I.- SARRERA
2020ko abenduaren 4an Euskadiko Gizarte eta Ekonomia Arazoetarako Batzordeak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren idazkia jaso zuen. Horren bidez hirugarren aldiz aldatzen den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretu Proiektuaren inguruko txostena eskatzen zen, maiatzaren 17ko 8/2012 Legeak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aldaketak ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren hainbat alderdi berraztertzea du helburu. Jarraipen-prozesuak abian jarri dira, berariazko baldintzak eta aginte-koadroetako helburuak lortzeko dekretuak xedatzen duen erreferentziazko denbora (2020) gainditzear dago eta 2019. urteko abenduan Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onetsi zen. Hala, horien guztien ondorioz ezinbestekoa da aipatutako dekretua ikuskatzea.
Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Ekonomia Garapeneko Batzordea 2020ko abenduaren 17an bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak abenduaren 23an lan dezan. Bertan aho batez onartu da.
II.- EDUKIA
Dekretuak azalpen zati bat, bederatzi idatz-zatiz osatutako artikulu bakarra, xedapen indargabetzailea eta azken xedapen bat ditu.
Adierazitakoarekin bat etorriz, 109/2015 Dekretuak aurrez ikusten duen erreferentziazko denbora gainditzear dago. Era berean, azaldutakoaren arabera, 2019ko abenduan Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onetsi zen.
Halaber, 2030erako ZTBP onartu ondoren eta zenbait jarraipen-prozesuren bitartez ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren aplikazioa aztertu ostean, nahitaez dekretuaren hainbat baldintza berraztertu behar dira.
Berrazterketarekin, batetik, 2030erako ZTBPn xedatutakoaren arabera, eskatutako espezializazioari buruzko alderdiak dagoeneko egiaztatuta dauden eragile batzuei aplikatuko zaie eta, bestetik, ZTBESren kide izan nahi duten erakundeei eskatzen zaizkien egiaztapen-baldintzak egokituko dira.
Artikulu bakarraren zortzigarren idatz-zatiak III bis eranskina du, teknologia-zentroen, ikerketa kooperatiboko zentroen, enpresen I+Gko unitateen eta eskaintza-eskea bitartekaritza-eragileen berariazko baldintzak eta agite-koadroak jasotzeko.
Bederatzigarren idatz-zatiak 109/2015 Dekretuari lehenengo xedapen iragankorra eransten dio, osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoeraren aitorpenak administrazio-epeak eten baitzituen. Beraz, etendako aldia 109/2015 Dekretuak baldintzak betetzeko eta helburuetara iristeko definitzen dituen epeei zenbatu behar zaie.
Azken xedapena aldaketa indarrean sartzearen ingurukoa da.
III.- GOGOETA OROKORRA
Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua (133. zenbakidun EHAA, 2015eko uztailaren 16koa) aurretik hainbatetan aldatu da:
- Ekonomia Garapena eta Azpiegitura sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Agindua, zeinaren bidez aldatzen baitira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren I. eta III. eranskinak.
- Azaroaren 21eko 250/2017 Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko dekretua.
- Irailaren 24ko 147/2019 Dekretua, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko dekretua.
Orain kontsultatzen zaigun aldaketak zenbait arrazoi ditu:
- 2020. urtean 109/2015 Dekretuan baldintzak betetzeko epea amaitzen da, beraz, denbora-tarte berria finkatu behar da.
- Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana onetsi da eta, ondorioz, arauen edukia Plan berrian aurrez ikusten denari egokitu behar zaio.
- Aplikazioa aztertu ondoren, 109/2015 Dekretuaren baldintza batzuk berraztertu behar dira.
Dekretuaren proiektu berrian sartutako bestelako aldaketak gorabehera, bidezkoa da III bis eranskin berriaren edukia azpimarratzea. Horretan teknologia-zentroen, ikerketa kooperatiboko zentroen, enpresen I+Gko unitateen eta eskaintza-eskea bitartekaritza-eragileen berariazko baldintzak eta agite-koadroak ageri dira.
Edukiari erreparatuz, dekretu hau argitaratu baino lehen dagoeneko egiaztatuta daudenentzat 2020 aginte-koadroko helburuak egongo dira indarrean, denbora-tarte aldatuarekin berria argitaratzen ez den bitartean, Espezializazio Lerroen kasuan izan ezik. Horiek eranskin honetako koadroaren arabera arautuko dira.
Batzordearen iritziz, komenigarria litzateke testu bateratua argi eta garbi adieraztea eta, horretarako, esteka azaltzea, arlo berdinean ugari arautu denez, kasu batzuetan aplikagarria den aurreko arauketarekin batera, arauketa berria baitago eta behin eta berriz baldintzak aldatzeak ziurgabetasun juridikoaz gain, nahastea baitakar.
IV.- GOGOETA BEREZIAK
Testu bateratuari eutsiz:
- “Ikerketako Osasun Zentroak” 9 artikuluak ikerketako osasun-zentroen zeregintzat honako hau xedatzen du: “beste toki batzuetara zabal daitekeen gehieneko kalitateko ikerketa egitea eta Euskadiko Osasun Sistemari, gaixoei eta, orokorrean, gizarteari (…) ikerketaren emaitzak itzultzeko ezagutza sortu nahiz aplikatzea (…)” eta bere jardueren artean aipatzen da “I+G+baren emaitzak ustiatzea, bai merkataritzaren arloan, bai Euskadiko Osasun Sisteman ezartzearen bidez” (9.2.b puntua).
Gure ustez, 9.2.b) puntuaren idazkerak “merkataritzaren arloan” esan nahi duenari buruzko zalantzak planteatzen ditu. I+G+baren emaitzen salmenta pribatuaren aukera argi eta garbi utzi behar da. Horregatik, hurrengo idazkera hau proposatzen dugu:
b) I+G+baren emaitzak ustiatzea eta, horretarako, Euskadiko Osasun Sisteman ezartzea, balizko merkataritza-ustiapena gorabehera. |
- Ez genuen ulertu eta oraindik ez dugu ulertzen zergatik eragile bereziek, unibertsitateetako ikerketa-egiturek eta hedapen-eragileek berariazko baldintzak zehaztu gabe dituzten. Agian, sektore publikoaren barruan egotea izan liteke arrazoia, baina ezin ulertuzkoa da Euskal Sarean egonda, zergatik aurretiaz finkatutako helbururik ez duten bete behar.
- Zergatik eranskinetan zehazten diren berariazko baldintzak ez dira maila batean homogeneoak? Bere egunean ulergaitza iruditu zitzaigun eta gaur egun iritzi berekoak gara. Ildo horri jarraiki:
- Aipatu dugun bezala, eragile bereziek, unibertsitateetako ikerketa-egiturek eta hedapen-eragileek ez dute berariazko baldintza kuantifikaturik.
- Berariazko baldintzak xedatzen dira, baina kuantifikatu gabe daude, oinarrizko eta bikaintasunaren ikerketa-zentroetan (I. eranskina) eta osasun-ikerketako institutuetan (II. eranskina).
- Teknologia-zentroek (gai asko aztertzen dituzten TZa eta sektoreko TZa), ikerketa kooperatiboko zentroek, enpresen I+Gko unitateek eta eskaintza-eskea bitartekaritza-erakundeek (III. eranskina) berariazko baldintzak eta aginte-koadroa dituzte.
Alabaina, guztietarako berariazko baldintzak kuantifikatuta egon arren, ez da gauza bera gertatzen aginte-koadroak aintzat hartuz gero. Hala, bakarrik gai asko lantzen dituzten teknologia-zentroek eta ikerketa kooperatiboko zentroek dituzte kuantifikatuta 2020rako helburuak.
Baldintzei dagokienez, interesgarria litzateke finantzazio-mugak (publikoa eta pribatua) eta beren aldaketak funtsatzeko oinarriak azaltzea. Adibidez, III. eranskineko 1.1.1 koadroak xedatutakoaren arabera, gehienez finantzaketa publiko ez-lehiakorrak I+Garen ustiapen diru-sarreren % 30 izan behar du eta finantzaketa pribatuan gutxienez % 35. Ehuneko horien oinarriak zehazteko arrazoiak ezezagunak izateaz gain, zalantzan jarri behar da finantzaketa publikoaren guztizkoa (lehiakorra edo ez) % 65era irits daitekeen. - III bis eranskina: III. eranskinerako adierazi dugunari hurrengo hau erantsi behar zaio:
Eskaeraren unean bete behar diren berariazko baldintzen artean sartzen da zentroko zuzendaritza nagusia duen pertsonak doktorearen titulua izatea.
Ez dugu eskakizun horren zergatia ulertzen. Beharrezkotzat jotzen dugu argi eta garbi azaltzea, ikerketa-zentroa edo teknologia-zentroa kudeatzeko kudeaketaren ezagutzak eta gaitasunak egiaztatzeko eskatzea bidezkoa litzatekeen neurrian.
Zuzendaritza nagusia duen pertsonak doktorearen titulua izatearen eskakizuna bertara iristeko oztopo bihur daiteke eta, bide batez, hautagai onak bazter daitezke.
Arrazoi horiengatik bidezkoagoa dirudi doktorearen titulua baldintza gisa kontuan hartu ordez, merezimendutzat jotzea.
Bestalde, “2030erako ZTBPren oinarrizko lerro estrategikoak eta ekonomikoak” dokumentuak, 2019ko abenduan onetsitakoak, 3. helburu bezala du Euskadiko I+G+baren nazioartekotzea sendotzea, horregatik, itxuraz, egokia da 1.1 ataleko b koadroan 2 urtera nazioarteko elkarlanaren helburuan % 15eko ehunekoari, nazioarteko finantzaketa publikoaz gain, pribatua ere sartzea.
V.- ONDORIOAK
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua hirugarren aldiz aldatzearen inguruko dekretu-proiektua izapidetzea, betiere kontsulta-organo honek egin dituen gogoetak aintzat hartuta.
Bilbon, 2020ko abenduaren 23an
O.E. Presidentea | Idazkari nagusia |
Emilia M. Málaga | Lorea Soldevilla |