Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 3/18

Irizpena 3/18

Irizpena 3/18, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko adinekoentzako egoitzen Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

 I.- SARRERA

2018ko otsailaren 14an, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia jaso zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, honako honen gaineko irizpena eskatzeko: “Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko adinekoentzako egoitzen Dekretu Proiektua”, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Arau horren xedea da adinekoentzako egoitzek baliabide materialen, funtzionalen eta giza baliabideen aldetik bete beharreko baldintzak arautzea, baita arreta emateko eredua definitzea eta funtzionamendua baimentzeko, egiaztatzeko eta, hala denean, homologatzeko baldintzak ezartzea ere, egun indarrean dagoen araudia gaurkotuta.

Berehala igorri zitzaion dokumentuaren kopia Batzordearen osoko bilkurako kideei, proposamenak eta iritziak igor zitzaten eta Lan Batzorde egokiari helarazteko, hain zuzen ere Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduaren Erregelamenduan ezarritakoarekin bat etorriz. 2018ko martxoaren 2an, Gizarte Garapeneko Batzordea bildu zen, eta hartutako erabakiak oinarri hartuta, Irizpen Proiektu hau egin zen, ondoren Batzordearen martxoaren 9ko osoko bilkuran aztertzeko; aho batez onetsi zen bertan.

II. EDUKIA

 “Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko adinekoentzako egoitzen Dekretu Proiektuak” hauexek biltzen ditu: zioen azalpena, bost kapitulutan banatutako 43 artikulu, xedapen gehigarri bat, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Azaltzen duenez, lehenik eta behin, dekretu berri honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko adinekoentzako egoitza guztiak araupetzea du xede, hain zuzen egoera horretan dauden pertsonek kalitateko egoitzako arreta zerbitzuak jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera. Hori guztia apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuarekin bat etorriz. Izan ere, horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubideen eta betebeharren gutuna eta iradokizunen araubidea onetsi zen.

Hala, egoitzentzako gutxieneko eskakizun-atalasea ezarri da, adinekoentzako egoitzetako arretaren arloan jardun ahal izateko. Halaber, plantillei dagozkien ratioak handitu beharra dagoelako egin da dekretua, zeren eta ratiook eragina baitute eman beharreko zerbitzuan, eta ratio berriak ezarri ditu adinekoentzako egoitzetako gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren egungoak aldatuta (EHAA, 1998ko apirilaren 7koa).

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoetako foru aldundiei dagokie zerbitzu hori ematea gizarte zerbitzuen euskal sistemaren baitan, baita egoitza horiek baimentzeko, homologatzeko, ikuskatzeko eta zigor-ahalmena erabiltzeko eskumena ere, hain zuzen Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 41. artikulua aplikatuz eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskaritza arautu dituen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan xedatu denaren arabera.

 “Xedapen orokorrak” izeneko I. kapituluan (1-8. art.), Dekretua aplikatzeko markoari dagozkion funtsezko osagaiak definitu dira. Gizarte zerbitzuen euskal sistemaren barruan dauden erantzukizun publikoko egoitzei aplikatuko zaie Dekretua, titulartasun publikokoak izan nahiz itunpeko titulartasun pribatukoak izan, baita gizarte zerbitzuen euskal sistemaren barruan ez dauden titulartasun pribatuko egoitzei ere.

II. kapituluan (9-24. art.), baliabide materialen eta ekipamenduen gaineko gutxieneko baldintzak ezarri dira. Egoitzak, ahal dela, hiriguneetan kokatu beharko dira eta, nolanahi ere, gainerako gizarte zerbitzuetarako sarbide errazarekin eta azkarrarekin. Hurrengo manuetan ezarrita dagoenez, legeria sektorialetan exijituriko oinarrizko baldintzak bete beharko dituzte instalazioek, tamainaren eta ezaugarrien arabera, eta arreta berezia jarriko da irisgarritasun baldintzak bermatzean, alde guztietatik. Era berean, nahitaezko osasun arloaren gutxieneko baldintzak eta psikogeriatriako eta gizarte-osasuneko aukerako unitateen gutxieneko baldintzak ere xedatu dira.

III. kapituluan (25-26. art.), egoitzako arretaren beharkizun funtzionalak ezarri dira, zerbitzuaren laguntzaren kalitatea bermatzeko, eta honako hauek arautzen ditu: arreta eredua, arreta osoa pertsona ardatz hartuta, erreferentziako pertsona, kalitatea kudeatzeko eredua, adinekoentzako gizarte egoitzaren gutxieneko edukiak eta baldintzak, egoitzan sartzeko aldia: prestatzea eta egokitzea, egonaldia, egoitzatik irteteko aldia, pertsonalak erabiltzaileekin dituen harremanak, arriskuetan aplikatzekoak diren jarraibideak, kalitatearen ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza, funtzionamendua eta antolaketa. Azkenik, egoitzen funtzionamendurako eta antolaketarako arauak ezartzen dira, eta eduki beharreko dokumentazioaren zerrenda zehaztua ematen da.

IV. kapituluan (37-42. art.), egoitzaren funtzionamendu onerako beharrezkotzat jotzen diren langileen gaineko gutxieneko baldintzak arautzen dira, profesional kopuruari nahiz prestakuntzari dagokionez, eta hainbat lanbide kategoria bereizten dira horretarako: a) Zeharkako Arretarako Pertsonala (egoitzaren arduraduna, administrazioko pertsonala eta zerbitzu orokorretako pertsonala) eta b) Zuzeneko Arretarako Pertsonala (talde teknikoa, zaintzaile taldea). Lanpostua betetzeko beharrezko titulazio akademikoak ezarri dira eta, zuzeneko arretarako laguntzako pertsonalari dagokionez, lanbide prestakuntzako titulazioaren aukeratzat hartuta, jarduera egiteko lanbide prestakuntza egokia egiaztatu ahal izango dute baliokidetzat jo diren profesionaltasun-ziurtagirien bidez. Arreta motaren eta mendekotasun graduaren arabera ezarri dira pertsonalaren gutxieneko ratioak.

Azken kapituluan, V.ean (43. art.), gizarte zerbitzuen sistemaren barruko gizarte zerbitzuak emateko esku hartzeko behar bezala baimendutako erakunde pribatuen menpeko egoitzek bete beharreko homologazio irizpideak ezartzen dira, betiere Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 59.2. artikuluan xedaturikoaren arabera.

Xedapen gehigarri bakarrean, salbuespen bat xedatu da Dekretu hau egoitzako zerbitzu esperimentalei aplikatzeko, hain zuzen ere arretarako aukerako modalitate berritzaileen garapena ahalbidetzeko, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako baimen-epeei jarraiki.

 III.- GOGOETA OROKORRAK

A) Balorazio orokorra

 Gure gogoeta egingo dugu honako honen inguruan: “Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko adinekoentzako egoitzen Dekretu Proiektua”. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko adinekoentzako egoitza guztiak arautu nahi dira, egoera horretan dauden pertsonak kalitateko egoitzako arreta zerbitzua jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera. Hori guztia Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9.1.m) artikuluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubideen eta betebeharren gutuna eta iradokizunen eta kexen araubidea onetsi dituen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuaren 11. artikuluarekin bat etorriz. Horietan ezarrita dagoenez, gizarte zerbitzuen erabiltzaileek eskubidea dute eskuratzen dituzten zerbitzuetan eta egoitzetan kalitatezko zerbitzua jasotzeko, arauz zehazturiko beharkizun materialekin, funtzionalekin eta pertsonalaren gaineko beharkizunekin, betiere horiek etengabe berrikusteari kalterik egin gabe, hobetu beharrekoak gerta litezkeelako beti.

Hasteko, araudiaren egokitasunari dagokionez, kontuan hartu behar da Gizarte Zerbitzuen Legean ezarritako garapena dela, laugarren xedapen gehigarrian ezarria hain zuzen, eta dagoeneko hamar urte igaro dira hura onetsi zenetik. Hortaz, 1998. urtetik indarrean dagoen araudia erabili izan da, baita 2005eko eta 2006ko eguneratzeekin ere, baina, edozelan ere, Gizarte Zerbitzuen Legearen aurretikoak.

Horrenbestez, ez da zerotik abiatzen den araudia, baizik eta adinekoentzako egoitzen beharkizun materialak, funtzionalak eta pertsonalaren ingurukoak eguneratzen ditu 12/2008 Legean xedatu denetik, eta Gizarte Zerbitzuen eta Prestazioen Katalogoan zehaztuta dago. Hona hemen helburua: prestazio eta zerbitzu konkretu horien kalitatezko gutxieneko estandarrak bermatzea.

Azpimarratu behar da araudiak jarduera osoa barne hartzen duela, hots, adinekoentzako egoitza guztiak, titulartasun pribatukoak izan nahiz pribatukoak izan, eta sisteman duten parte-hartze txikiagoaren edo handiagoaren arabera, “baimen” edo “homologazio” egokia eskuratu beharko dute, adinekoentzako egoitzako arretan jardun ahal izateko dekretu proiektuan ezarri dituen gutxieneko atalaseak betetzen direla egiaztatu ondoren.

EAE zahartuz doa, bizitza-esperantza handituz baitoa, eta adinekoek biztanle gazteagoekiko duten proportzioak gora egiten du etengabe; gainera, joera horri eutsiko zaio datozen urteetan. Dekretu honen xedea errealitate horretara eta Gizarte Zerbitzuen Legeak dakarren bananako arretaren inguruan ezarrita dagoenera eguneratzea da.

Bat gatoz esatean laguntza ereduaren gaineko aldaketak egin behar direla araudian, igarotako denbora dela eta. Hartara, aipatzen den banaketa modularra eta profilen espezializazioa komenigarriak direla irizten diogu.

Era berean, araudi berrian elementu berritzaileak sartu direla ikusten dugu, hala nola etengabeko hobekuntzari, kalitate planei eta pertsona ardatz hartuta emandako arretari buruzko aipamenak, besteak beste. Izan ere, arreta gerontologikoaren egungo joerekin datorren orientazio zerbitzua ematea dakarte horiek guztiek.

Horrez gain, egokitzat jotzen dugu Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzen erabiltzaileek gutxieneko kalitate maila bermatuta izatea eta, ildo horretan, bat gatoz Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza horiek bete behar dituzten beharkizun materialak, funtzionalak eta pertsonalaren gainekoak bateratzeko helburuarekin, eta horretarako, araubide bera ezarriko da lurralde osoan.

Alabaina, garrantzi maila desberdineko hainbat arlo orokor aipatuko ditugu ondoren.

B) Memoria ekonomikoa eta aukera-kostua

EAEko legegileakAbenduaren 22ko 8/2003 Legearen 10.3. art., xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzen duena. egokitzat jotzen du honako hau eskatzea: memoria ekonomikoa jasota egotea aztergai dugun moduko arauak egiteko espedienteetan, non arauak aplikatzeak partikularrentzat (administrazioez eta oro har ekonomiaz gain) ekar dezakeen kostua ebaluatuko baita. Legean ezarritako betebeharra egoki betetzeko, gure ustez, beharrezkoa izango litzateke argi azaltzea, kopuruak emanda, proposaturiko araudi berriak araudiaren eraginpeko partikularrentzat ekarriko duen kostua.

Alabaina, hauxe aitortzen da dekretu proiektuarekin batera aurkezturiko memorian: “…beharkizun formalak eta pertsonalaren ingurukoak egokitzeko betebeharrak eragina izango du kostuetan egoitzen erakunde publiko eta pribatu titularrentzat…”, baina ez dira kostu horiek zenbatzen. Hala ere, memoriak dioenez, “beharrezko kostuak eta neurrikoak direla uste dugu”.

Beharrezkotzat jotzen dugu administrazioak egokieraren gaineko balorazioa egiaztatzea ahalbidetzen duten nahikoa datu izatea Memorian, eta datu horiek, aldi berean, iritzia ematea ahalbidetuko diete datu horiek egokieraren eraginpean daudenei. Kostuok zenbatuta ez daudenez gero (zenbatespena ere ez da ematen), arriskuan egon daiteke legez memoria ekonomikoa egiteko betebeharra betetzea, zeinen helburua ezin esan baitaiteke bete denik.

Arestian esandakoa bereziki garrantzitsua da kasu honetan, hain zuzen ere proposaturiko araudian ezarritako maila desberdineko eskakizun berrien garrantzia eta horiek betetzeko ezarritako epeak ikusita (xedapen iragankorrak). Gure ustez, zuhur jokatzea izango litzateke administrazioak egoitzako plazaren kostuaren gehikuntzari buruzko azterlan xehatua egingo balu, plaza sortzean eta ondoren kudeatzean, proposaturiko aldaketen benetako norainokoa zein den jakiteko. Are gehiago kontuan hartzen bada administrazioak berak finantzatzen dituela egoitzako plaza horietako gehienak eta, nolabait, kostuen igoera horiek eragina izan beharko lukeela sustatzen ari den araudiaren ondoriozko tarifetan.Ildo horretan, aipamen berezia merezi du zerbitzu medikoa duten egoitzen oso egoera desberdinak; izan ere, Osakidetzaren zerbitzu publikoen bidez betetzen dute behar hori, baina geroago aipatuko dugu berriz ere gai hori.

Gainera, hauxe dio memoria ekonomikoak arauen aldaketaz: “jarduera igoaraz dezake pixka bat, baina ez du aldaketarik ekarriko barne antolaketan”.

36. artikuluan (dokumentazioa) eta sartutako protokolo guztietan (Dekretu proiektuko 29-35. art.) xedatu dena aplikatuta ondorioztatzen denez, lan gehiago izango da. Praktikan, hori guztia egin izan da, baina lanari buruzko jarraibideetan edo jardun onei buruzko eskuliburuetan dago garatuta. Lan handiagoa eskatuko du protokolo kopuru hori izan beharrak, baita Lurralde Historiko bakoitzeko ikuskaritza-unitateek horiek ondoren egiaztatzea ere. Igoera txikia baino gehiago dakarrela deritzogu, baina onartu egiten dugu zaila dela zenbatespena ematea. Alabaina, foruko ikuskaritza-unitateen laguntzaz zenbatetsi liteke.

Nolanahi ere, dekretu berri honen eragin ekonomikoari buruzko baloraziorik ezak ahuldu egiten du Batzorde honek irizpenak emateko duen eginkizuna.

C) Dekretua erabiltzearen egokitasuna

Gure ustez, dekretu batek ez luke hain xehetasun maila handia izan behar adinekoen egoitzarako zerbitzuak emateko beharkizunetan; hala, egokiagoa da etorkizunean errazago egokitu daitezkeen aginduen edota arauen bidez gauzatzea horien gaineko arauen garapena (ikusi 36. artikuluari buruzko gogoeta).

Aldiz, geroago azalduko dugunez, garapen handiagoa behar duten arauko beste alderdi batzuk aurkitu ditugu (ikusi 10. artikuluari buruzko gogoeta).

D) Arreta osorako eredua, pertsona ardatz hartuta

Funtsezkoa da laguntza emateko eredua aukeratzea, zeren eta eskaini nahi den zerbitzu mota definitzen baitu, eta neurri handi batean, zer ikusi handia du zerbitzua eman nahi dugun moduarekin: ea adinekoei gutxieneko arreta emateko gizarte-osasuneko gunea izatea aukeratzen den besterik gabe, edo zerbitzua ematearen aldeko apustu irmoa egiten den: zerbitzu horrek, adinekoen biziraupena bermatzeaz gain, erabiltzaileon bizitza-kalitatea eta pertsonen autonomia hobetzeko helburua izan behar du. Eredu bat edo bestea aukeratzearen araberakoak izango dira ataza espezifiko baterako erabiliko diren baliabide mota eta kantitatea.

Diogunez, garrantzizkoa da araua bereziki argia izatea eta ondo zehaztea zein eredu hautatzen den. Osterantzean, guztien onurak batu nahian definiziorik eman ezean, segurtasunik eza eta gatazkak sor daitezke egoitzaren eta erabiltzailearen edota familiaren arteko harremanetan, eta definiziorik ez hori nabarmentzen dugu. Izan ere, bereziki larria da osasunaren arretaren eta arreta psikosozialaren inguruan.

  • Dekretuan, eraturiko ereduaren onurak aipatzen dira, baina, egoitzako etxeko bizitza erabiltzailearen tipologia kontuan hartuta bideratzeaz gain, jarduketa profesional sanitarioa aztertu beharko litzateke, ezinbestekoa delako erabiltzaile horien ongizaterako, zeren eta egoitzetako eguneroko bizitzan osasunaren arloko atazak gero eta gehiago eskatzeko joera baitago, egoiliarrek gero eta medikamentu gehiago behar dituztelako besterik ez bada ere.
    Osasunaren kontrola funtsezko baliabidea da pertsona horien, familien eta ingurunearen bizitza-kalitateari eusteko eta, hala ere, ez da ageri dekretuaren helburuen artean (4-a) artikuluan “zaintzak” eta “narriadura saihestea” aipatzetik harago); hori dela eta, bereziki aintzat harturiko eta baloraturiko faktorea izan beharko luke kostuen zenbatespena lantzerakoan, arestian aipatu dugunez.
  • Hona hemen ereduaren definiziorik ezaren gaineko beste etsenplu bat: 36.i) artikuluan ezarritako jarduketako 14-29. protokoloak arreta psikosozialeko alderdiei dagozkie. Alabaina, gerta liteke nahikoa ez izatea eskakizun horiei erantzuteko 41. artikuluan bildutako arreta psikosozialerako pertsonala. Horrez gain, pertsonal kopuru berari eusten zaio, erabiltzaileen mendetasun gradua handitu arren, baina ez dira berdinak arreta psikosozialaren beharrak 0 graduko pertsona batentzat eta 3 graduko pertsonentzat eta haien familientzat.

E) Kalitate eredua: erabiltzaile tipologia eta zerbitzuen espezializazioa

Dekretu berrian, adinekoentzako egoitzak arautu nahi dira, pertsonek egoitzako kalitateko arreta zerbitzuak jasotzeko duten eskubidea bermatze aldera.

Gutxieneko eskakizun mailak ezarri dira, erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuen sistema eta erabiltzaileek gizarte babesaren kalitatea izateko eskubidea bermatze aldera. Hori zinez ahal izan dadin, ordea, biztanle hartzaileen deskribapenean (5. art.) nahiz dekretuaren artikulatuaren garapenean, gure ustez, bereziki hartu beharko lirateke kontuan zerbitzu horiek jasotzen dituzten egoiliarren egiazko tipologiaren ondoriozko funtsezko ezaugarriak.

Dekretuan, eskakizun materialak, giza baliabideen eta kudeaketaren gaineko eskakizunak, eta abar daude araututa, baina zehaztasun handiagoz azpimarratu beharko lirateke onuradunen baldintzen arabera garatu beharreko zerbitzu espezifikoak. Beharrezkotzat jotzen dugu erabiltzaileek dituzten profilen talde bakoitzerako zerbitzua espezializatzea, zeren eta errealitatea gero eta konplexuagoa bilakatzen ari baita, eta zerbitzu desberdinak behar dituzten oso erabiltzaile desberdinak daude.

Erabiltzaileak bereizi badira, bat etorri beharko lukete profilen bereizketak eta helburuek, beharkizun materialek, beharkizun funtzionalek, pertsonalaren ratioek eta prozedurek (nork baloratzen duen, zelan kudeatzen diren profilen aldaketak, etab.).

Ildo horretan, positibotzat jotzen dugu dekretuan proposatzen den gune bereizketa, baita ezarritako profilen desberdintasuna ere: psikogeriatriako erabiltzailea, gizarte-osasuneko erabiltzailea eta bizikidetza-unitatea. Baina zehaztapen ildo horretan, zenbait arlo garrantzitsu ere sakondu beharko lirateke hala nola:

  • Zerbitzuaren bereizketa, lanbide profilak, tarifak… (piskogeriatriako profil batek eta gizarte-osasuneko profil batek gune desberdinak behar badituzte, zainketa desberdinak eta plantilla desberdinak ere beharko dituzte).
  • Egoitzan sartu baino lehen erabiltzaileen profila zehaztu beharraz gain, zehaztu egin beharko lirateke zein profilek bizi ahal izango duten elkarrekin “modulu” orokorrak deritzenetan, baldin eta jarduteko protokoloa erabiltzaile batek zerbitzu desberdinak behar baditu (esate baterako, psikogeriatriako erabiltzaile batek gizarte-osasuneko zaintza gehiago behar dituen): zelan eta nork kudeatzen duen mendekotasun graduaren aldaketa, egoitza aldatzeko bete beharreko eskakizunak, eta abar.

F) Sistemako agenteak koordinatu beharra

Zerbitzu egokia emateko agente askok parte hartzen duenez gero, komenigarria izango litzateke koordinazioa, erlazioa eta lankidetza errazteko guneak ezartzea, bai osasun sistema publikoaren artean eta gizarte zerbitzuen sistemaren artean, bai gainerako agenteekin ere, erabiltzaileen arretarako kontzepzio osoaren ildoan.

Gure aburuz, erabiltzailearen erreferentziako pertsona bat zehaztu beharko litzateke familia ingurunean, baldin eta erabiltzailea legez gaituta ez badago, baina hala ere egiaz mugak baditu erabakiak hartzerakoan. Halaber, senitartekoen eskubideak eta betebeharrak zehaztu beharko lirateke egoitzan jarraitu bitartean.

Beharrezko koordinazioa izateko, gainera, garrantzizkoa izango da dekretu proiektuaren 27. artikuluan zehazturiko erreferentziako profesionalaren eginkizuna. Aldez aurretik interesgarria dela dirudien arren, bere eginkizunak zehaztasun handiagoz mugatu beharko lirateke.

IV.- GOGOETA ESPEZIFIKOAK

 Zioen azalpena

Zioen azalpenetako 3. orrian xedatuta dagoenez, ““Xedapen orokorrak” deritzon kapituluan, dekretua aplikatzeko markoaren funtsezko elementuak zehazten dira. Dekretua aplikagarria izango da gizarte zerbitzuen euskal sistemaren barruko erantzukizun publikoko egoitzetan, titulartasun publikokoetan edo itundutako titulartasun pribatukoetan, nahiz gizarte zerbitzuen euskal sisteman sartuta ez dauden titulartasun pribatuko egoitzetan”.

Alabaina, hauxe xedatu da aplikazio-eremuari buruzko 2. artikuluan: “Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko adinekoentzako egoitza guztiei aplikatu behar zaie dekretua, titulartasun pribatukoei nahiz pribatukoei”.

Agerikoa denez, dekretuaren aplikazio-eremua da kasu bietan eta, hala ere, kasu batean gizarte zerbitzuen euskal sistema aipatzen da eta manuan, berriz, ez. Segurtasun juridikoa dela eta, gomendagarria da terminoetan koherentzia izatea. Ildo horretan, esan beharra dago argiagoa dela 2. artikuluan xedaturikoa eta, beraz, zioen azalpena aipaturiko artikulu horretara egokitzea gomendatzen dugu.

2.art. Aplikazio-eremua

Artikulu honetako 2. atalean, beren beregi xedatu da arau honen aplikazio-eremutik kanpora daudela etxebizitza komunitarioak, horien araubidea arauetan zehaztuko baita.

Etxebizitza komunitarioak araudi espezifikoa izango duela aurreikusten denez gero, egun indarrean dagoena lehenbailehen eguneratu dezala eskatzen diogu legegileari, betiere adinekoentzako egoitzekin bat etorrita eta berdintasunez jokatuta.

3. art. Definizioa

2. atalean ezarrita dagoenez, adinekoentzako egoitzak “intentsitate handiko zentroak dira, eta hauexek bermatzen dituzte: a) zaintzailea ordu oro egotea –eguneko 24 orduetan-; b) zerbitzu medikoa eta erizaintzakoa ematea; c) ongizate fisikora, psikologikora eta sozialera bideraturiko arreta osoa emateko egokiak diren profiletako profesionalek osaturiko arlo askotako taldearen laguntza”.

Zerbitzu medikoaren eta erizaintzakoaren beharra ezarri denez, gomendagarria da zehaztea zein profesional motak osatu beharko duen arlo askotako taldea. Ildo horretan, dekretuaren beraren 29. artikuluan egoitzako zerbitzuaren gutxieneko edukiak eta baldintzak arautzean, adinekoentzako egoitzen erabiltzaileek zein prestazio jaso dezaketen aipatzen da; horien artean, fisioterapia eta errehabilitazioa, laguntza psikologikoa, pedagogikoa edo psikopedagogikoa, gizarte-kulturako dinamizazioa, gizarte lana… daude.

Halaber, egoitzetan izan behar diren arreta zuzeneko eta zeharkako arretako pertsonala ezarri da 37. artikuluan.

Beharbada nahikoa izango litzateke manu horiek bete beharra dagoela aipatzea. Nolanahi ere, gure ustez oso argi gelditu behar da egoitza horiek zein profesional mota izan behar duten.

5. art. Biztanle hartzaileak

1. atalean xedatu denez, “egoitzen erabiltzaileak 65 urtekoak edo hortik gorakoak dira izango dira, mendekotasunean bizi izango dira edo, hala denean, mendekotasunean bizitzeko arriskuan egongo dira. Salbuespenez, inguruabar pertsonalen edo sozialen ondorioz talde horrekin parekatu daitezkeen adin nagusiko pertsonak izan daitezke”.

Alabaina, manuak berak, ondoren, honako hau exijitzen du: salbuespenezko kasu horietan, behar bezala egiaztatu eta justifikatu behar da adinekoentzako egoitzan emandako arreta egokia dela pertsonaren beharrak betetzeko. Beharbada, bidezkoa izan daiteke irizpideren bat ezartzea, mendekotasunean diren edo mendekotasun arriskuan diren 65 urtetik gorakoen taldearekin parekatzea ahalbidetzen duten inguruabarrak edota sozialak zein diren jakin ahal izateko.

Ezin ahantzi daiteke eskari handia dagoela egoitza horietan, eta hartzaileak onartzeko irizpideek argi eta garbi mugatuta egon behar dute.

10. art. Baldintza orokorrak

Dekretu proiektuak zehaztun handiegiarekin ematen ditu galdatzekoak diren beharkizunak. Beste batzuetan, aldiz, baldintza orokorrak argitu behar dira, zehaztugabeegiak eta interpretatzeko modukoak baitira (adibidez, 10. artikuluko 3. eta 4. atalak: kontzeptu hauek: “bizitza-kalitatea“ eta “haien beharretarako egokia”).

Bestalde, hauxe xedatu da 2. atalean:dekretu berri hau indarrean sartu ondoren sortu berri diren 25 plazatik gorako adinekoentzako egoitzek banaketa modularra izango dute, gutxienez 25 plaza moduluko. 150 plaza izango ditu gehienez egoitza bakoitzak”.

Gure ustez, moduluen araberako antolamendu-banaketa beharrezkoa da laguntzaren kalitatea hobetzeko. Hala ere, moduluko 25 plaza ezartzea mugatuegia izan daiteke, eta komenigarria izan liteke antolaketaren ziozko zenbait salbuespen ahalbidetzea (egoitzek ez diote eusten okupazio finkoari; aldakorra da okupazioa, eta komenigarria da nolabaiteko malgutasuna izatea zentroa antolatzean. Erabat bidera ezina izango bailitzateke, adibidez, modulu bat 5 erabiltzailerekin mantentzea. Halaber, egoitza bakoitzean gehienez 150 plazako kopurua ezartzea zenbaki mugatzaile da, eta zioak emanda justifikatu beharko litzateke.

Azken finean, nahiz eta banaketa modularra beharkizun material eta estruktural egokia izan, antolamendu-banaketak faktore malguagoak bildu beharko lituzkeela irizten diogu.

11. art. Bizigarritasun eta komunikazio baldintzak

Zortzigarren atala gehitzea proposatzen da, testu honekin:

“8. Egoitza guztietan, behar bezalako seinaleztapena jarri beharko da lokal guztietan, bereziki erabilera publikoko zonalde mugatuetan eta erabilera mugatuko zonaldeetan (erizaintza, biltegiak, etab.)”

Justifikazioa: hurrengo artikuluan arautzen den larrialdietako seinaleztapenaz gain, gure ustez badirudi egokia dela lokaletan seinaleztapena jartzea, bereziki zonalde mugatuetan.

12. art. Babes eta segurtasun baldintzak

2b) atalean letra lodiz nabarmenduta hauxe gehitzea proposatzen da:

 

“2b) Entitate titularrak informatu eta prestatu egingo du pertsonala aurrezaintzaren eta detekzioaren arloan, suteetan eta egoitza husteko jarduketen gaineko araudietan, autobabeserako planarekin bat etorriz, eta arreta berezia jarriko da erabiltzaileen beharretan.”

Gure ustez, erabiltzaileen baldintza bereziak hartuko beharko lituzke kontuan, nahitaez, aipaturiko pertsonalaren prestakuntza horrek.

Ondoren, 2h) atala jarraian azalduko den moduan osatzea gomendatzen da, zehaztasun juridiko handiagoa lortze aldera, suteen kontrako babesari buruzko araudiarekin batApirilaren 14ko 485/1997 ED, laneko segurtasunaren eta osasunaren seinaleztapenaren arloko gutxieneko xedapenei buruzkoa. Hauxe aipatzen da: “langileak arriskuaz eta horren ondorioz modu jakin batean premiaz jardun edo arrisku ingurua hustu behar izateaz ohartarazteko seinaleak”. Suteen kontrako babeserako baliabideen kokalekua nahiz ebakuazio, salbamendu eta laguntza seinaleak dakartza modu eta modalitate desberdinetan.:

a

h) Egoitzek gutxieneko instalazioak eduki behar dituzte nahitaez:

a. Larrialdirako eta ebakuaziorako seinaleztapena.
b. Larrialdietako seinaleak argiztatzea.
c. Itzalgailu eramangarriak jartzea.
d. Detekzioa eta alarma ipintzea.
e. Suteetako ur-hartune hornituak…”

19. art. Pertsonalarentzako aldagelak eta komunak

Soilik pertsonalarentzat diren aldagelak eta konketa eta komunontzia dituzten komunak egon behar dira egoitzetan, eta gutxienez, lantokietako segurtasunaren eta osasunaren arloan indarrean dagoen araudian uneoro zehazturiko proportzioetara eta ezaugarrietara egokituta egon beharko dute nahitaez”.

Pertsonalarentzako hornidura horri dagokionez, gogorarazi nahi dugu garrantzizkoa dela laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko aurrezaintzako plangintza izatea eta, bereziki, arrisku biologikoen aldetik.

20. art. Zerbitzu-gunea

Zerbitzu-guneetako lokalen banaketari dagokionez, harrera edota kontrol-postuko lokala egon beharko litzatekeela deritzogu, erakusmahaia barne, non informazioa emango baitzaie egoiliarrei, senideei eta bisitariei. Bertan bilduko dira egoiliarren deiak, suteen sistemen kontrol zentralizatua eta sarreren kontrola.

33. art. Pertsonalaren eta erabiltzaileen arteko harremanak

Kapitulu honetan pertsona ardatz hartuta ezarritako arreta osorako ereduarekin bat etorriz eta egoitza bizikidetzarako eta harremanetarako gunea denez gero, lanbide-praktikak, berariaz, dekretu honetan xedatu denari egokitu behar zaizkio, baita egoitzako arretaren gaineko proiektuari eta, oro har, laguntza ematen duten lanbideetako kode deontologiko propioetan bildutako jarduketa-ildoei ere”.

“Lanbide-praktikak” terminoa bariklanbide-jardunakerabiltzea gomendatzen dugu, nahasgarria izan daitekeelako, egoitzako profesionalen lanari baitagozkio.

36. art. Dokumentazioa

Lehenik eta behin, berriz ere gogoeta orokorretan azaldutakoa aipatuta, uste dugu artikulu honetan zehazturiko edukiaren zati handi bat hobeto bilduta egongo litzatekeela arauaren eranskinetan, nahiz aginduetan edota etorkizunean errazago egokitzeko moduko arauetan. Hala, araua ez litzateke hain zurruna izango, eta errazago egokituko litzateke administrazio mailan horrelakorik egin behar izanez gero. Hala denean, aldaketa horiek egiteko ahalmena duen administrazio organoa aipatu beharko litzateke, zeren eta ez bailuke zertan izan Saileko arduradunak.

Artikulu honen eduki zehatzari dagokionez, jarduteko protokoloen multzoa eta horien edukia xedatu dira 1.i) atalean: Horietako bat bizitzaren amaierako arretarako protokoloari dagokio.

Horren barruan sartu beharko litzateke senideen presentzia baimenduko dela, egunez nahiz gauez, geletan laguntasuna emanda (gaur egun, galarazita dago hori hainbat egoitzatan, eta zenbait eskubideren kontrakoa izan daiteke hala jokatzea).

Bestalde, 9. atalean xedatuta dagoenez, banakako gelak esleitzeko baremoan ahal dela saihestuko da “itxaronzerrendako antzinatasuna esleitzeko irizpide esklusiboa izatea”.

Antzinatasun irizpide esklusiboa izan behar duen ala ez aztertzen hasi gabe, segurtasun juridikoaren printzipioak eskatzen duenez, aurretik zehaztu behar da, ahal den neurrian, zein beste irizpide har daitezkeen kontuan banakako gelak esleitzerakoan.

 37. art. Lanbide kategoriak eta erantzukizunak

4. atalean xedatu denez, “lanpostu guztiak zatizkoak izan daiteke, egoitza motaren eta ezaugarrien arabera, eta halaxe agerrarazi behar da lan-kontratuan”.

Gure ustez, kendu egin behar da atal hori, laneko legeriaren arloko gaiei eragiten baitie, eta ez da bidezkoa horien tratamendua arau hauetan.

 38. art. Lanbide prestakuntza

3. atalean ezarri denez, “bere prestakuntzaren zioz hala behar duen pertsonalak elkargokide izan behar du lanbidean aritu ahal izateko”.

Gure ustez, egokiagoa da honelako testua:

 

 “3. Legerian hala eskatzen denean, elkargoko kidea izan behar du pertsonalak”

39. art. Profesionalen eskubideak eta betebeharrak

1. atalean honela dago xedatuta: “adinekoentzako egoitzetako profesionalek, sistema publikokoak izan zein ez, bermatuta izango dituzte gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubideen eta betebeharra gutuna onetsi duen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan eta iradokizunen kexen araubidean arauturiko eskubideak, eskubide konstituzionalez eta legez aintzatetsitako eskubideez gain”.

Azpimarraturiko testuaren ordez ondoren letra lodiarekin nabarmendutakoa jartzea proposatzen da, eskubide gehiago barne hartzen baititu, eta nazioz gaindiko sistemetan ezarritakoak ere biltzen ditu (horiek ere aplikagarriak dira):

“1.- Adinekoentzako egoitzetako profesionalek, sistema publikokoak izan zein ez, bermatuta izango dituzte gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubideen eta betebeharra gutuna onetsi duen apirilaren 6ko 64/2004 Dekretuan eta iradokizunen kexen araubidean arauturiko eskubideak, ordenamendu juridikoan aintzatetsitako eskubideez gain ”.

40. art. Pertsonalarekiko betebehar espezifikoak

Lehenik eta behin, 19. artikuluan azaldutakoa berretsita, gogorarazi nahi dugu garrantzizkoa dela laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko aurrezaintzako plangintza eta, bereziki, balizko arrisku biologikoen eta arrisku psikosozialen aldetik.

Bigarrenik, artikuluko bosgarren atala osatzea gomendatzen da, ondoren agertzen denez:

 

 “- Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko pertsonalari dagokionez, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritako beharkizun espezifikoak beteko dira eta, bereziki, lantokietako segurtasunaren eta osasunaren gaineko gutxieneko xedapenak ezarri dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretua ”.

Halaxe egin beharra dago, hainbat artikulu errege dekretuen bidez garatzen dituen araudi zabala duelako laneko aurrezaintzaren eta arriskuen gaineko legeak. Aipaturiko atalean, bat aipatzen da, 486/97 ED eta, beraz, zehaztasun handiagoa behar dela deritzogu.

41. art. Pertsonalaren eta egoiliarren arteko ratio orokorrak

1. atalean ezarri denez, pertsonalaren eta egoiliarren arteko proportzioa edo ratioa zehazteko, hauxe kontsideratuko da: “zenbakitzaile gisa, pertsonalak lan egindako guztizko kopurua, laneko ezaugarriak edozein direla ere (finkoa, aldi baterakoa, ordezkoa; lanaldi osoa edo zatizkoa; lanbide zerbitzuen kontraprestazioa, etab.), zati aplikatu beharreko laneko hitzarmenean edo, hori ezean, Langileen Estatutuan ezarritako urteko orduak”.

Testua osatzea gomendatzen dugu, letra lodiz adierazita dagoen moduan:

 

 “1. – Zenbakitzaile gisa, pertsonalak lan egindako guztizko kopurua, laneko ezaugarriak eta kontratu modua edozein direla ere (finkoa, aldi baterakoa, ordezkoa; lanaldi osoa edo zatizkoa; lanbide zerbitzuen kontraprestazioa, etab.), zati aplikatu beharreko laneko hitzarmenean edo, hori ezean, Langileen Estatutuan ezarritako urteko orduak.

Kontratazioari buruzko aipamenak egin behar dira, zeren eta, Langileen Estatutuetako 34.1. artikuluan (2/2015 LED), hitzarmen kolektiboetan edo laneko kontratuetan xedaturikoa bete behar baita lanaldia arautzean. Egia esan, horietan xedaturikoa aipatu ondoren, lan egindako gehieneko kopurua zein izango den xedatu da Langileen Estatutuetan, baina laneko kontratuak edo hitzarmen kolektiboak dira urteko ordu kopurua zehazten dutenak, baina ohartarazpen hau eginda: hitzarmen kolektiboa badago, laneko kontratuak lanaldia hobetu behar duela langilearen alde ( Langileen Estatutuen 3.1 c) art.

Bestalde, arreta mota bakoitzean pertsonalaren eta egoiliarren arteko gutxieneko ratioak zehazten dituen 3. atalari dagokionez, honako hauek aipatu behar ditugu:

  • Dekretuan parekatu egiten dira pertsonalaren ratioak MBB 0 eta MBB 1 duten pertsonentzat. Haien laguntza beharrak desberdinak dira objektiboki, ordea. Gure ustez, jakin beharreko justifikaziorik egon ezean, aparte tratatu beharko lirateke kategoria biak, haien desberdintasunaren arabera.
  • Aldiz, egokia izango litzateke lanaren, lan sozialaren eta arreta psikologikoaren, pedagogikoaren edo psikopedagogikoaren ratioak handitzea, gogoeta orokorretan adierazi dugun bezala.

1. xedapen iragankorra. Martxan diren egoitzak egokitzeko epeak

2 urteko epea ematen zaie bai zentro publikoei bai pribatuei araudi berrira egokitzeko. Hala ere, desberdin zigortzen da epe hori ez betetzea: pribatuei baimena ezesten zaie, baina publikoei (ez dute baimenik behar: 8-4. art.), ez zaie zehapenik ezartzen inola ere.

Ez dugu ulertzen tratu desberdin hori, baina are gutxiago baliabide hertsagarririk ez ezartzea administrazioek araudia bete dezaten.

Nolanahi ere, gure iritziz, berdindu egin beharko lirateke lehen xedapen iragankorreko egokitzapenerako epeak eta hirugarren xedapeneko homologaziorako epeak.

Beste xedapen iragankor bat gehitzeko proposamena

Lanbide prestakuntzako beharkizunei dagokienez, 2017ko abenduaren 31n galdagarriak badira ere, ezin ahantzi daiteke hau ere ezarri dela: “hala denean, laneko esperientzia edo ordura arte hasitako prestakuntza ez formala egiaztatzeko prozesuak bukatzen direnean”. Halaxe gertatzen da EAEn, non 2022ra arte egingo baita prozesua. Horrez gain, azken 10 urteetan gutxienez 3 urtetan banaturiko 2.000 ordu gutxienez lan egin duten langileak gaikuntza berezia jasoko dute, lanean jarraitu ahal izan dezaten, 2017ko abenduaren 11ko Ebazpenean xedatu denarekin bat etorrizGizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatuko Idazkaritzaren 2017ko abenduaren 11ko ebazpena. Horren bidez, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren eta Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseiluaren Erabakia argitaratu da, hain zuzen ere Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentroen eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko egiaztapen-irizpide komunei buruzko 2008ko azaroaren 27ko Erabakia zati batez aldatu duena: “…Alabaina, 2017ko abenduaren 31n gutxienez 3 urteko esperientzia (gutxienez lan egindako 2.000 ordu azken 12 urteetan lanbide-kategoria egokian) duten zaintzaileak, adinekoen zaintzaileak, etxez etxeko laguntzaileak eta laguntzaile pertsonala, edo eskaturiko esperientzia izan gabe lan egin dutenak eta azken 12 urteetan egiaztatu nahi diren lanbide gaitasunekin loturiko 300 orduko prestakuntza dutenak, salbuespenez, dagokion kategorian aritzeko gaituta geldituko dira, baina aurretik eskaera aurkeztu behar da, araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera edo, hala denean, eskatzaileak azken zerbitzuak eman dituen enpresa kokaturik dagoen tokikoaren arabera ….

Horiek alderdi guztiak ez dira nahikoa bildu dekretu proiektuan, ordea, eta gure ustez xedapen iragankorra gehituta sar litezke.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABek egoki irizten dio “Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruko adinekoentzako egoitzei buruzko dekretu proiektua” izapidetzeari, organo aholku-emaileak eginiko gogoetak barne eta, bereziki, araudi aldaketak dakartzan kostuen zenbatespen ekonomikorik ezari dagokionez. Izan ere, Batzorde honek irizpena emateko duen ahalmena ahuldu egiten baitu zenbatespenik ezak.

 

Bilbon, 2018ko martxoaren 9an

O.E.: Presidentea Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez

 

 

 

 

 

VI.- ERANSKINA: FORMALITATEAK

Dekretu proiektuan formalitate hauek berrikustea gomendatzen dugu:

  • 28.2. artikuluan, “En orden a este requisito” horrekin hasten da. Hala ere, 28.1. aztertzen badugu, ez da beharkizunik ezartzean. Oinarri objektiboaz ari da, besterik gabe (kudeaketaren etengabeko hobekuntza).
  • 28.3 artikuluan, “en base a” adierazpidea darabil. RAEren arabera, ez da egokia “en base a” esamolodea, ez baitaude justifikatuta “en” eta “a” preposizioak.
  • Lanbide kategoriei eta erantzukizunei buruzko 37. artikuluan, “persona profesional” barik “persona” jartzea gomendatzen dugu, ondoren “funciones profesionales” esaten baita. Alferrikako errepikapena ageri idatzita egungo bertsioan.
  • Lanbide prestakuntzari buruzko 38.1. artikuluan ezarri denez, arduradunak “como mínimo 3 años de experiencia en el sector y contará con la formación complementaria anteriormente reseñada”. Honela idaztea gomendatzen da:  “tendrá como mínimo” eta “contará” barik, “deberá tener” eta “deberá contar”.