Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

IRIZPENA 13/21 ADIKZIOEN ETA DROGA-MENDETASUNEN GAINEKO ARRETA INTEGRALARI BURUZKO APIRILAREN 7KO 1/2016 LEGEA EZ BETETZEAGATIKO ZEHAPENAK ORDEZTEKO SISTEMA ARAUTZEN DUEN DEKRETU-PROIEKTUARI BURUZKOA

I.- AURREKARIAK

2021eko azaroaren 16an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Osasun Sailaren idazkia sartu zen, eta irizpena eskatzen zuen Adikzioen eta Droga-mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen Dekretu Proiektuari buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dekretuaren xedea da zehapenak ordezteko sistema arautzea eta 1/2016 Legeak 93. artikuluan xedatutakoa garatzeko prozedura zehaztea. Horren arabera, isunak zehatzearen ordez beste aukerako neurri-mota batzuk izan daitezke.

Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Gizarte Garapenerako Batzordea 2021eko abenduaren 1ean bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, Irizpen Proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak abenduaren 9an lan dezan. Bertan aho batez onartu da.

II.- EUDUKIA

Dekretuak azalpen zati bat, 11 artikulu eta 2 azken xedapen ditu.

Zioen azalpenaren arabera, Adikzioen eta Droga-mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak zazpigarren tituluko 93. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arau-hauste arinak edo astunak direla eta, zehapenak ezartzen direnean, horien ordez erkidegoaren onurarako lanak edo jarduerak egin daitezke edo, bestela, arau-hauslea prestatzeko, informatzeko ala tratatzeko prebentziozko programetan sar daiteke.

Bestalde, Adikzioen VI. Planak (2017/2021) 2. ardatzean (eskaintza murriztea) helburu nagusi du adikzioak sor ditzaketen substantziekiko eta jarduerekiko eskuragarritasuna mugatzea, kontsumo horren aurrean gizarte-tolerantzia murriztea eta indarreko araudia eraginkortasunez bete dadin sustatzea. Zehazki, 2.1 helburuak hizpide du “adikzioa sor dezaketen tabako, alkohol eta legezko beste substantzia batzuei dagokienez, sustapen, publizitate, salmenta, hornidura eta kontsumoarekin zerikusia duten jarduerak kontrolatzea”. Helburua, besteak beste, honako ekintzarekin gauzatuko da: “Zehapenekiko aukerako neurriak indartzea (bai legezko substantzien kasuan, bai legez kanpokoen kasuan), norberaren ekintzen ardura har dezaten sustatzeko”. (5. ekintza).

Xedapen-gorputza

I. kapituluan (xedapen orokorrak) (1.etik 3. artikulura) zehazten dira arauaren helburua, aukerako neurriak aplikatzeko ustezkoak, hau da, neurrien onuradunak, eta neurri-motak, besteak beste, erkidegoaren onurarako lanak eta prestatu, informatu edo tratatzeko prebentziozko programak.

II. kapituluan (zehapenekiko aukerako neurriak) (4.etik 7. artikulura) arautzen dira neurrien ezaugarriak, horiekin lortu nahi diren helburuak eta baliabideen eskuragarritasuna, baita erakundeen lankidetza-printzipioa ere.

III. kapituluak (8.etik 11. artikulura) ordezteko eta aukerako neurriak garatzeko prozedura xedatzen du, hau da, elkarrizketa eta egiteko plana arautzen dira.

AZKEN XEDAPENEI dagokienez, lehenengoa araudia gaitzeari buruzkoa da; bigarrena, berriz, araua indarrean jartzearen gainekoa.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Aurretiazko alderdi bat

Prozedura hasteko memorian azaldutakoari jarraikiz, 2020ko otsailaren 12an lehenengo memoria egin zen adikzioen eta droga-mendetasunen gaineko arreta integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea (EHAA, 69. zk., 2016ko apirilaren 13koa) ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen dekretua egite aldera prozedura hasteko, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeak xedatutako izapideekin bat etorriz.

Ondoren, pandemia iritsi zen, eta administrazio-epeak eten egin ziren. Gainera, aukerako neurrien eremuan lanean diharduten eragileekin ezin ziren lanerako eta eztabaidarako taldeak egin, beraz, prozeduraren hasiera atzeratzea erabaki zen.

Bizitako inguruabar bereziak kontuan hartuta, oso balorazio positiboa du prozedurari eta, bereziki, lantaldearekin aurretiazko azterketa- eta analisi-lanari berriz eustea.

Proiektuaren edukiari buruz

Gure iritziz, egokia eta aproposa da. Hala eta guztiz ere, artikuluak eta zioen azalpena bera irakurtzean atentzioa eman digu arau-hausleak borondatezko baimena ematea funtsezkoa dela dekretuan aurrez ikusten diren aukerako neurriak aplikatu ahal izateko. Hori argi gelditzen da. Ildo horretatik, bi ustezko aurrez ikusi eta arautzen dira: (i) adin nagusikoen baimen pertsonala eta (ii) guraso-ahala edo legezko ordezkaritza duenaren baimena adingabeen kasuan. Horrenbestez, dekretuak ez die adin nagusikoei aukerarik ematen, tutoretzarik zehaztu ez bada eta haien adikzio-egoera dela bide, jakinarazi osteko baimena ezin badute eman. Adin nagusikoetan droga-mendekotasun ugari datorkigu burura, non tutoretzarik zehaztuta ez duten eta beren adikzio zehatzarengatik haien gaitasuna urrituta dagoen.

Gogorra egiten zaigu talde horri dekretuak ematen duen aukera ukatzea, are gehiago, aukerako neurri bat tratamenduaren programa aplikatzea denean. Kasu horietan, agian, baimen hori emateko, adibidez, gizarte zerbitzuek esku hartzea aurrez ikus daiteke.

Aipatutakoak gutxienez hausnarketa egiteko eskatzen duelakoan gaude. Baliteke egina egotea, eta azkenean bestelako arrazoiak direla eta ez sartzea.

Finantzaketari dagokionez

Memoria ekonomikoan azaltzen den bezala, adikzioen prebentzio-eredua erkidego-eredua da, eta erkidegoan dauden baliabideak erabili nahi ditu esku-hartzearen azken hartzaileetara iritsi ahal izateko. Eredu horretan funtsezko zeregina dute udalek eta mankomunitateek. Pertsonekiko hurbilak dira, eta tokiko planak abian jar ditzakete, baita udal-talde teknikoak antolatu ere erkidegoan adikzioak prebenitzeko. Horiek abiapuntutzat hartuta, pertsonaren eta familien ingurune hurbilenak aktibatzen dituzte, proposatutako esku-hartzeetan inplikazioa eta partaidetza lortzen saiatzeko. Gainera, ez ditugu ahaztu behar hirugarren sektoreko erakundeek edo pribatuek prebenitzeko eta arriskuak nahiz kalteak murrizteko egindako proiektuak.

Tokian udalekin eta mankomunitateekin koordinatuta garatzen den esku-hartze eredu hori bi mekanismoren bitartez gauzatuko da:

  1. Adikzioen arloan Osasun Sailaren laguntza-agindua. Horren bidez, bultzatzen dira erkidego-prebentziorako udal-talde teknikoak sortzea eta mantentzea eta tokiko erakundeen erkidegoko prebentzio-programak garatzea.

  • Adikzioen plana duten tokiko erakundeetan talde teknikoak sortu eta mantentzeko laguntzen ildoan urtero 33 eta 36 udal eta mankomunitatek parte hartzen dute. 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan laguntza-ildo honetarako 1.174.135 euro esleitu dira. 2017az gero zenbateko bera mantendu da.

Gaur egun 33 udal-talde teknikok osatutako sarea dago, eta EAEko populazioaren % 80 hartzen du. Talde horiek urtero gutxi gorabehera 200 prebentzio-proiektu garatzen dituzte. Horietan, hain zuzen, arau-hausleak aukerako neurriak garatu ahalko lituzke, programa eta egitura berriak bultzatu gabe. Izan ere, EAEko zenbait udalerrik haien ordenantzetan alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoekin zerikusia duten zehapenak ordeztu edo eteteko aukera aurrez ikusten dute, eta, beraz, aukerako neurriei buruzko programak dituzte. Horien artean daude hurrengo udalerri hauek: Elgoibar, Portugalete, Barakaldo, Bilbo, Galdakao eta Donostia.

  • Adikzioen erkidegoko prebentzio-programak, baita jokabide osasungarriak sustatzen dituztenak ere garatzeko laguntzen kapituluan, ohiz 43 eta 45 tokiko erakundek eskatzen dituzte laguntzak. 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan laguntza-ildo honetarako 561.765 euro esleitu dira. 2017az gero zenbateko bera mantendu da.

Tokiko erakundeen baliabide eta programez gain, Osasun Sailak adikzioen arloan laguntza-aginduaren bitartez bultzatzen ditu hirugarren sektoreko erakundeek arriskuak eta kalteak murriztu eta prebenitzeko egiten dituzten proiektuak. 2021eko ekitaldiko aurrekontuetan laguntza-ildo honetarako 1.118.500 euro esleitu dira. 2020ko zenbateko bera mantendu da.

  1. Eusko Jaurlaritzak zuzeneko kontratazioaren bidez prebentzio-zerbitzuak ematea.

Eusko Jaurlaritzak gazteenentzako zenbait programa lehian jartzen ditu, batez ere, hezkuntzan eta jaietan nahiz aisialdian adikzioen prebentzioa indartu eta suspertzeko. Halaber, erkidegoaren eremuan, sentsibilizazio-kanpainak egiten dira herritarrentzat orokorrean. 2021eko ekitaldirako aurrekontuetan kontratu horietarako 330.872 euro esleitu dira.

Azaldutakoaren arabera, memoria teknikoaren edukiarekin bat etorriz, dekretu-proiektua indarrean jartzen denean EAEko Administrazioari ez dio gastu osagarririk sortuko, beraz, ekintzen finantzaketari dagokionez arauaren gure balorazioa positiboa da.


IV.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren ustez egokia da adikzioen eta droga-mendetasunen gaineko arreta integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legea ez betetzeagatiko zehapenak ordezteko sistema arautzen duen Dekretu Proiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetak kontuan hartuta.


Bilbon, 2021eko abenduaren 9an


O.E. Presidentea

Idazkari nagusia

Emilia M. Málaga Pérez

Lorea Soldevilla Palazuelos