ZIURGABETASUNA
NAGUSI
Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, besteak beste, urtero
Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoari eta sozialari buruzko
bere gogoetak azaltzeko memoria bat idazteko eginbeharra du. Hala,
2023ko ekainaren 28ko ohiko bilkuran, aho batez onetsi zuen jarraian
jasotako dokumentua.
Eusko
Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren kontsulta-erakunde den
aldetik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak
urtero aztertzen du egoera ekonomikoa eta soziala, soilik datu
ofizialak oinarri hartuta. Aitzitik, ez da batzorde honen eginkizuna
eskuragarri dauden datu eta estatistika ugariak errepikatzea, horiei
buruzko gogoetak egitea baizik. Gure eginbeharra, beraz, iturri
ofizialek argitaratutako estatistika eta informazioei balio erantsia
ematea da. Hartara, izandako bilakaera unean uneko
denbora-testuinguruan jartzen dugu, aurrerapenak eta atzerapenak
egiaztatzen ditugu, bilakaerak aurreikusten ditugu, eta
ohartarazpenak eta gogoetak egiten ditugu; hori guztia, dena
egiaztatu eta adostu ondoren. Funtsean, honetan datza erakundearen
zeregina: gizartea erabat ordezkatzen duen Ekonomia eta Gizarte
Arazoetarako Batzordeak egoeraren azterketa egitea eta horren harira
adostutako proposamenak aurkeztea.
Pandemiako
bi urtek astinduta hasi zen 2022a, ziurgabetasun-kutsuarekin.
Bat-batean Ukrainako gerra hasi zenean, sentsazio hori areagotu zen,
eta inflazioak izugarri egin zuen gora, azken hamarkadetan ikusi
gabeko mailara igo baitzen. Testuinguru horretan, agerian geratu zen
administrazio publikoek zergen eta aurrekontuen politika oinarrizko
zerbitzu publikoetan ardaztu behar zutela (nagusiki osasunean eta
gizarte-zerbitzuetan), bai eta hezkuntzan eta ikerketan ere, egoera
horretan sortutako beharrizanei aurre egin ahal izateko.
2022ko
memoria sozioekonomikoak Euskadin erregistratutako hazkuntza
ekonomikoa islatzen du; hazkuntza horri esker, hain zuzen ere,
mantendu ahal izan da enpleguaren susperraldia (urte-amaieran,
BPGd-aren gehikuntza % 4,4koa zen, eta enpleguaren igoera % 3,1ekoa).
Alabaina, industria-sektorean galdu diren enpleguei dagokienez
EUSTATek emandako datuak aintzat hartuta, adierazi nahi dugu euskal
produkzio-sistemaren funtsezko katebegia dela, eta –% 2,8ko
okupazio-tasa izan duela 2021. urtearekin alderatuta.
Bestalde,
adierazle nagusien arabera, okupazioa igo da eta pandemia-aurreko
egoera berreskuratu ahal izan da; horrez gain, lan-erreformaren
ondoriozko urteko balantzeak erakusten du lortu dela enpleguaren
kalitatea hobetzea. Hala eta guztiz ere, oraindik ere arreta berezia
eman behar zaie iraupen luzeko langabeziari, laneratzeko zailtasun
handiagoak dituzten zenbait kolektiboren langabeziari eta enplegu
publikoaren behin-behinekotasunari. Hori dela eta, enplegura
bideratutako partida publikoak sendotu behar dira eta Europako
berreskuratze-funtsak aprobetxatu.
Egoera
demografikoari dagokionez, dokumentuan argi eta garbi azaldu da
Euskadik krisi demografiko izugarriari egin behar diola aurre.
Krisi-definizioaren lehenengo adiera aintzat hartuta erabili dut
terminoa: “zerbaiten bilakaeran gertatzen den une edo epe
larria, ondorio garrantzitsuak dakartzana”. Bilakaera
horretatik sortu da erakundearen agenda politikoan erronka
demografikoa erdigunean jartzeko beharra. EAEn hazkunde natural
negatiboa erregistratu da, migrazio-saldo positiboekin konpentsatzen
ez dena. “Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia”,
zeina 2022an onetsi baitzen, ekonomiari lotutako gaiak eta bizitzako
baldintza materialak uztartzen dituen tresna izan behar da; halaber,
aipatzekoa da bidegurutze horrek bizi-garapena ulertzeko beste modu
batzuk ere hartuko dituela barne, zeinek gure iraganarekiko haustura
soziokulturala ekarriko baitute (jada ekarri dute).
Alderdi
positiboari dagokionez, Euskadi oso ondo kokatzen da bizi-kalitateko
nazioarteko rankingetan (GGI), bai eta Europako AROPE tasaren
askotariko eremuetan nahiz Bizi-baldintzei buruzko Inkestako
adierazle gehienetan ere. Hala eta guztiz ere, 2021eko memorian
nabarmendu ziren EAEko bizi-kalitateari lotutako hainbat alderdi;
2022koan, ostera, aurreko aldiko hobekuntzarekin alderatuta,
bizi-baldintza horiek zertxobait okertu izanaren zantzuak jaso dira.
Horrenbestez, jarraipena egin behar zaie honako hauei: pobreziako edo
gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden biztanleen kopuruan egondako
igoerari, gutxienez astean bitan okela edo arraina jatea ordaindu
ezin dezaketen etxebizitzen portzentaje-gehikuntzari, eta
energia-pobretasunaren igoerari. Aldaketa horiek prezioen bilakaerari
lotuta egon daitezke, baina ez dira estatistika hutsak: gure
gizartearen alderdirik zaurgarrienaren erakusgarri dira, arreta
handiena behar duena, alegia.
Hori
dela eta, nahitaezkoa da Europako herrialde nagusietan dagoen
gizarte-babeseko sistemaren antzekoa mantentzea eta, ahal den
neurrian, sendotzea, gure gizarteak bere gain hartutako erronkei,
sortutako beharrizan berriei eta sortu daitezkeen erronka eta
errealitate berriei aurre egiteko funtsezko tresna baita.
Amaitzeko,
animatu nahi zaituztet hizpide dugun memoria irakurtzera eta
Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea osatzen duten
gizarte- eta ekonomia-eragileek identifikatu dituzten erronkak eta
egindako gogoetak ezagutzera.
Azkenik,
eskerrak eman nahi dizkiet berriz ere memoria hau egin duten Ekonomia
eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kideei eta batzordearen
zerbitzura dauden langileei, egindako esfortzuagatik eta erakutsitako
arduragatik. Horiei guztiei, mila esker bihotzez egindako lanagatik
eta izandako inplikazioagatik.
(Laburpena
eta Ondorioak)
(MSE2022_Dokumento
osoa laster egongo da eskuragarri)