Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 1/20

Irizpena 1/20

1/20 Irizpena, Osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

2019ko abenduaren 20an Osasun Sailaren idazki bati eman zitzaion sarrera  Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, “Osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektuari” buruzko irizpena eskatzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Arau horrek Euskal Autonomia Erkidegoko profesional sanitarioei buruzko informazio-sistema ezartzen du, herritarrek osasunaren arloko prestazioei dagokienez dituzten eskubideak gauzatzeko eta osasun-sistemako giza baliabideak behar bezala planifikatzeko, izaera publikoa duten profesionalen datuak zehaztuta.

Idazki hori jaso eta berehala bidali zitzaien dokumentuaren kopia Kontseiluaren Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta dagokien Lan Batzordeari helaraz ziezazkioten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 2020ko urtarrilaren 13an, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta Irizpen-Proiektu hau jaulki zen, Batzordearen urtarrilaren 27ko Osoko Bilkurara eramateko, eta bilera horretan aho batez onetsi zen.

II.- EDUKIA

 ”Osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektuak” zioen azalpena, hiru kapitulutan antolatutako 22 artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu. Araua hiru eranskinekin osatzen da.

Zioen azalpenean azaltzen denez dekretu hau Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluak EAEri ematen dion eskumena baliatuz jaulki da eta bere xedea Estatuko araudia eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren 2015eko Osoko Bilkuraren akordioa betetzea da Osasun-Profesionalen Euskal Erregistroa sortuz eta arautuz eta osasun arloko profesionalen erregistro publikoak bete beharreko irizpide orokorrak ezarriz; erregistro horiek profesionalen elkargoek eta osasunaren arloko profesionalen kontseilu autonomikoek, osasun-arloko aseguru-zentroek eta entitateek jarri behar dituzte funtzionamenduan, orain arte indarrean zegoen osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko uztailaren 5eko 153/2011 Dekretuaren ordez.

Dekretu honek osasun-profesionalen informazio-sistemaren (I. eranskina) eta osasun-profesionalen elkargo eta kontseiluen erregistro publikoen (II. eranskina) datuen gutxieneko multzoaren parte izan behar duten datu gisa sartzen ditu  erizainen egiaztapen-ziurtagiriak, gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatzeko, erabiltzeko eta baimentzeko, hala zainketa orokorren esparruan nola zainketa espezializatuetan, erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen duen urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, hain zuzen ere dekretu honetan ezarritako prozeduraren ondorioz

Horregatik, dekretu honek erizainak akreditatzeko prozeduraren oinarriak arautzen ditu, gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta baimentzeko, hala zainketa orokorren esparruan nola zainketa espezializatuen eremuan, erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen duen urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz. Beraz, ildo horretatik  akreditazioa esleitzea ezartzen du; esleipen hori Eusko Jaurlaritzan osasun-arloko eskumena duen sailaren barruan osasun-lanbideen antolamenduaren arloko eginkizunak esleituta dituen organoaren titularrak egingo du, osasun-administrazioak ofizioz egiaztatu ondoren betetzen direla aipatutako araudian ezarritako titulazio-betekizunak, lanbide-esperientziaren gutxieneko denbora egiaztatzea edo bidezko egokitzapen-ikastaro bat gainditzea, hain zuzen ere Osasun Profesionalen Euskal Erregistroan jasotako datuen bidez.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektua” aurkeztu zaigu horri buruzko irizpena ematearen ondoreetarako; izapidetzeko Memorian adierazten den bezala, hiru helbururekin jaulki da:

Lehenik eta behin, eta funtsean, EAEko Osasun-Profesionalen Informazio-Sistema erregulatzen duen araudia, Osasun-Profesionalen Euskal Erregistroa (O.P.E.E.) eta EAEko osasunaren arloko profesionalen erregistro publikoen irizpide orokorrak eta gutxieneko betekizunak Estatuko oinarrizko legeriara egokitzea640/2014 Errege Dekretua, uztailaren 25ekoa, Osasun-Profesionalen Estatuko Erregistroa arautzen duena, eta 1302/2018 Errege Dekretua, urriaren 22koa, erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen duen  urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretua aldatzen duena.; halaber, Osasun-Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren 2015eko martxoaren 26ko Osoko Bilkuraren Erabakira egokitzea; erabaki horren bidez elkargoetako, kontseilu autonomikoetako eta osasunaren arloko lanbideetako kontseilu nagusietako profesionalen erregistro publikoak ezartzen dira.

Era berean, Osasun Sailaren jarduna Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako administrazio publikoen jarduera-printzipio orokorretara egokitzen da, eta honako eskubide hau betetzen du:  ”Prozedurari aplikatzekoak diren arauetan eskatzen ez den datu eta dokumenturik ez aurkeztu behar izatea, administrazio publikoen esku badaude jada edo haiek prestatuak baldin badira”; eskubide hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak onartu zuen.

Gainera, O.P.E.E.ri eta estatu mailako haren homologoari informazioa ematera behartuta dauden subjektuen elkarreragingarritasun-eskaerak bete nahi dira, araudi erregulatzailearen arabera; izan ere, gaur egun ez dago benetako elkarreragingarritasunik bi erregistroen artean, eduki eta informazioa egiaztatzeko mekanismo desberdinak dituztelako.

Helburu horiekin guztiekin bat egiten dugu eta ados gaude testu arauemaile horren edukiarekin, eta beharrezkotzat eta justifikatutzat jotzen dugu.

Hala ere, gogora ekarri nahi dugu “Osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektuari buruz planteatutako alegazioen eta iradokizunen memoria“, dokumentazio osagarri gisa bidali zena. Agiri horren  “2.2. Nahitaezko txostenak eta irizpenak” puntuan honakoa esaten da: “2019ko urriaren 23an Euskadiko Osasun Kontseiluari bidali zitzaion proiektua, jakinaren gainean egon zedin”. Gaur arte Osasun Kontseilu hori ez da bildu horri buruzko iritzia emateko.

Gure ustez azkenean izapide hori saihesten bada saihestu egiten da osasun-zerbitzuetan jarduera profesionalean eragina duen gai baten erregulazioan beharrezkoa den parte-hartzea eta elkarrizketa.

Bestalde, ez zaigu bidali dekretu-proiektu orori erantsi behar zaion derrigorrezko Memoria Ekonomikoa. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak egindako “Dekretu-proiektuaren memorian” ezarri dena baino ez dugu jaso; dokumentu horren “5.5. Xedapen berria garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ” puntuan honakoa ezartzen da: “…kalkulatzen da horren kostu ekonomikoa 89.700,00 eurokoa dela. Gastu hori aurreko ekitaldietako aurrekontu-partidei egozten zaie… Giza baliabideei dagokienez profil teknikoko pertsona bat kontratatu beharko dela uste da O.P.E.E.n datuen hasierako kargatik eratorritako arazoei aurre egiteko  ”

Azkenik, eta dekretu-proiektuaren edukiari jarritako eragozpen partikular gisa, benetan deigarria egiten zaigu gizarte segurantzaren laguntzaileak diren mutuak ez aipatzea, aseguru-entitateekin parekatuz. Ez dugu ahaztu behar Estatuko Errege Dekretuak berak, 6.1 artikuluan, honako hau adierazten duela: “aurreko artikuluan aipatutako datuak jakinarazi behar dizkiote erregistroari, II. eranskinean adierazitako terminoetan, honako organismo, erakunde eta korporazio hauek: ….j) Gizarte Segurantzako lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen mutuek, beren langileen erregistroetan sartutako osasun-profesionalei dagokienez…”.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren baimenarekin eratutako enpresaburuen elkarte pribatuak dira, baliabide eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituztenak, eta proposatutako lege-testuan jaso behar dira, hurrengo atalean, 1 eta 15. Artikuluak aztertzerakoan, berariaz adieraziko dugun bezala.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

 1.     artikulua.- Xedea

Artikulu horren 1. atalak, bere bigarren paragrafoan, xedatzen duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun-Profesionalen Informazio-Sistema honako hauek osatzen dute: Osasun-Profesionalen Euskal Erregistroak,  Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren erregistroek, autonomia erkidegoko profesionalen elkargo eta kontseiluek, Euskal Autonomia Erkidegoan gaixotasunaren arloan jarduten duten osasun-zentroek eta aseguru-entitateek, eta zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan ezarritako osasunaren arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduen erregistroan inskribatuta dauden osasun-zentro pribatuetako profesional sanitarioei buruzko datuek”.

Lehenik eta behin adierazi nahi dugu zaila egiten zaigula paragrafo hori irakurtzea, eta baloratu egin beharko litzatekeela aipatzen diren erregistroak eskematikoki zerrendatzeko aukera.

Gainera, “gaixotasunaren arloan jarduten duten osasun-zentroak eta aseguru-entitateak” aipatzen dira. Adierazpen hori 2 b), 10.1, 11,1 eta 15.3. artikuluetan errepikatzen da. Iradokitzen dugu adierazpen horren ordez, guztietan, egokiagoa den beste bat jartzea, hala nola “sanitatearen arloa” edo “osasunaren arloa”.

Beste alde batetik, iruzkin edo ohar orokorretan azaldutakoa errepikatzen dugu eta gizarte segurantzaren laguntzaileak diren mutuen langileen erregistroak sartzea gomendatzen dugu.

Laburbilduz, idazketa hau proposatzen da:

 

Honako hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun-Profesionalen Informazio-Sistema:

a)     Osasun-Profesionalen Euskal Erregistroa.

b)     Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren, autonomia erkidegoetako profesionalen elkargo eta kontseiluen, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan osasunaren arloan jarduten duten osasun-zentroen eta aseguru-erakundeen erregistroak.

c)     Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan ezarritako osasunaren arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduen erregistroan inskribatuta dauden osasun-zentro pribatuetako profesional sanitarioei buruzko datuak.

d)     Gizarte segurantzaren laguntzaileak diren mutuen langileen erregistroak”.

Beste alde batetik, artikulu horren 2. atalean, uste dugu erredundantea dela osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko uztailaren 5eko 153/2011 Dekretua aipatzea , bidezko xedapen indargabetzailean ere adierazten delako eta, beraz , kendu egin beharko litzateke.

3.     artikulua.- Inskribatzeko moduko datuak

Artikulu honetan, argiagoa izan dadin, 2. eta 3. ataletako ordena aldatzea komeni dela uste dugu.

Hala, nahitaez sartu beharreko datuen ondoren, hautazko inskripziokoak aipatuko lirateke eta, azken paragrafo gisa, inskribatutakoen zein datu diren publikoak adieraziko litzateke.

5. artikulua.- Erregistroetarako sarbidea

Artikulu honen 1. atalean honako hau adierazten da: “Norberaren izenean eskatzen duen edozein pertsona fisikok eskura ditzake osasun-profesionalen erregistroetan izaera publikokoak diren datuak eta informazioak, interes jakin bat egiaztatzeko betebeharrik gabe eta identitateari buruzko konfidentzialtasuna bermatuta“.

Ez dugu ikusten zergatik ezin duen pertsona juridiko batek erregistro horietara sartu edo beste baten ordezkari gisa jardun. Gure ustez justifikaziorik ez duten mugak dira eta mota horretako erregistroen beharrezko gardentasunaren aurka joango lirateke.

Beraz, atal hau berrikustea gomendatzen da, jarraian adierazten diren terminoetan:

 

“1. Hala eskatzen duen edozein pertsona fisikok edo juridikok, bere kabuz edo beste baten ordezkari gisaosasun-profesionalen erregistroetan izaera publikokoak diren datuetara eta informazioetara jo dezake, interes jakin bat egiaztatzeko betebeharrik gabe eta identitateari buruzko konfidentzialtasuna bermatuta”.

15. artikulua.- Datuak biltzea eta eguneratzea

Lehenengo eta behin adierazi nahi dugu Dekretu osoan zehar falta dela datuak behar bezala inskribatzeko eta eguneratzeko profesionalengandik derrigorrez jaso beharko den laguntza.

Zehatzago esanda, 15. artikulu horretan normala litzateke adieraztea profesionalei dagokiela inskribatutako datuei eragiten dieten aldaketak jakinaraztea; izan ere Elkargoak hori ofizioz nola egingo duen galdetzen dugu, profesionalak ez badio jakinarazten.

 Bigarrenik, ohar orokorretan Gizarte Segurantzaren laguntzaileak diren mutuei buruz eta 1.1 “Gaixotasunaren arloa” esamoldeari buruz adierazi dena errepikatuz eta azpimarratuz,  3. atalean letra lodiz adierazten den aldaketa eta gehikuntza egitea gomendatzen da:

“3. Osasun-zentro pribatuen eta osasunaren arloko aseguru-etxeen erregistroen kasuan, eta baita gizarte segurantzaren laguntzaileak diren mutuen kasuan ere, inskripzioa osasunaren arloko profesionalekin kontratuak formalizatzean egingo da, horien izaera, dedikazio-maila edo erantzukizun-maila gorabehera”.

Azkenik, 15. artikulu honetan beste paragrafo bat gehitzea gomendatzen da, “Datuak biltzea, aldatzea eta eguneratzea” izenburupean:

“4.- Kasuan kasuko erregistroetan dauden datuetan gertatzen diren aldaketak Erregistroari jakinarazi beharko zaizkio,  aldaketa horiek idatzi eta gehienez ere 10 eguneko epean “.

Justifikazioa: gure ustez, segurtasun juridikoko arrazoiengatik, epe bat ezarri behar da datuen aldaketa jakinarazteko.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egokitzat jotzen du “Osasun-profesionalen informazio-sistemari buruzko dekretu-proiektua” izapidetzea, organo aholku-emaile honek egin dituen ohar eta iruzkinekin.

Bilbo, 2020ko urtarrilak 27

 

O.E. Presidentea Idazkari Nagusia
Emilia M. Málaga Pérez Lorea Soldevilla Palazuelos