Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

IRIZPENA 14/21 GARAPENERAKO LANKIDETZA-PROGRAMETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN DEKRETU-PROIEKTUARI BURUZKOA

I.- AURREKARIAK

2021eko azaroaren 18an, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEA) idazki bat sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, “Garapenerako lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu Proiektuari buruzko txostena” eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Kontsultatutako legegintza-ekimenaren xedea garapenerako lankidetza-programak finantzatzeko laguntzen araubidea arautzea da. Programa horien helburua giza garapen jasangarria sustatzea da, ikuspegi lokal eta globaletik. Ikuspegi hori elementu hauexek definitzen dute: egitura arazoei eta erronka globalei heltzea, Iparreko eta Hegoko entitateen arteko artikulazioa, eragileen eta erakundeen arteko itun zabalak eta askotarikoak eratzea, askotariko mailetako ekintza eta subjektuei laguntzea eta herritartasun globala eraikitzea.

Berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia bat Kontseiluko Osoko Bilkurako kide guztiei, proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta dagokion Lan-batzordeari helaraz ziezazkioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 2021eko abenduaren 1ean, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen, eta, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin zen, Kontseiluaren Osoko Bilkurari aurkezteko, eta aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

Garapenerako lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu Proiektuak” honako hauek ditu: zioen azalpena, hogeita hamabi artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Zioen azalpenean azaltzen denez, azken hamarkadan, garapenerako lankidetza-programen testuingurua nabarmen aldatu da. Globalizazioaren egungo fasean, krisi ekonomikoak, instituzionalak, politikoak, sozialak, humanitarioak, ekologikoak, sanitarioak, balioenak eta abar biltzen dira, izaera orokorrekoak, baina eragin bereiziak dituzte lurraldeetan, kolektiboetan eta pertsonengan. Krisi horiek tokikoaren, estatukoaren eta nazioartekoaren arteko mugak lausotzen dituzten eta garapenaren arazoak nazioartera zabaltzen dituzten aldaketa batzuei erantzuten diete, eta munduko herri eta gizarte askok partekatzen dituzten erronka global bihurtzen dira.

Hain zuzen ere, egoera horretatik proposatzen dira Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean onartutakoak. Agenda horren ezaugarri nagusiak hauexek dira: proiekzio unibertsala, Iparraren eta Hegoaren arteko binomioa gainditu nahi duena; maila anitzeko izaera, betiere tokikoa eta globala elkarren mendekoak direla eta errealitate beraren parte direla kontuan hartuta; integraltasunaren aldeko apustua: horrek berekin dakar politika sektorial desberdinak helburu komunen inguruan elkarrizketan jartzea; eta herrialde guztien arteko erantzukidetasunerako deia, agenda bera garatzeko, erantzukizun komunak baina bereiziak hartuz.

Erronka globalei hobeto erantzuteko, ezinbestekoa da berrikuntzaren ikuspegia txertatzea garapenerako lankidetzaren eremuan, eta ikuspegi hori lan-estrategietara eta diru-laguntzen tresnetara eraman behar da nahitaez.

Lan-estrategiei dagokienez, beharrezkoa da hainbat eragileren arteko elkarrizketa eta baliabide eta gaitasunen mobilizazioa indartzea, helburu partekatu baterako bidean, hala proposamen estrukturalagoak eta integralagoak egiteko, garapenaren erronkei hobeto erantzungo dietenak. Horretarako, era berean, desberdinen arteko harremanen eskema berriak sustatu behar dira, eta etengabeko esperimentaziorako eta ikaskuntzarako esparru bat eratu.

Diru-laguntzen tresnak ere aipatutako erronketara egokitu behar dira. Ildo horretan, garapenerako lankidetza-programen erregulazio berriak pobreziaren aurka borrokatzeko, egiturazko aldaketetaranzko prozesuetan laguntzeko eta analisi, proposamen eta estrategietan sakontzeko jatorrizko helburuari eusten dio, baina tokiko eta munduko ikuspegiari zentraltasun saihestezina ematen dio bere helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko orduan, eta hori, aldi berean, bere ezaugarri bihurtzen da.

Ildo horretan, garapenerako lankidetza-programetan tokiko ikuspegi globala txertatzea honako hauetara bideratuko da: egiturazko arazoei eta erronka globalei aurre egitera, Iparreko eta Hegoko erakundeen arteko koordinazioa hobetzera, askotariko eragileen arteko aliantza zabalak ezartzera, toki, estatu eta nazioarte mailan antolatutako ekintza bultzatzera eta subjektuei laguntzea eta herritartasun globala eraikitzea sustatzera.

Kontzeptu-esparrua aldatzeaz gain, araugintzako tresna berriak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu kudeaketa-sisteman, egiaztatu diren zailtasunetako batzuk konpontzeko.

Bereziki, diruz lagun daitezkeen fase desberdinak ezartzen ditu programak identifikatu eta gauzatzeko. Hortaz, gauzatzearen finantzaketa identifikazioaren ondoriozko behin betiko proposamenen balorazioaren mende dago. Era berean, arrazionalizatu egiten dira erakunde eskatzaileek deialdietan parte hartzeko bete behar dituzten administrazioaren eta gaitasunen inguruko baldintzak, eta haien egiaztapen-sistema optimizatu egiten da. Bestalde, laguntzak emateko prozeduran eta programen justifikazio- eta jarraipen-ereduan ere aldaketa batzuk egin dira, tresna hori malguagoa izan dadin eta ordainketak hobeto egokitu daitezen proposamenak egiteko erritmora.

Azkenik, programen orientazio estrategikoarekin bat etorrita, eutsi egiten zaio finantza-baliakizun handiagoaren eta gauzatzeko aldi luzeagoaren aldeko apustuari, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste tresna batzuekin alderatuta. Era berean, tokiko erakundeak indartzeko prozesuen finantzaketa berresten da, eta horiek ere erakunde eskatzaileetara heda daitezke, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari esleitutako lankidetza-eragileei laguntzeko eginkizunaren esparruan.

Azken batean, arau-aldaketa horrek lankidetza-programen helburuen lorpena indartuko du, eta, aldi berean, nazioartean identifikatutako erronka komunekin eta lehentasunezko lan-ikuspegiekin lerrokatuko ditu. Horrekin batera, indarrean dagoen araudian egindako aldaketei esker, tresnaren kudeaketa hobetu ahal izango da.

Eta, horretarako, dekretu proiektu honek honako artikulu hauek garatzen ditu:

1. art. Xedea

2. art. Garapenerako lankidetza-programen faseak

3. art. Baliabide ekonomikoak

4. art. Esleitzeko prozedura

5. art. Erakunde eskatzailearen betekizunak eta egiaztatzeko modua

6. art. Garapenerako lankidetza-programen eskakizunak

7. art. Taldeko erakundeen betekizunak, eskatzailearenak ez direnak, eta egiaztatzeko modua

8. art. Taldeko erakundeen arteko hitzarmena

9. art. Baldintzak betetzea

10. art. Deialdia

11. art. Diruz lagundu daitezkeen gastuak

12. art. Azpikontratazioa

13. art. Eskabideak aurkeztea

14. art. Erantzukizunpeko adierazpenak

15. art. Laguntzen instrukzioa eta kudeaketa

16. art. Eskabidean dauden akatsak zuzentzea

17. art. Hautaketa-batzordea

18. art. Balorazio-irizpideak

19. art. Diru-laguntzak emateko prozedura

20. art. Emateko ebazpena

21. art. Erakunde onuradunen betebeharrak

22. art. Beste laguntza batzuekin bateragarria izatea

23. art. Diru-laguntzaren ordainketa

24. art. Justifikazioa

25. art. Jarraipen-batzorde Mistoa

26. art. Abalaren salbuespena

27. art. Ondasunak diru-laguntzaren helburuekin lotzea

28. art. Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea

29. art. Ez-betetzeak

30. art. Itzultzeko prozedura

31. art. Aldaketak esku-hartzeetan

32. art. Kontrola

III.- GOGOETA OROKORRAK

Garapenerako lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu Proiektua” aurkezten zaigu kontuan har dezagun. Proiektu horren helburua da tokiko ikuspegia eta ikuspegi globala programa horien nortasun-ikurtzat kokatzea, baita aurkeztutako ekimenetan ikuspegi hori behar bezala txertatzea bermatuko duen kudeaketa-sistema bat ezartzea ere.

Horrek ez du esan nahi aurreko araudian garapenerako lankidetza-programei esleitutako helburuen aldean hausturarik dagoenik, baizik eta aurrerapen garbia sortzen duela Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak dituen beste tresna batzuekiko esleitzen zaizkien elementu bereizgarrietan eta balio erantsian, dekretu proiektuaren azalpen-memoriak dakarrenez, eta horrexegatik jotzen dugu positibotzat.

Hain zuzen ere, gure ustez, arau berriak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berak egungo programa-tresnan ikusitako ahulezia batzuk gainditzen lagunduko du; besteak beste, aldez aurreko egiaztapen-sistemaren baldintza batzuen malgutasun mugatua edo egokitzapenik eza nabarmentzen dugu, eta, aldi berean, sistemaren sendotasuna bultzatzen da, besteak beste, garapenerako hezkuntza- eta garapen-ekintzak tresna berean txertatzea.

Aurkeztu diguten dekretu proiektuaren aldaketen artean, ikuspegi lokal-globalaren zentraltasunari buruzkoa nabarmendu nahi dugu bereziki.

Dekretu proiektuaren azalpen-memorian argudiatzen den moduan, orientazio horrek zuzeneko lotura du azken hamarkadan nazioarteko testuinguruan izandako aldaketekin. Egoera honetan, hainbat krisi biltzen dira: ekonomikoak, ekologikoak, instituzionalak, politikoak, sozialak, humanitarioak, balioenak, sanitarioak, etab. Horiek guztiek dimentsio global nabarmena dute, nahiz eta herriei eta pertsonei modu oso bereizian eragiten dieten.

Egoera horretan, gero eta gutxiago balio du garapena Hegoko herrialdeen erronka esklusibotzat identifikatzeak. Izan ere, herrialde eta lurralde bakoitzak bere problematika espezifikoa duen arren, erronka global garrantzitsuak daude, eta horiei erantzun bateratua eta partekatua eman behar zaie. Era berean, ikusten da tokiko, estatuko eta nazioarteko mugen arteko bereizketa gero eta lausoagoa dela, eta maila horiek etengabe erlazionatzen direla elkarren artean, eta bateratu egin behar direla erantzun hori eraginkorra izan dadin.

Halaber, egokitzat jotzen dugu arau berriak diruz lagun daitezkeen bi fasetzat hartzea garapenerako lankidetza-programen identifikazioa eta betearazpena, eta gauzatzeko fasearen finantzaketa programen behin betiko proposamenak baloratzeko prozesu baten garapenaren baldintzapean jartzea. Hala, fase bakoitzari berariazko denbora-tarteak eman ahal izango zaizkio, eta horrek prozedura eraginkorragoa izaten lagunduko du. Hartara, egungo araudiaren arabera identifikatu, jarraipen-batzorde mistoaren deialdia egin eta ekimena abian jartzeko baimena ematen den arteko aldi baliogabeak saihestuko dira.

IV.- GOGOETA ESPEZIFIKOAK

Zioen azalpena

2. orrialdeko azken paragrafoan honela dio: “Bereziki, diruz lagun daitezkeen fase desberdinak ezartzen ditu programak identifikatzeko eta gauzatzeko, halako moldez non identifikazioaren ondoriozko behin betiko proposamenen balorazioaren mende baitago programak gauzatzearen finantzaketa”.

2007ko aurrekoa indargabetzen duen dekretu berriaren izateko arrazoia, arau-proposamenaren zioen azalpenean esaten denaren arabera, aurreko prozedura aplikatzean sortu ziren arazoei aurre egiteko diru-laguntzen mekanismoak egokitzean datza. Hala eta guztiz ere, ez da zehazten zein diren arazo horiek, eta ez da esaten zergatik diren tresna egokiak proposamenak identifikatzeko eta diru-laguntza baldintzatuak emateko mekanismo berriak planteatutako arazoak konpontzeko.

Proposamen gisa, arauen justifikazioaren formulazioan eskatzen den gardentasuna kontuan hartuta, hauxe proposatzen da: ahal den neurrian zehaztea hobekuntza horiek zeri erantzuten dioten eta zergatik uste den emandako diru-laguntzei eraginkortasun handiagoa emango dietela, aurreko sistemarekin alderatuta.

4. art. Esleitzeko prozedura

Esleitzeko prozedura arautzeko artikuluak identifikazio- eta egikaritze-faseetan emandako laguntzen gehieneko eta gutxieneko muga batzuk ezartzen ditu (40.000 € gehienez eta 600.000 eta 1.200.000 € artean, hurrenez hurren). 3.c) atalak dioenez, “fase bakoitzeko deialdiaren ebazpenean administrazio deitzaileak ekimen bakoitzeko eskatu beharreko gutxienekoa eta gehienekoa murriztu ahal izango dituela”.

Hala ere, proposamena egokia bada, komenigarritzat jotzen da Administrazioak beretzat gordetzea eskatutako kopuruen minimoa eta maximoa handitzeko aukera, jakina, aurrekontu-esparruaren barruan eta, oro har, ezarritako arau-esparruaren barruan.

Proposamen gisa, ebazpen-fasean aurkez daitezkeen egitatezko kasuekin bat etorriz, 3.c) atal honetan ere emandako gutxienekoa eta gehienekoa zabaltzeko aukera kontuan har dadila eskatzen da –aukera oso txikia izanik ere–.

5. art. Erakunde eskatzailearen betekizunak eta egiaztatzeko modua

Artikulu horren 1.4 (5) atalak ezartzen duenez, “laguntzen organo izapidegileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, dagokion foru ogasunarekiko zerga-betebeharrak betetzen direla...”.

Estiloa hobetze aldera, "behar beste aldiz" esamoldea kentzea proposatzen da. Izan ere, funsgabea da, hau da, Administrazioak ziurtatu behar du diruz laguntzen dituen erakundeen zerga-betebeharrak betetzen direla, eskura dituen metodo eta prozeduren bidez.

9. art. Baldintzak betetzea

Artikuluak dioenez, “identifikazio- eta egikaritze-faserako eskabideak aurkezten diren unean bete beharko direla laguntza hauek emateko baldintzak, ezarritako epeetan egiaztatu beharko direla eta une oro mantendu beharko direla diruz lagun daitekeen jarduketa amaitu arte”.

Artikuluak ezartzen du lortutako laguntzak baliatzeko baldintza hori nekez egiazta daitekeela diru-laguntza ematen den unean, hau da, dekretu honetan eskatutako baldintzak mantentzea diruz lagundutako jarduera amaitu arte. Era berean, ez da esaten zeintzuk diren aipatutako baldintzak galtzearen ondorioak. Agian interpretatu behar da deialdian ezarritako baldintzaren bat galtzeko unean erakunde onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli behar dituela edo, bestela, behar den finantzaketa etenda utzi behar duela izaera galtzen den unetik aurrera.

Proposamen gisa, adjudikaziodunarentzat ondorio larriak ekar ditzakeen baldintza bat izanik, proposatu egin liteke bi alderdi horiek argitzea (artikulu berean edo deialdietan bertan), hau da, ezarritako baldintza guztiak bete direla eta baldintzok betetzeari utzi zaiola noiz egiaztatu behar den.

17. art. Hautaketa-batzordea

Artikuluaren 2. atalak ezartzen duenez, “deialdiaren ebazpenetan ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira lanpostu hutsak, absentziak, gaixotasunak edo legezko beste arrazoi batek eragindako kasuetan”, baina ez da zehazten zer legez ari den.

Honako hau proposatzen dugu: 16. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eskaeran egindako akatsak zuzentzeko erreferentziazko arautzat aipatzean, Hautaketa-batzordeko kide bat ordezkatzeko aukera arautu behar duen legea zehaztea.

27. art. Ondasunak diru-laguntzaren helburuekin lotzea

Xedatu denez, “Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketarekin eskuratutako ondasun guztiak, baita horiek sortzen dituzten dibidenduak ere, formalki lotuta geratu behar direla egindako esku-hartzearen helburuekin”.

Klausularen estiloa zuzentzea proposatzen dugu, ondasunek sortutako dibidenduei (sic) buruzko puntuan. Terminologiaren ikuspegitik, ondasunek ez dute dibidendurik sortzen, fruituak baizik, eta bakar-bakarrik merkataritza-sozietate bateko akzio edo partaidetzen kasuan hitz egin genezake dibidenduez.

V.- ONDORIOA

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egoki deritzo “Garapenerako lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen Dekretu Proiektua” izapidetzeari, kontsulta-organo honek egindako gogoetak kontuan hartuta.


Bilbon, 2021eko abenduaren 9an





O.E. Presidentea

Idazkari nagusia

Emilia M. Málaga Pérez

Lorea Soldevilla Palazuelos