IRIZPENA 5/21, 2024RAKO
EKONOMIA ZIRKULARRAREN ETA BIOEKONOMIAREN PLANARI BURUZKOA
I.-
AURREKARIAK
2021eko uztailaren 8an, Ekonomiaren Garapen,
Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren idazki bat sartu zen Euskadiko
Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, “2024rako
Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Planari” buruzko
txostena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3. artikuluan
ezarritakoaren arabera.
Plan honen xedea da Euskadik baliabideen
erabileran ekonomia eraginkorrago baterantz egin dezan bultzatzea,
ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri batera bideratutako berrikuntzaren
bidez, eta lankidetza publiko-pribatu baten bidez, herritarrak,
enpresak eta Administrazioa modu eraginkorrean inplikatuz helburu
komuna lortze aldera. Hori guztia "Europa hegoaldean ekonomia
zirkularrean eta bioekonomian erreferentziazko eskualde gisa
kokatutako Euskadi baterantz aurrera egiteko, non ingurumena
jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta enplegu-sorkuntzaren
funtsezko faktore bihurtzen den, eta hazkunde ekonomikoa baliabide
naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi-efektuko
gasen emisiotik bereizten den" (Planaren ikuspegia).
Berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia
Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta
iritziak bidal zitzaten eta dagokion Lan Batzordeari helaraz
ziezazkioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako
Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren
arabera. Ekonomiaren Garapenerako Batzordea 2021eko uztailaren 27an
bildu zen, eta, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu
hau egin zen, uztailaren 30eko Kontseiluaren Osoko Bilkuran
aurkezteko, eta aho batez onartu zen.