Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 6/19

Irizpena 6/19

6/19 Irizpena, EAEn desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I. SARRERA

Apirilaren 16an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia sartu zen eta irizpena eskatu zuen “Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektuari” buruz, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Arauaren helburua desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez Eusko Jaurlaritzak eman ditzakeen laguntza-programak eta zerbitzuak arautzea da. Nolanahi ere, horiek kalitatezko lan-jarduera egonkorrerako laguntza eta sarbidea sustatzea dute xede, enplegua mantentzearekin batera. Era berean, dekretu honek Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu nahi du, baita horretan kalifikatu eta inskribatzeko baldintzak eta prozedura arautu ere.

Berehala agiriaren kopia Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei bidali zitzaien, proposamenak eta iritziak igorri eta guztiak lan batzordeari helarazteko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamenduari buruzko araudiak xedatutakoari jarraiki. Gizarte Garapeneko Batzordea maiatzaren 10 eta 13an bildu ostean, hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin da Batzordearen Osoko Bilkurak lan dezan. Bertan gehiengoz onartu da UGT Euskadiko eta CCOO Euskadiko ordezkariek egindako boto bereziarekin.

II.- EDUKIA

Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektuak” zioen azalpena, lau kapitulutan banatutako 91 artikulu, bi xedapen gehigarri, bi iragankor eta hiru azken xedapen ditu.

Zioen azalpenak adierazitakoaren arabera, lehenik eta behin, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko konbentzioak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2006ko abenduaren 13an onartutakoak, 27. artikuluan gainerakoen baldintza berdinetan desgaitasuna duten pertsonen lanerako eskubidea aurrez ikusten du. Hala, desgaitasuna duten pertsonentzako lan-merkatu eta -ingurune ireki, barneratzaile eta irisgarrian aske hautatu edo onartutako lanaren bitartez bizia irabazteko aukera emango zaie.

Halaber, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bateginak, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuz onartutakoak, desgaitasuna duten pertsonen lanerako eskubidea arautzen du eta baldintzek berdintasunezko tratuaren, diskriminaziokoa ez denaren, printzipioak aplikatzea bermatuko dute hurrengo enplegu-moten bidez:

a) Enplegu arrunta, enpresa eta administrazio publikoetan, laguntza duten enplegu-zerbitzuak barne.

b) Enplegu babestua, enplegu zentro berezietan eta lan-kokaguneetan.

c) Enplegu autonomoa.

Testu bateginak berariaz jasotzen du desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatu behar dela eta, horretarako, lan-merkatuan sartzea erraztuko duten laguntzak zehaztu behar direla, besteak beste, kontrataziorako diru-laguntzak, lanpostuak egokitzea eta ekoizpen-zentroetan irisgarritasuna, mugikortasuna, komunikazioa edo ulermena zailtzen duten hesi-mota guztiak deuseztatzea.

Enplegu babestuaren eremuan, enplegu zentro bereziak arautzen ditu eta hurrengo moduan definitu ere bai: helburu nagusi gisa ondasun edo zerbitzuen produkzio-jarduera egitea dutenak eta, bide batez, merkatuaren eragiketetan erregulartasunez parte hartzen dutenak, xedea desgaitasuna duten pertsonentzat enplegu ordaindua ziurtatzea bada, ahalik eta pertsona gehienak enplegu arruntaren araubidean sartzearekin batera. Gainera, desgaitasuna duten langileek behar izanez gero, enplegu zentro bereziek laguntza-unitateen bitartez doitze pertsonal eta sozialerako zerbitzuak eskaintzea aurrez ikusten du.

Aurreikuspen horiekin bat, enpleguari buruzko legearen testu bateratuak, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, enplegua aktibatzeko Espainiako estrategia du eta ardatzetan egituratzen da. Horretan enplegurako aktibazio-politiken arloan helburuak eta enplegu-zerbitzu publikoek garatutako zerbitzuak eta programak sartzen dira. Ildo horri eutsiz, 3. ardatzak, enplegu-aukerei buruzkoak, bere jarduerekin kontratatzea, enplegua sortzea edo lanpostuak mantentzea sustatu nahi du, bereziki, enplegua lortu eta bertan irauteko zailtasun handienak dituzten taldeen artean. Arlo horretan, arreta berezia jarriko zaio desgaitasuna duten pertsonen egoerari.

Azkeneko urteetan araudi-, programa- eta aurrekontu-jarduera zabalean jardun dute, desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeko eta emaitzak itxaropentsuak izan dira. Hala, desgaitasuna duen gero eta pertsona gehiago sartu da lan-merkatuan.Euskadin, enplegu zentro berezien bitartez lan babestuaren formula funtsezkoa suertatu da Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatura iristeko, gizarte- eta lan-abileziak eskaintzen baitzaizkie desgaitasuna duten pertsonei. Izan ere, lana ematen diete, enplegagarritasuna hobetzen dute eta produkzio-sistema arruntean errazago sar daitezke.

Dena den, ez da azken helburu desiragarria ahaztu behar, hain zuzen, desgaitasuna duten pertsona gehienak enplegu arrunta lortzea. Horregatik, enpleguaren politika aktiboak gauzatzeko orduan, aurrerapausoak eman behar dira eta formula berriak garatu ere bai, talde horiek lan-merkatu arruntera irits daitezen.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak, beste zereginen artean, enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua sustatzera nahiz enpresak sortzera bideratutakoak kudeatzen ditu. Horiez gain, lanean eta gizartean sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeentzat enplegu-programa bereziak egiten ditu. Era berean, enplegu zentro bereziak erregistratzen dihardu.

Dekretu honen xedea, batetik, II. kapituluan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez Eusko Jaurlaritzak eman ditzakeen laguntzen esparru orokorra arautzea da. Desgaitasuna duten pertsonak kalitatezko lan-jarduera iraunkorrera irits daitezen sustatzea izango dute helburu.III. kapituluan, berriz, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekimenak arautzeari begira esparrua zehazten da. Bestetik, IV. kapituluak Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu eta arautzearekin batera, zentro horiek kalifikatu nahiz inskribatzeko prozedura definitzen du.

Laguntza-programei dagokienez, 2011z gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hainbat kudeatzen du desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko, bai enplegu arruntaren eremuan, baita enplegu babestuaren arloan ere. Horietako batzuk garatzeko, adibidez, enplegu-zentro berezietan integratzeko laguntzak edo enpresa arruntetan kontratatzeko laguntzak, zuzenean estatuko araudiak xedatutako oinarri arautzaileak aplikatzen zituen eta bakarrik finantzatzeko hornidura ekonomikoa esleitzen zuen. Beste programa batzuen kasuan, ordea, hala nola, laguntzarekin enpleguaren ingurukoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzen deialdi bereziak onartu ditu. Horiek programaren estatuko arauketaren oinarrizko helburua eta edukiak mantendu arren, oinarri arautzaileetan berezko berezitasunak sartu dituzte.

Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoak kudeatu behar dituen programa desberdinak araudi-tresna bakarrean jasotzeko lehenengo araua da. Nolanahi ere, horiek guztiek desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko helburu berari erantzuten diote.

Aurrekoaren harira, dekretuaren II. kapituluak laguntza-programa ezberdinen oinarri arautzaileak ditu. Izan ere, urtero EAEko aurrekontu orokorrei buruzko legea indarrean sartzen denean deialdiaren edo estaltzeko aurrekontu-horniduraren xede izan daitezke. Gaur egun Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako programen oinarrizko alderdiak mantentzen dira eta zenbait arlo garatu da, gauzatzean legezkotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioa berme handiagoaz erabiltzeko. Hala, autonomia erkidego honen antolaketa- eta gizarte-berezitasunetara egokitu dira eta tratamendu homogeneoa eta elkarren artean koherentea eman zaie.

Enplegua sustatzeko programekin batera, desgaitasuna duten pertsonei Eusko Jaurlaritzaren enplegu-politikaren eremuan arreta, jardun lerro eta politiken zeharkakotasun-printzipioa kontuan hartuta, enplegurako orientazio- eta prestakuntza-zerbitzuekin osatzen da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerbitzuak diseinatu eta gauzatzeko talde honen behar bereziei erreparatzen die eta, xede horrez, desgaitasuna duten pertsonak orientatzeko, baita gizarteratze-ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko ere erakunde adituen laguntza eskatzen du. Gainera, prestakuntza-eskaintzari ekintza egokituak eransten dizkio, beren gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzeko. Horregatik, III. kapitulua sortu da eta desgaitasuna duten pertsonen enplegurako orientazio- eta prestakuntza-jarduerak arautzea du helburu.

Bestalde, dekretuaren IV. kapituluan Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa sortu eta arautzearekin batera, zentro horiek kalifikatu nahiz inskribatzeko prozedura definitzen da. Arlo honetan legezko esparru orokorra 2273/1985 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, enplegu-zentro berezien araudia onartzen duena, da. 7. artikuluak xedatutakoaren arabera, zentro horiek sortzeko kalifikatu eta zentroen erregistroan inskribatuko dira. Helburu horrekin, administrazioek beren aginpideen eremuan eratuko dituzte.

Kalifikazioa lortu eta erregistroan inskribatzeko enplegu-zentro bereziek bete behar dituzten baldintzak arautzen dira. Halaber, jarraitu beharreko prozedura, jarraipen- eta kontrol-jarduerak eta, azkenik, kalifikazioa galdu eta erregistrotik ateratzeko arrazoiak nahiz prozedura ageri dira.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Gure iritzia emateko “Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektua” aurkeztu zaigu. Bere helburua desgaitasuna duten pertsonak kalitatezko lan-jarduera egonkorrera irits daitezen sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez (aurrerantzean, LANBIDE) eman ditzakeen laguntzen esparru orokorra arautzea da, baina, gainera, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekimenen arauketa-esparrua ezartzen du. Era berean, Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (aurrerantzean, EZB) sortu eta arautzen da eta kalifikatu nahiz inskribatzeko prozedura zehaztu ere bai.

Dekretu proiektuarekin lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeentzat (besteak beste, desgaitasuna duten pertsonentzat) enplegurako politika aktiboak berrantolatu eta hobetzen direnez, aldekoak gara eta positibotzat hartzen dugu.

Hala eta guztiz ere, hausnarketa egitea eta ikuskatzea eskatzen duten dekretuaren zenbait eduki landu nahi ditugu

I. Enplegu arrunta lortzea

Arauan desgaitasuna duten pertsonek enplegu arrunta lortzeko laguntza ez da nahikoa. Orokorrean, hala gertatu ohi da talde horretara bideratutako enplegu-politika aktiboetan.

Azkeneko urteetan, Euskadin desgaitasuna duten pertsonentzat enplegu-programek ia esklusiboki enplegu babestua eta EZBen jarduera bultzatzea erabaki dute. Modu horretan, “desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen konbentzioak” 27. artikuluan eta “EAEn desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko planak (2004-2006)” edo “2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak” berak xedatutakoa baztertu da. Azkenekoaren arabera, “enplegu arrunta lortu eta horretan jarduteko desgaitasuna duten pertsonen tasa hobetu behar da” (D-3 gidalerroa).

Nahiz eta Eusko Legebiltzarrak 2017ko martxoaren 16an aho batez onartutako erabakian Jaurlaritzari desgaitasuna duten pertsonek enplegu arruntera iristeko neurriak hartzea eskatu zion, aurkeztutako proiektu-dekretuak, horiek kontuan hartzetik urrun, bakarrik enplegu babestua bultzatzeko eta jarduera iraunkor izateko neurriak finkatu eta indartzen ditu.

Enplegu arruntaren modalitatean desgaitasuna duten pertsonen lan-integrazioa sendotu beharko litzatekeelakoan gaude, betiere bidezkoa denean eta, noski, beste modalitate batzuk (enplegu babestua edo enplegua laguntzarekin) baztertu gabe. Nolanahi ere, azkenekoak formula egokiagoak izan daitezke behar-profil jakinetarako (desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna duten pertsonak ala gaixotasun mentala ageri dutenak, batik bat).

II. Kudeaketa aldatzea eta eragina enpresan

35. artikuluak (EZBetan lanpostuak mantentzeko laguntzak) lehenengo atalean aurrez ikusitakoarekin bat, diru-laguntza seihileko naturalen arabera eskatu eta, hala badagokio, emango da. Horrek diru-laguntza kudeatzean aldaketa nabarmena dakar. Sei hilabetera arte luzatzen da laguntza kobratzeko aukera, beraz, zentroek gainkarga finantzarioa dute.

Gure iritziz, ezinbestekoa da ordainketa horiek arinago kudeatzea eta eskubidea sortzeari (nominaren ordainketa) ahalik eta gehiena hurbiltzea. Horrez gain, sei hilabeteko ordainketa metatuaren ondorioz, baliteke abala aurkeztu behar izatea kobratzeko (zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa denean, 40-2 artikulua). Hala, beharrik izan gabe, gastua sortuko da eta kudeaketa arinaren bidez saihets daiteke. Bestalde, egoera larritzen da 39-1. eta 2. artikuluan aurrez ikusitako diru-laguntza emateko prozedurarekin, hau da, funtsak agortu arte eta hurrengo aurrekontuaren kargura kobratzeko aukerarekin aurkezpen-ordenaren arabera ematea; kasurik onenean, laguntzak eskubidea sortu eta hamabi hilabete geroago kobra daitezke; baina ustezkorik okerrenean, baliteke ez kobratzea, Legebiltzarrak hurrengo urterako partida aurrez ikustearen araberakoa izango baita.

Aurreko idatz-zatian landutakoaren antzeko kudeaketa-gaiek laguntzen onuradunengan (enpresa, EZB…) aparteko eragina dute. Hortaz, oso garrantzitsua da 16/2012 Legeak, pertsona ekintzaileei eta enpresa txikiei laguntzeko denak, 6. artikuluan aipatutako txostena. Horren bidez, administrazioak ebaluazio bat aurkeztu behar du dekretuak enpresak eratu, abian jarri eta funtzionatzean nola eragiten duen ezagutzeko. Ildo horri eutsiz, ondore horrekin dekretua egiteko administrazio-espedientean azaltzen den dokumentuak ez du zeregin hori betetzen. Eduki guztitik izapidetze elektronikoari buruz aipatutakoa (txostenaren azkeneko idatz-zatia) azpimarratu behar da. Hala ere, argi dago dekretuan sartutako aldaketa batzuek onuradunentzat eragin handia izango dutela. Hor sartuta legoke, esaterako, ordaintzeko epea aldatzearena. Horren inguruan, ordea, ez da ebaluaziorik aurkeztu.

III. Prozedurak ebazteko epeak

Harrigarria da dekretuan arautzen diren prozedura guztietarako ebazpen-epea berdina izatea (8., 39., 48., 57., 65., 82. eta 88. artikuluak). Itxuraz, bateratzea ez da proportziokoa, ezta egokia ere, prozedura zehatzak izan dezakeen zailtasun handiago edo txikiagoari ez baitzaio erreparatzen. Nolanahi ere, oso desberdinak dira eta konplexuagoak edo askoz errazagoak daude. Horrez gain, administrazioaren isiltasunak ondore desberdinak izan ditzake: positiboa (8., 28., 39., 48., 57., 88. artikuluak) edo negatiboa (28., 65., 82. artikuluak). Azkenik, diru-laguntzari buruzko prozedura (laguntzak) edo bestelakoa (EZBen erregistroan inskribatzea) izan daiteke.

Epea bateratzeak berez ez du justifikaziorik, prozeduren errealitatea anitza denean. Baina, are gutxiago ulertzen da, gainera, kasu guztietarako epea administrazio-prozedurari buruzko legeak ahalbidetzen duen gehienekoa denean: 6 hilabete.

Gure ustez halako bateratzea ez dago justifikatua eta arbitrarioa iruditzen zaigu: prozedurak arinak eta azkarrak izatea berez balio bat da eta bakarrik arrazoitu ostean baztertu behar da. Azaldutako gorabeherak (gehieneko epea eta guztiontzat berdina) kontuan hartuta, itxuraz, proportzionaltasunaren arauari ez zaio behar bezala erreparatu, betiere ezinbestekoa izan arren.

IV. Diruz lagun daitekeen jarduerari mugak

I. atalean adierazi dugun bezala, EGABren iritziz, enplegu arruntaren modalitatea tresna egokia da desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatuan hobe integratzeko. Ildo horri eutsiz, sendotu behar zela planteatzen genuen, dekretuak argi eta garbi modalitate hori ez baitu behar bezala babesten.

Ondorioz, lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzetan (dekretuaren II. kapituluko lehenengo atalaren lehen azpiatala, 9tik 15era bitarteko artikuluak), jada arautzen den kontratazio egonkorraz gain, desgaitasuna duen pertsona enpresara hurbiltzeko formulak hobetu eta indartu beharko lirateke. Hala, mota guztietako tresnez baliatu beharko litzateke, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonentzat “enplegua sustatzeko aldi baterako kontratua”, existitzen dena, “prestakuntza-kontratuak” ala bestelako neurriak, kontratazioaren desberdinak, lan-merkatu arruntera iristea bultzatu edo pizteko. 

V. Diru-laguntzen zenbatekoa

Lan-merkatu arruntean sartzeko 10. artikuluan (kontrataziorako laguntzak) eta 17. artikuluan (lanpostuak egokitu eta hesiak deuseztatzeko laguntzak) aurrez ikusitako diru-laguntzen zenbatekoa ez da nahikoa, beraz, helburua hutsaldua gelditzen da: diru-laguntzak kontratazioan palanka gisa jardutea. Lanaldi osoan kontratu mugagaberako eta lanpostuan moldapen-neurriak ezartzeko diru-laguntzak egiazko pizgarri modura jarduteko ez dira proportziokoak. Beste gai bati eutsiz, harrigarria da zenbateko horien eta dekretuak arautzen dituen gainerako diru-laguntzetarako zenbatekoen arteko aldea. Ildo horri jarraiki, berriz errepikatu nahi dugu lan-merkatu arruntera eta merkatu babestura iristea sustatu nahi denean, arauan tratua desberdina dela.

Bestalde, deigarria da postua egokitzeko laguntza lineala izatea, inola ere ahalegina edo kostua kontuan hartu edo balioztatu gabe, nahiz eta garrantzi desberdina izan dezakeen.

Diru-laguntza urria suertatzearen ildo beretik, EZBetan lanpostuak mantentzeko laguntzei buruz 36. artikuluan aurrez ikusitakoa baliozta daiteke.

VI. III. kapitulua.Enplegagarritasuna hobetzeko ekimenak

Kapitulu honek EZBetarako araubide desberdina egituratzen du sistemaren zerbitzuei buruzko zorro erkidearen zerbitzuei (orientabidea, kolokazioa, aholkularitza, etab.) dagokienez. Tratamendu berezi hori zioen azalpenean ez da gehiegi argitzen. Are gehiago, araubide desberdinaren oinarriak zein izango diren ez dira aipatzen. Jakinarazitakoaren arabera, finantzaketa LANBIDEREN Kontseiluan zehaztuko da eta zerbitzuak nahiz programak “zuzenbidearekin bat datozen” formula juridikoen bitartez kudeatuko dira. Gainerakorako deialdira bidaltzen da. Desiragarria litzateke dekretuan arauketa osatuagoa izatea aukera-balioztapena egin ahal izateko.

VII. IV. kapitulua.Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa

EZBen Euskal Erregistroa beste arau batean sortu eta arautzearen aukera balioztatu beharko litzateke. Gure ustez, dekretu honek politikak, neurriak, laguntzak, pizgarriak eta babesak arautzeari erreparatu beharko lioke Nazio Batuetako konbentzioaren 27. artikulua betetzeko, erregistroa bezalako hain gai zehatz eta administratiboa alde batera utzita. Nolanahi ere, bigarren mailakoa delakoan gaude eta desgaitasuna duten pertsonen enplegu-modalitate batera mugatzen da.

Dena den, kapituluari buruz hainbat gogoeta berezi egingo dugu, edukia hobetzen laguntzeko. 

VIII. Beste gogoeta orokor batzuk

ü  Dekretu-proiektuaren txosten teknikoa ia oso-osorik zioen azalpenean ageri da eta, ondorioz, berak gogorarazitakoaren arabera, arautzen duten programez gain, pertsona desgaituen enplegua Gizarte Segurantzarekiko hobarien bitartez sustatzen da. Hobariak estatuak arautzen ditu eta EAEko aurrekontu orokorren kargura finantzatzen dira, transferentziaren akordioaren baldintzetan. Gure ustez, dekretuak araututako arloa ez izan arren, zioen azalpenean tresna garrantzitsu hori aipatu beharko litzateke. Halaber, kuota-kenkarien funtzionamendua kontrolatu eta egiaztatzeko mekanismoak normalizatzea garrantzitsua dela deritzogu.

ü  Laguntza behar duten enplegu-unitateen (24. artikulua) eta EZBetan lanbide-jarduerarako laguntzaren (61. artikulua) eremuetan teknikariak eta lan-prestatzaileak ezinbestekoak dira gizartean eta lan-merkatuan sartzen laguntzeko. Horien zereginei dagokienez, garrantzitsua da sektorea profesionalizatzen jarraitzeko aurrerapausoak ematea. Modu horretan, hain talde bereziaren (desgaitasuna duten pertsonak) beharrak hobe estaliko dira.

ü  Gure iritziz, komenigarria litzateke dekretuak informazio-sistema eta estatistikak sortzea, desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatuan barneratzean inplementatutako politiken eta neurrien emaitzak ezagutzeko, eragina eta aurrerapausoak ebaluatzeari begira, oinarri gisa erabiliko bailirateke. Aldizka datu eguneratuak izan eta ezagutu behar dira, gutxienez sexuaren, adinaren, desgaitasun motaren eta enplegu modalitatearen arabera bereizitaEra berean, garrantzitsua litzateke ondorengo alderdiak jarraitu, erregistratu eta jendaurrean adieraztea:Desgaitasuna duten langileen erreserba-kuota betetzeari buruz urteko ikuskapenen kopurua.Erreserba-kuota ez betetzeagatik urteko zehapenen kopurua eta ezarritako zehapenen batez besteko zenbatekoa.Aukerako neurrien bidez erreserba-kuota betetzen duen enpresa-kopurua (urteko datua) eta erabilitako aukerako neurri-mota.Ordainsari-baldintzak eta lan-hitzarmen aplikagarriaren gainerako baldintzak alderatzea, desgaitasuna duten pertsonek enplegu babestuan edo enplegu arruntean jarduten duten kontuan hartuta..

IV.- GOGOETA BEREZIAK

II. kap. Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko programak

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura. Ebazpena

Artikulu honetako 3. atalak hala dio: “Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epea igarotakoan berariazko ebazpenik ez badago, eskaerak kontuan hartutzat joko dira”.

Gure ustez, segurtasun juridikoari erreparatuz, prozeduraren arauek, prozedura arautzen badute, argi eta garbi zehaztu beharko dute administrazio-isiltasunak ondore positiboa edo negatiboa izango duen. Ondorioz, itxuraz, ez da egokia artikulu honek zalantzarik sortzea (eskaerak kontuan hartutzat joko dira), ezetsiak izan daitezkeela ere uler baitaiteke. Administrazio-isiltasuna positiboa ala negatiboa da, baina inola ere ez da administrazioak une zehatzean “uler dezakeenaren” araberakoa, beraz, akatsa dela pentsatuta, artikulua berraztertzea gomendatzen da.

1. azpiatala. Lan-merkatu arruntean desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzak

10. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa

Lehenik eta behin, lan-merkatu arruntean sar daitezen sustatzearen aldeko apustuari buruz gogoeta orokorretan azaldutakoaren ildotik, artikulu honetan arautzen diren laguntzak gorantz berrikuskatu beharko lirateke.

Bigarrenez, desgaitasuna duten 45 urtetik gorako pertsonei berariaz laguntzeko, artikulu honen 4. atala hurrengo moduan aldatzea gomendatzen da:

“4. Kontratatutako pertsona emakumea edo 45 urtetik gorakoa balitz, diru-laguntzaren zenbatekoa % 10 gehituko litzateke”.

11. artikulua. Eskaerak eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztea

Artikulu honen 1. atalak hala dio: “Kontratatzeari begira diru-laguntzaren eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, kontratuaren hasieratik edo mugagabe bihurtzen denetik zenbatzen hasita”.

Epea laburra delakoan gaude eta bi hilabetera zabaltzea komenigarria litzateke.

Ildo beretik goaz lanpostuak egokitu eta hesiak deuseztatu behar direnean, laguntzen eskaerak aurkezteko epeari buruz. Horiek 18.1. artikuluak arautzen ditu.

2. azpiatala. Lanpostuak egokitzeko eta hesiak deuseztatzeko laguntzak

16. artikulua. Diruz lagun daitezkeen jarduerak

Artikulu honen 3. atalak hurrengoa xedatzen du: “enpresek gauzatutako neurriek kontratazio mugagabe berriekin edo aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzearekin zerikusia izango dute. Aldi baterako kontratu berriak edo iraupen zehatzekoak badira, gutxienez urtebeteko iraupena izango dute”.

Beraz, jardunean dagoen langile bati desgaitasuna eratortzea ez da aurrez ikusten, nahiz eta lanpostua egokitzea edo hesiak deuseztatzea behar duen. Enplegua mantentzeko laguntza litzateke eta dekretu honetan kontuan hartu ere bai.

17. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa

Honakoa xedatzen da: “banakako egokitzapen-neurriak ezartzeagatik diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez 1.000 eurokoa izango da desgaitasuna izanda, egokitzea behar duen pertsona langile bakoitzeko”. Horrez gain, “diru-laguntzaren zenbatekoak ez du diruz lagundutako egokitzapen-neurriaren kostua gaindituko”.

Gure ustez, oso zenbateko txikia da, beraz, gorantz ikuskatzea gomendatzen dugu. Era berean, diru-laguntzen zenbatekoa ezartzean, sustatu nahi diren neurrietarako kostuari erreparatzea ezinbestekoa litzateke eta horrek izan beharko luke, alegia, irizpidea.

3. atala. Enplegu Zentro Berezietan enplegurako laguntzak

33. artikulua. Laguntzen onuradunak

Artikulu honen 2. atalak hala dio: “bakarrik “enplegu egonkorra sortzeko inbertsiorako laguntzak” 2. azpiatalean eta “enplegu-zentro berezien aurrekontu-orekarako eta bideragarritasunerako” 3. azpiatalean aurrez ikusitako laguntzen onuradun izan daitezke ekimen sozialeko zentro modura kalifikatu eta erregistroan inskribatutako zentroak”.

Artikulu hau 1/2013 LEDak 44.2. artikuluan xedatutakotik dator eta honakoa aipatzen du: “ordain ekonomikoak zehazteko irizpideak izango dira, batetik, enpleguaren zentro bereziek erabilgarritasun publikoaren eta ezinbestekotasunaren baldintzez hornitzea eta, besterik, irabazi-asmorik ez izatea”. Hortik abiatuta, edukia doitzeko aipamena oso-osorik errepikatu beharko litzateke.

1. azpiatala. Desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko laguntzak

Laguntzak arautzeko orduan nahastea antzematen dugu: lanpostuak mantentzeko laguntzak izanik, ez diogu zentzurik aurkitzen 35.2. artikuluari: “kontratazio berriekin langileen kopuru garbia gehitu behar da, aurreko 12 hilabeteetan izandako batez bestekoarekin alderatuta”. Halako eskakizunak zentzua du “desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu egonkorra sortzen duen inbertsiorako laguntzak” 2. azpiatalean.

36. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa

Berriz ekarri nahi dugu gogora arau honetan araututako laguntzen eta, bereziki, EZBetan lanpostuak mantentzeko diru-laguntzen zenbateko urriari buruz gogoeta orokorretan azaldutakoa.

37. artikulua. Aurrekontu-hornidura eta 39. artikulua. Diru-laguntza emateko prozedura. Ebazpena

Laguntza hauetarako aurrekontu-hornidurari dagokionez, emateko prozedura kontuan hartuta, gogorarazi nahi dugu azkeneko urteetan, Eusko Jaurlaritzak eta LANBIDEk ahalegina egin arren, hornidura eskasa suertatu dela. Gainera, 39. artikuluan arautzen diren bermeak ez dira nahikoak, beraz, aurrekontu-aurreikuspenak egitean horiei erreparatu beharko litzaieke.

38. artikulua. Eskaerak eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztea

Desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko EZBek laguntzak eskatzean gomendatzen da nahitaezko dokumentazioaren barruan sartzea desgaitasuna duten langileak aurreko urtean lan-merkatu arruntean egoteari buruzko txostena.

2. azpiatala. Desgaitasuna duten pertsonentzat enplegu egonkorra sortzen duen inbertsiorako laguntzak

Gure iritziz, azpiatal honetako laguntzak desgaitasuna duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresetara zabaldu beharko litzateke, erreserba-kuotaren legezko ehunekoa gainditzen badute. Hala, ez lirateke bakarrik EZBetara mugatu behar.

Gogoeta bera aplikagarria litzaieke 3. azpiatalean araututako laguntzei. Horiek enplegu-zentro berezien aurrekontu-oreka eta bideragarritasunerako laguntzak dira. 

47. artikulua. Eskaerak eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztea

Diru-laguntzaren eskaerekin batera doan dokumentazioaren artean b atalean hurrengoa sartzen da: “Inbertsio finkoaren planari buruzko xehetasun balioetsia (erantsi fakturak; aurrekontuak; etab.)”.

Gure ustez, azpimarratutako testua gehiago zehaztu (“etab.” horrek ez dakar segurtasun juridikorik) edo, bestela, ezabatu beharko litzateke. 

48. artikulua. Emateko prozedura

Artikulu honen 1. artikuluak hurrengoa xedatzen du: “Eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera aztertuko dira eta laguntzak deialdian aurrez ikusitako baldintzak bete ahala, ordenari jarraiki emango dira aurrekontu-hornidura amaitu arte. Aurrekontu-hornidura bukatutakoan, egoera EHAAn argitaratzeari ekingo zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez. Hortik aurrera zain dauden eskaerei diru-laguntzak ezetsiko zaizkie”.

Gure iritziz, emateko prozedura eskaerak aurkeztearen ordenari jarrai arautzeak EZBen artean desberdintasunak sortuko lituzke, giza baliabide gehienak dituzten erakundeek abantaila izango bailukete eskaerak kudeatu eta osatzeko hainbeste langile ez dituzten erakundeen aldean. Gure ustez, eraginkorragoa litzateke lanbide-jarduera laguntzeko unitateen laguntzetan (65. artikulua) eta laguntzarekin enpleguaren jardueretarako laguntzetan (28. artikulua) araututako antzeko prozeduraz baliatzea.

Hala, atal hau honako moduan idatzi beharko litzateke:

“1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, dekretuan aurrez ikusitako baldintzak betetzen dituztenei emango zaie.

Programa honen finantzaketari atxikitako bitarteko ekonomikoak onartu diren eskaera guztiak estaltzeko nahikoak ez badira, funtsak guztien artean banatuko dira bitarteko ekonomikoen muga kontuan hartu gabe bakoitzari legokiokeen proportzioaren arabera”.

IV. kap. Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa

Artikulu berria gehitzea:

83-bis artikulua.Kalifikazioaren xede diren gorabeherak

Kalifikatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezien Erregistroan inskribatuko dira ondorengo gorabeherak:

  1. 1. Enplegu Zentro Berezi gisa erakunde berria eratzea.
  2. 2. Enplegu-zentro bereziaren kide izanik, lan-zentroa irekitzea.
  3. 3. Ekimen sozialeko enplegu-zentro berezi izatea.
  4. 4. Enplegu-zentro bereziaren titulartasuna aldatzea”.

Justifikazioa: Inskribatu behar diren egintzak sartzea arrazoizkoa iruditzen zaigu. Artikulu desberdinetako enuntziatuetatik ondoriozta daiteke, baina, itxuraz, koherentzia du artikulu berezi bakarra egoteak.

88. artikulua. Prozedura izapidetu eta ebaztea

Artikulu honen 3. atalak hala dio: “Kalifikatu eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroan inskribatzea ebatzi eta hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epea berariaz ebazpena egin eta jakinarazi gabe igarotakoan, aurkeztutako eskaera kontuan hartu dela ulertuko da”.

Gehiegizkoa iruditzen zaigu epe hori eta hilabete batean finkatzea gomendatzen dugu.

89. artikulua.Inskripzio-liburua

Artikulu honen 1.d) atalak xedatutakoaren arabera, erregistroan azalduko diren datuen artean hurrengoak sartuko dira: “sozietatearen helbidea eta harremanetarako datuak: telefono-zenbakia, faxa eta helbide elektronikoa”.

Faxa jada erabiltzen ez denez, sartzeak zentzurik ez duelakoan gaude.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren iritziz egokia da “desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektua” izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko maiatzaren 17an

O.E. Batzordeburua  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez

A

ERANSKINA

A TALDEAREN BOTO BEREZI BATERATUA 

A TALDEAREN BOTO BEREZI BATERATUA Euskadiko EGABren irizpenarekiko; hori Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako programak eta zerbitzuak nahiz Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzeko dekretu-proiektuari buruzkoa da.

BOTO BEREZIA JUSTIFIKATZEA

A taldeko batzordekideen esanetan, ez gaude ados irizpenaren zati baten edukiarekin, guretzat kualitatiboki oso garrantzitsua izan arren. Zehatz-mehatz esanda, gogoetak honako izenburua du: “Diruz lagun daitekeen jarduerarekiko mugak” desgaitasuna duten pertsonen taldea lan-merkatu arruntean kontratatzeko laguntzen inguruan.

Gogoetak proposatutakoarekin bat, Jaurlaritzari eskatu nahi zaio aurreproiektua alda dezan aldi baterako kontrataziorako laguntzak eta diru-laguntzak indartzeari begira, nahiz eta jada diru-laguntza jasotzen duten. Horrez gain, “kontratazioarekiko bestelako neurriak” sendotzea eskatzen dio.

Entzunaldiaren izapidean jada gai horri buruzko alegazioa egin zen. Orduan, EHLABEk planteatu zuen esplizituki. Besteak beste, diruz lagundutako kontratuak zabaltzeko proposamenarekin alegazioa burutu zen, aldi baterako kontratazioak babesteko.

Eusko Jaurlaritzak alegazioari erantzuteko bere erantzun negatiboa honako moduan justifikatu du:

  • Kalitatezko enplegua sustatu nahi da eta, horregatik, diru-laguntza jasoko dute kontratu mugagabeek eta aldi baterako enplegu- eta prestakuntza-sustatzeko kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek. Hala, ez dira aldi baterako kontratuak diruz lagunduko.
  • Aldi baterako kontratazio zehatzak Lanbidek laguntzen ditu. Zehazki, enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuez eta prestakuntza-kontratuez nahiz  behin-behineko kontratu jakinez hitz egiten da. Izan ere, indarraldi osoan Gizarte Segurantzaren kotizazioan hobariak dituzte eta Lanbideren aurrekontuaren kargura finantzatzen dira. Halaber, aldi baterako kontratazioak aipatzen dira, gutxienez 6 hilabeteko iraupena badute eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona desgaituak tartean badaude. Horiek ere Lanbideren finantza-laguntza jasotzen dute.

A taldeko batzordekideek dekretuak enplegu arruntaren modalitatea indartu behar dela partekatzen duten arren, Jaurlaritzaren erantzunarekin ere ados daude. Gure ustez egokia da. Batetik, aldi baterako kontratazioaren modalitate berrietara diru-laguntza mugatzen du, jada diruz laguntzen diren aldi baterako kontratazioak baitaude. Bestetik, enpleguaren kalitatea kontratazio mugagabea bultzatzen duten kontratu-formulekin identifikatzen du.

Abiapuntua hori izanik, horrekin guztiarekin bat, irizpen aurreproiektuari ezin diezaiokegu aldeko botorik eman, Jaurlaritzari aldi baterako kontratazioaren modalitateek nahikoa diru-laguntza ez dutela jasotzen eta, ondorioz, kontrataziorako bestelako neurriekin batera, horiek indartu behar direla azaltzen baitio. Are gehiago, aipamen horretan diru-laguntza eskatzen den beste formula batzuk sar daitezke, nahiz eta lanaren arlokoak ez diren.

Horregatik, gure boto berezia, erakunde honek onartutako irizpenaren aurkakoa, adierazten dugu.