Argitalpenak > Libros
Deskargatu dokumentua hemendik:

Edukia

Irizpena 2/15

Irizpena 2/15

2/15 Irizpena, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta haien gobernu-organoen osaera arautzen dituen Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

c

BILBAO

1

I. AURREKARIAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren idazki bat erregistratu zen 2015eko urtarrilaren 22an. Horren bidez, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta haien gobernu-organoen osaera arautzen dituen Dekretu Proiektuari buruzko txostena eskatu zuen, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1.b). artikuluan ezarritakoaren arabera.

“Arauaren helburua Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofizialaren eta Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozesua eta haien gobernu-organoen osaera arautzea da”.

Berehala bidali genien Batzordeko osoko bilkurako kide guztiei horren kopia, beraien proposamenak eta iritziak bidal zitzaten, eta guk horiek guztiak dagokion Lan Batzordeari bidal geniezazkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araudian ezarritakoari jarraituz.

Otsailaren 2an artikuluetan aldaketa bat egin zutela jakinarazi ziguten, eta Lan Batzordeari horren berri eman genion.

Ekonomia Garapeneko Batzordea 2015eko otsailaren 11n bildu zen, Irizpen Aurreproiektuaren lehen proposamen bat eztabaidatzeko. Egun berean Irizpen Proiektu hau onartu zen, eta 2015eko otsailaren 25ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egindako osoko bilkuran gehiengoz onartu zuten.

II.- EDUKIA

Dekretu Proiektuaren testuak Zioen azalpena du, eta 4 kapitulutan eta bi Azken xedapenetan antolatutako 36 artikulu.

Zioen azalpena

1998/1981 Errege Dekretuak, uztailaren 24koak, eta Eusko Jaurlaritzaren 102/1981 Dekretuak, irailaren 14koak (irailaren 24ko EHAA) Estatuaren zerbitzuak EAEra eskualdatzea ezarri zuten, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberen arloan, Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakiaren bidez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.21. artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Estatutu horrek, eskumen esklusiboa ematen dio EAEri Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei dagokienez, Kanpo Merkataritzarekin lotutako gaiei buruzko 149.1.10. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Irailaren 14ko 103/1981 Dekretuaren bidez, aipatutako eskumenak bere gain hartu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta gaur egun Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Saila den Merkataritza eta Turismo Sailari esleitu zion.

Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen apirilaren 1eko 4/2014. estatu-legeak, Konstituzioaren 149.1. artikuluaren 18. arauaren babespean egindakoak, eskumen zabalak ematea ezarri du alderdirik garrantzitsuenetako bat moduan autonomia-erkidegoen eskumenen esparruan, lurraldearen eta dagozkien Ganberen gobernu-organoen antolaketa finkatu ahal izateko. Horrela, lurraldearen errealitate ekonomikoari erantzungo diete eta enpresen zuzeneko ordezkaritza handiagoa sustatuko da, egiten duten ekarpenaren arabera.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da EAEk bere xedapena garatzea, taldeek osoko bilkuran zer partaidetza duten erabakitzeko, ordezkaritza-irizpideak ezartzeko, eta enpresetako ordezkariak, enpresa-erakundeek proposatutako pertsona ezagunak eta borondatezko ekarpenik handienak egiten dituzten pertsonak hautatzeko modua finkatzeko. Horrenbestez, Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen eta Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofizialaren hauteskunde-prozesua arautu beharko da.

Xedapenak

Dekretu Proiektuaren helburua jasotzen duen 1. artikulutik aurrera, testua lau kapitulutan egituratzen da.

I. kapituluak (2. eta 5. arteko artikuluak) Ganberen Gobernu Organoak arautzen ditu; hauek zehazki: osoko bilkura, Batzorde Betearazlea eta presidentea.

II. kapituluak (6. eta 32. arteko artikuluak) jarraitu beharreko hauteskunde-prozedura jorratzen du, eta arautu behar diren bederatzi atal ematen ditu: hauteskunde-errolda, hauteskunde-errolda aktibo eta pasiboa, hauteskundeen deialdia eta errolda erakustea, hauteskunde-batzordeak, hautagaiak aurkeztea eta jakinaraztea, posta edo posta elektroniko bidezko botoa, bozketen prozedura, batzordekideak jakinaraztea eta hauteskunde-prozesuaren amaiera.

III. kapituluak (33. eta 35. arteko artikuluak) osoko bilkuraren eraketa eta haren presidentearen eta batzorde betearazlean hautaketa arautzen ditu.

Azkenik, IV. kapituluan (36. artikulua) osoko bilkuran gera daitezkeen plaza hutsak betetzeko modua jasotzen da.

Lehen azken xedapena arauaren erregelamenduaren garapenari buruzkoa da.

Bigarren azken xedapena arauaren indarrean sartzeari buruzkoa da.

III.- GOGOETAK

III.1. Gogoeta orokorrak

Arautegia garatzeko prozesu oso eta integral bati ekiteko beharra

Dekretu Proiektu honek Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Legearen Lehen Xedapen Iragankorrean jasotzen den aginduari erantzuten dio. Xedapen horrek, beren arautegiaren edukia Lege honetan ezarritakora egokitzera behartzen ditu autonomia-erkidegoak, eta hori egiteko epea 2015eko urtarrilaren 31n amaitu zen.

“XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra. Arauaren edukira egokitzea.

1. Autonomia-erkidegoek beren arautegiaren edukia Lege honetan ezarritakora egokitu beharko dute, eta hori egiteko epea 2015eko urtarrilaren 31n amaituko da”.

Hala ere, eta beste autonomia-erkidego batzuetan gertatutakoaren aldean, horietako batzuek Estatuaren oinarrizko legearen aurrekoak diren lege propioak dituztelako, EAEn ez dago arautegi propiorik.

Kontsultatu diguten dokumentuak gainera, EAEn arlo horretan dagoen lehen erregulazioa ekartzen du.

Zehazki, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta haien organoak garatzen ditu, modu zabalean eta bermeekin, beraz, horrek, segurtasun juridiko handiagoa ematen du. Hala ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak agerian jarri nahi du proposatzen den arau-garapenak gobernu-organoen hauteskunde-prozesuaren eta osaeraren erregulazioari jarraitzen diola, eta estatu-legeak autonomia-erkidegoei garatzea eskatzen dien gainerako gaiak ez dituela kontuan hartzen.

Horrenbestez, aukera ona galtzen ari da arautegia garatzeko prozesu oso eta integral bati ekiteko, oinarrizko legeak autonomia-erkidegoei legeztatzeko baimena ematen dien alderdi guztiak argitzeko eta zehazteko dena. EGABren iritziz, arautegia garatzeko prozesua horri nahitaez ekin behar zaio.

Eguneratutako erroldak izatearen beharra

Ezinbestekoa da eguneratuta dauden erroldak izatea, mugapeen ekonomia- eta enpresa-errealitateari buruzko benetako informazioa eskura dezagun.

Sektore arteko edo lurraldeko enpresa-erakunde adierazgarrienei proposatzea dagokien batzordekide kopuruari dagokionez

  • Dekretu Proiektuak, 3. artikuluan, zuzeneko sufragioaren bidez betetzen ez diren batzordekideen herena honela banatu behar dela ezartzen du:
    • % 40, enpresa-erakundeek proposatutako enpresen ordezkariak eta pertsona ezagunak.
    • Gainerakoa, ekarpenik handienak egiten dituzten enpresetako ordezkariak.
      Adibide moduan, 60 kideko osoko bilkura duen ganbera batean, enpresa-erakundeek 8 bakarrik proposa ditzaketela esan nahi du horrek.
      Gure ustez, aurreikuspen horrek, enpresa-elkarteek batzordekideak izendatzeko izan dezaketen eragina txikiagotzen du, Estatuko Errege Dekretu Proiektuan ezarritakoaren aldean (arloan legedirik ez duten autonomia-erkidegoen kasuan gehigarria da), izan ere, aipatutako herena % 50arekin banatzen duelako.
      Horrela, estatu-proiektuaren aurreikuspenaren arabera, aurreko adibidearekin jarraituz, enpresa-erakundeek 10 batzordekide izendatzeko aukera izango dute (Eusko Jaurlaritzaren Dekretu Proiektuan baino 2 gehiago).

 

 

Gaur egun

Eusko Jaurlaritzaren Dekretu propiektua

Estatuko Dekretu proiektua

Enpresa-erakundeek izendatutako batzordekide kopurua

8

8

10

4/2014 oinarrizko Legeak, apirilaren 1ekoak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzkoak, zenbait berrikuntza sartu zituen, eta horien helburua hau da: “Ganberak, zerbitzuak ematen dituzten erakunde moduan bultzatzea, emaitzei begiratzen dien ganberen eredu bat sortze aldera”.
Gure ustez helburua zuzena da, eta ganberak enpresen beharrak kontuan hartuz lan egiten duten tresna garrantzitsuak moduan osatu behar direla uste dugu, nazioartekotzearen esparruan, hor esperientzia handia dutelako dagoeneko.
Horregatik, enpresen behar kolektiboak ganberen gobernu-organoetan behar bezala kudeatu eta defendatu behar direla uste dugu. Enpresen interes orokorrak libreki lotuta dauden erakundeen bidez bideratzen dira funtsean. Eta hori dela eta, ganberak kokatuta dauden lurraldeko enpresa-erakunde adierazgarrienen koordinazioa eta babesa ezinbestekoa da. Beren jarduerak enpresen benetako beharrak kontuan hartu behar ditu, eta eginkizunak gainjartzea saihestu behar du.
Argudio horrekin bat etorriz, Euskadiko Batzordeak uste du enpresa-erakundeek proposatuta batzordekide kopurua herenaren % 40era mugatzearekin ez dela bermatzen aipatu dugun helburua beteko denik.

  • Bestalde, 1.C). atalean, ganbera bakoitzaren mugapean borondatezko ekarpenik handienak egiten dituzten enpresen ordezkariak borondatez egindako ekarpen ekonomikoen arabera hautatuko direla ezartzen da.
    Gure ustez, egokiagoa izango litzateke, Dekretu Proiektuak, osoko bilkuraren batzordekide guztiak betetzeko den talde hori zehazteko irizpide objektiboak ematea.  Hori egitea ezinbestekoa da, gaur egun ez dakigulako zer enpresa-taldek egiten dituzten borondatezko ekarpenak Ganberetara, eta ekarpen horiek zenbatekoak direnEz da gauza bera 1.000 enpresek urtero 2.000 €-ko ekarpena egitea bakoitzak, edo 50 enpresek 300 €-ko ekarpena egitea, batez beste, bakoitzak. Bestalde, norberaren interesak defendatzeko ganberen gobernu-organoetan parte hartzea errazegia dela pentsaraz liteke. .

Bi egoera horiek kontuan hartuz, EGABek proposatzen du sufragio unibertsalaren bidez bete gabeko batzordekideen herena honela banatzea:

  • % 50, enpresa-erakundeek proposatuta.
  • % 50, borondatezko ekarpenik handienak egiten dituzten enpresen ordezkariak.

Sektore arteko eta lurraldeko enpresa-erakundeen ordezkagarritasun handiagoa ezartzen duten irizpideak zehazteko eskumena Administrazioari emateko arauari buruz

Dekretu Proiektuak, batzordekideen hirugarren herenaren % 40 izendatu behar duten sektore arteko eta lurraldeko enpresa-erakundeei dagokienez, Administrazio babesleak ordezkagarritasun handiagoa finkatzen duten irizpideak zehatu ditzakeela ezartzen du 3. artikuluaren 1.B). atalean.

Hori horrela, EGABek gogorarazten du ordezkagarritasuna, legean, Langileen Estatutuko Seigarren Xedapen Gehigarrian zehazki ezartzen den legezko kontzeptua dela.  Xedapen Gehigarri horretan ezartzen diren irizpideen arabera da ordezkagarria edo ez, eta ezin ditu geroago Herri Administrazioak aldatu, ez eta zehaztu ere (are gutxiago lan arloan eskumenik ez duen Administrazio batek).

Ondorioz, administrazio babesleak ordezkagarritasun handiagoko irizpideak zehazteko duen eskumen hori kentzea proposatzen dugu.

Ganberen gobernu-organoei dimentsioari buruz

Dekretu Proiektuak kide kopuru bat proposatzen du gobernu-organoetan, eta gehiegizkoa izan daiteke, Estatuko Gobernuak proposatutakoarekin alderatzen badugu, izan ere, Errege Dekretu Proiektuan gehigarri moduan hartu du, Eusko Jaurlaritzak berea ez badu onartzen.

Zehazki, honako hau ezartzen du EAEko Dekretu Proiektuak:

  • Osoko bilkuraren batzordekide kopurua 10 eta 60 artekoa izango da. Estatuko Errege Dekretu Proiektuan, berriz, 12 eta 18 batzordekide artekoa proposatzen da.Hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Dekretu Proiektuaren eta Estatuko Errege Dekretuaren gehieneko kopuruaren arteko aldea % 233koa da..
  • Batzorde Betearazlerako gutxienez 5 kide proposatzen dira, eta gehienez, 12. Estatuko Errege Dekretu Proiektuan berriz, gehieneko kopurua 8 da.Hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Dekretu Proiektuaren eta Estatuko Errege Dekretuaren gehieneko kopuruaren arteko aldea % 50ekoa da. 

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, oro har, administrazio-egiturak eraginkortasunez kudeatzea, arrazionalizatzea eta dimentsionatzea ezarri du, eta gure ustez, ganberen gobernu-organoek, zuzenbide publikoko erakundeak direnez, printzipio horiei jarraituko beharko lizkiekete.

 Txosten ekonomikoari buruz

Eztabaidagarria da txosten ekonomikoan jasotzen den baieztapen hau: ”proiektu honek ez du eduki ekonomikorik; aipatutako ganberen hauteskunde-prozedura soilik jasotzen du, eta bere kostu bakarra izapidetzearena baino ez da”, izan ere, Administrazio babesleak baliabideak erabili beharko ditu hauteskunde-prozesuetan bere erantzukizunez arduratzeko (hauteskunde-batzordean bi ordezkarirekin, horietako bat presidentea; hauteskunde-mahaian presidente moduan arituko den ordezkari batekin, eta Batzorde Betearazlean pertsona bat izendatzeko eskumena…). Arautegiak ekonomia orokorrean aplikatzeagatik ez duela kosturik dioenean ere ez gaude ados.

Halaber, txosten juridikoan, enpresan duen eraginari dagokionez, hauxe esaten da: “ez die administrazio-zamarik ematen enpresei, helburua arautzea delako”. Handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina hauteskunde-prozesuan parte hartzen duten enpresek kostu batzuk badituzte.

III.2. Berariazko gogoetak

2. artikulua. Gobernu-organoak

Hirugarren atalari dagokionez, berriro hautatzeko agintarien kopurua mugatzeko aukera kontuan hartu beharko litzateke.

3. artikulua. Osoko bilkura

Gogoeta orokorretan azaldu dugun moduan:

  • 1. A). atalari dagokionez, osoko bilkurako batzordekide kopurua 10 eta 60 artekoa izango dela ezartzen da. Estatuko Proiektuan, berriz, 12 eta 18 batzordekide artekoa izatea proposatzen da.
    Gogoeta orokorretan azaldu dugun moduan, ganberek, gobernu-organoak eraginkortasunez kudeatzea, arrazionalizatzea eta dimentsionatzea proposatzen dugu.
  • 1.B). atalari dagokionez,
    • Batetik, sufragio unibertsalaren bidez bete gabeko batzordekideen herenaren banaketari dagokionez, banaketa honela egitea proposatzen dugu: % 50, enpresa-erakundeek proposatzea, eta % 50, borondatezko ekarpenik handiena egiten duten enpresetako ordezkariek betetzea.
      Horrenbestez, bigarren paragrafoan % 40 ordez % 50 jar genezake:
      Xede horretarako, aipatutako enpresa-erakundeek bete beharreko batzordekideei dagokien kopuruan aurkeztuko dituzte proposatutako hautagaien zerrenda. Horrela, sufragio unibertsalaren bidez hautatu gabeko osoko bilkuraren gainerako batzordekideen herenaren % 50 ordezkatuko du.
    • Bestalde, Administrazio babesleak ordezgarritasun handiagoa ezartzen duten irizpideak finka ditzakeela ezartzen da.
      Hala ere, sektore arteko eta lurraldeko enpresa-erakundeen ordezkagarritasun handiagoa legean ezarrita dagoenez, zehazki Langileen Estatutuko Seigarren Xedapen Gehigarrian, Administrazio babesleak ordezkagarritasun handiagoko irizpideak finkatzeko duen eskumena kentzea proposatzen dugu.
      Ordezkagarritasun handiagoa duten Lurralde Historiko bakoitzaren enpresa-erakundeak administrazio babesleak izendatuko ditu, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eta dagozkien Erregistroetan behar bezala izena emanda dauden erakundeen artean. Tutoretzadun administrazioak ordezkaritza handiago hori eskatzen duten irizpideak zehaztu  ahalko ditu.
  • 1.C) atalari dagokionez,
    • Lehen paragrafoan, ganbera bakoitzaren mugapean borondatezko ekarpenik handienak egiten dituzten enpresen ordezkariak borondatez egindako ekarpen ekonomikoen arabera hautatuko direla ezartzen du Dekretu Proiektuak.
      Gure ustez, egokiagoa izango litzateke, Dekretu Proiektuak, osoko bilkuraren batzordekide guztiak betetzeko den talde hori zehazteko irizpide objektiboak ematea.
    • Bigarren paragrafoan hau gaineratzea proposatzen dugu:
      “Ekarpen ekonomiko horiekin ez badute jarraitzen, osoko bilkurako batzordekide izateari utziko diote, eta hala badagokio, beste kide batzuk hautatuko dira”.

4. artikulua. Batzorde betearazlea

Bigarren atalari dagokionez, Dekretu Proiektuak gutxienez, 5 kide, eta gehienez, 12, ezartzen ditu Batzorde betearazlerako. Estatuko Errege Dekretu Proiektuak, berriz, gehienez, 8 ezartzen ditu.

Aurretik azaldu dugun moduan, ganberek, gobernu-organoak eraginkortasunez kudeatzea, arrazionalizatzea eta dimentsionatzea proposatzen du EGABek.

13. artikulua. Hauteskunde-errolda eta erreklamazioak erakustea

  • Bigarren puntuko bigarren paragrafoan aldaketa hau proposatzen da:
    Epe hori igarotakoan berariazko ebazpenik ez bada eman, erreklamazioak ez aintzat  hartuko dira.
    Hain zuzen pertsona fisiko edo juridiko batek erreklamazio bat egiten badu erantzun bat merezi duelako, ez onartzeko arrazoiak azalduta.
  • Hirugarren puntuari dagokionez, gure ustez, erreklamazio bat onartzen bada, ez dugu ulertzen zergatik ez duen eraginik izango hautaketa-prozesuan, beraz, paragrafo hori kentzea proposatzen dugu.
    Erreklamaziogilearen alde ebatzitako sartzeak eta baztertzeak, erroldan izan behar dituzten ondorioak alde batera utzita, kideak atxikitzeko kalkulua egitean ez dira kontuan hartuko.

16. artikulua. Hautagaiak aurkeztea

B) eta C) taldeko hautagaiei buruzko 2. eta 3. atalei dagokienez, ez da adierazten non aurkeztu behar diren. A) talderako 1. atalean jasotzen dela uler liteke (Ganberako Idazkaritza Orokorra), baina egokiagoa izango litzateke honelako esaldi baten bidez adieraztea:

“…aurrekoen leku berean aurkeztu beharko dira”.

34. artikulua. Osoko bilkura eratzea eta presidentea eta batzorde betearazlea hautatzea

  • Bigarren ataleko azken paragrafoari dagokionez, bi alderdi nabarmendu behar dira:
    • Batetik, presidentea gehiengo soilaz hautatzen da. Ziur asko arintasuna ematea izango da helburua, baina komenigarria izango litzateke lehendabizi gehiengo osoa lortu behar izatea, eta bigarren bozketan gehiengo soila.
    • Bestetik, berdinketak ebazteko moduari dagokionez, prozesu demokratiko batean gaudenez, horren ordez hau jartzea gomendatzen dugu:
      Bozketa honetan bi edo hautagai gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, zozketa egin aurretik, gehienez beste bi bozketa egiten saiatuko dira.
  • Hirugarren atalari dagokionez, ez da ebazteko eperik ematen. Segurtasun juridikoarengatik epea ezarri beharko litzatekeela uste dugu. Gainetik aipatzen du ebatziko duela.

 IV.- ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearentzat egokia da Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta haien gobernu-organoen osaera arautzen duen Dekretu Proiektua bideratzea, kontsultarako organo honek egin dituen gogoetak kontuan hartuta.

Halaber, arautegiaren garapen oso eta integrala lehenbailehen egitea eskatzen du EGABek, oinarrizko legeak autonomia-erkidegoei legeztatzeko baimena ematen dien alderdi guztiak argitzeko eta zehazteko baita.

Bilbon, 2015eko otsailaren 25ean

 

Presidentearen O.E. Idazkari Nagusia 
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez