Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

9/21 IRIZPENA KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN ESTATUTUARI BURUZKO LEGEAREN AURREPROIEKTUA

I.- AURREKARIAK

2021eko irailaren 1ean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren idazkia sartu zen. Horren bidez, txostena eskatzen zuen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen Aurreproiektuari buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lege-aurreproiektua Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egin du, Gernikako Estatutuak 10.28 artikuluan esleitzen dizkion eskumenetan oinarrituta. Horri jarraikiz, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzearen arloan eskumen esklusiboa du, prezioen politika orokorra, Estatuko lurraldean ondasunen zirkulazio askea eta lehia defendatzeko legeria gorabehera.Diziplina askoko arloa denez, eremuan berariazko zenbait eskumen-titulu elkartzen dira, ekonomiaren nahiz osasunaren plangintza orokorra eta eskubideak erabiltzean nahiz eskakizunak betetzean berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzetarako oinarriak eman eta koordinatzeko Estatuaren eskumena barne. Aurreproiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestu, defendatu eta sustatzeko modua arautzea. Hala, egungo arauketa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak xedatutakoa, ordezkatuko du, eta, ondorioz, indargabetuko da.Era berean, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua indargabetuko da.

Irailaren 1ean lege-aurreproiektua Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzorde egokiari, hau da, Gizarte Garapeneko Batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudiak xedatutakoaren babesean. Gizarte Garapeneko Batzordea lan-saioan irailaren 24an bildu zen irizpen-aurreproiektuaren proposamena eztabaidatzeko eta irizpen-proiektua egitea erabaki zuen. Nolanahi ere, Euskadiko EGABren Osoko Bilkurak 2021eko urriaren 1ean landu eta aho batez onartu zuen.

II.- EDUKIA

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen Aurreproiektuari dagokion testuak zioen azalpena, 7 titulutan banatuta 158 artikulu, 3 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.

Zioen azalpenak, hasteko, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuari buruzko arauketa berrirako arrazoiak ematen ditu. Kontsumitzailearen arloan eskubideen babesa nabarmenki aldatu da, jarduketaren errealitate soziala aldatu delako eta azkeneko 15 urteetan legedia modu garrantzitsuan zabaldu delako, batik bat, Europako Batasunean. Halaber, Estatuko esparru arauemailea aldatu da, eta Erkidegoko kontsumo-araudia hartan txertatuta dago. Barne antolaketari eutsiz, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortu da, lehen kontsumoaren arloan Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari zegozkion eskumenak eta funtzioak orokorrean bere gain hartzeko.

Printzipioei dagokienez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea da gizarte- eta ekonomia-politikaren printzipio gidarietako bat, baina horrek esparru juridiko egokia eskatzen du, segurtasuna, osasuna eta legezko interes ekonomikoak bermatzeko. Ildo horretatik, arreta berezia jarriko zaie informazioari eta hezkuntzari. Gainera, Espainiako Konstituzioak xedatutakoaren babesean, botere publiko guztien betebeharra da estatuan, erkidegoan eta tokian.

Ondoren, arauketa berriak lantzen dituen alderdirik berrienak zehazten dira, lege berriaren edukian zehar ibilbide arina egiteaz gain.

Xedapen-gorputza

Lege-aurreproiektuaren xedapen-gorputzak hurrengo xedapenak ditu:

I. TITULUA - XEDAPEN OROKORRAK (1-3 art.)II. TITULUA.– EUSKADIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ESKUMENAK (4-11 art.)
I. kapitulua.- Administrazioen eskumenak
II. kapitulua.- Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea
III. TITULUA.- KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK (12-81 art.)
I. kapitulua.- Xedapen orokorrak
II. kapitulua.- Osasunari eta segurtasunari eragiten dizkioten arriskuen aurrean babesteko eskubidea
III. kapitulua.- Ekonomia- eta gizarte-interesak babesteko eskubidea
IV. kapitulua.- Kaltea erreparatzeko eskubidea
V kapitulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informatzeko eskubidea
VI. kapitulua.- Kontsumoaren arloan hezi eta prestatzeko eskubidea
VII. kapitulua.- Ordezkatzeko, parte hartzeko eta kontsultatzeko eskubidea
VIII. kapitulua- Hizkuntza-eskubideak
I. kapitulua.- Xedapen orokorrak
II. kapitulua.- Kexak, erreklamazioak eta salaketak izapidetzea
III. kapitulua.- Bitartekaritza
IV. kapitulua.- Arbitrajea
V. TITULUA.- ZAINDU ETA KONTROLATZEKO ADMINISTRAZIO-JARDUKETAK (94-110 art.)
I. kapitulua.- Neurri orokorrak
II. kapitulua.- Behin-behineko neurriak arriskuaren kasuan
III. kapitulua.- Laginak hartu eta analisia egitea
VI. TITULUA.- KONTSUMOKO IKUSKAPENA (111-123 art.)
VII. TITULUA. ZEHATZEKO GAITASUNA (124-158 art.)
I. kapitulua.- Xedapen orokorrak
II. kapitulua.- Arau-hausteak tipifikatzea
III. kapitulua.- Arau-hausteak kalifikatzea
IV. kapitulua.- Zehapenak
V. kapitulua.- Arau-hausteengatik erantzukizuna
VI. kapitulua.- Preskripzioa eta iraungitzea
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengo xedapen iragankorra
Bigarren xedapen iragankorra
Hirugarren xedapen iragankorra
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
AZKEN XEDAPENA



III.- GOGOETA OROKORRAK

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen Aurreproiektua Batzordeak aztertuko du. Bere helburua da Euskadiko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestu, defendatu eta sustatzea. Legezko testu berria arloan egungo araudi arauemailea (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legea) ordezkatzeko da. Horrenbestez, lege berria onestean indargabetuko da.

Aurreproiektuko zioen azalpenak lege testu berria egitea justifikatzen du. Kontsumoko eskubideak babesteari buruzko ikuspegia nabarmenki aldatu da, batetik, araudiak jarduteko errealitate soziala aldatu delako, eta, bestetik, azkeneko urteetan esparru juridikoa asko zabaldu delako, batez ere, Europako Batasunean.

Egun indarrean dagoen legearen eta aztergai dugun lege-aurreproiektuaren artean 18 urteko tartea dago, eta esparru arauemaileak nahiz kontsumoko jardunek aldaketa sakonak izan dituzte.

Legediari eutsiz, kontsumoaren arloan erkidegoaren arautegia asko ugaritu da, aldaketa arauemaile garrantzitsuetara iristeko. Arautegiak denboran zehar bilakaera nabarmena izan du, eta zenbait lege-bultzadaren arabera garatu da. Hasieran, egoera prekarioan egin zen kontsumitzaileen eskubideen alderdi zehatzak bateratzeko eta barne merkatua egiteko laguntza-politika gisa. Gero, berezko politikarantz jo da, izandako aldaketetatik abiatuta, oso sendo errotuta eta sartuta tratatuetan, nagusiki, Amsterdam eta Lisboako Tratatuetan (1997. eta 2007. urtekoak, hurrenez hurren). Horren ondorioz, azken urteotan kontsumoko arau ugari eman dira, hainbat sektore arautzeko eta ukitutako eskubideak egiaz eta eraginkortasunez gauzatzeari begira babes-mekanismoak zehazteko.

Era berean, erreferentziazko esparru arauemailea aldatu da, egungo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuaren indarraldian Estatuan arautegia aldatu baita. Testuinguru honetan bidezkoa da azpimarratzea azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, kontsumitzaileak defendatzeko lege orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten duena, egin zela. Horrek Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeko uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorra eta arloan Erkidegoko zuzentarauen transposizio-arauak bateratu zituen. Hala, oinarrizko esparru arauemailea zehaztu zen, eta Estatuko eskumen esklusiboen babesean xedapenak eman ziren. Beraz, Erkidegoaren araudia haien mende dago. Horregatik, zalantzak daude ea aurreproiektu honetan zehaztutako arauketa batzuek oinarrizko eta Europako esparru arauemailearen mugak ez ote dituzten gainditzen honako arlo hauetan: kontsumoa, prozesua, eremu zibila eta administratiboa. Adibide modura, 40, 43, 62, 101, 103, 125, 148, 151, 153, 154, 157 artikuluak aipa daitezke, hortaz, gomendatzen dugu ildo horretatik testua birpasatzea.

Kontsumoko jardunak azken urte hauetan izandako bilakaeraren garrantziari dagokionez, nahikoa da ikustea pandemiak azken 18 hilabeteotan kontsumoko ereduetan izan duen eragina, eraldaketak zein azkar eta biziki gertatzen diren antzemateko. Gainera, asko gelditzeko etorri dira, ekarri zituzten inguruabar puntualetatik haratago.

Kontsumoko harremanetan teknologiaren eta digitalizazioaren aurrerapen errukigabeak, merkatuen konfigurazioak, merkataritza-banaketarako moduen eraldaketek, kontratazioak, ordainketa-moduek, kredituaren garapenak eta elementu berrien zerrenda luzeak aukera berriak ematen dituzte, arazo eta erronka berriekin batera, bereziki gizarteko kide kalteberenei erreparatzen badiegu. Horrenbestez, kontsumitzailearen babes- eta defentsa-politikak adi egon beharko du eta modurik eraginkorrenean erantzun ere bai.

Kontsumo arduratsu, jasangarri eta ingurumenarekiko errespetua dakarten joera berrienetarantz kontsumitzailearen sentikortasunak eskatzen du kontsumoko politika balio eta printzipio berriekin konprometitzeko eta arautegian isla izateko.

Gure iritziz, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestu eta defendatzeko arautegi berria gauzatzeari begira, Eusko Jaurlaritzaren ekimen legegilea egokia eta beharrezkoa da, bai hura erreferentziazko esparru arauemaile berriari egokitzeko, bai denboran kontsumitzeko moduetan eta kontsumoa antzematean izandako aldaketei erantzuteko. Ildo horri eutsiz, Euskadiko kontsumoko harremanetan operadoreei eta subjektuei arautegia eman behar zaie ezin hobeki lerrokatuta, batetik, Europan nagusi denarekiko eta, bestetik, merkatuko errealitate berrietara eta kontsumoko sentikortasun eta joera berrietara egokitutako formulazio juridikoekiko.

Dena den, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuari buruzko legezko testu berria egiteko ekimen legegilea positiboki baloratu arren, egokitzat jotzen dugu bere edukiaren inguruan ondoren aipatzen diren zenbait berariazko gogoeta gauzatzea.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

3. artikulua.- Definizioak

h) atalean interes orokorra duten oinarrizko zerbitzuak definitzen dira. Gure ustez, telefoniako zerbitzuak ere sartu behar dira.

3 h) artikulua:Interes orokorra duten oinarrizko zerbitzuak: ur, gas eta elektrizitatearen hornidura; telefonia zerbitzuak; finantzarioak eta aseguruenak; posta-zerbitzuak; aireko, treneko eta errepideko garraioa; osasunaren babesa; saneamendua eta hondakinak; baita legez zehaztutako gainerakoak ere.

q) atalean lege berriari begira erreklamaziotzat jotzen dena definitzen da. Gure iritziz, xedapen honek aurrez ikusten duen erreklamazioaren definizioak ez du kontuan hartzen kontsumitzaileen elkarteen zeregina erreklamazioak jartzeko orduan, eta bere isla izan beharko luke aurreproiektuak ematen duen “erreklamazioaren” definizioan. 85. artikuluak berak berariaz dio “kontsumitzaileek eta erabiltzaileek, zuzenean edo ordezkatzen dituzten elkarteen bitartez, kontsumoaren arloan administrazioari kexak, erreklamazioak eta salaketak helarazteko eskubidea dutela”.

10. artikulua.- Funtzioak

Ondoren, 10. artikuluan Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen funtzioen zerrenda idaztean, zenbait proposamen planteatzen ditugu:

a) atalean Batzordeari xedapen arauemaileen proiektuak eztabaidatu eta aztertzearen funtzioa ematen zaionean, proposatzen da zehaztea “horretarako, azterlan eta txostenak egin beharko dituela”.

  1. Legea garatzeko ematen diren xedapen orokorren proiektuei eta, oro har, xedapen arauemaileei buruz eztabaidatu eta aztertzea eta, horretarako, azterlanak eta txostenak egitea, baldin eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide eta interesei eragiten badizkiete.

b) atalean bi gai planteatzen ditugu:

  • Lehenengoa.Zehaztuko da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak ordezkatuta egon behar duten organo eta organismoetan parte hartzeko proposatutako elkarteak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak direla.

  • Bigarrena.Idazkera hobetu behar da, egungo formulazioarekin hainbat arrazoirengatik xedapenak nahastea sortzen baitu. Batetik, egungo idazkeraren arabera, itxuraz, ondoriozta baitateke kooperatibak bakarrik konfederazioetan sartuta egon daitezkeela, baina arrazoizkoa da pentsatzea beste erakunde mota batzuetan ere sartuta egon daitezkeela. Horrenbestez, idazkera aldatzea komeni da, “edo horietako edozeinetan sartutako kooperatibak” adierazteko. Halaber, araua irakurriz gero, honako galdera dator gogora: zergatik erakunde batean sartuta dagoen kooperatibak lehentasuna izan behar duen Kontsulta Batzordean postu bat hartzeko.

Gure iritziz, arauak dituen idazkera- eta ulermen-arazoak konpon daitezke aipatu berri dugun “federazioak, konfederazioak edo horietan sartutako kooperatibak” zehaztapen nahasgarria kenduta. Horren ordez bidezkoa da testuaren 60. artikulura bidaltzea, lege berri honetarako, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen kontzeptua definitzen baitu.60. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, kontzeptu horretan sartzen dira “…irabazi-asmorik gabeko erakundeak, elkarteei buruzko legediaren babesean sortutakoak, baita federazioak eta konfederazioak ere, haien helburua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak babestu eta defendatzea bada; halaber, multzoan daude kooperatiben legediarekin bat, kontsumitzaileek sortutako erakundeak, beren helburuen artean halabeharrez bazkideen hezkuntza eta prestakuntza badago...”.

11. artikuluan kontsumoaren arloan kide anitzeko organoaren (Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea) osaera eta funtzionamendua arautzen dira, eta, dirudienez, ildo horri eutsi zaio, “kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak” baino ez baititu adierazten, federazio, konfederazio eta kooperatibei aipamenik egin gabe.

  1. Proposatzen dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak (federazioak, konfederazioak edo horietan sartutako kooperatibak), 60. artikuluan definitutakoaren antzera, Erkidegoko kide anitzeko organoetan, erakunde eta entitate publiko edo pribatuetan parte hartzeko, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek ordezkatuta egon behar badute.

c) atalean iradoki dugu kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeko proposamen interesgarriek, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak dituen funtzioen esparruan formulatutakoek, proposamen arauemaileen edo jarduketa ala esku-hartzearen proposamenaren forma hartu ahal izatea. Hori zehaztu beharko litzateke.

  1. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeko interesgarritzat jotzen diren proposamen arauemaileak edo jarduketa ala esku-hartzearen ingurukoak formulatzea eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari aholkuak ematea.

12. artikulua.Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak

12. artikuluak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak xedatzen ditu. c) atalak “ondasunak edo zerbitzuak erosi ala erabiltzeagatik izandako kaltea erreparatzeko” eskubidea du hizpide.



Gure ustez, ezinbestekoa da zehaztasun bat indarreko legediari eskubide horren onespena egokitzeko, kaltea erreparatzea bidezkoa izan baitaiteke ala ez gaiaren inguruan legediak aurrez ikusitakoaren arabera.

Hortaz, hurrengo hau gehitzea proposatzen da:

c) Ondasunak edo zerbitzuak erosi edo erabiltzearen ondorioz izandako kaltea indarreko legediarekin bat etorriz erreparatzea.

13. artikulua.Babes bereziko eskubideak

Xedapen honen arabera, egoera zehatzetan botere publikoen jardunean lehentasunez kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak babestu dira, eta helburu hori lortzeko zenbait ustezko aurrez ikusten ditu arreta berezia jartzeko.

Testuinguru honetan, legegileari honako hauek eranstea proposatzen diogu:

d) atalean bereziki erreparatzea farmazia-produktuen eta sendagaien etiketari, informazioari, publizitateari, konposizioari eta kalitateari.

d) Elikagaien, farmazia-produktuen eta sendagaien etiketa, informazioa, publizitatea, konposizioa eta kalitatea.

f) atalean hurrengo hau eranstea:“kontsumoko harremanak interes orokorreko beste oinarrizko zerbitzu batzuetan”.

f) Kontsumoko harremanak telefoniako eta interneteko zerbitzuetan, komunikazio elektronikoko beste zerbitzu batzuetan, urrunetik eta merkataritza-establezimenduetatik kanpo egindako kontratuak eta finantzen eremuan kontsumitzaileak eta erabiltzaileak lotzen dituztenak, baita kontsumoko harremanak interes orokorreko beste oinarrizko zerbitzu batzuekin ere.

19. artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erantzukizuna

Xedapen honi jarraikiz, kontsumoaren arloan botere publikoen jarduketak, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arauaren babesean onartzen zaizkien eskubideak babestu eta defendatzeaz gain, haiei dagozkien erantzukizunak onartzera bideratuko dira. Xede horrez, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek erantzukizunak onartzeko bereziki bost egoera aipatzen dira.Gaiari eutsiz, Batzordeak beste atal bat eranstea proposatzen du, erantzukizuna onartzeko egoera berria aurrez ikuste aldera, zuzenean lege-testu berriak aipatzen duen kontsumo arduratsuaren printzipioari lotuta. Helburua da produktuak, ondasunak eta zerbitzuak erosi aurretik ezaugarriei buruz haztatu eta hausnarketa egitea.

21. artikulua.- Arriskuei buruz jakinarazteko betekizuna

Aurreproiektuaren II. kapituluak osasun eta segurtasunari eragiten dizkioten arriskuen aurrean babesteko eskubidea aipatzen du. Zehazki, kapitulu honen 21. artikuluak arriskuen berri emateko eskakizuna du hizpide. Beharrezkotzat jotzen dugu artikulu honetan aipamen berezia sartzea fabrikatzaileen, inportatzaileen eta hornitzaileen betekizunei dagokienez, Laneko Prebentzioari eta Arriskuei buruzko Legearen 41. artikulua bete dadin zaintzeko1. Lanean erabiltzen diren makina, ekipo, lan-tresna, produktu eta substantzia kimikoen hornitzaileek, beste betekizun batzuen artean, honako hauek dituzte: langilearentzat arrisku-iturri ez direla ziurtatzea, horiek segurtasun-baldintzetan kontserbatu eta manipulatzeko ontziratu eta etiketatzea eta informazioa ematea, batetik, behar bezala erabiltzeko eta, bestetik, ohizko moduan edo modu desegokian erabiliz gero, lan-arriskuak adierazteko. Gure iritziz, aipamen hori bidezkoa da enpresak langileek manipula ditzaketen elementuen balizko erosleak baitira.

21. artikulua: Ondasun eta zerbitzuen enpresa ekoizleek eta hornitzaileek, bitarteko egokiez baliaturik, beren jardueren barruan, aurretiaz informazioa eskuratuko dute ondasunak edo zerbitzuak erabiltzean izan ditzaketen arriskuei buruz, indarreko araudiak eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

24. artikulua.- Ondasun eta zerbitzuen adostasuna

Bigarren ataleko c) letran bi gogoeta planteatzen ditugu:

Xedapenak ondasunen pisuan eta neurrian zehaztasuna ardazten du kontsumitzaile eta erabiltzaileen “eskubide” gisa; legediak eta, zehazki, azaroaren 3ko 1801/2008 Errege Dekretuak, ontziratutako produktuetarako kopuru nominalei eta edukiaren kontrolari buruzko arauak xedatzen dituenak, ordea, arlo horretan tolerantzia onesten du, eta uzten du pisua % 100ekin bat ez etortzea. Beraz, gure iritziz, atala aldatu behar da, aurreproiektuak aipatzen duen ondasunen pisu eta neurri zehatza ezagutzeko eskubidearen ordez, ondasunen pisu eta neurri zuzenak ezagutzeko eskubidea sartze aldera.

Bestalde, egokia da “zerbitzuen hornidura zuzena” adierazpenaren ordez “zerbitzuak behar bezala ematea” adierazpena erabiltzea.

24.2c) art.: (Ondasunen eta horniduraren pisuan eta neurrian zehaztasuna) Ondasunen pisu eta neurri zuzenak ezagutzea eta zerbitzuak behar bezala ematea.

25. artikulua.- Kontsumo-harremana justifikatzeko dokumentua

Xedapen honek nabarmentzen du kontsumitzaileek eta erabiltzaileek faktura jasotzeko duten eskubidea, hain zuzen, faktura egitearen eskakizunari lotutakoa. Halaber, horretan azaldu behar diren ezinbesteko zenbait elementu adierazten dira. Ordenamendu juridikoak eskatzen dituen elementuak bete behar direla azpimarratzeaz gain, iradoki dugu azken prezio osoaren adierazpena zehaztea, aplikatutako zerga-kuota eta zerga-tasa banatuta adierazten direla sartzeko.

25. art.: Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek faktura edo kontsumo-harremana egiaztatzen duen bestelako dokumentua jasotzeko eskubidea dute, eta agertuko dira enpresaren identifikazioa, eragiketaren oinarrizko baldintzak, kontratatutako ondasuna edo zerbitzua, data eta azken prezio osoa, aplikatutako zerga-kuota eta zerga-tasa bereizita, legedi aplikagarriak eskatzen dituen gainerako elementuez gain.

Betebeharrak gorabehera, legegileari ohartarazi nahi diogu salmenta automatikoak arlo horretan planteatzen dituen zailtasunez, horrenbestez, epe iragankorra behar da halako salmentetan nahasia dagoen makineria egokitzeko eta tiketak legezko zehaztapen guztiekin bat emateko. Ildo horri eutsiz, oso egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu aurreproiektuan aurrez ikusitako xedapen iragankorra.

31. artikulua.- Ondasunak eta zerbitzuak diskriminaziorik gabe lortzea

Xedapenari zerbait gehitzea proposatzen dugu honako hau zehazteko: enpresek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskeei erantzun behar dizkietela, baldin eta eskeek enpresaren jardueraren beraren zerbitzuak ematearekin zerikusia badute.

31. art.: Ondasunak hornitu eta zerbitzuak ematen dituzten enpresek, enpresaren jardueraren berezko zerbitzuak emateari dagokionez, nahitaez erantzungo dizkiete kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskeei aukera dutenean; hala, nazionalitatea edo bizilekua ala beste arrazoi pertsonal bat dela eta, edozein diskriminazio-modu debekatuta dago, lortzeko baldintzetan aldea zuzenean irizpide objektiboekin justifikatzea gorabehera.

32. artikulua.- Generoaren arabera prezioen diskriminaziorik eza

32. artikuluak xedatutakoaren arabera, produktu edo zerbitzuei ezingo zaizkie prezio desberdinak jarri, bereizgarri bakarra hartzailearen generoa bada. Xedapen honetan balioztatu eta partekatzen dugu legegilearen ahalegina emakumeen eta gizonen arteko berdintasunera iristeko. Hala eta guztiz ere, gure ustez formulazioak aldaketak behar ditu, egungoaren arabera, genero bat edo bestearentzako produktuek edo zerbitzuek alde nabarmena izan baitezakete prezio desberdina jartzeko. Ildo horri jarraikiz, adibidez, alkandora eta blusa ez dira bakarrik hartzailearen generoaren arabera desberdindutako produktuak; produktu desberdinak dira.

35. artikulua.- Enpresetan bezeroei arreta emateko zerbitzuak

35. artikuluak 2. atalean xedatutakoaren arabera, enpresek eta profesionalek “interes orokorreko oinarrizko zerbitzutzat” jotzen dituzten zerbitzuak ematen badituzte, zerbitzuak “interes orokorreko oinarrizko zerbitzuen” kategorian sartzen ez diren zerbitzuak eskaintzean, bezeroei arreta-zerbitzu osagarriak eman beharko dizkiete.

Ez da argi bereizten zer zerbitzu aipatzen dituen. Aurreko artikuluan (34. artikulua) aipatzen diren “interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak” (interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak, ohiko etxebizitzan ematen direnak) dira? Edo 3. artikuluan definitutako zerbitzuak? Adibidez, elektrizitatearen, gasaren horniduraz edo farmaziako bulegoez ari gara? Zehatz-mehatz ezagutu behar da zer “interes orokorreko oinarrizko zerbitzu” aipatzen diren, horrek “interes orokorreko oinarrizkotzat” jotzen ez diren zerbitzuekiko betebehar erantsiak baititu. Ildo horri eutsiz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei dagokienez, 79. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, “interes orokorreko oinarrizko zerbitzuak” ematen dituzten erakundeek elebitasunaren eremuan erakunde publikoei atxikitako eskakizunak bete beharko dituzte, besteak beste, errotuluak, oharrak eta komunikazioak orokorrean jendearentzat, eskaintzak, sustapenak eta publizitatea, inprimakiak eta atxikipen-kontratuak.

Betebehar osagarria izateaz gain, betetzeak berariazko zailtasunak ekar ditzake “interes orokorreko oinarrizko zerbitzuetarako” betebeharrek eragindako sektoreen arabera. Ezinbestekoa da alderdi horiek gehiago zehaztea eta argitzea.

Gure iritziz, 4. atalean idazkera zalantzazkoa da bezeroei arreta emateko zerbitzuetarako langileen irismenari dagokionez. Horiek prestakuntza egiaztagarria izan behar dute kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzearen arloan. Betebehar hori bezeroen arretarako zerbitzuan lehen lerroan dauden pertsonentzat justifikatzen da, eta testuan hala azpimarratzea proposatzen dugu, argi eta garbi gelditzeko, eta prestakuntzaren behar hori langile guztientzat dela ez interpretatzeko.

45. artikulua.- Prezioei buruzko informazioa

Lehenengoa.Xedapena irakurri ondoren, ondoriozta daiteke ezinbestez eman behar dela merkataritza-establezimenduetan ondasunen prezioa modu ulergarrian eta informazio osagarririk eskatu gabe. Erakusleihoan dauden produktuei dagokienez, bereziki, kanpoaldetik ikusgai izango da, establezimenduan sartu gabe. Gure ustez, egokia da legegileari ohartaraztea betebehar hori orokorrean eta salbuespenik gabe formulatzen dela. Gure iritziz, egokia izan daiteke artikulu-mota zehatzetarako, baina ez sektore guztietan aplikatzeko. Horregatik, gomendatzen dugu arauan salbuespenen aukera aurrez ikustea egokia ez den sektoreetarako.

Bigarrena.Iragarritakoa baino prezio garestiagoa kobratu edo eskatzea bidezkoa ez den salbuespenen artean iradoki dugu sartzea produktu edo zerbitzuen eskaintzaileak akats nabarmena egiaztatu izana.

45.4. art.: Ez da bidezkoa iragarritakoa baino prezio garestiagoa eskatu edo kobratzea. Produktu edo zerbitzu bererako iragarritako prezioak bat ez datozenean, bakarrik txikiena eska daiteke, kontsumitzailearen edo erabiltzailearen akats nabarmena edo fede gaiztoa ala produktu edo zerbitzuen eskaintzailearen akats adierazgarria egiaztatzen direnean izan ezik.

49. artikulua.- Jarduketa-motak

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak eta udalek gauzatu behar dituzten jarduketen artean, d) atalean komunikabide, feria eta beste adierazpen publiko batzuetan kontsumoari buruzko dibulgazio-eremuak sustatzearen jarduketa dago. Lege-aurreproiektuaren filosofiarekin eta kontsumoko joera berriekin bat etortzeko, kontsumo arduratsuaren inguruko aipamena sartzea proposatzen dugu.

d) Komunikabideetan, ferietan eta beste azalpen publiko batzuetan kontsumo eta kontsumo arduratsuari buruzko dibulgazio-eremuak sustatzea.

Kontsumobidek eta udalek gauzatu behar dituzten jarduketa-motetan jarduketa osagarria gehitzea proposatzen dugu: planteatutako erreklamazioen kopurua hedatzea, baita ukitutako sektoreak eta kontuan hartutakoak adieraztea ere. Hedapena botere publikoek beren jardunean izan behar duten gardentasun-arrazoietan oinarrituta justifikatzen da, eta kontsumoko erreklamazioen bolumenaren inguruan helburu estatistikoa du.

h) Jarduketa publikoaren gardentasuna sustatzeko, helburu estatistikoekin, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak planteatutako erreklamazio guztiak hedatuko ditu, bai aurkeztutakoak, baita kontuan hartutakoak ere, eta arrazoiak nahiz ukitutako sektoreak jakinaraziko ditu.

50. artikulua.- Erreklamazioak hedatzea

Erreklamazioak hedatzeari buruzko 50. artikuluak duen formulazioa kontuan hartuta, izaera desberdineko zenbait aldaketa proposatzen ditugu:

  • Testua “Bidezkoa denean” hasi ordez, “Beharrezkoa denean” jartzea proposatzen da.Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna arriskuan egon daitezkeenean, nahasitako erreklamazioak hedatzean ez zaio bidezkotasunaren irizpideari erreparatuko, beharraren irizpideari baizik.

  • Halaber, proposatzen dugu erreklamazioen hedapena aukerakoa izan ordez, nahitaezkoa izatearen bidez erreklamazioak hedatzeko edukia indartzea. Horretarako, idazkera aldatuko da, eta hedatu behar den informazioa zabalduko da. Erreklamazioen emaitzak adieraziko dira, eta azpimarratuko da hedapenak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ondorengo erreklamazio hauek hartuko dituela: osasuna, segurtasuna edo ekonomia- eta gizarte-interesak ala informaziorako eskubidea.

50. art.: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna, segurtasuna edo ekonomia- eta gizarte-interesak ala haiek informatzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoa denean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak planteatutako erreklamazioei (eman diezaieke) emango die hedapena ildo hauetatik: arrazoiak, erreklamazioaren xede diren enpresak eta ukitutako sektoreak, baita erreklamazioen emaitzak ere, betiere datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatuta, arloan aplikagarria den legediaren ondoriozko baldintzetan.

56. artikulua.- Hezkuntza- eta prestakuntza-jarduketen helburuak

Xedapen honi eutsiz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hezkuntza eta prestakuntza bideratzeko helburuak gehitu behar dira, kontsumoaren arloan honako hauekin zerikusia dutenak sartzeko: ingurumena errespetatzea, elikagaien zarrastelkeria saihestea, jasangarritasuna, erantzukizun soziala, kontsumo jasangarrirantz kontsumoko ondasunen ekonomia zirkularra sustatzea eta pertsona kalteberenak bankuen digitalizaziora eta ordainketa-modu berrietara hurbiltzea. Aurreproiektu berriaren eta 17. artikuluak aldarrikatzen duen kontsumo arduratsuaren printzipioaren arabera, helburu horiek guztiak bat datoz kontsumitzaile kalteberenen eskubideak babesterantz botere publikoek duten orientazio nagusiarekin.

56.1 artikulua: kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hezkuntza eta prestakuntza honako helburu hauek lortzeko da:

  1. Kontsumoko jarraibideak kontsumo arduratsuaren eta ingurumena errespetatzen duen printzipiora egokitzea, arrazionaltasunaren irizpideetan oinarrituta. Hala, elikagaien zarrastelkeria saihestuko da, eta jasangarritasuna nahiz erantzukizun soziala aintzat hartuko dira.

  1. Kontsumo jasangarrirantz kontsumoko ondasunen ekonomia zirkularra sustatzea.

  2. Bankuen digitalizazioan eta ordainketa-modu berrietan kontsumitzaile eta erabiltzaile kalteberenak prestatzea.

70 artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen funtzioak, IV. tituluari (82-93 art.) dagokionez. Kontsumoko gatazkak ebaztearen eremuan administrazio-jarduketak eta bere III. kapitulua (bitartekaritza).

Kontsumoko gatazkak kudeatzeari dagokionez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei onartzen zaizkien funtzioetan adostasunik eza antzeman dugu. 70. artikuluak d) atalean berariaz onartzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen legitimazioa eta gaitasuna kontsumoko gatazkak kudeatzeko, bereziki, bitartekaritzaren bitartez.

70. artikulua:Lege honetan xedatutakoarekin bat osatu diren kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek hurrengo funtzio hauek dituzte:

  1. Kontsumoko gatazkak kudeatzea, batez ere, bitartekaritzaren bitartez.

Alderdi horrek, ordea, ez du islarik IV. tituluko (kontsumoko gatazkak ebaztearen eremuan administrazio-jarduketak) bitartekaritzari buruzko III. kapituluan. Ez dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak aipatzen, eta bakarrik administrazioko zerbitzuen esku-hartzea adierazten da, hau da, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eta udalen esku hartzea. Baztertze horrek harremana izan dezake IV. tituluko izenburuarekin, hain zuzen, administrazio-jarduketak, non bitartekaritzari buruzko II. kapitulua txertatzen den.

IV. tituluaren izenburua aldatzea proposatzen dugu, “Gatazkak ebaztearen eremuan jarduketak” esateko. Hala, artikuluetan, administrazioko eragileekin batera (Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua eta udalak), bitartekaritzaren bitartez gatazkak kudeatzeko orduan esku hartzen duten eragileak sartu ahalko dira, nahiz eta administrazioarekin zerikusirik ez izan. Halaber, 70 d) artikuluan azaldutakoaren ildotik, bitartekaritzari dagokion kapituluan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen zeregina onetsiko da.

87. artikulua.- Jarduketaren printzipioak

Garrantzitsutzat jotzen dugu bitartekaritzaren jardueran jarduketa-printzipioen doakotasuna sartzea. Prozesuaren doakotasuna dagoeneko 88.4 artikuluan zehazten da, baina gure iritziz garrantzitsua da jarduketa-printzipioetan ere sartzea.

87.1 art.: Bitartekaritzaren jarduerak honako printzipio hauek beteko ditu: borondatezkotasuna, inpartzialtasuna, neutraltasuna, doakotasuna eta konfidentzialtasuna.

Bestalde, konfidentzialtasunaren eskakizunari dagokionez, egokia izan daiteke zehaztea ez dela zabalduko ofizioz jarrai daitezkeen delituzko gertaerei.

87.6 art.: Bai bitartekariak, bai alderdiek konfidentzialtasunaren eskakizuna onartzen dute, eta bitartekaritza isilpean mantenduko dute, beraz, bitartekaritzan parte hartzearen ondorioz lortutako informazioa ez dute ezagutaraztera emango. Bitartekariak, berriz, ez du konfidentzialtasunaren eskakizuna bete beharko, ofizioz jarrai daitezkeen delituzko gertakariak aditzera eman ditzakeenean.

97. artikulua.- Kanpainen urteko plana

Xedapen honetan ezarritakoaren babesean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak merkatua kontrolatzeko kanpainen urteko plana gauzatzean garatutako jarduketak eta horien emaitzak publiko izan daitezke. Proposatzen dugu publikotasuna nahitaezkoa izatea eta ez aukerakoa. Horretarako, “izan daitezke” aditzaren ordez “izango dira” jarri beharko litzateke. Gure ustez, forma horrekin hobe betetzen da arauaren helburua: ukitutako sektoreek hobe funtzionatzea eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak gehiago babestea.

97.2 artikulua: urteko plana egikaritzeko garatutako jarduketak eta horien emaitza publiko (izan daitezke) izango dira, ukitutako sektoreen funtzionamendua hobetzeko eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak gehiago babesteko.

VI. titulua.- Kontsumoko ikuskapenak (111-123 artikuluak)

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak behar bezala eta eraginkortasunez babesteko, botere publikoek jarduketa arina izan behar dute. Erreklamazioa jartzen denetik funtzio ikuskatzailearen esku-hartze azkarra funtsezkoa izan daiteke kontsumoaren eremuan indarreko araudiaren kontrako jarduketak antzeman eta saihesteko, baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzeko ere. Hala, helburuak hutsaltzen dituzten irregulartasunen aztarnak deuseztatzea ekidin behar da.

Horregatik, gure iritziz, egokia da aurreproiektuari ildo horretatik xedapen bat sartzea, non Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan salaketa jartzen denetik jarduketa ikuskatzaileak esku hartzeko epeak finkatuko dituen.

113. artikulua.- Ikuskatzailea identifikatzea

Ikuskatzailea bere jardunean dagoenean, ikuskatzen ari den pertsonaren aurrean identifikatzeko arau orokorrari 2. atalean bi salbuespen jartzen zaizkio, eta justifikatuta daude identifikazioarekin ingurune bateraezinak direlako edo ikuskapenaren helburua zapuztu daitekeelako.

Planteamenduarekin ados gaude, baina uste dugu, ikuskapena amaitzen denean, ikuskatzailea identifikatu behar dela, gardentasuna eta pertsona edo erakunde ikuskatuak defendatzeko duen eskubidea direla bide. Horrenbestez, proposatzen dugu ikuskapena amaitu ondoren berehala ikuskatzailea identifikatu behar izana.

113.2 art.: Aurrekotik salbuesten dira ustezkoak ikuskapena identifikazioarekin bateraezinak diren inguruetan (telematikoak, telefono bidezkoak, etab.) egiten denean edo haien helburua identifikazioaren ondorioz zapuztu daitekeenean. Halakoetan, identifikazioa ikuskapena amaitu eta berehala egingo da. Egindako aktan edo txostenean idatziz jasoak geldituko dira jarduteko modua justifikatzen duten arrazoiak eta inguruabarrak.

119. artikulua.- Kontsumoko ikuskapenean lankidetza eta laguntza

Sektore publikoko enpresek, enpresa- eta korporazio-erakundeek eta kontsumitzaileen zein erabiltzaileen elkarteek ezinbestez kontsumoko ikuskapenak bere funtzioak betetzen eskatutako informazioa eskuratu beharko dute. Horri dagokionez, gomendatzen dugu ohar bat sartzea datu pertsonalak babestearen arloan legediak zehazten duen eskubidea errespetatzeari buruz (50. artikuluan erreklamazioak hedatzean sartutakoaren antzekoa).

119.2 art.: Euskadiko sektore publikoko enpresek, enpresa- eta korporazio-erakundeek eta kontsumitzaileen zein erabiltzaileen elkarteek edozein informazio eskuratuko dute, kontsumoko ikuskapenak bere funtzioak betetzen hala eskatzen duenean, ezinbestekoa denean datu pertsonalak barne, betiere datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatuta, arloan legedi aplikagarriak xedatzen dituen baldintzetan.

121. artikulua.- Ikuskapen-aktak

Artikulu honetan ikuskapenak egiten direnean aktek izan behar dituzten datuak definitzen dira.Testuinguru honetan, beharrezkotzat jotzen dugu ikuskapenaren arrazoia ikuskapen-aktaren eduki izatea, baina ez dago xedapen honetan aipatuta, e) atalean “esku-hartzearen xedea” adierazpenaren bitartez adierazten ez bada. Ondorioz, komenigarria da alderdi hori argitzea eta d) atalak ikuskapenaren arrazoia aipatzen ez badu, proposatzen dugu atal gehigarrian xedapenaren testuari eranstea ikuskapen-aktan azaldu behar duen datu osagarri modura.

125. artikulua.- Eremu objektiboa

Artikulu honek hitzez hitz hala dio: “gainera, lege-testu berriaren arabera, kontsumoaren arloan organo eskudunek kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko orduan berariazko arauketa duten sektoreetako enpresaburuen jarraibideak zehatuko dituzte, arau-hauste modura sailkatuta badaude”.

Gure iritziz, beharrezkoa da xedapen honen irismena argitzea. Enpresa-jarduera batzuek sektoreko esparru arauemaile berezia dute, eta kontsumitzaileen nahiz erabiltzaileen eskubideak urratzen dituzten arau-hausteak zehatzen ditu. Xedapenari jarraikiz, itxuraz, eskumenak eta zehapenak bikoizten dira, eta gure iritziz jarduketa osagarri eta subsidiarioa baino ez luke izan behar.

Horrez gain, legegileari terminologiaren inguruan ohartarazten diogu. Bakarrik berariazko arauketa duten “enpresaburu gizonezkoak” aipatzen ditu, baina ezinbestekoa da honako hauek eranstea: berariazko arauketa duten “enpresaburu gizonezko eta emakumezkoak eta enpresak”.

129. artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestearen arloko arau-hausteak

129. artikuluari jarraikiz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestearen arloko arau-hausteak tipifikatzean, 2. atalak hitzez hitz hala dio: “Ekintzak edo ez-egiteak, formalki xedapenik ez urratu arren, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasun eta segurtasunerako benetako arriskuak edo kalteak ekartzen badituzte, bai jakinaren gainean egonda, bai jardueran, zerbitzuan edo instalazioan eginbidea utzi eta eska daitekeen ardura ez izateagatik”.

Antzeman dugu testuaren arabera, ekintza edo ez-egite bat arau-hauste modura katalogatzeko, “eginbidea utzi eta eska daitekeen ardura ez izatea” elkartu behar direla. Dena den, arauak ez du definitzen hori eta kontzeptu zehaztugabea da. Ez du jarraibide arau-hauslea tipifikatzeko eta segurtasun juridikoa babesteko nahitaezkoa den zehaztasunik ematen, beraz, gehiago zehaztu behar da.

139. artikulua.- Jarri zeharreko zehapenak eta bat datozenak

Atentzioa ematen digu zehapen nagusi izatea isuna eta establezimendua ixtea eta ez sartzea merkaturatzeko debekua edo hori etetea. Neurri hori ere eraginkorra da, eta, adibidez, establezimendua ixtea baino neurrizkoagoa, horretan arau-hausterik ez duten produktu edo zerbitzu gehiago eskaini/ematen direnean.

142. artikulua.- Salgaiak konfiskatzearen zehapen osagarria

Xedapen honekin bat etorriz, zehapen-ebazpenek erabaki dezakete baldintza zehatzetan dauden salgaiak konfiskatzea: salgai aizunduak, kaltetuak, faltsifikatuak, iruzurrekoak, identifikatu gabeak edo kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arriskutsuak direnak. 2. atalean aurrez ikusten da azken jomuga erabaki daitekeela, eta erabiltzearen edo kontsumitzearen ondorioz osasunerako arriskutsuak diren salgaien kasuan suntsituko dira.

1. atalean aipatutako salgaien inguruabarrak anitzak izan daitekeenez, gure buruari galdetzen diogu konfiskatzea den irudi juridikorik egokiena horien guztien aurrean edo zenbait irudi aurrez ikus daitezkeen, salgai bakoitza zirkulaziotik ateratzeko duen premiaren eta balizko azken jomugaren arabera.

Osasunerako arriskutsuak diren salgaiak suntsitzeari dagokionez, 2. atalean neurria hartzea justifikatzen duen arriskua arrazoitu eta egiaztatu beharra erants dadin proposatzen dugu.

142.2 art.: Ebazpenak konfiskatutako salgaiei eman behar zaien azken jomuga erabakiko du. Nolanahi ere, salgaiak suntsituko dira, erabiltzean edo kontsumitzean osasuna arriskuan jartzen bada. Neurri horiek hartzeko justifikatuko dira. Hala, kontsumitzaileentzako eta erabiltzaileentzako arriskua nahikoa arrazoitu eta egiaztatuko da.

143. artikulua.- Publikotasunaren zehapen osagarria eta 149. artikulua.- Egindako arau-hausteak argitaratzea

143. artikuluak kontsumoko zehapen-ebazpena publiko egitea aurrez ikusten du, “publikotasunaren zehapen osagarri” gisa, eredugarri izateko eta etorkizuneko arau-hausteak saihesteko. Gainera, 149. artikuluak arau-haustea argitaratzea aurrez ikusten du, administrazio-bidean ebazpen irmoa bada.

Bi arauen espirituarekin ados gaude, baina, dena den, beharrezkotzat jotzen dugu hedapen-ekintza une egokian kokatzea.Zehapen-ebazpenak eta arau-hausteak irmoak direnean hedatu behar dira, eta atzeratu egingo da errekurtsoaren bidea irekia dagoen bitartean. Hori adieraztea garrantzitsua da.Eta ez zaio bakarrik administrazio-bideari erreparatuko, baita administrazioarekiko auzien bideari ere, ondoren baliogabetuta geldituko den zehapen-ebazpenarekiko publikotasunaren zehapen osagarriak ukitutako enpresetarako izan ditzakeen ondorio kaltegarriak saihesteko.

147. artikulua.- Inguruabar mistoak

Zehapenen mailaketa arautzen den atalean, aurreproiektuak inguruabar astungarriak, aringarriak eta mistoak aurrez ikusten ditu. Inguruabar astungarrien eta inguruabar aringarrien kontzeptuak zuzenbidean aurki zabalduta dauden kategoriak dira, eta zehapenak mailakatzean ez dute zalantzarik planteatzen. Inguruabar mistoen kontzeptuak, ordea, nahiz eta susmatu, berariazko azalpena eskatzen du, are gehiago, aurreproiektuaren zehapen-araubidean kokatzen denean, beraz, ezinbestekoa da arauketa zehaztea.

Beharrezkotzat jotzen dugu 147. artikuluko inguruabar mistoaren kontzeptua definitzea eta arauan inguruabar misto bakoitzak zehapenen zenbatekoan eta hedaduran duen eragina gehiago garatzea. Oraingo idazkeran azaletik lantzen dira.

Erantsi beharreko xedapena: Xedapen gehigarri bakarra

Indarrean dagoen oraingo legediak (abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoa) bigarren xedapen gehigarrian hizkuntza-eskubideekiko arauketari zehapen-araubidea aplikatzez salbuesten dio. Horren aldean, aztergai dugun lege-aurreproiektuak salbuespen horri ez dio aipamenik egiten eta 136.13 artikuluan hizkuntza-betebeharrak ez betetzea kontsumoko arau-hauste gisa tipifikatzen du.

Administrazio publikoak zerbitzu publikoetan arreta ematean eraginkortasun eta arintasun berdinak izan behar ditu bi hizkuntzatan (euskara eta gaztelania) eta lanaren eremuan euskararen erabilera sustatu behar du zenbait tresna erabilita, hala nola sentsibilizazioa, dirulaguntzak, lanaldietatik liberatzea... Horrekin ados gaude.Hala eta guztiz ere, gure iritziz, testuan proposatzen den zehapena eta neurri hertsagarriak berreskuratzea ez dira bide positiboak helburua lortzeko eta bilatutakoaren kontrako ondorea izan dezakete. Horrenbestez, gaiari buruz egun indarrean dagoen araubidea mantentzea proposatzen dugu eta, horregatik, 136.13 artikulua ezabatzearen aldekoak gara. Hala, hizkuntza-eskubideen kapituluan zehapen-araubidea kendu beharko litzateke, aurreproiektuan egungo Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legeak duen antzeko xedapen gehigarria eransteko.

136.13 artikulua: Kontsumoko arau-haustea da: legeak arautzen dituen hizkuntza-betebeharrak ez betetzea. EZABATZEA.
Xedapen gehigarri bakarra: Lege honen VII. tituluan aurrez ikusitako zehapen-araubidea ez zaie aplikatuko III. tituluan VIII. kapituluko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko arauketari, ezta garatzeko araudi eta xedapen osagarriei ere.


V.- ONDORIOAK

  1. Euskadiko EGABren iritziz egokia da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko Legearen Aurreproiektua izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.


Bilbon, 2021eko urriaren 1ean



O.E. Presidentea

Idazkari nagusia

Emilia M. Málaga Pérez

Lorea Soldevilla Palazuelos


1“1.Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 41. artikulua:Makineria, ekipo, produktu eta lan-tresnen fabrikatzaileek, inportatzaileek eta hornitzaileek nahitaez ziurtatuko dute langileentzat arrisku-iturri ez izatea, baldin eta horiek gomendatutako baldintzetan, moduan eta helburuetarako instalatu eta erabiltzen badira.

Lanean erabiltzen diren produktu eta substantzia kimikoen fabrikatzaileek, inportatzaileek eta hornitzaileek ontziratu eta etiketatu beharko dituzte horiek segurtasun-baldintzetan kontserbatu eta manipulatzeko eta haien edukia, baita biltegiratzean edo erabiltzean langileen osasun eta segurtasunerako izan daitezkeen arriskuak ere argi eta garbi identifikatzeko.

Aurreko bi paragrafoetan aipatutako subjektuek informazioa emango dute, langileek behar bezala erabiltzeko. Horrez gain, aipatuko dituzte hartu behar diren prebentzio-neurri osagarriak eta lan-arriskuak, bai ohiz erabilita, bai modu desegokian manipulatu eta erabilita.

Langileak babesteko elementuen fabrikatzaileek, inportatzaileek eta hornitzaileek nahitaez ziurtatuko dute horiek eraginkorrak direla, betiere haiek gomendatutako baldintzetan eta moduan instalatu eta erabiltzen badira.Xede horrez, informazioa emango dute azaltzeko arrisku-mota, babes-maila eta erabili eta mantentzeko modu egokia.

Fabrikatzaileek, inportatzaileek eta hornitzaileek enpresaburuei beharrezko informazioa emango diete eta bigarrenek lehenengoei hori eskatu ere bai, makineria, ekipoak, produktuak, lehengaiak eta lan-tresnak langileen segurtasun eta osasunerako arriskurik gabe erabili eta manipulatzeko, baita enpresaburuek langileei informatzeko duten betebeharra betetze aldera ere.

2.Enpresaburuak bermatu beharko du aurreko ataleko informazioak langileei modu ulergarrian helarazten zaizkiela”.