Bi mila eta hogeigarren urtea SARS-CoV-2 koronabirusaren pandemiak jo gintuen urtea bezala geratuko da etorkizunerako, arlo guztietan kalteak eragin ondoren: sozialak, ekonomikoak, pertsonalak, familiarrak, afektiboak… Munduko herrialde guztietan gertatu da, inongo mugak ezin izan duelako gelditu eta planeta osoaren eguneroko bizitza baldintzatu duelako. Bi mila eta hogeigarren urtea salbuespenezko urtea izan da -mingarriki salbuespenezkoa, zoritxarrez–, eta, zalantzarik gabe, hala adieraziko da edozein erakundek enpresak edo instituziok, publikoak zein pribatuak, argitaratzen dituen aurtengo memorietan. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Jarduera Memoria honek ere gauza bera egiten du, hain zaila eta desberdina izan den urtean zehar egin dugun lana jasota.
Osasun-larrialdiaren ondoriozko salbuespenarekin batera, beste aldaera batek baldintzatu du 2020ko ekitaldia EGABren kasuan. Aldaera hori oso bestelakoa izan da, guztiz berezkoa baita gurea bezalako gizarte demokratikoetan: hain zuzen ere, hauteskunde autonomikoen zita uztailean. Hauteskunde konpromiso orok legegintza-jardueraren geldiera dakar, eta moteltze hori erreleboak behar duen denboraldian luzatzen da, arduradun politiko berriek lanari berrekin arte. Egoera horrek zuzenean eragiten dio Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak duen funtsezko eginkizunari: irizpenak ematearen zereginari.
Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emaile instituzionala izanik, EGABek lege-proiektuak jasotzen ditu, Kontseilua osatzen duten eragile ekonomiko eta sozial guztiek ikuskatu ditzaten. Dokumentuok zehatz-mehatz aztertu eta eztabaidatzen dira, erantzun-irizpenetan jasotzen diren hobekuntza-proposamenak, baldin badaude bateratzea lortu arte. Irizpen horien funtsezko balioa, Kontseilua osatzen duten eragile sozial eta ekonomikoek adostutako gogoetetan datza. Gogoeta horietan, Euskadiko ekonomia eta gizarte politikan interes ekonomiko eta sozial desberdinen parte-hartzea de facto eraginkorra egiteko proposamenak aipatzen dira.
Aipatu bezala, hauteskunde autonomikoen ospakizunak -hasiera batean apirilerako aurreikusita- uztailean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpen-zereginaren murrizketa ekarri zuen, eta, beraz, Memoria honetan jasotako arlo horretako jarduera beste ekitaldi batzuetakoa baino kuantitatiboki nabarmen eskasagoa da. Horrek ez du esan nahi garrantzi gutxiagoko gaiak zirenik; izan ere, garrantzi handikoak diren eta guztioi eragiten dizkiguten esparruei buruzko iritziak eman zituen Kontseiluak. Hala nola, Klima Aldaketari buruzko Euskal Legearen aurreproiektuari buruzko irizpena eman zuen, Klima Ekintzetarako Itun Soziala bultzatzea proposatuz, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko eta Garapen Jasangarrirako helburuekin bat etorrita. Gure gizartea kezkatzen duten beste gai batzuei buruz ere aritu ginen, etxebizitza arloan esate baterako, jenderik gabeko etxebizitzen proiektu arautzaileari buruzko irizpenarekin, edo landa-garapenaren esparruan, arloko lege-aurreproiektuarekin, besteak beste.
Irizpenak emateko eginkizunaz gain, 2020rako Jardueren Memorian aurreko irizpenoi egindako jarraipena ere jasotzen da, gure iradokizunen eragina neurtuta, bai eta Kontseiluaren barne-organoek ezohiko urte horretan egindako lanen eta bileren berri ere ematen da. Pandemiak behartu gintuen lan telematikoaren baldintzetara egokitzea eta hori EGABen gaitasuna ere aztertzeko froga bilakatu zen (konfinamendua, telelana, bideokonferentziaren bidezko bilerak…). Azterketa notaz gainditu genuela esan genezake, egin genituen Osoko Bilkuraren hamaika bilerek, Batzorde Iraunkorraren bederatzi batzarrek, Memoria Sozioekonomikoa idazteaz arduratzen den Batzordeak egindako hamabik edo Batzorde Ekonomikoak eta Gizarte Batzordeak egindako zita telematikoek ondo erakusten digutenez.
Amaierarako utzi nahi izan dut Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen 2020. urteko jarduerarik esanguratsuena, gainerakoak baztertu gabe. “COVID-19k Euskadin duen eraginari buruzko hurbilketa” izeneko ekimen propioaren azterlanaz ari naiz. Lan horretan, gure autonomia erkidegoko ekonomia eta gizarte esparruetan SARS-CoV-2 izan duen eragina lehen hilabeteetan aztertzen da, pandemiari aurre egiteko erakundeek eman dituzten erantzunak bilduz eta ondorioz ditugun erronkei buruzko hausnarketak eginez. Ikerketa honen bidez gure karpen xumea egin diogu pandemiak Euskadiko Autonomia Erkidegoan jarri digun erronkari.
Emilia M. Málaga Pérez
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Presidentea