Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Irizpena 13/18

Irizpena 13/18

Irizpena 13/18, Euskadiko Kooperatiben Legearen aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I. SARRERA

2018ko maiatzaren 28ko Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Lan eta Justizia Sailaren idatzia sartu zen eta “Euskadiko Kooperatiben Legearen Aurreproiektuari” buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kontsultatzen zaigun arau proiektuaren helburua administrazio jarduera EAEko kooperatiben sozietatea eta enpresa garatzeko parametroetara moldatzea da. Halaber, sektore zehatzak xehetasun eta zehaztapen handiagoz arautu nahi dira, galerak egoztean bazkideen erantzukizunarekiko lege segurtasuna eskaini nahi da eta administratzaileen leialtasun, eginbide nahiz erantzukizunaren eskakizunak zehaztu ere bai. Era berean, kooperatiben berezko baliabideak sendotu nahi dira, baita egun aurrez ikusiak ez dauden egitura aldaketak ahalbidetu ere, legearen mailan zenbait konponbide juridiko finkatzearekin batera, egun araubidez erregulatuak baitaude. Azkenik, kooperatiben arautegia teknikoki kontabilitateari eta kontuen auditoriari buruzko araudiak sartutako berrikuntzetara doituko da.

Berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, proposamenak eta iritziak bidaltzeko eta horien berri Lan Batzordeari emateko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Arautegiak xedatutakoarekin bat. 2018ko ekainaren 27an, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen, eta hark hartutako akordioak abiapuntu hartuta, honako irizpen proiektua egin zen, Batzordearen uztailaren 5eko Osoko Bilkurari aurkezteko, non gehiengoz onetsi baitzen, KONFEKOOP eta kontsumitzaileen erakundeen aurkako botoarekin.

II.- EDUKIA

154 artikuluk, 9 xedapen gehigarrik, 2 xedapen iragankorrek, 5 azken xedapenek eta xedapen indargabetzaile batek osatzen dute Legearen aurreproiektuaren egitura, 4 titulu, 15 kapitulu eta 18 ataletan banatuta. Gainera, buruan zioen azalpena ageri da eta indarreko araudiari dagokionez, aldaketarik garrantzitsuenak justifikatu eta azaltzen dira.

Legegintzako testu hau egiteko arrazoiak denboran zehar Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea (hemendik aurrera 4/1993 Legea) aldatuz joan diren legezko testuak eraberritzeko beharrizana dagoela erakusten du. Indarrean dagoen araua sistematizatzeko, errazago identifikatzeko eta aplikatzeko egindako aldaketak izan dira, hau da, arau kooperatiboa interpretatu eta aplikatzeko behar den segurtasun juridikoa izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko legeriaren pean dauden kooperatibei aplika dakizkiekeen xedapen guztiak barne hartzen dituen testu bakarra onestea bilketa-lana egitea baino gehiago da eta bateratze-lan gehigarria eskatzen du, kasu batzuetan terminologiaren aldetik eta arrazoi eta irtenbide juridikoen identitatearen aldetik batez ere, eta beste batzuetan zehatzak ez diren edo aplikatzean zalantzak sor ditzaketen araudiaren elementuak argitu behar direlako. Elementu horiek argitzeko, ekarpenak egin behar izan dira ordu-orduan, behar bezala interpretatzeko beharrezkoak zirenak.

Testu bakarraren sistematikotasuna are gehiago justifikatzen da Euskadiko kooperatibei buruzko legeriaren eboluzioari dagokion une honetan garapen arautzaile zehatzak sartu behar direnean, gutxieneko jatorrizko arau-oinarria aldatu gabe sozietate kooperatiboen eta, bereziki, kooperatiba-mota zehatzak garapena bideratzeko.

Era berean, aldatzen diren elementuen artean, batetik, kooperatiba sustatzearekiko eta, bestetik, kooperatiben legezkotasuna betetzearen gaineko kontrolarekiko administrazio-jardueraren modua eta intentsitatea eguneratzea azpimarra daiteke.

Onartu diren konponbide arautzaileek hurrengoak lortu nahi dituzte: elementu zaharkitu zehatzak, kostua eta aplikatzeko zailtasuna konpontzea; kooperatibaren proiektu bakoitzera egokituta dagoen araudiaren autonomia sendotzea eta, aldi berean, sozietatea kooperatiba bezala definitzen duten ildoak mantentzearekin bateratzea; funtzionamendu demokratiko eta parte-hartzailea definitzea, kudeaketa eta kontrol eraginkorrekin batera; eta lankidetza publiko pribatua indartzea; laburbilduz, bai barneko harremanetan, bai hirugarrenekiko legearen segurtasun-maila gehitzea, kooperatiben barruko harremanak eta kanpoko lege-trafikoa finka daitezen Euskadiko kooperatiben legeria tresna egokia izateko.

Hori guztia indarreko arautegiaren egituran sartzen da. Eduki gehiena ildo horretan mantentzen da eta arau-diseinuaren gidalerroekin bateratzen da: kudeaketa-organoa profesionalizatzea, erabakiak arinago hartzea, baliabide finantzarioak sendotzea eta kooperazioaren artekoa sendotzea, aukera berdinekin enpresa-lehia bermatzeko. Hala ere, sozietatearen kooperatiba-nortasuna mantendu, funtzionamendu demokratikoa bermatu eta gizarte-erantzukizuna bultzatu nahi dira.

Helburu horrez orokorrean merkataritzaren arloan araudiaren egungo egoera eta eboluzioa kontuan hartu dira, zuzenbide alderatuko kooperatiben garapen eta konponbideekin batera. Halaber, ez dira baztertu ekiteko ezarri berriak diren neurriak nahiz tresnak eta onartuak dauden parametro, printzipio eta tradizioei jarraiki, beren burua antolatzeko kooperatiben autonomiarekin emaitza orekatua lortzen saiatu da.

III.- GOGOETA OROKORRAK

a) Aldez aurretiko gogoetak. Legearen berrikuntzak

Euskadiko kooperatibei buruzko lege berriak honakoetarako tresnez hornitzea du helburu: nortasun kooperatiboa mantenduta, garatu eta merkataritza sozietateekin lehiatzeko. Hala, kooperatibetarako malgutasun operatiboaren eta kooperatibaren nortasunaren artean oreka bilatu nahi du, merkatu orokorrean diharduten enpresak baitira.

Kooperatiba bezala beren izaera mantenduta, erregulatzen dituen araua “nahikoa askatu” behar da. Merkataritza sozietateekiko lehiakortasuna hobetzeko, aurkeztu zaigun legearen aurreproiektuak kooperatibaren barruan lan araubidean zerbitzua eskain dezaketen pertsonen ehunekoa 25etik 30era gehitu du, beren sistemak produkzio inguruneari moldatzeko.

Halaber, erakundearen egiturak alda daitezke merkatuaren beharrak direla-eta, kooperatiboak ez diren formuletarantz aurrera egiteko. Hala, desegin eta bana daitezke eta, gainera, baliabide propioak sendotzea aurrez ikusten da.

Administratzaileen betebeharrak arautzen ditu. Orokorrean lana doakotasunetik abiatuta egin arren, ordaintzea aurrez ikusia dago eta hori nahiz zenbatekoa arautzen dira. Gainera, kooperatibaren eta bazkideen erantzukizuna argitzen saiatzen da. Legeak galerak egoztearen eta bazkideen erantzukizuna mugatzearen gaia argitzen du. Ildo horri jarraiki, kooperatibaren erantzukizuna kooperatibaren beraren ondarera mugatua dago; bien bitartean, bazkideek sozietatearen kapitalera egindako ekarpenekin erantzungo dute.

Azkenean, pertsona bazkideei galerak ekarpenen bitartez egotziko zaizkie, beraz, oraindik galerak badaude orekatzeke, kooperatibak kapitala gehi dezake estali edo zuritzeko. Bazkidea bere ekarpenarekin nahitaezko gutxieneko ekarpenera iristen ez bada, baja emango zaio gehikuntza bere gain ez onartuz gero, baina inolaz ez dio eragingo kooperatibarekin zerikusia ez duen ondare pertsonalari.

Bi kooperatiba mota berri sartu dira: “junior kooperatibak”, garraio kooperatibez gain, irakaskuntza kooperatiben azpimota bezala. Unibertsitarioek osatuko dute, prestakuntza akademikoaren zati bezala enpresa kooperatiboa eratzen badute eta unibertsitatearen zaintzapean egingo da. Lehenengoak, berriz, garraiolarien lan elkartu eta zerbitzuei buruzkorako izango dira. “Etxebizitzen kooperatiba” mota ere berriz konfiguratzen da, praktikan erakundearen izaera kooperatiboa ziurtatzeko.

Erakundeak multzokatzeari dagokionez, arau berriak korporazio kooperatiboak deuseztatzen ditu eta hori da lege honen berrikuntza bat. Beren funtzioa talde kooperatiboek garatu ahal izango dute.

b) Balioztapen orokorra

Guk iritzia emateko, “Euskadiko Kooperatiben Legeari buruzko Aurreproiektua” aurkeztu zaigu. Batetik, onartu zenetik 4/1993 Legeak, ekainaren 24koak, Euskadiko Kooperatibei buruzkoak, izandako arau-aldaketak bildu eta bateratzen ditu eta, bestetik, araua kooperatibek, lehia orokorraren agertokian jarduera garatzean, aurre egin behar dizkieten erronka berrietara moldatzea bilatzen du. Xede horrez sartu dira arestian aipatutako berrikuntzak.

Batzorde honek jada 2015. urtean proiektu arautzailearen aurreko bertsioari buruzko irizpena (abenduaren 11ko 21/2015 Irizpena) egin zuen eta Gobernuaren ekimena nahiz helburuak positiboki balioetsi zituen eta orain ere balioztapen bera egiten da. Errealitate sozioekonomikoa aldakorra denez, legegintzako egokitasunari buruz etengabeko tentsioa mantentzera behartzen du; bestetik, erregulazio partzialak arazo zehatzei erantzun puntuala ematen saiatzen dira eta ulergaitzak diren bloke arautzaileak egituratzen dira. Aurkeztutako aurreproiektuak bi helburuak behar bezala bateratzen ditu.

Artikuluak hobetzeko 2015eko gure irizpenaren egindako proposamen batzuk jaso ziren eta orain aurkezten zaigun testuan sartu dira. Beste batzuekin, ordea, ez zen berdina gertatu eta zenbait aldiz aipatzen ditugu irizpen berri honetan, hiru urte geroago indarrean daudelakoan.

Zehazki, lehenik eta behin, “kooperatibismoa sustatu eta zabaltzeko neurriak” 145.1. artikuluak “gizarte eragile” bezala Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari (KONFEKOOP) egindako aipamenarekin desadostasuna azaldu nahi dugu eta 2015eko irizpidean adierazitakoa berriz nabarmendu nahi dugu. Nahastea sor dezakeen terminoa erabiltzea ez dugu bidezkotzat jotzen, lagunarteko mintzairak Kooperatibisten Konfederazioarekiko (sindikatuak eta patronalak) izaera desberdina duten bestelako erakundeak aipatzen baititu. Nolanahi ere, manuaren helburu “bakarra” aginte publikoen solaskide bezala Konfederazioa onartu nahi duen neurrian, hautazko idazkera bezala honakoa iradoki dugu:

EAEko aginte publikoek gizarte intereseko funtzio bezala erakunde kooperatiboak eta enpresa eta ordezkaritza integratzeko egiturak sustatu, piztu eta garatzea nahi dute eta gizarte solaserako erakunde bezala Konfederazioa onartzen dute….”

Arauak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari egiten dizkion aipamenen inguruan (145, 154 3-2 artikuluak, etab.), gure ustez egungo Kooperatibisten Konfederazioa da eta, ondorioz, aurreproiektuak berak arautzen dituen eskubide eta betebehar zehatzak ditu.Hala eta guztiz ere, teknikoki zuzenagoa litzateke aurreproiektuak Kooperatibisten Konfederazioa aipatzea, une bakoitzean 153.3. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen badituzte: elkarteak, federazioa eta kooperatibisten konfederazioak.

Bigarrenez, 25. (informatzeko eskubideei buruzko mugak eta bermeak), 31. (bazkide ez-aktiboak edo ez-erabiltzaileak), 103. (lan elkartuko kooperatibisten xedea eta arau orokorrak) eta 143. (talde kooperatiboak) artikuluei buruz 2015. urtean azaldutakoa errepikatu nahi dugu, gogoeta berezietan aurrerago aipatzen ditugun baldintzetan.

Bestalde, mugimendu kooperatiboaren izaera hutsaltzen duten egoeren aurrean (besteak beste, “online” kooperatiba eztabaidatuak) arduratsuak izatea komeni da. Horiek web plataformak dira eta lan elkartuaren kooperatibisten estatutuari eutsiz, pertsona autonomoaren edo freelancearen izenean fakturak egin daitezke zerbitzuan alta ematearen truke.

Azkenik, lege aurreproiektuak berariaz bazkideekin komunikazio elektronikoa izatea ez du aurrez ikusten. Deialdiak aipatzen dira, baina informazioa eskatzean ez da ezer adierazten (informazio eskubideari buruzko 24. artikulua).

Lege berriak landu beharko luke sozietate kooperatiboaren eta pertsona bazkideen arteko komunikazioak, dokumentuak, eskaerak eta informazioa bidaltzea barne, bitarteko elektronikoak erabiliz egitea, betiere halako komunikazioa estatutuetan aurrez ikusia dagoenean eta pertsona bazkideak bitarteko elektronikoak erabiliz komunikazioak bidaltzea onartu duenean.

c) Erabilgarritasun publikoko eta gizarte ekimeneko kooperatibak

Lege aurreproiektuak zioen azalpenean 64/1999 Dekretua, otsailaren 2koa, erabilgarritasun publikoko sozietate kooperatibistei buruzko prozedura eta baldintzen araudia onartzen duena, eta 61/2000 Dekretua, apirilaren 4koa, gizarte ekimeneko kooperatibak arautzen dituena, aipatzen ditu eta “hainbat alderditan edukia legearen bidez finkatzea merezi du”.

Ondoren, 145.2 artikuluak erabilgarritasun publikoko kooperatibak arautzen ditu modu honetan: “Beren funtzioak garatuz Euskadiko interes orokorra sustatzen laguntzen duten erakunde kooperatiboak erabilgarritasun publikorako modukoak joko ditu Eusko Jaurlaritzak, araubidez xedatutako prozedura, araubide eta baldintzekin bat”. Gero, erabilgarritasun publikoaren aitorpena lortzen dutenean, erakundeek izango dituzten eskubideak xedatzen ditu.

Artikuluek, ordea, gizarte ekimeneko kooperatibak ez dituzten aipatzen eta erabilgarritasun publikoko kooperatibak bezala, definitzen dituen artikulu batean islatuak gelditu beharko luketelakoan gaude. Gainera, beren izaeraren funtsa jaso beharko litzateke.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

18. artikulua. Arau ordezkatzaileak

Artikulu honek 1. atalean honakoa xedatzen du: “epeei, espedientean agertzeari, ordezkaritzari eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroko gainerako arlo formalei dagokienez, lege honek edo garapen arauek berariaz arautzen ez badituzte, administrazio prozeduraren arauak aplikatuko dira”.

Administrazio prozeduraren arauetara bidaltzean, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzkoa, aipatzen ari dela ulertzen dugu eta horretan administrazio prozeduraren arauak erkideak direnez, administrazio publiko guztiei aplika dakizkieke. Hala onartu du behin eta berriz Konstituzio Auzitegiak bere jurisprudentzian. Bere iritziz, Estatuak administrazio prozedura erkidea arautzeak ez die autonomia erkidegoei beren zuzenbide substantiboa aplikatzeko prozedura arauak egitez salbuesten. Dena den, Estatuaren aginpide esklusiboa izateagatik, arauek administrazio prozedura erkidearen oinarrizko kontzeptua errespetatu behar dute.

Ildo horri eutsiz, lege segurtasunaren arrazoiak direla-eta, Legera berariaz bidali beharko litzateke.

21. artikulua. Lanaren pertsona bazkideak

3. atalak xedatutakoaren arabera, “estatutuek kooperatiban lanaren pertsona bazkideek berdin eta modu haztatuan parte hartzeko irizpideak finkatuko dituzte”.

Partaidetza eremuak sendotu eta argitzeko, atal honi hurrengo idazkera ematea gomendatzen da:

“3. Estatutuek irizpideak finkatu beharko dituzte sozietatearen behar eta eskubideetan (politikoak eta ekonomikoak) lanaren pertsona bazkideen partaidetza berdina eta orekatua ziurtatzeko”.

22. artikulua. Pertsona bazkideen betebeharrak

Artikulu honen d) atalaren idazkera berriak hala xedatzen du: “kooperatibaren jardueratan pertsona bazkideen gutxieneko partaidetza edo konpromisoa eraginkorra izan daiteke kooperatibaren beraren jardueretan zuzenean parte hartuta edo betiere estatutuek modu horretan aurrez ikusten badute, beste erakunde batzuen bidez, sozietatearen xedeari lotuta interes berezia duelako  kooperatibak lankidetzan edo parte hartzen badihardu. Beste erakunde hauetan parte hartzen duten pertsona bazkideek jatorrizko kooperatiban gutxiengoa izango dute, arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzari edo produkzioari buruzkoak direla-eta, enpresa beharraren egoeratan edo ezinbesteko egoeratan daudenean izan ezik”.

Atal honen helburua beste erakunde batzuen jardueratan pertsona bazkideen partaidetza arautzea da, kooperatibak lankidetzan jarduten badu eta bere partaidetzaren gutxiengo egoera ahalbidetzen du. Gure ustez azpimarratutako testuak orokorrean jasotako salbuespena erabiltzea erraztuko luke, beraz, salbuespena aplikatzeko irizpideak zehaztea gomendatzen dugu.

24. artikulua. Informazioaren eskubidea

Pertsona bazkideekin komunikaziorako bitarteko elektronikoak erabiltzeari buruz gogoeta orokorretan azaldutakoa berriz azpimarratzearekin batera, artikulu honetako 1. atalean beltzez nabarmendutakoa gehitzea iradoki dugu:

“1. Pertsona bazkideek lege honetan, estatutuetan edo batzar nagusiaren akordioetan aurrez ikusitako baldintzetan informazioaren eskubidea erabil dezakete. Ildo horri eutsiz, egokitzat jotzen diren bideak ezar daitezke eskubidea sustatu eta eraginkor bihurtzeko. Xede horrez, kooperatibak pertsona bazkide guztientzat informazio bitarteko irisgarriak eta argiak onartuko ditu”.

Gehigarri hau justifikatzeko, informazio bitartekoak pertsona bazkide guztientzat irisgarriak izatean eta informazio argia eskaintzean oinarritu behar da.

25. artikulua. Informazioaren eskubideari buruzko mugak eta bermeak

Artikulu honetako 2. atalak hala xedatzen du: “estatutuek, informazioa eskatzean eta ematean edo ukatzean arbitrariotasunak eta kalteak saihesteko, bermeen sistema ezar dezakete eta kooperatiben berezitasunak nahiz pertsona bazkidearen egiazko egoera kontuan hartuko ditu, bai kooperatibaren jardueran, bai betebehar eta eskubideei dagokienez”.

2015eko irizpenean adierazitako justifikazioa berriz nabarmenduz, azpimarratutako terminoa ordezkatzea proposatzen dugu: “zehatz dezake” ipini ordez “zehaztuko du” jarri beharko litzateke. Nolanahi ere, nahitaezkoa izan behar du estatutuek informazio eskubideen bermeei buruzko sistema arautzea, azkenean ukatzera daramaten arbitrariotasunak eta kalteak saihesteko. Antolaketa demokratikoaren (bazkide bakoitzak boto bana) eta kudeaketan partaidetzaren (bazkideak enpresa-kudeaketaren eremuan arduraz inplikatzea) kooperazio-printzipioak bermatzeko modua da.

26. artikulua. Borondatezko baja

Artikulu honetako 1. atalean beltzez nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen da:

“1. Bazkideak une oro kooperatiban borondatez baja eska dezake. Xede horrez, idatziz aurreabisua egin beharko die administratzaileei estatutuek finkatzen duten epean, baina ezingo du hiru hilabetetik gorakoa izan pertsona fisikoetarako eta urtebetetik gorakoa pertsona juridikoetarako”. Borondatez baja eskatua egongo da kooperatibak hartzen duenetik”.

Modu horretan 1998ko martxoaren 16ko Auzitegi Gorenaren Epaiak xedatutakoa sartuko da. Horren arabera, kooperatiban bazkidearen borondatezko baja automatikoki gertatuko da pertsonak bere nahia kooperatibari jakinarazten dion unean eta data horretatik aurrera (“Ate zabalduaren” printzipio tradizionala, une oro bazkideari borondatez kooperatiban baja ematea uzten diona). Bazkideak borondatez baja eskatzeko nahia azaltzen duenean, aurreabisuaren epean kooperatiban kide aktibo modura egotera ezin zaio behartu. Dena den, betetzen ez badu, kooperatibak bazkideari sortutako kalte-galerak eska diezazkioke.

 28. artikulua. Kaleratzea

Artikulu honetako 2. atalaren bigarren paragrafoan beltzez nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen da:

“Errekurtsoen batzordearen aurrean errekurtsoa aurkeztutako datatik zenbatzen hasita, gehienez hiru hilabeteren buruan ebatziko da eta pertsona interesdunari entzungo zaio. Interesdunari errekurtsorako xedatutako epearen lehenengo 10 egunetan entzungo zaio. Errekurtsorako epea ebatzi eta jakinarazi gabe igarotzen bada, kontuan hartutzat joko da”.

Egungo idazkerak kaleratuko den bazkidearentzat entzunaldiaren epea ez du adierazten eta horrek lege segurtasunik eza sortzen du.

31. artikulua. Bazkide ez-aktiboak edo ez-erabiltzaileak eta bazkideak eszedentzian

Artikulu honetako 4. atalak xedatutakoaren arabera, “estatutuek arau dezakete, aldi batean jarduera utzi ostean eszedentzian dauden bazkideen egoera eta, era berean, beren eskubideak eta betebeharrak ezarriko dituzte”.

2015eko irizpenean azaldutako justifikazioa errepikatuz, azpimarratutako terminoa ordezkatzea proposatzen dugu: “arau dezakete” ipini ordez, “arautuko dute”; izan ere, ez zaigu komenigarria iruditzen desadostasunaren kasuan auziak sor ditzaketen egoeren erregulazioa ausaz uztea.

32. artikulua. Organo motak

Kapitulu honen 2. atalak hurrengoa xedatzen du: “Estatutuek zaintza batzorde, gizarte kontseilu eta errekurtsoen batzordearen sorrera eta funtzionamendua arau dezakete lege honek aurrez ikusitako baldintzetan, bestelakoak zehaztea alde batera utzi gabe, baina ez dituzte inolaz ere sozietateen organoei esleitutako funtzioak eta aginpideak izango”.

Gure iritziz artikulu honen idazkerak argiagoa izan behar du eta kooperatibak halako organoren bat izanez gero (53. artikulutik 58. artikulura bitartean araututa dago), bazkide guztiek ezagut dezaten estatutuek bere funtzionamendua arautu behar dutela azalduko du.

33. artikulua. Batzar Nagusia. Kontzeptua eta aginpideak

Artikulu honetako 1. eta 2. atalak bateratzea gomendatzen da eta, beraz, honako idazkera izango luke:

“1. Kooperatibaren Batzar Nagusia gizarte borondatearen adierazpen organo gorena da. Horretan bazkideak biltzen dira eta bere aginpideko arloetan eztabaidatu eta erabakiak hartzen dituzte, hortaz, bazkide guztiei deialdia luzatuko zaie.

Bere erabakiak bazkide guztientzat nahitaezkoak dira, betiere legeekin eta estatutuekin bat hartu badira, kontra egiteko eskubidea baztertu gabe”.

Garrantzitsua da Batzar Nagusia ez dela bilera egintza hutsa, gizarte borondatearen organo gorena baizik, adieraztea. Era berean, lege aurreproiektuak beste artikulu batzuetan garatzen duenaren antzera, kontra egiteko aukera definizioari erantsi behar zaio.

35. artikulua. Batzar Nagusiaren deialdia

5. atalaren idazkera hurrengo moduan osatzea gomendatzen da:

“5. Batzar Nagusiaren deialdia egiteko betiere jendaurrean iragarkia jarriko da toki nabarmenean sozietatearen egoitzan eta kooperatibak jarduera garatzen duen gainerako zentroetan. Halaber, idatzizko eta banako edozein komunikazio prozedura erabil daiteke. Horiek estatutuetan aurrez ikusiko dira.Kooperatibak bostehun bazkide baino gehiago dituenean eta korporazioaren web orririk ez duenean edo estatutuek hala eskatzen dutenean, deialdia sozietateak egoitza duen lurralde historikoan hedapen handiko egunkari batean (idatzizkoa edo digitala) iragarriko da.Kooperatibak web orri korporatiboa duenean, batzar nagusirako deialdia sozietatearen web orrian iragarkia argitaratuz egingo da, betiere orria egitea Batzar Nagusiak erabaki badu eta sorreraren erabakia Euskadiko Kooperatiben Erregistroan kooperatibari ireki zaion orrialdean idatziz jasoa badago.Estatutuek publizitate mekanismo osagarriak zehatz ditzakete…”

Gure ustez kooperatibek 500 bazkide baino gehiago badituzte eta korporazioaren web orria badute, ez lukete batzar nagusirako deialdia idatzizko egunkarian edo digitalean argitaratu behar.

36. artikulua. Batzar Nagusiaren funtzionamendua

Partaideen eskubideak sendotzeko, artikulu honetako 1. atalaren bigarren paragrafoan beltzez nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen da:

“1. Batzar Nagusia, unibertsala denean izan ezik, sozietatearen egoitza kokatzen den udalerrian egingo da. Justifikatzen duen arrazoia dagoenean, estatutuek, orokorrean, beste bilera toki batzuk edo administratzaileek tokia zehazteko irizpideak finka ditzakete.

Estatutuek honako aukera emango dute: geografikoki urrun dauden bazkideek bideokonferentziaren bidez edo aldi berean bi noranzkoetan irudiaren eta soinuaren komunikazioa ikusiz, entzunez eta ahoz ahalbidetzen duen bestelako antzeko sistema erabiliz parte hartzea eta erabakiak balioz hartzeko beren borondatea adieraztea. Halakoetan, betiere bertaratutako pertsonen identifikazioa, komunikazioaren jarraitasuna, eztabaidetan esku hartzeko aukera eta botoa ematea bermatu behar dira”.

37. artikulua. Botorako eskubidea

Bideokonferentziei eta antzekoei buruz aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat, bozketei dagokiena ez denez arautzen, artikulu honetan 6. atala gehitzea gomendatzen da honako idazkerarekin:

“6. Estatutuek prozedura telematikoak erabiliz bozkatzeko prozedura eta baldintzak xeda ditzakete. Nolanahi ere, botoaren konfidentzialtasuna bermatu beharko dute”.

44. artikulua. Ezintasuna eta debekuak

Sozietate kooperatiboaren administratzaileak izan ezin daitezkeen pertsonak zerrendatzen direnean, artikulu honetako 1.a) atalean beltzez nabarmendutakoa gehitzea gomendatzen da, berariaz aurrez ikusten den ustezkoa eransteko, hain zuzen ere, legeari erreparatuz bateraezintasuna dutenena:

“a) Birgaitu gabeko konkurtsodunak, emantzipatu gabeko adingabeak, legearen ikuspegitik ezinduak, kargu publikoetan jarduteko ezintasuna parekatuta duten zigorrak, gizarte legeak edo xedapenak larriki ez betetzeagatik kondenatuak eta bere karguarengatik irabazizko jarduera ekonomikoak egin ezin dituztenak, baita legezko bateraezintasunak eragindako edozein pertsona ere”.

103. artikulua. Lan elkartuko kooperatibak. Xedea eta arau orokorrak

Artikulu honetako 4. atalari buruz 2015. urteko irizpenean aipatutakoa errepikatu nahi dugu. Nolanahi ere, idazkerak honako moduan izan beharko luke:

“4. …Ehuneko honetan ez dira zenbatuko:
(a) EZABATU)
b) Legezko subrogazioaren bitartez kooperatiban sartuta, beste baten kargura dauden langileek eta subrogazio horiek betetzeko jardueratan sartzen direnek burututako lana.
c) Lan legeriarekin bat lanpostua gordetzeko eskubidea duten bazkide langileak edo soldatapekoak ordezkatuz langileek egindako lana.
(d) EZABATU)
e) Enpresa erabiltzaileen eskura jartzeko kontratatutako langileak, kooperatibak aldi baterako laneko enpresa bezala jarduten duenean.
f) Enplegu eta prestakuntzari buruzko programen barruan prestakuntzan, orientabidean eta lan-bitartekaritzan aritzen diren kooperatibetako ikasleek egindako lana.
g) Praktiketan eta prestakuntzarako kontratuak dituzten langileak.
(h) EZABATU)
i) Kooperatibak administrazioarekin edo herri-administrazioak partaidetza gehiena duen beste enpresa, partzuergo, fundazio eta gainerako erakunde batzuekin kontratua egitearen ondorioz erantsi diren pertsona langileak.

Dena den, zortzi bazkide langiletik beherako kooperatibek gehienez bi langile sar ditzakete lanean beste baten kargura dauden lan-kontratuarekin”.

Bazkide izan nahi ez duten langileen orduak ez zenbatzea (aurreproiektuak proposatutako idazkeran d atala) beste baten kargura egindako lanorduen kopurua gehitzera darama. Gauza bera gertatzen da mendeko zentroetan edo osagarrietan zerbitzuak eskaintzen dituztenenak baztertzearekin (a atala). Izan ere, azkenekoaren barruan sartzen dira titulartasun publikoko lokaletan zuzenean administrazioari eskainitako zerbitzuak, beraz, zuzenean lana mailegatzen da, zeharka enplegu publikoa ordezkatzeaz gain.

Gainera, planteatutako baldintzetan pertsona minusbaliatuekiko aipamenak (h atala), ehunekoa zehazteko orduak zenbatzen ez badira, berdintasunaren ikuspegitik talde hori lan-merkatuan sartzeko ahalegina zalantzan jartzen du. Horrengatik guztiarengatik, aipatu hiru atalak ezabatzea planteatzen da.

c) atalari dagokionez, proposatutako aldaketak idazkera orokorragoari eta zuzenbidearekin hobe moldatzen denari erantzuten dio.

104. artikulua. Probaldia (lan elkartuko kooperatibak)

Artikulu honetan 3. atala eranstea gomendatzen da honako testuarekin:

“3. Ez dagokio probaldia langilea probaldian egon eta gainditu ostean, harremana ebatzi zenetik bazkide bezala sartu ez bada”.

Jada erakunde berean eta lan berdinerako probaldia gainditu bada, ez dirudi egokia bigarren aldiz probaldi horretan jardutea.

107 artikulua. Alderdi gatazkatsuak

Artikulu honek lehenengo atalean hurrengoa xedatzen du: “Lan arloko jurisdikzio organoek auzi gaiak ezagutzen dituzte lan elkartuko kooperatiben eta izaera hori duten neurrian, bazkide langileen artean sortu badira. Ondorioz, lan- eta gizarte-lotura berezi horretan oinarritzen ez diren gatazkak, edozein bazkide eta beste mota bateko kooperatiben artean sor daitezkeenen antzekoak badira, merkataritzaren epaitegien eta auzitegien eskumenekoak izango dira”.

Alderdi gatazkatsu hauei eutsiz, bigarren atalean beltzez nabarmenduta hurrengoa gehitzea proposatzen da:

“2. Xede horrez, eta prozedura arauak alde batera utzi gabe, esklusiboki lan elkartuko kooperatibaren eta bazkide langileen arteko ohiko harremanari eragiten dioten arloak dira honakoak:
a) Lan aurrerakinak edo horien prestazio osagarriak ala ordezkatzaileak jasotzea, eska ditzakeen neurrian.
b) Lan eta gizarte arloko arauak haustearen ondorioz jarritako zigorrengatik errekurtsoak, kaleratzea barne.
c) Lan etenaldiaren egoerak eta eszedentziak.
d) Gizarte Segurantzaren arloak.
e) Soldatapeko langileak bazkide langile izatera pasatzea.
f) Oro har, lan kooperatiboaren barne araubideko arauen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak”.

Justifikazioa 36/2011 Legeak, Lan Arloko Jurisdikzioari buruzkoak, 2.c) artikuluan xedatutakoan oinarritzen da. Horren arabera, lan arloko jurisdikzioak lan sozietateen edo lan elkartuko kooperatiben eta bazkide langileen arteko auziak ezagutuko ditu esklusiboki zerbitzuak eskaintzeagatik badira.

Aztertuaren antzeko legeriak lan arloko epaileen ezagutza eremua modu horretan zehatz al dezakeen ezezaguna da. Prozesu legeak “ius cogens” dira, beraz, beren edukiek edukia baztertzea edo aldatzea ez dute onartzen. 

117. artikulua. Etxebizitzen kooperatibak. Xedea, eragiketak eta eremua

Interesgarria da etxebizitza kooperatibaren modalitate berezia sartzea ondoren deskribatzen diren baldintzetan eta, horretarako, artikulu honetan 4. atala gehitu beharko litzateke:

“4. Bulego eta lokalen kooperatibak sor daitezke. Horien xedea esklusiboki bazkideentzat bulegoak edo lokalak, baita aparkalekuak edo beste higiezin ala eraikuntza osagarri batzuk eskura jartzea da. Xede horiez, kooperatibak lursailak eros, zatitu eta urbaniza ditzake; oro har, sozietatearen helburua betetzeko jarduerak gara ditzake. Halaber, kooperatiba horiei dagokie higiezinak birgaitu, administratu, kontserbatu edo hobetzea.

Kooperatiba horien bazkideak izan daitezke profesionalak, elkargokideak edo ez. Kooperatiba hauei etxebizitzetarako xedatutakoa aplikatuko zaie”.

119. artikulua. Etxebizitzen kooperatibak. Bazkideen araubidea

6. atalaren idazkera hurrengo moduan osatzea gomendatzen da:

“6. Bazkideari baja ematen bazaio, estatutuek aurrez ikusten badute, etxebizitzen eta lokalen ordainketa finantzatzeko horrek entregatu dituen zenbatekoei 66. artikuluak 1. zenbakian aipatzen dituen kengarriak aplika dakizkieke ehunekoen ehuneko berrogeita hamar arte gehienez, baja lege honek jasotzen dituen baldintzetan justifikatzen denean izan ezik”.

Gure iritziz baja justifikatuaren ustezkoak egon daitezke, adibidez, langabezian egotea eta halakoetan murrizketa horrek ez dirudi justifikatua.

143. artikulua. Talde kooperatiboak

Lehenik eta behin, 2. atalak hurrengoa xedatzen du: “Integrazioz talde kooperatibotzat joko dira hurrengo bi baldintza hauek betetzen dituztenak: talde kooperatiboak, batera hartuta, zuzendaritza orokor erkidea izatea eta kudeaketa ekonomikoaren ahalmenei buruzko zentralizazio maila eraginkorrari esker, juridikoki erakunde desberdinak izan arren, egiazko ekonomia unitatearen aurrean gaudela ulertaraztea”.

Gure ustez “zuzendaritza orokor erkidea” lege kontzeptu zehaztugabea da eta zuzendaritza orokor erkidean noiz jarduten den zehazteko seinaleak eskuratu beharko lirateke, “bestela, erakunde multzoa lankidetza taldea dela ulertuko baita” (143.2. artikulua “in fine”).Hau da, lege aurreproiektuak berez lankidetza taldea ez du definitzen, integrazioz taldeetara bidalita baizik.

Ondoren, artikulu bereko 3. atalak xedatutakoarekin bat, unitate ekonomikoa dagoela ulertuko da, zuzendaritza orokor erkidearekin batera, besteak beste, honako ustezkoak betetzen direnean: “Merkataritza, finantza edo ondare harremanak izatea eta horien arabera, taldeko erakunderen batek mendekotasun eraginkorra izatea”.

Gure ustez “mendekotasun eraginkorra” oso kontzeptu lausoa da eta zenbait seinale (edo adibide) eman beharko lirateke, mendekotasuna eraginkorra noiz den zehazteko.

145. artikulua. Gizarte interesa eta onura publikoa

Artikulu honetako 1. atalari dagokionez, 2015eko irizpenera jo behar dugu. Izan ere, gogoeta orokorretan azaldutakoari erreparatu behar diogu eta, horren harira, gure idazkera proposamena erreproduzituko dugu:

“1. EAEko aginte publikoek gizarte intereseko funtzio bezala erakunde kooperatiboak eta enpresa eta ordezkaritza integratzeko egiturak sustatu, piztu eta garatzea nahi dute eta gizarte solaserako eragile bezala euskal kooperatibismoaren solasaldi ordezkagarrian Kooperatiben Konfederazioa onartzen dute, 153.3. artikuluko baldintzak betetzen baditu…”

146. artikulua. Kooperatibismoa sustatu eta hedatzeko neurriak

Artikulu honetako 2.d) atalak hala dio: “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta horien mendeko erakundeek administrazio baldintzen pleguetan berdinketa puskatzeko zehazten diren irizpideen artean obra kontratuak adjudikatzean sozietate kooperatiboek lehentasunezko eskubidea izatea sustatuko dute”.

Gure iritziz xedapen hori ez da egokia eta ezabatu behar da. Legearen ikuspegitik, Estatuko 9/2017 Legeak, azaroaren 8koak, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoak, Europar Parlamentuko eta Kontseiluko 2014ko otsailaren 26ko 2017/23/UE eta 2014/24/UE Zuzentarauak Espainiako lege antolamenduan iraultzen dituenak, 147. artikuluan xedatutakoa urra dezake. Izan ere, horretan berdinketa hausteko adjudikazio irizpide bereziak arautzen dira eta sozietate kooperatiboen lehentasunezko eskubidea ez da aurrez ikusten.

Manu hau (9/2017 Legearen 147. artikulua) oinarrizko legedi modura sartzen da, kontratu eta administrazio emakidei buruzko oinarrizko legeriaren arloan Konstituzioaren 149.1.18. artikuluaren babesean eta, ondorioz, herri administrazio eta mendeko erakunde nahiz entitate guztietarako aplikazio orokorrekoa da (Lege beraren lehenengo azken xedapena).

Gainera, testuinguru honetan, ez zaigu egokia iruditzen sektoreko legeriek zehaztea herri administrazioek administrazio kontratazioan nola jardun behar duten. Esparrua jada definituta dago eta kontratazio organoen jarduera tarteak ere bai eta, gainera, ikuspegi orokorrarekin (ez sektorearen araberakoarekin) egin behar den tokian: Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko 9/2017 Legea.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Babes publikoko etxebizitzen kooperatibei dagokienez erabilgarritasun publikoa aitortzeko prozedura

Lege aurreproiektuaren 145.2. artikuluak egokiro mugatzen ditu erabilera publikoa aitortzeko parametro orokorrak eta prozedura, araubidea eta baldintzak araubidezko garapenera bidaltzen ditu. Arautegia jada egina dago eta, nolanahi ere, aldatzeko orduan legea baino askoz malguagoa da.

Testuingurua kontuan hartuta, xedapen honetan araututakoaren egokitasuna ez da ulertzen, edukia legearen araubidezko garapenarekin bat baitator. Xede horrez, nahikoa litzateke jada existitzen den araudia aldatzea. Kontrakoak erregulazio “asimetrikora” darama eta aukera eta justifikazio zaileko bihurtzen da. Babes publikoko etxebizitzen kooperatibek erabilera publikoko aitortzeko legez alderdi zehatzak arautuak lituzkete, baina araubidez xedatu behar dira, bestela, zaila da ondoren aldatu ahal izatea.

V.- ONDORIOAK

EGABk egokitzat jotzen du “Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen Aurreproiektua” izapidetzea, betiere organo aholku-emaile honetan egin dituen oharbideekin.

Bilbon, 2018ko uztailaren 5ean

Presidentearen O.E. Idazkari Nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez

VI.- ERANSKINA. FORMALITATEAK

Hurrengo alderdi formalak berraztertzea gomendatzen da:

Zioen azalpeneko 15. orrialdea, XIV. atala.- Kooperatibak eta administrazioa

Transkribatzen den esaldiaren idazkera nahasia da:

Bat, garrantzitsua da administrazioak duen “poliziaren” zereginagatik arau-hausteen inguruan, Euskadiko kooperatibaren legedi substantiboaren aurka egiteagatik ikuskaritza funtzioa eta zigorrak barne”.

Ez da ulertzen zergatik hasten den “bat” terminoarekin. Gainera, esaldia ez dator bat gainerako paragrafoarekin. Berraztertu eta, bidezkoa bada, administrazioaren ikuskatu eta zigortzeko ahalmena aipatu beharko lirateke.

-      111. artikulua.- Erabilgarritasun publikoko bazkideak

1.- Erabilgarritasun publikoko erakunde eta entitate publiko eta pribatuak, ongintzakoak barne, bazkide kolaboratzaile modura onar daitezkeela alde batera utzita, aldi berean ere, bazkide erabiltzaileak izan daitezke ikasle adingabeen edo desgaituen legezko zaintza eta babesean jarduten dutenean ala ikasle helduak ordezkatzen dituztenean, horiek araututako egoitza, establezimendu edo zentroei hartuak egonik, berariaz ordezkaritza eman badiete”.

Hona azaldu beharko litzateke: “zentroetan hartuak”

-      117. artikulua.- Xedea, eragiketak eta eremua

3.- Etxebizitzen kooperatibek bakarrik etxebizitzak eta lokalak susta ditzakete, baina kooperatibako bana, horien eremua iristen den lurraldean. Nolanahi ere, hori estatutuek zehaztuko dute. Horren barruan biziko dira ohiz bazkide gehienak, honako salbuespenekin: esklusiboki edo lehentasunez kooperatiba hirugarren adineko bazkideetara edo bigarren etxebizitza sustatzera bideratzea.

Halako kasu berezietan, batzar nagusietarako deialdia hartu izanaren adierazpenarekin posta ziurtatuz egingo da, xede horretarako bazkideak adierazi ostean”.

Azkeneko paragrafoa atal honetan kokatzeak ez du zentzurik, beraz, berraztertu beharko litzateke.

 

 

EUSKADIKO KOOPERATIBEN KONFEDERAZIOAK (KONFEKOOP) ETA KONTSUMITZAILEEN ERAKUNDEETAKO ORDEZKARIAK FORMULATU DUEN BOTO PARTIKULARRA

EGABren Osoko Bilkurak, 2018ko uztailaren 5ean saioa egin ondoren, KONFEKOOP eta kontsumitzaileen erakundeen aurkako botoarekin, 13/2018 IRIZPENA, “Euskadiko Kooperatiben Legearen Aurreproiektuari” buruzkoa, onartu du. Ildo horri jarraiki, kooperatiben konfederazioak eta kontsumitzaileen erakundeak hurrengoa idatziz utzi nahi dute:

BOTO PARTIKULARRA

Gu egindako irizpenaren AURKA gaude, bai Gogoeta Orokorrei buruzko “Balioztapen orokorra” atalean zehaztutakoarekin, bai kooperatiben legearen aurreproiektuko 145. eta 146. artikuluei buruz egiten diren gogoeta bereziekin. Hala, aurreproiektuaren 145.1.artikuluan proposatutako jatorrizko idazkera mantentzea eta 146.2.a artikuluan kontsulta, erabakitze eta ordezkaritza eremu berria gehitzea ESKATZEN DUGU.

1.-  EGABren Osoko Bilkurara onartzeko bidalitako irizpen proiektuak desadostasuna jasotzen du “145.1. artikuluari (kooperatibismoa hedatu eta sustatzeko neurriak) buruz Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa “gizarte eragiletzat” (KONFEKOOP) jotzen baitu eta 2015eko irizpenean azaldutakoa errepikatzen da. Nahastea sor dezakeen terminoa erabiltzea ez du bidezkotzat jotzen, lagunarteko hizkuntzan beste erakunde batzuk, kooperatiben konfederazioarekiko (sindikatuak eta ugazabak) izaera desberdina dutenak, aipatzen baititu” eta berak proposatutakoaren arabera, komenigarriagoa litzateke beste terminologia bat erabiltzea, zehazki, “eragile solaskidearena”. Eskaera horrek irizpen proiektuan ez dio inolako oinarrizko lege araudiari eusten. Gure ustez kideen alde baten jarrera interesatutik egiten da eta hurrengoak BAZTERTZEN DIRA:

  • 21/2015 irizpenaren inguruan 2015eko abenduaren 22an Eusko Jaurlaritzak EGABri bidalitako erantzuna, besteak beste, 145.1. artikuluari buruz. Horretan jaso eta argitutakoaren arabera, “gizarte eragilea esapidea ez dago legez entitate edo erakundeari gordeta eta gizarte kalifikazioko interes zehatzak defendatzeko orokorrean ekintza kolektiboaren subjektua aipatzen du. Kooperatibei buruzko legeriak konfederazioari emandako funtzioei buruz, 3.1.Cc artikuluan, proposatutako testuaren 153.4. artikuluan, zenbaki eta artikulu horretako ordezkaritza izaera dutela (a hizkia) interpretatu behar da”.
  • Beraz, gizarte eragileaz hitz egiten denean, gaur egun mugimendu kooperatiboa ordezkatua dagoen erakundeetan egoteaz gain (OSALAN, EUSTAT, Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutua, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, Industria Segurtasunari buruzko Euskal Kontseilua, Euskal autonomia Erkidegoko Nazioartekotzeko Kontseilua, Gizarteratzeko Euskal Kontseilua, Familiaren Euskal Kontseilua, EGAB, SPRI, Eskola Kontseilua…), bere legezko interesak defendatzeko KONFEKOOPk egon nahi duen beste erakunde batzuetan, hala nola, LANBIDEn onartu eta parte hartzea lortu nahi du.
  • 5/2011 Legeak, martxoaren 29koak, Gizarte Ekonomiari buruzkoak, 7.4. artikuluan xedatutakoaren arabera, autonomia erkidego bakoitzean ordezkaritza duten gizarte ekonomiako erakundeek, federazioek edo konfederazioek autonomia erkidegoetako administrazioen erakunde-partaidetzaren organoetan ordezkaritza izango dute, ekonomia eta gizarte interesei eragiten dizkieten arloak lantzen badituzte. Lege berak lehenengo azken xedapenean zehaztutakoarekin bat, arau hori oinarrizkoa da.
    Proposatutako idazkerarekin konfederazioa lan eremuetan erakunde-partaidetzaren ondoreetarako ez da parekatzen ari.

2.- Batzordean onartutako irizpen proiektuan “kooperatibismoa sustatu eta zabaltzeko neurriak” 146.2.a artikuluari buruz KONFEKOOPek gehitzeko aurkeztutako proposamena EZ DA JASO.

 146.2.a) artikulua “Euskal kooperatiba mugimenduaren erakunde ordezkaritza ziurtatuko da eta kooperatibismoak presentzia eta solasean jarduteko aukera izango du kontsulta eta erabakitze eremu desberdinetan baita erakunde ordezkaritzaren organismoetan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu, ekonomia, hezkuntza eta gizartearekin zerikusia badute. Gainera, pixkana arautegian finkatzen joango da”.

KONFEKOOP enpresa elkartea da, oraingo eta etorkizuneko euskal kooperatibei buruzko legeak 1.1. artikuluan xedatutakoaren arabera (“kooperatiba enpresak garatzen duen sozietatea da, lehentasunezko helburu kideen ekonomia eta gizarte jarduerak sustatzea badu”). Ildo beretik doa estatuko kooperatibei buruzko legearen 1.1. artikulua (“kooperatiba pertsonek eratutako sozietatea da eta enpresa jarduerak gauzatzeko elkartzen dira”). Hala, EAEko enpresen elkarte esangarria izanik, hirurogei mila enplegu baino gehiago eta mila bostehun enpresa elkartu baititu (elkartutako enpresa kooperatiboen zerrenda publikoa da eta gure urteko txostenetan jasotzen dugu), enplegu, ekonomia, hezkuntza eta gizartearen eremuetan Euskadiko erakunde-ordezkaritzako entitate askoren kide izateko legezkotasun osoa du.

Eta, hain zuzen ere, euskal kooperatibismoak EAEko ekonomia eta gizarte sarean duen ordezkaritza handiarengatik, arduradun publikoen ustez Kooperatiben Konfederazioak  bere erakunde-ordezkaritzaren organismoetan egongo behar du, arestian aipatu moduan. Baina erakunde-ordezkaritzaren organismo batzuetan, besteak beste, enpleguaren eremuan LANBIDEn KONFEKOOP oraindik ez dago ordezkatua, horretarako lege eragozpenik ez izan arren.

LANBIDEk, arautegi arautzailearekin bat, kalitatezko enplegu egonkorraren eskubidea oso-osorik garatzen lagundu nahi du eta, aldi berean, langileen enplegagarritasuna bermatzeko eraginkortasunez laguntzen duen lan merkatua egituratzea du helburu. Azkenik, enplegu politikak kudeatuz gizarte eta lurralde kohesioa lortu nahi duBere funtzioen artean daude enplegu programak kudeatzea, enplegu egonkorra sortzeko gizarte ekonomiako programak zehaztea, bitartekaritza kudeatzea eta enplegu eskatzaileak erregistratzea, etab

Enpleguaren eremuan Kooperatiben Konfederazioaren partaidetza ezesteko argudio bat lan politikaren eta enplegu politikaren arteko baliokidetasunean oinarritzen da. Planteamendu horren aurrean, enplegu politika eta lan politika ezin daitezkeela nahasi azpimarratu behar da.

Lan politika lan harremanen eremura (soldatapekoa eta besteren kontura) mugatzen da eta lan kontratuen bidez bideratzen dira (langileen estatutua. Bien bitartean, enplegu politikak askoz eremu zabalagoa du ekonomia politikaren esparruan, eskubide positiboak argi eta garbi adierazten digun bezala.

Ildo horri jarraiki, enpleguari buruzko 56/2003 Legeak hurrengoa xedatzen du: “enplegu politika Estatuak eta autonomia erkidegoek hartutako erabakien multzoa da eta erabateko enplegua lortzera bideratutako programak eta neurriak garatzea dute helburu, enpleguan kalitatea lortu, eskaintza eta eskea kualitatiboki eta kuantitatiboki moldatu, langabezia egoerak murriztu eta langabezia egoerak behar bezala babestearekin batera. Enpleguaren politika ekonomia politikaren orientabide orokorren barruan garatuko da, hain zuzen ere, enplegurako estrategia koordinatuaren eremuan, Europar Erkidegoa Eratzeko Itunak arautu ostean” (enpleguaren legeari buruzko 1. artikulua).

Lan politikaren eta enplegu politikaren arteko desberdintasuna, modu berean, aginpideen banaketari erreparatuz ondoriozta daiteke. Hori Konstituzioak egiten du eta lan politika nahiz enplegu politika atal ezberdinetan kokatzen ditu. Aurrekoari eutsiz, Konstituzioaren 149.1.7. artikuluak Estatuari lan legediari buruz aginpide esklusiboa ematen dio. Bien bitartean, 149.1.13. artikuluak Estatuari jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarri eta koordinazioari buruzko aginpide esklusiboa ematen dio baina, aldi berean, autonomia erkidegoei autonomia erkidegoan ekonomia garapena sustatzeko aginpideak onartzen utziko dizkie, betiere ekonomia politika nazionalak adierazitako helburuen barruan bada (148.1.13. artikuluaAre gehiago, Eusko Jaurlaritzaren egitura organiko eta funtzionalak argi eta garbi bereizten ditu, batetik, lan arloa (Lan eta Justizia Saila) eta lan enpleguaren arloa (Enplegu eta Gizarte Politiken Saila).

Nahiz eta gaian gehiago sakontzeko aukera izan, ez gara argudioetan luzatuko, baina gustuko genuke azpimarratzea bere egunean gehitzeko proposamenari “LANBIDEren Administrazio Kontseiluan KONFEKOOPek parte hartzeko eskubideari buruzko txostena” GEZKI (EHU), Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateak egina, erantsi zitzaiola. Horrez gain, 263/2015 Foru Dekretua, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzen zituena, (5.1.b.2.c. artikulua) gehitu zen, aztertzen ari garen ustezkoarekin parekotasun argia baitu. Bertan egiazta daitekeenez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Gobernu Kontseiluan Nafarroako CEPES erakundeak, gizarte ekonomiako enpresen artean, besteak beste, Nafarroako kooperatiben enpresak ordezkatzen dituen elkarteak, parte hartzen du.

Arestian azaldutako guztiarengatik, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Kontsumitzaileen Erakundeek uste dute aurreproiektuan 145. ARTIKULUKO LEHENENGO ATALA Eusko Jaurlaritzak bidalitako proposamenean azaltzen den baldintza berdinetan MANTENDU BEHAR DELA. Aurreproiektuaren 146.2.A ARTIKULUAN jasotzen diren kontsulta, erabakitze eta erakundeen ordezkaritza organismoen eremuetan, berriz, kooperatibismoaren presentzia eta solasean jarduteko gaitasuna bultzatzen dira eta HALABEHARREZ ENPLEGUAREN EREMUA SARTU BEHAR DA.

a

Bilbon, 2018ko uztailaren 5ean

a

Patxi Olabarria Furundarena Mikel Larrea Azpeitia
EGABn KONFEKOOPen ordezakaria EGABn Kontsumitzaileen Erakundeen ordezkaria