Garaiaren amaiera ezustean
2020ko ekainaren 29an, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak aho batez onetsi zuen 2019ko Memoria Sozioekonomikoa. Hala, arautzen duen legearen agindua bete zuen, adierazten duena funtzioen artean dagoela egoera ekonomiko eta sozialari buruzko gogoetak azaltzeko memoria bat egin behar dela. Galderaz betetako garai baten ari naiz aurkezpen hau idazten, “normaltasun berria” estreinatu berritan. Bada, susmoa dut ez duela normaltasunetik asko izango, eta digeritzeko zaila izango den abiaduran inposatuko dizkigula aldaketak. Ezerk ez zigun pentsarazi, 2019ko azaroaren 13an memoria honen lanekin hasi ginenean, aro baten amaieran geundenik; hain zuzen, iragarri, igarri eta -ikusitakoak ikusita- desio gabeko amaiera.
Beraz, memoria honek jasotzen dituen gogetak 2019. urtera mugatzen dira, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako mundu mailako pandemia baino lehenagoko garaietara. Egoera aldatu da orduz geroztik. Parentesi larri eta kezkagarria ireki du pandemiak, eta ez dakigu noiz itxi ahal izango den behin betiko. Edonola ere, argi dago inflexio puntua izango dela planeta osoan, eta badirudi 2008ko krisialdi ekonomikoak eragindakoa baino handiagoa izango dela arrakala. Hala ere, eta horrenbeste zalantzaren ondorioz, hain zuzen, ziurtasunak azpimarratzeko garaia da, baliatu dezakegun gida bakarra baitira. Eta memoria sozioekonomikoak igaro beharko ditugun garai ilunetarako orientazio gisa balia daitezkeen batzuk jasotzen ditu.
Hori dela eta, memoria honetan jasotako datuek garrantzi berezia daukate. Horietan sakonduz, ikus daiteke Euskadin ekonomia geldotzen ari zela, munduko ekonomiaren ildotik. Ekoizpena areagotu arren gertatu zen hori. Hain zuzen, ekoizpena eurogunekoa eta Espainiako batez bestekoa baino handiagoa izan zen. 2019an finantza publikoen susperraldiak ere aurrera jarraitu zuen, eta enplegua 2008aren aurreko okupazio mailatik gertu egon zen (ez ahaztu 2009aren eta 2013aren artean 100.000 enplegu galdu zirela, hamarretik bat).
Modu berean, 2019an eboluzio positiboa izan zuten gure autonomia erkidegoko ongizate sozialaren maila ebaluatzen duten adierazlerik garrantzitsuenetan. 2008ko krisiaren aurrekoetatik oso gertu zeuden zifrak, nahiz eta hobekuntza hori ez zen homogeneoki gertatzen ari. Horri buruz ohartarazten du memoria honek. Gizarte desorekak zuzentzeko ohar horren zentzua lehentasunezkoa izan behar da beti; izan ere, gizarte batean babestu beharreko ondasun nagusia hori osatzen duten pertsonak dira. Uste dugu premisa horrek gidatu behar dituela politika publikoak, eta kontsulta organo gisa horiek artikulatzeko egiten dugun ekarpenak garrantzi hori azpimarratu behar du.
Ez nuke aurkezpen labur hau amaitu nahi EGABen Memoria Sozioekonomikorako Batzordea osatzen duten kide guztiei eta kontseiluko langileei eskerrak eman gabe. Ez soilik egindako lan bikainagatik, baita ere 2020ko lehenengo seihilekoan izandako inguruabar zailetan egin izanagatik. Memoria hau denboran eta forman amaitzea da normaltasuna -gaur-gaurkoz urrun dagoela dirudiena- berreskuratzeko gure ekarpen umila.
Emilia M. Málaga Pérez
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Batzordeko Presidentea