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenei eskubideak aitortzen eta zabaltzen dizkienak. Euskadiko Memoria Historikoari buruzko Legea bere eskumenen esparruan txertatzen da eta erreferentzia horiek berak garatzen ditu Gernikako Estatutuaren 9. eta 10.39. artikuluen arabera.
Euskal lege hau ez da hutsetik sortu. Aitzitik, aurrekari gisa, erreparazio-bokazioko jarduera ugari ditu, dagoeneko 80ko hamarkadan hasitakoak, mende-aldaketarekin areagotu egin direnak, elkarte memorialisten ekimenen arrastoari jarraituz; eta gero eta ikusgarritasun handiagoa hartzen ari da. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren sorrerak (azaroaren 27ko 4/2014 Legearen bidez) gaur arte Euskadiko memoriaren politika publikoen instituzionalizazioa amaitu du; eta, eratu zenetik, ikerketa-, dibulgazio- eta aintzatespen-ekimen ugari abiarazi ditu, lau urterako jarduera-programa bat garatuz.
Lege berriarekin, jarduerak integratu eta zehaztu nahi dira, iraganaren memoria kritikoa kristalizatzeko baldintzak sortzeko ekarpen hobea eginez, etorkizunerako beharrezko bokazioarekin.
Zioen Azalpenak aurrera jarraitzen du eta Lege berriaren edukiaren ibilbide batekin amaitzen da.
Xedapenak
Lege Aurreproiektuaren xedapenen atalak honako xedapen hauek ditu:x
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK1. artikulua.- Xedea eta helburua 2. artikulua.- Printzipio orokorrak 3. artikulua.- Hartzaileak II. KAPITULUA. EGIARAKO ESKUBIDEA 4. artikulua.- Egia argitzeko ikerketa 5. artikulua.-1939-1978 bitartean Gerra Zibilean eta frankismoan Euskadin izandako giza-eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena III. KAPITULUA. JUSTIZIARAKO ESKUBIDEA 6. artikulua.- Lankidetza Justizia Administrazioarekin 7. artikulua.- Jakinaren gainean jartzea, delituak egin izanaren zantzuengatik 8. artikulua.- Ekintza prozesalen xedapena 9. artikulua.- Estatuko eta nazioarteko erakundeen gomendioak bultzatzea eta horien jarraipena egitea IV. KAPITULUA. AINTZATESPEN- ETA ERREPARAZIO-ESKUBIDEA 10. artikulua.- Aintzatespen orokorra 11. artikulua.- Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta aintzatesteko neurriak eta ekitaldi instituzionalak 12. artikulua.- Erreparaziorako neurriak V. KAPITULUA. DIBULGAZIOA ETA HEZKUNTZA 13. artikulua.- Memoria Historikoaren dibulgazioa 14. artikulua.- Memoria Historikoaren hezkuntza-ekarpenak VI. KAPITULUA. DESAGERTUTAKO PERTSONAK BILATZEKO ETA IDENTIFIKATZEKO NEURRIAK 15. artikulua.- Gerra Zibilean eta frankismoan desagertutako pertsonak berreskuratzea 16. artikulua.- Gorpuzkiak aurkitzeko mapak 17. artikulua.- Biktimak aurkitzea, exhumatzea eta identifikatzea 18. artikulua.- Giza gorpuzkiak ustekabean aurkitzea 19. artikulua- Proba genetikoak 20. artikulua.- Lankidetza beste gobernu batzuekin eta euskal lurraldetik kanpoko erakundeekin 21. artikulua.- Cuelgamuros harana 22. artikulua.- Duintasunaren kolunbarioa VII. KAPITULUA. EUSKADIKO MEMORIAREN LEKUAK, ESPAZIOAK ETA IBILBIDEAK 23. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoaren Lekuak, Espazioak eta Ibilbideak VIII. KAPITULUA. MEMORIA HISTORIKOAREN AURKAKO ELEMENTUAK 24. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoaren aurkako elementuak 25. artikulua.- Memoria Historikoaren aurkako elementuak kentzea 26. artikulua.- Sariak, izendapenak, tituluak eta ohore instituzionalak kentzea 27. artikulua.- Laguntzak eta diru-laguntzak kentzea IX. KAPITULUA. EUSKADIKO MEMORIA HISTORIKOAREN DOKUMENTUAK 28. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoaren eta haren babesaren dokumentuak 29. artikulua.- Memoria Historikoaren dokumentuak babestea eta eskuratzea 30. artikulua.- Dokumentu-funtsak berreskuratzea 31. artikulua.- Dokumentuetara irispidea izateko eskubidea 32. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoaren dokumentu-zentroa X. KAPITULUA. ERAKUNDE MEMORIALISTEN AINTZATESPENA, SUSTAPENA ETA PARTE-HARTZEA 33. artikulua.- Mugimendu memorialistaren aintzatespena 34. artikulua- Erakunde memorialisten jarduera sustatzea 35. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoko Erakundeen Erregistroa 36. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoko Erakundeen parte-hartzea XI. KAPITULUA. ADMINISTRAZIOAREN JARDUNA ETA ANTOLAKETA 37. artikulua.- Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora) 38. artikulua.- Lau urterako Jarduera Plana 39. artikulua.- Lankidetza toki-erakundeekin XII. KAPITULUA. ZEHAPEN-ARAUBIDEA 40. artikulua.- Araubide juridikoa 41. artikulua.- Arau-hausteak 42. artikulua.- Kalifikazioa larriagotzea 43. artikulua.- Zehapenak 44. artikulua.- Prozedura 45. artikulua.- Zehatzeko eskumena XEDAPEN GEHIGARRIAK Lehenengo xedapen gehigarria. Erreparazio ekonomikoko neurriak Bigarren xedapen gehigarria. Memoria Historikoaren Lekuak, Espazioak eta Ibilbideak XEDAPEN IRAGANKORRAK Lehenengo xedapen iragankorra. Izapidetzen ari diren prozedurak Bigarren xedapen iragankorra. Dokumentu-funtsak berreskuratzea XEDAPEN INDARGABETZAILEAK Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea AZKEN XEDAPENAK Lehenengo azken xedapena. Erregelamendu bidezko garapena Bigarren azken xedapena. Indarrean jartzea |
III.- OHAR OROKORRAK
Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren lehenengo Lege bihurtzeko lege-aurreproiektu bat aurkeztu zaigu irizpenera. Lege horren xedea gaiari buruzko politika publikoak arautzea izango da; eta haren helburua, Gerra Zibilean eta diktaduran arrazoi politikoak, ideologikoak edo erlijio-sinesmeneko arrazoiak direla-eta jazarpena edo indarkeria jasan zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonala eta familiarra berreskuratzea sustatzea, eta balio eta printzipio demokratikoak sustatzea. Helburu horiek lortzeko, lege berriak Gerra Zibiletik eta frankismotik hasi eta Euskadiko Autonomia Estatutua indarrean jarri arteko aldi osoan gertatutakoaren ezagutza erraztea aurreikusten du; eta egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen printzipioen gainean oinarritzen da, arlo horretako nazioarteko zuzenbidearen erreferentziekin bat etorriz.
Iraganean sakontzea gizartearen ondare komun gisa oroimena eta sentimendu demokratikoa balioesteko ariketa mingarria izan daiteke; baina funtsezkoa da egiarekin eta bidegabeko kaltea jasan zutenekin konpromisoa gauzatzeko, eta bizikidetza demokratikoan eta printzipio etikoetan oinarritutako oraina eta etorkizuna proiektatzeko.
Gizarte guztiek beren orainaldia berretsi behar dute beren iraganeko benetako eraikuntzen bidez, errealitateaz jabetu ahal izateko. Kontzientziak konpromisoa errazten du, eta lortutako eskubideak babesteko eskubide horiek defendatzeko betebeharra hartu behar dela ulertzea ahalbidetzen du; eta prozesu horretan, ezinbestekoa da Memoriaren irudia.
Funtsezkoa da erakundeen ekintza Memoria babesteko, gertatutakoaz hausnartuz eta belaunaldi berrientzat eskuragarri bihurtuz, egungo askatasun-esparruaren lorpenak babesteko eta hura lortzeko borrokatu zirenen sufrimendua aitortzeko eta balioesteko.
Ildo horretatik, gure ordenamendu juridikoan Euskadiko Memoria Historikoaren politika publikoak arautzea xede duen lege bat edukitzea beharrezkoa da helburu horiek lortzeko ahaleginean. Horrenbestez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak gustura hartu du Gogora Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren legegintza-ekimena azaldutako planteamendua eta helburuak dituen lege bat aldarrikatzeko; eta oso positibotzat jo du.
Batzorde honek badaki Memoria Historikoaren politika publikoak arautzeko euskal legerik ez egoteak ez duela esan nahi euskal erakundeetatik arlo horretan jardun instituzionalik garatu ez denik. Aitzitik, aitortu egin behar da Euskadik esparru horretan egindako jarduera, gaur egun Memoria Historikoari buruzko lege espezifikoak dituzten autonomia-erkidegoek baino lehenago egindakoa. Izan ere, jarduera jarraitua baita, denboran iraunkorra eta finantzarioki hornitua; eta lidergo-posizioa ere markatu baitu zenbait arlotan (hobi komunak exhumatzean, adibidez).
80ko hamarkadatik, herritarren ekimenetik sortutako indusketa- eta omenaldi-ekitaldiekin batera, Euskadin ekintza instituzional bat erregistratu zen, bai araugintzakoa, bai ikerketakoa eta azterketakoa, bai Gerra Zibilaren eta erregimen frankistaren biktimei aintzatespen publikoa egitekoa, Memoria Historikoaren politika publiko bati erantzuten diotenak.
Foro instituzional espezifikoak ere izan ditu, hala nola Sailarteko Batzorde bat Gerra Zibilean desagertutako pertsonen hobiak ikertu eta aurkitzeko, Lehendakaritzari atxikia eta 2002an sortua, euskal gizarteak frankismoaren biktimekin duen zor historikoa kitatzeko. Ahalegin horretan, azpimarratzekoa da Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmenaren zeregina. Hitzarmen hori 2003an sinatu zen, eta aitzindaria izan zen Estatuan hobi komunak exhumatzen, frankismoaren errepresioari buruzko ikerketan, desagertutako pertsonei buruzko ikerketa historiko eta dokumentalean, desagertutako edo fusilatutako pertsonei buruzko datu-baseetan, hobien kokapenean, testigantzak jasotzen eta txostenak egiten, besteak beste.
Estatuak, 2007an, eta beste autonomia-erkidego batzuek, gero, Memoria Historikoari buruzko beren politika publikoak arautzeko legeak eman dituzte. Euskadin, ordea, jarduera Aranzadi Elkartearekiko lankidetzaren inguruan antolatu da. Lan handia eta egonkorra egin da, gorabehera politikoen arabera etenik izan ez duena, eta Euskadin erakundeen aldetik zein herritarren eta biktimen kolektiboen aldetik sustatutako memoria historikoaren lanaren erreferentzia bihurtu dena.
2014an 4/2014 Legea onartu zen, azaroaren 27koa; Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora) sortzen duena, Memoria sustatzearekin lotutako politika publikoa bultzatu, garatu eta kudeatzeaz arduratzen den erakunde gisa, Euskadiko Memoria Demokratikoa babestu eta transmititzeko helburuarekin. Hori aurrerapauso garrantzitsua da Euskadiko Memoria Historikoaren politiken bilakaeran, politika horiek garatzeko eta haien eskumenak zehazteko subjektu instituzional bat ezartzen baitu.
Irizpena ematen ari garen araua 4/2014 Legearen ezinbesteko osagarria da, Euskadiko Memoria Historikorako politika publikoak arautzeko eta arlo horretako jarduera instituzionalaren edukia definitzeko tresna juridikoa den aldetik. Horrela, politika horien subjektu instituzionala zehazten duen tresna juridikoarekin bat egiten du (4/2014 Legea).
Orain sustatzen ari den Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, beraz, beste jauzi kualitatibo bat da Euskadin Memoria Historikoaren politikak eratzeko prozesuan; eta ondorio positiboak eta desiragarriak proiektatzen ditu politika horien hainbat alderditan.
Memoria Historikoaren politika publikoak arautzeko lege-mailako tresna juridiko bat onartzeak politikaren estatusa handitzea dakar, orain arte egin den ekintza indartzea; eta segurtasun juridiko handiagoa ematen die jarduerei.
Lege-estaldura berriak politikaren jardun-eremua zehaztuko du, eta horrek sustatzen diren jarduketen edukiak ulertzen lagunduko du. Gainera, jardundakoa finkatzea eta praktikan sortu diren eta Gogora Memoriaren Institutuaren Legean erreferentziarik ez duten jarduera-ildoei babes juridikoa ematea ahalbidetuko du.
Era berean, garatzen diren jarduera guztiak koherenteak eta harmonizatuak izatea ahalbidetuko du, orain arte modu zatikatuagoan eta loturarik gabe egin ahal izan baitira; eta zentzu-batasuna emango die, printzipio eta lehentasun komun batzuen arabera.
Azkenik, arlo horretako jardun publikoari egonkortasuna eta jarraitutasun-berme handiagoa emango dio; eta horrek finantzaketa eta borondate politikoa eskatzen jarraituko du.
Azken batean, gure ustez, Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren arloko Legea onartzea oso urrats positiboa da; eta arlo horretako politika publikoak garatzearen onerako izango da. Horrela, euskal gizartearen bizikidetza demokratikoari balioa emateko eta hura babesteko funtsezko gaia baldintza hobeetan finkatzen eta bultzatzen lagunduko da.
Aurreproiektuaren funtsezko alderdiei dagokienez, Batzordea bat dator edukiekin, jarraian adierazten diren ohar espezifikoak alde batera utzi gabe, aurkeztu zaigun testurako hobekuntzak ekartzeko asmoz.
IV.- OHAR ESPEZIFIKOAK
1. artikulua.- Xedea eta helburua
Lege-proiektuaren lehen xedapen honek lege-proiektuaren xedea ezartzen du, Euskadiko Memoria Historikoari eta Demokratikoari buruzko politika publikoak arautzean zehaztua, zenbait arrazoirengatik –hala nola, arrazoi politikoengatik, ideologikoengatik edo erlijio-sinesmeneko arrazoiengatik– jazarpenaren edo indarkeriaren biktima izan zirenen erreparazio morala eta memoria pertsonala eta familiarra berreskuratzea sustatzeko. Arrazoi horiek guztiak zehazten dira, baina zabaldu egin litezke arrazoi gehigarriengatik jazarpena edo indarkeria jasan zuten kolektiboen kasuistika zabala estaltzeko. Hala, sindikatu-militantziak eta -afiliazioak berariaz pairatu zituen 1936ko kolpe militarraren ondorioak; eta ondorengo diktadurak errepresio modu desberdinak erabili zituen langile borrokaren eta sindikalismoaren esentziaren aurka, borroka horretatik eratorritako oinarrizko eskubideak ukatuz. Zentzu horretan, uste dugu arrazoi sindikalek ere frankismoaren garaiko jazarpen edo indarkeria arrazoien artean adierazita egon beharko luketela; eta berariaz sartu beharko liratekeela Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren esparruko jarduketen barruan.
Bestalde, arau berriaren helburua da “…jasan zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonala eta familiarra berreskuratzea sustatzea”. Memoria pertsonaletik eta familiarretik haratago eramatea iradokitzen dugu, memoria soziala edo kolektiboa ere ulertzeko, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren espirituarekin bat datorrena.
x
1. artikulua. Xedea eta helburua: Lege honen helburua da Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikorako politika publikoak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.39. artikuluetan xedatutakoaren babesean, Gerra Zibilean eta diktaduran arrazoi politikoak, sindikalak, ideologikoak edo erlijio-sinesmeneko arrazoiak direla-eta jazarpena edo indarkeria jasan zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonala eta familiarra, soziala edo kolektiboa berreskuratzea sustatzeko, bai eta balio eta printzipio demokratikoak sustatzeko ere; Gerra Zibiletik, diktadura frankistatik eta demokraziarako trantsiziotik hasi eta Euskadiko Autonomia Estatutua indarrean jarri arteko aldian izandako gertaerak eta inguruabarrak ezagutzea erraztuz. |
2. artikulua.- Printzipio orokorrak
2. artikuluak lege berriaren oinarri diren printzipio orokorrak jasotzen ditu. Lehenik eta behin, egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen printzipioak zerrendatzen ditu, eta honako balio demokratiko hauek zerrendatuz jarraitzen du: adostasuna, bizikidetza, aniztasun politikoa, giza eskubideen defentsa, bakearen kultura, eta gizonen eta emakumeen berdintasuna. Gure ustez, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko legearen espirituarekin bat dator justizia soziala sartzea oinarritzen den balio demokratikoen zerrendan; eta hura sartzea proposatzen dugu.
1. atalean “ez errepikatzeko bermea”ren printzipioaren aipamen espezifikoari dagokionez (4. atalean ere aipatzen da), uste dugu erabilitako terminoak gehiegizkoak izan daitezkeela, desideratuma den aldetik. Ikuspuntu horretatik, egokiagoa izan liteke “ez errepikatzeko borondate irmoa” adierazpena, gaur egungo “bermea” adierazpena baino.
x
2. artikulua. Printzipio orokorrak - Legea egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen ez errepikatzeko borondate irmoaren printzipioetan oinarritzen da, bai eta honako balio demokratiko hauetan ere: adostasuna, bizikidetza, justizia soziala, aniztasun politikoa, giza eskubideen defentsa, bakearen kultura, eta gizonen eta emakumeen berdintasuna.
|
3. artikulua.- Hartzaileak
3. artikuluan hartzaile gisa lege berriaren esparruan berariaz aintzat hartuko diren kolektiboen banakatze zabala jasotzen da. Xedapen hau oso zehatza denez, proposatzen dugu langileen lan-eskubideak defendatzeagatik jazarpena eta errepresioa jasan zuten pertsonak ere berariaz aipatzea xedapen horretan. Aurreko ohar batean ere aipatu dugu militantzia eta afiliazio sindikala diktadura garaiko jazarpen eta indarkeria kausa gisa. Kolektiboen artean sindikatuak berariaz jasotzen badira ere, Memoria Historikoaren Lege hau xede duten pertsonei eta kolektiboei ematen zaien xehetasun-mailaren barruan, uste dugu testuinguru historiko hartan lan-eskubideak defendatzen zituzten pertsonek ere merezi dutela ikusgarritasun hori.
x
3. art.: … l) Langileen lan-eskubideak defendatzeagatik jazarpena eta errepresioa jasan zuten pertsonak. m) Beren inguruabar espezifikoak direla-eta 38. artikuluan aipatzen diren planetan sartzen diren beste kolektibo batzuk. |
4. artikulua.- Egia argitzeko ikerketa
Proposatzen dugu xedapenaren egungo idazketak bigarren atalean oinarrizko askatasunei buruz egiten duen aipamenaren ordez funtsezko askatasunak jartzea, arautzen den gaia Espainiako Konstituzioaren I. Tituluaren (“Funtsezko eskubideak eta betebeharrak”) edukiekin lotzen delako.
x
3. art.- Lege honek printzipio hauek ditu: 1.-Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren jarduerak bultzatuko ditu eta neurriak hartuko ditu Gerra Zibilaren eta frankismoaren diktaduraren biktimak identifikatzeko Euskadin, ikerketa historikoen bidez eta ahozko testigantzak jasoz. 2.-Halaber, ikerketak sustatuko dira frankismoaren diktadurak errepresio-erregimen bat eta oinarrizko funtsezko askatasunik eza ezarri zuen gizarte osoaren gainean egindako bidegabekeria historiko eta politikoa ezagutarazteko. |
6. artikulua.- Lankidetza Justizia Administrazioarekin
Aginduak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari esleitzen dio Justizia Administrazioarekin lankidetzan aritzeko eginkizuna. Gure ustez, justiziaren jarduera bultzatzeko eginkizuna ere gehitu beharko litzateke, institutu horrek memoria demokratikoa transmititzeko eta zaintzeko duen eginkizuna dela eta.
10. artikulua. Aintzatespen orokorra
Lege berriak, puntu honetan, biktimek Eusko Jaurlaritzak emandako ziurtagiri bat eskuratzeko eskubidea ezartzen du, beren ohorea birgaitzera eta beren gogobetetasun moralera zuzendua. Honakoa gehitzea proposatzen dugu: ziurtagiri horren helburua beren ohorea birgaitzea eta bidezko gogobetetasun morala lortzea izan dadila.
Halaber, proposatzen dugu ziurtagiri hori eskuratzeko eskubidea biktimen senitartekoei zabaltzea, haiek hil egin ahal izan baitira. Gai horren harira, oso egokia iruditzen zaigu lege berriak biktimaren definizio bat jasotzea, argi gera dadin egoera hori hartzaileei zuzenduriko 3. artikuluan jasotako pertsona eta kolektiboei bakarrik dagokien edo haien senideak ere barne hartzen dituen.
x
10. artikulua 1.- Biktimekin eta haien senideekin abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 4. artikuluan aipatzen den aitortza lortzeko kudeaketan lankidetzan aritzea bazter utzi gabe, biktimek edo haien senideek Eusko Jaurlaritzak emandako aitorpen pertsonalizatuko dokumentu instituzionala lortzeko duten eskubidea aitortzen da; haien ohorea birgaitzeko eta bidezko gogobetetasun morala lortzeko. |
11. artikulua.- Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta aintzatesteko neurriak eta ekitaldi instituzionalak
Memoria Historikoaren erreparazio instituzionala egiteko, beharrezkoa da xedapen honek sustatu nahi duen erakunde arteko aitortzak babes oso zabala eta anitza izatea. Hori dela eta, uste dugu babes hori indar politikoen artean ez ezik indar sozialen artean ere gauzatu behar dela; eta hori artikuluetan islatu beharko litzateke, dagokion bezala txertatuta.
x
11. artikulua 1.-Gogora Institutuak erakunde arteko aitortza sustatuko du, indar politiko eta sozialen babes zabal eta anitzenarekin, Memoria Historikoaren erreparazio instituzionalerako. |
15. artikulua.- Gerra Zibilean eta frankismoan desagertutako pertsonak berreskuratzea
1. atalean ezartzen denez, Gogora Institutuak behar diren neurriak hartu eta jarduerak egingo ditu Gerra Zibilean eta frankismoaren diktaduran Euskadin desagertutako pertsonak aurkitzeko eta identifikatzeko; eta, ahal bada, haien gorpuzkiak berreskuratzeko eta identifikatzeko.
Enuntziatuaren zabaltasunaren aurrean, uste dugu arrazoizkoagoa dela adieraztea Gogora Institutuak eremu horretan bere esku dauden edo bere eskumenekoak diren beharrezko neurriak hartu eta jarduerak egingo dituela.
17. artikulua.- Biktimak aurkitzea, exhumatzea eta identifikatzea
5. atalean ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bidez eta toki-erakundeekin adostuta, biktimen hobiak duin bihurtuko ditu, exhumatzea teknikoki ezinezkoa den kasuetan; horrela, haien kontserbazioa ziurtatuko da. “Duin bihurtzea” terminoaren inguruan, betebehar bat sortzen da Eusko Jaurlaritzarentzat; eta eskubide bat biktimentzat, zehaztasun handiagoz jasotzea komeni dena. 23.4. artikuluan, Euskadiko Memoriaren Leku, Espazio eta Ibilbide izendatutako ondasunen titularren betebeharrei dagokienez, “haien iraunkortasuna, identifikazioa eta seinaleztatze egokia bermatzea” aipatzen da. Xehetasunak emateko antzeko ariketa bat egitea eskatzen dugu 17.5. artikuluko kasu honetarako “duin bihurtzeko” kontzeptuaren eta horrek dakartzan betebehar eta eskubideen inguruan; artikulu horretan biktimen hobiak aipatzen dira exhumatzea teknikoki ezinezkoa den kasuetan.
19. artikulua- Proba genetikoak
3. atalean, arau juridiko zehatz bat zehaztean, komeni da gehitzea “edo hura ordezten duen araua”, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.
23. artikulua.- Euskadiko Memoria Historikoaren Lekuak, Espazioak eta Ibilbideak
Euskadiko Memoria Historikoaren Lekuak, Espazioak eta Ibilbideak definitzeaz eta horiek Lekuen, Espazioen eta Ibilbideen Katalogoan sartzea aurreikusteaz gain (Gogora Institutuari esleitu zaio horren kudeaketa eta mantentzea), garrantzitsutzat jotzen dugu 23. artikulu honetan gertaeren zabalkundea edo Lekuen, Espazioen eta Ibilbideen esanahi historikoa edo sinbolikoa ere aurreikustea. Beraz, beste atal bat sartzea proposatzen dugu, dagozkion zabalkunde- eta interpretazio-bitartekoak ezartzeko.
x
23. art.:6. Euskadiko Memoria Historikoaren Leku, Espazio edo Ibilbide bakoitzerako, bertan gertatutakoa zabaltzeko eta interpretatzeko bitartekoak ezarriko dira. |
27. artikulua.- ARTIKULU BERRIA.- Espazio Publikoen erabilera, Euskadiko Memoria Historikoaren aurkako erabilera
“Memoria Historikoaren aurkako ikurrei” buruzko VIII. Kapituluan aurreikusitako kasuak osatzeko, artikulu berri bat sartzea proposatzen dugu. Artikulu horrek kontuan hartuko ditu espazio publikoak kolpe militarra edo frankismoa goraipatzeko edo horien biktimei beren izena galtzeko edo haiek umiliatzeko ekitaldiak egiteko erabil daitezkeen kasuak; eta euskal administrazio publikoei, beren eskumenen esparruan, horiek ez baimentzeko eskatuko die.
x
27. artikulua.- Espazio Publikoen erabilera, Euskadiko Memoria Historikoaren aurkako erabilera 27. art.: Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, ez dute utziko edozein titulurengatik ondasun edo espazio publikoak okupatzen, baldin eta horien helburua bada biktimek edo haien senideek izena galtzea, horiek mespretxatzea edo horiek umiliatzea, kolpe militarra edo frankismoa goraipatzea, edo kolpe militarraren eta diktaduraren alde egin zuten pertsonak omentzea dakarten ekintzak egitea. |
38. artikulua.- Lau urterako Jarduera Plana
38. artikuluak, 1. atalean, aurreikusten du legegintzaldi bakoitzaren hasieran lau urterako jarduera plan bat onartuko dela, eta zalantzak sortzen ditu haren idazkeran. Planaren lau urteko iraupena eta hura legegintzaldi bakoitzaren hasieran onartzea bateratu egiten direnez, interpretazio-arazoak sortzen dira lau urterako plan horien indarraldiaren inguruan. Plan horiek lau urteko iraupena dute definizioz; baina legegintzaldiak lau urteko iraupena amaitzen ez duen egoerei aurre egin diezaiekete, legegintzaldia aldez aurretik amaitzen den kasuetan bezala. Idazkera, beraz, berrikusi egin behar da; eta legegileak “lau urterako plana” edo “plana legegintzaldi bakoitzaren hasieran onartzea” aukeratu behar du. Hautabide horren aurrean, EGABetik plana lau urterakoa izatearen alde egiten dugu, legegintzaldia noiz hasten den kontuan hartu gabe; izan ere, gure ustez, alternatiba horrek egonkortasun handiagoa ematen dio planari, eta independentzia, plana gauzatzen duen erakundeari.
41. artikulua.- Arau-hausteak
41. artikuluak, 3. atalean, arau-hauste oso larritzat jotzen diren hainbat kasu jasotzen ditu. Ohar espezifiko honetan, f) idatz-zatiaren adierazpenari buruz hitz egin nahi dugu. Bertan, guztiz bat gatoz kontuan hartzen diren jokabideak arau-hauste oso larri gisa sailkatzearekin. Legegileari dei egiten diogu. Izan ere, jakin badakigu aipatutako jokabideek adierazpen-askatasunerako eskubidea inplikatuta dagoen arlo batean eragiten dutela, eta eskubide horren inguruak gaur egun eboluzionatzen ari direla; eta, beraz, garrantzitsua iruditzen zaigu, f) idatz-zati honen tipifikazioaren eraginkortasuna bermatzeko, motaren doitasunean eta zehaztasunean ahalegin berezia egitea, bertan jokoan dauden funtsezko eskubide guztien bermeak bateratze aldera.
V.- ONDORIOAK
EGABren ustez, egokia da Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Lege Aurreproiektua izapidetzea, Irizpen honetan egiten diren oharrekin.
Bilbon, 2021eko maiatzaren 7an
kkj
| |
OE Presidentea Emilia M. Málaga Pérez | Idazkari Nagusia Lorea Soldevilla Palazuelos |