Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 3/19

Irizpena 3/19

Irizpena 3/19, Euskadiko Ondare Naturala kontserbatzeko Lege-aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2019ko urtarrilaren 14an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren idazkia sartu zen eta Euskadin ondare naturala kontserbatzeko lege-aurreproiektuari buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzkoak, 3.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Legearen xedea Euskadiko ondare naturala babestu, kontserbatu, kudeatu, iraunkortasunez erabili, zaharberritu eta hobetzea da.

Berehala dokumentuaren kopia bat bidali zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamen eta iritziak eman eta Lan Batzorde egokian lantzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudian xedatutakoarekin bat. 2019ko otsailaren 11, 13 eta 19an Ekonomia Garapeneko Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen proiektu hau formulatu da otsailaren 22ko Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Lege-aurreproiektuaren testuak, zioen azalpenaz gain, 7 titulutan banatuta 104 artikulu, 5 xedapen gehigarri, 8 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.

Zioen azalpena

Bere aipamena hasteko, EAEko herritarrek eta aginte publikoek gero eta kezka handiagoa dute natura kontserbatzeko eta Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea eginez islatu zen.

Azalpena jarraitzeko dio lege hau bere garaian aitzindari izan zela eta 4 aldiz aldatu zutela.

  • 2/1997 Legea, martxoaren 14koa, Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko legea aldatzen duena.
  • 1/2010 Legea, martxoaren 11koa, Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duena.
  • 2/2011 Legea, martxoaren 17koa, ehizari buruzkoa.
  • 2/2013 Legea, urriaren 10ekoa, Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzen duena. Azkenekoak Jaurlaritzari legegintzako dekretua egiteko ahalmena eman zion eta arau-testu bakarrean bat egin ziren eta harmonizatu ziren honako legeen edukiak: 16/1994 Legea, 1/2010 Legea eta 2/2013 Legea.

Hala eta guztiz ere, 1/2014 Legegintzako Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, onetsi zenetik, EBk arloan lege-corpus zabala egin du eta estatutako oinarrizko araudira irauli da, beraz, egungo arazoei erantzuteko araudi berria ezinbestekoa da.

Xedapen-gorputza

I. tituluak, xedapen orokorrei buruzkoa (1etik 9. artikulura), legearen xedea eta lortu nahi diren helburuak ditu aztergai. Horiek administrazio publikoen jarduera-jarraibide izango diren jarduera-printzipioetan oinarritzen dira. Definizioen artikulua dago eta goi-mailagoko arauetan daudenak baztertu dira. Aldi berean, ondare naturala behar bezala kontserbatzeari dagokionez, aginte publikoen erantzukizunak nahiz eskubideak eta herritarren eskubideak daude.

II. tituluak, aginpide- eta antolaketa-araubideari buruzkoak (10. artikulutik 12.era), administrazio publikoen aginpideak (Eusko Jaurlaritzarenak, foru aldundienak eta udalenak) arautzen ditu eta modu egokian ulertzeko administrazioen arteko kooperazio-mekanismoak definitu ere bai. Legeak arautzen dituen arloetan kontsulta- eta kooperazio-organo elkargoduna (Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia) deskribatzen du eta bere zereginak ezartzen ditu. Konposizioa, berriz, dekretuaren bidez egingo den etorkizuneko arauketarako uzten du.

III. tituluak, ondare naturala ezagutu, planifikatu eta babesteari buruzko tresna osagarrien ingurukoak (13tik 34. artikulura), datuak lortu eta tratatzeko hainbat arlo estrategiko definitzen du, guneak arautu eta jarraitu beharreko gidalerro orokorrekin batera. Ondare naturalari buruzko informazio guztia Euskadiko Naturaren Informazio Sisteman irauli behar da, EAEko erakunde guztientzat ondare naturalaren ezagutza-gunea baita. Halaber, titulu honetan kokatzen da Ondare Naturala Kontserbatzeko Euskal Estrategia, hurrengo zortzi urteetan jarraitu beharrekoa. Aurreproiektu honen ekarpenik nabarmenetarikoa Eusko Jaurlaritzak ondare naturalaren arloan onesten dituen dekretuak eta aginduak, hala nola, baliabide naturalak antolatzeko planak izapidetu eta onartzeko prozeduraren aldaketa da.

IV. tituluak, naturagune babestuei buruzkoak (35.etik 65. artikulura), batetik, guztietarako xedapen erkideak arautzen ditu eta, bestetik, gune-tipologia desberdinei erreparatzen die. Horien artean bereizten dira naturagune babestuak, Natura 2000 Sareko naturagune babestuak eta nazioarteko tresnak aplikatuta naturagune babestuak. Multzo bakoitzean zehatz-mehatz ageri dira deskribatutako gune-mota bakoitzak bete behar dituen ezaugarriak, araudi berezia eta kudeatzeko modua.

V. titulua, fauna eta floraren espezie basatiak babesteari buruzkoa (66. artikulutik 82. artikulura), egoera basatian bizi den bioaniztasuna kontserbatzen saiatzen da eta, horretarako, batez ere, habitatak babesteari erreparatzen dio, hala eskatzen duten espezie basatientzat babes-araubide bereziak zehazteaz gain. Babes bereziko araubidean dauden espezie basatien zerrendan edo flora eta fauna basatiaren espezieen katalogo berezietan sartzen dira.

VI. tituluak, ondare naturala sustatu eta kontserbatzeko neurri eta neurri ekonomiko finantzarioei buruzkoak (83. artikulutik 90.era), finantzaketa-bitartekoak eta zerga-neurriak ezartzen ditu. Ildo horri jarraiki, berrikuntza da Natur Ondarea Kontserbatzeko Euskal Funts Publikoa. Eragin sozioekonomikoko arloak sortuko dira, naturagune babestuak mantentzen laguntzeko eta nahasitako biztanleen garapen sozioekonomikoa sustatzeko. Halaber, garapen sozioekonomikorako programak landuko dira. Gainera, honakoak deskribatzen ditu: kalte-ordainen araubidea, lursailen zaintza eta ondare naturala babesteko jabe pribatuekin hitzarmenak.

VII. tituluak, zaintza eta ikuskapen nahiz zehapen-araubideari buruzkoak (91. artikulutik 103. artikulura), ikuskarien kalifikazioa eta beren zereginak jasotzen ditu, arau-hausteak eragingo dituzten gertakariak tipifikatzearekin batera. Horiek oso larriak, larriak eta arinak izango dira, ondare naturalean sortutako arriskuak kontuan hartuta. Zigorren mailaketa arau-hauste mota bakoitzerako finkatzen da eta jartzean arau-haustearen larritasunarekin bat etorriko da, legeak zehazten dituen irizpideei erreparatu ostean. Era berean, diziplina-araubidearen barruan, arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz, asaldatutako egoera lehengoratzearen betebeharra aurrez ikusten da. Horrez gain, administrazio publikoari sortutako kalte-galerengatik kalte-ordaina dago. Arau-hausterik ez egiteko neurri osagarrien artean aurki daiteke arau-hauste oso larriak edo larriak egin badira diru-laguntzarik ez jasotzearen aukera eta arau-hausleen erregistroa sortzea. Bertan pertsona arau-hausle pribatu eta publikoak inskribatuko dira, ebazpen irmoa emana badute. Ildo beretik, arau-haustea egiteagatik ezarritako zigorrak iragartzea aurrez ikusten da.

Xedapen gehigarriak. Lehenengoa biotopo babestuei buruzko araubidearen ingurukoa da, bigarrenak zuhaitz berezien araubidea aipatzen du, hirugarrena oztopoak eraisteari eta 2/2011 Legea, martxoaren 17koa, ehizarena, aldatzeari buruzkoa da. Azkenik, laugarrenak interes naturala duten toki-eremuak ditu hizpide.

Bederatzi azken xedapenek honakoak aipatzen dituzte: Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundiei esleitutako funtzio esklusiboak, hiriguneetan baso-masak eta zuhaitz-errezela gehitzea, izapidetzen ari diren planak egiteko prozedurak, Itxinako mendigunearen babes-araubidea, igarobide ekologikoen euskal katalogoaren argitalpena, bere kartografiarekin batera, legea indarrean sartu baino lehen hasitako zehapen-espedienteak, espezie mehatxatuen kategoriak egokitzea, legeak Ingurumenaren Kontseilu Aholkulariari esleitzen dizkion zereginak erabiltzea, araubidez konposizioa eta funtzioak eguneratzen ez diren bitartean, Interes Geologikoko Tokien Inbentarioan dauden geologia intereseko tokietan jarduerak, tokiak naturagune babestu bezala aitortzeko dekretuak onartzen ez diren artean.

Xedapen Indargabetzaileak 1/2014 Legegintzako Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko legearen testu bategina onesten duena, indargabetzen du, 3/1998 Legeak, otsailaren 27koak, Euskadiko ingurumena babesteko orokorrak, dituen II. tituluko I. kapituluarekin batera.

Eta, amaitzeko, lehenengo azken xedapena araubidezko garapenari buruzkoa da. Bigarrenak, ordea, legea indarrean sartzea aipatzen du.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Aztergai dugun arauaren aurreproiektuari buruzko zioen azalpenean adierazten den bezala, EAEko herritarrek eta aginte publikoek gero eta kezka handiagoa dute natura kontserbatzeko eta Euskadiko natura kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea eginez islatu zen.

Lege hori aitzindaria izan zen garai hartan eta 4 aldiz aldatu zuten. Laugarren aldaketaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzari legegintzako dekretua (1/2014 Legegintzako Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskadiko natura kontserbatzeko legearen testu bategina onartzen duena) egiteko ahalmena eman zitzaion eta araudi-testu bakarrean bategin zen. Hala, Euskadiko natura kontserbatzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen edukia eta ondoz ondoko aldaketak harmonizatu ziren.

Dena den, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua onartu zenetik, hainbat aplikazio-arazo azaleratu da, EBk legedi-korpus zabala baitu eta estatuko oinarrizko araudira irauli baita.

Ondorioz, positiboki baloratzen dugu ekimen legegile hau, egungo arazoei erantzun nahi dien neurrian. Horrez gain, ondare naturala kontserbatu eta Euskadiko lehenengo sektorea eta bestelako jarduera ekonomikoak garatzearen artean oreka ezin hobea lortzen saiatzen da.

Horiek abiapuntutzat izanik, zenbait alderdi kontuan hartu beharko litzateke.

8/2003 Legeak, abenduaren 22koak, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzkoak, 10.3. artikuluan xedatutakoarekin bat, lege-aurreproiektuaren memoria ekonomikoak kostua zenbatetsi behar du eta gastuak nahiz diru-sarrerak zenbatu, administrazio publikoaren aurrekontuetan ondoreak zehaztu eta finantzazio-iturri eta -moduak definitu behar ditu.

Irizpen honen xede den aurreproiektuaren memoria ekonomikoan administrazio orokorraren eremuan legea ezartzearen ondoriozko gastuak eta kostuak zenbatesten dira, baina diru-sarrera, finantzaketa eta aurrekontuetan islari dagokionez, esklusiboki zerga-kontzeptuak eta neurri fiskal orokorrak aipatzen dira. Era berean, beste administrazio batzuetan (foruak, tokiko erakundeak…) izan daitezkeen gastuak aipatzen dira, baina ez ditu zenbatzen. Are gehiago, kontserbatzeko Euskal Funts Publikoari (legeak aurrez ikusitako tasak, zehapenak, etab.) dagokionean, araudi-garapenera bidaltzen da administrazioan eragin ekonomikoa zehazteko.

Horregatik, itxuraz, komenigarria da memoria ekonomikoa diru-sarreren simulazio eta estimazioekin osatzea, aurreproiektuari jarraiki, garatzen diren tasak, zergak eta tresna fiskalak finalistak (besteak beste, arestian aipatu dugun funtserako) izango direla xedatzen baita. Gainera, aurrekontu-partida bat osatuko da kontserbazio legearen helburuak betetzeko.

Era berean, partikularrei dagokien eraginean (25. orrialdea), ebaluazioa gehiago garatu behar da, kostuei buruzko aipamen orokorrak alde batera utzita: “…oso urriak dira, hain zuzen ere, testuaren helburua kontrakoa baita, hau da, herritarren osasuna eta ongizatea sustatu eta hobetzea…” (…) “herritarrentzat ez da kostu handiagorik izango, zehapenak aplikatzearen ondorioz sor daitekeenetik urrunago”. Horrek nezakaritza/abeltzaintzaren jardueran aritzen diren pertsonei (fisikoak eta juridikoak) eragin diezaieke, dakarren ondore ekonomikoarekin.

Azkenik, bidezkoa litzateke 26. orrialdeko lehenengo paragrafoan aipatzen diren baieztapen orokorrak ebaluazio ekonomikoaz laguntzea. Hala dio: “.. EAEko ondare naturala ekonomia- eta jolas-jarduera anitzen euskarri da eta turismoa da horietako aipagarrienetarikoa…” (…)“Horrek, zalantzarik gabe, turismoa sustatzen lagunduko du, bereziki, landa-eremu eta gune babestuetan. Hala, onura sozioekonomikoak lortuko dira eremu horretan eta zuzenean nabarituko dituzte ostalaritzak eta aisialdi-jarduerek…”

IV.- GOGOETA BEREZIAK

2 artikulua. Helburuak

e) puntua, besteak beste, espezieen aprobetxamendu iraunkorrari buruzkoa da.

Testuinguru honetan, Batzordearen iritziz, hainbat espezieren gehiegizko populazioek eragindako kalteak ez dira baztertu behar. Izan ere, bioaniztasuna gal daiteke eta nekazaritza-ustiategietan galera ekonomikoak sor ditzakete. Aldi berean, etxeko animalia eta pertsonentzat osasun-arriskua ekar dezakete. Horregatik, egokia iruditzen zaigu landa-ingurunearekin bizikidetza bultzatzeko ekintzak sartzea.

3. artikulua. Printzipioak

2. puntuari buruz, kontsulta-organo honen iritziz, ondare naturalaren kontserbazioa ekintza dinamikoa da eta giza baliabideak eskatzen ditu. Horregatik, g) atalean ondorengoa eranstea proposatzen dugu:

g) Legearen helburuak eta, bereziki, landa-ingurunean eta berarekin lanean diharduten pertsonenak lortzeko orduan, pertsona publiko eta pribatu guztien erantzunkidetasuna, ondare naturalaren erabiltzaileak eta onuradunak diren neurrian.

4. artikulua. Definizioak

Aniztasun biologikoa mantentzea garrantzitsua da, bai nekazaritza-ekoizpenerako, baita bizia mantentzeari begira, beharrezkoak diren ekologia-erroak kontserbatzeko ere. Adibidez, larre mesofiloak edo txilardiak (92/43/CEE Zuzentarauak I. eranskinean sartutakoak) habitat interesgarriak dira eta atzera egiteko arriskuan edo jada hala eginak daude gure Erkidegoan. Beraz, babestu behar ditugu.

Ildo horri eutsiz, habitatak mantentzeko jarduerak katalogatzea ahalbidetzen duten neurriak zehaztu behar dira (esaterako, abeltzaintza estentsiboa espezie autoktonoekin edo erlezaintza). Modu berean, nekazaritza-ustiategien inbentarioa behar da, ekoizpen iraunkorrerako teknika onartuak garatuta, ingurumen-kalitatea mantendu edo hobetzeko beharrezkoak badira edo horretan laguntzen badute.

Horregatik, hurrengo definizioak sartzea proposatzen dugu:

Nekazaritza-jarduera interesgarria: ekonomikoki bideragarria izanik eta ekoizlearen nahiz gizartearen bizi-kalitatea hobetuta, epe luzean ekoizpen iraunkorrerako teknika balioztatuen bitartez ingurumen-kalitatea, habitat interesgarriak, atzera doazen ekosistemak mantendu edo hobetzen laguntzen duen nekazaritza-jarduera.
Nekazaritza-ustiategi garrantzitsua: inskribatutako nekazaritza ustiategia, nekazaritza-jarduera interesgarria garatzen duena.

6. artikulua. Aginte publikoen erantzukizunak

2. puntuko e) atalean letra lodiz adierazitakoa gehitzea proposatzen da:

e) Aniztasun biologikoari, bere balio eta funtzionamenduari, egoera nahiz joerei eta galeraren ondorioei buruzko ezagutzak, ikerketa eta berrikuntza, zientzia-oinarria eta teknologiak gehitu eta hobetzea sustatuko dute.

12. artikulua. Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia

1. puntuan Ingurumenaren Kontseilu Aholkularia aipatzen da eta xedea zehazten du. Kontseilu Aholkularia Euskadiko ingurumen administrazioari buruzko legean sortzen denez eta, beraz, lege horretan bertan konposizioa eta aginpideak definitzen direnez, gure ustez egokiagoa litzateke antolaketa, konposizio eta funtzioari buruz ingurumen-administrazioari buruzko legera bidaltzea eta ondare naturala kontserbatzeko lege honetan esklusiboki ondare naturalaren arloan zereginak jasotzea, hau da, 2. puntuan aipatzen diren funtzioak.

13. artikulua. Euskadiko ondare naturalaren inbentarioa

4. artikuluari egindako gogoetetatik ondoriozta daitekeen bezala, zenbait nekazaritza-jarduerak, sozioekonomikoki ekarpena egiteaz gain, ingurumen-kalitatea, habitat interesgarriak eta ekosistemak mantentzen eta hobetzen laguntzeko berezitasuna du. Are gehiago, nekazaritza-jarduera horiek gabe gure Erkidegoan atzera egiteko arriskua legoke edo jada atzera eginak leudeke.

Horregatik, 2.f) puntuan letra lodiz aipatutakoa eranstea proposatzen dugu:

f) Euskadiko habitat interesgarrien zerrenda, 4. artikuluan aipatzen den nekazaritza-ustiategi interesgarrien inbentarioa izango duena.

17. artikulua. Xedea eta edukia

1. puntuan letra lodiz nabarmendutakoa gehitzea proposatzen dugu:

1. Ondare Naturala Kontserbatzeko Euskal Estrategiak Euskadiko ondare naturala babestu, kontserbatu, iraunkortasunez erabili, kudeatu, hobetu eta zaharberritzeko, baita bioaniztasunaren aldaketak modu goiztiarrean antzemateko ere euskal administrazio publikoen politikak bideratu eta koordinatzeari begira, helburuak, gidalerroak eta ekintzak zehaztuko ditu eta, horretarako, Estatuko eta Europar Batasuneko plangintza estrategikoaren eduki lotesleak errespetatu eta sartuko ditu.

Justifikazioa: oinarrizko helburu bat izan behar du aniztasunean aldaketak modu goiztiarrean antzemateak. Gure iritziz, ez bada kontuan hartzen, puntu garrantzitsu bat gelditzen da lantzear.

18. artikulua. Egitea

Ondare Naturala Kontserbatzeko Euskal Estrategia egiteari dagokionez, berez Gobernu Kontseiluak onartu baino lehen estrategiak izango dituen izapideak aipatzen direnez, egokia iruditzen zaigu Ingurumenaren Kontseilu Aholkulariaren txostenaz gain, gainerako kontsulta-kontseiluenak eranstea, nahitaez beren iritzia azaldu behar badute.

Hala, 2.d) puntuan ondorengoa gehitzea proposatzen da:

“d). Ingurumenaren Kontseilu Aholkulariaren txostena eta gainerako kontsulta-kontseiluenak, nahitaez iritzia eman behar badute”.

23 artikulua. Irismena

Dirudienez, egokia da lurralde-antolamendu, hirigintza eta abarreko tresnak gehieneko urtebete baino epe luzeagoan baliabide naturalen antolamenduari buruzko planetara egokitzea, konplexuak baitira eta erakunde desberdinak nahasiak baitaude.

Horregatik, 3. puntuan azpimarratutakoaren ordez letra lodiz nabarmendutakoa idaztea proposatzen da:

3. Lurralde-antolaketa, hirigintza, natur baliabide edo bitarteko fisikoei buruzko tresnak jada existitzen badira, baina baliabide naturalen antolaketari buruzko planekin kontraesanean badaude, gehienez urtebeteko bi urteko epean moldatuko dira, horiek behin betiko onesten direnetik zenbatzen hasita… “

25. artikulua. Kautelaz babestea

1. puntuak kautelaz babestea proposatzen du. “Baliabide naturalen antolamenduari buruzko planak egiteko edo naturagune babestuak aitortzeko prozedurak hasi direnean” jarduerari muga garrantzitsuak ipintzen dizkio. Hasten den prozedurari, ordea, denboraren aldetik ez zaio mugarik jartzen eta garatzeko orduan izapidetzez arduratzen den erakundearen arabera luza daiteke.

Gure ustez, garatzeko gehieneko epea zehaztea arrazoizkoa da, nahasitako pertsona eta erakundeek beren jarduera planifikatu ahal izateko. 

30. artikulua. Kalte edo arriskuaren salbuespenezko egoerak

2. puntuan hurrengo hitzez hitzekoa gehitzea proposatzen da:

2. Gutxieneko populazio-maila jakinak ziurtatzen saiatuko da; horrez gain, beste espezie batzuen gaineko ondore esangarriak, zuzenak edo zeharkakoak, arintzen eta ekosistemaren dinamika mantentzen saiatuko da.

Justifikazioa: hobekuntza teknikoa.

31. artikulua. Euskadiko habitat natural interesgarrien zerrenda eta desagertzeko arriskua duten habitaten katalogoa.

8. puntua zati batean deuseztatzea planteatzen da, 2. puntuan adierazitakoa errepikatzen baitu. Zehatz-mehatz esanda, hurrengo paragrafoan azpimarratutakoa ezabatzea proposatzen da:

“8. Euskadiko habitat natural interesgarrien zerrendan dauden habitatak kudeatuko dira mantentzeko edo, bidezkoa bada, aldeko kontserbazio-egoera berreskuratzeko. Zerrendako habitaten kontserbazio-egoera azkeneko ebaluazio-txostenean txar modura (U2) kalifikatu bada, desagertzeko arriskua duten habitaten katalogoan sartuko da kontserbazio-egoera hobera urratsa ematen ez den bitartean”.

36. artikulua. Tipologia

1. puntuko a) atalean letra lodiz nabarmendutakoa gehitzea proposatzen dugu:

1. Naturagune babestuak honako kategorien arabera sailkatuko dira:

a) Naturagune babestuak. Kategoria honen barruan sartuko dira natur parkeak, natur erreserbak, itsas area babestuak, natur monumentuak eta paisaia babestuak.

Justifikazioa: adierazgarria da kategoria hori aurrez ez ikustea, 42/2007 Legeak jasotzen baitu. Proposatutako arauak guztiak xedatzen ditu hori izan ezik. Gure iritziz, salbuespen horrek ez du justifikaziorik.

41. artikulua. Seinaleztapenaren zorra

2. puntuan letra lodiz azaltzen dena gehitzea proposatzen dugu:

2. Seinaleak instalatzeko zorrak pasabidea uzteko zortasunpeko onibarra ekarriko ditu eta kokatu, kontserbatu nahiz erabiltzeko lanak egiten utzi beharko dira. Hori guztia administrazio aginpidedunaren kargura izango da.

Administrazio aginpidedunak eta ez jabe pribatuek seinaleak bere kargura kontserbatu eta konpontzea (zuhaitza ustekabean erortzeagatik, eguraldi txarra egiten duelako… haustura) nahitaezkoa duela berariaz jasoa gelditu behar delakoan gaude, zalantzarik ez sortzeko.

43. artikulua. Babesteko zona periferikoak

Babesteko zona periferikoak zehazteak ekonomia- eta gizarte-ondore garrantzitsuak iragartzen ditu eta legearen aldetik segurtasunik ezar dakar, hortaz, arauak zehatzagoa izan behar du.

Beste hitz batzuetan esanda, arintasunez araubidez garatu behar da babes-zona periferikoen lege-erregimena zehazteko: nork izendatuko dituen, zer espazio hartuko duten, beren mugak, erabilerak, baimendutako jarduerak…

48. artikulua. Erreserba naturala

1. puntuan aipatutakoaren arabera, erreserba naturalak foru-organo eskudunek sortuko dituzte eta, aldi berean, 51.1. artikuluan xedatutakoarekin bat, naturagune babestuak EAEko administrazio orokorraren dekretuz aitortuko dira.

Aginpidea argitu behar delakoan gaude eta, hala badagokio, 48. artikuluko 1. puntuan foru-organoen aipamena ezabatzea proposatzen da:

“1. Erreserba naturalak neurrizko tamainako ala tamaina txikiko naturaguneak izango dira eta foru-organo aginpidedunek sortuko dituzte. Beren helburua ekosistemak, erkidegoak edo biologia-elementuak babestea izango da, baita….ere”.

“48. bis artikulua. Itsas area babestuak” gehitzea

1. “Itsas area babestuak itsas inguruneko ekosistema, erkidego edo biologia ala geologia elementuak babesteko naturaguneak dira, marearteko eremuak eta itsasaldiak eragindakoak barne, bitxikeriarengatik, hauskortasunarengatik, garrantziarengatik edo berezitasunarengatik babes berezia behar badute”.

 “47. Natur parkea, 48. Erreserba naturala eta 49. Monumentu naturala” artikuluak. Mugak ezartzeari buruz

Arauketa ez da nahikoa, artikulu bakoitzean zehazten diren mugek ondorio sozioekonomiko garrantzitsuak eta, bide batez, legearen ikuspegitik segurtasunik eza dituzten neurrian. Ondorioz, berehala araubidez garatu behar da, artikuluetan ezartzen diren mugak eta ondorioak definitu behar baitira.

 53. artikulua. Erabilera eta kudeaketari buruzko plan gidariak

3. puntuan letra lodiz nabarmendutakoa gehitzea proposatzen dugu:

“3. Erabilera eta kudeaketari buruzko plan gidariak, baita bere aldaketak ere egin eta onartzeko prozedura honakoa da:

a) Kudeaketaren foru-organo arduradunak hasierako dokumentua egingo du.

b) Aipatu dokumentua gutxienez bi hilabetez jendaurrean jarriko da eta udalek, beste tokiko erakunde batzuek nahiz nahasitako pertsona fisiko eta juridikoek, zonako gizarte-interesak ordezkatzen dituzten elkarteek, gobernuz kanpoko erakundeek… txostena egingo dute”.

Ildo horri eutsiz, itxuraz, komenigarria da dokumentu horiek jendaurrean (orokorrean) jartzeaz gain, nahasitako pertsona juridiko edo fisikoek aztergai izatea, hala nola, nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak garatzen dituzten horiek. Hala, berariaz aipatu beharko lirateke.

77. artikulua. Fauna basatia errekuperatzeko zentroak eta landareen material genetikoaren biltegiak.

2) puntuan ondorengoa gehitzea proposatzen dugu:

2. Foru-organo aginpidedunek fauna basatiaren errekuperazio zentroak sortu eta zuzenean edo zeharka kudea ditzakete. Beren helburua dagokien ingurune naturalean bizirik irauteko desgaituak badaude, bertara itzultzeko fauna basatiaren indibiduoak zaindu, mantendu eta errekuperatzea da. Dena den, hori ezinezkoa izanez gero, “ex situ” kontserbazio-programetan edo ingurumen-heziketari buruzkoetan barneratu beharko lirateke.

Justifikazioa: Fauna basatiaren errekuperazio-zentroen definiziora hobe egokitzen da.

 87. artikulua. Kalte-ordainen araubidea

2. puntuan adierazten den araubidezko garapena legea argitaratu eta gehienez jota ere urtebetean errealitate bihurtzeko konpromisoa hartzea eskatzen diogu administrazioari. Beraz, legean hala azaldu beharko litzateke.

89. artikulua. Ondare naturala babesteko akordioak jabe pribatuekin

Akordioak araubidezko garapenaren araberakoak badira, modu berean, legea argitaratu eta hurrengo urtean eraginkor izatea eta, horretarako, legean aurrez ikustea eskatzen dugu. Gainera, guztiontzat (administrazioa eta biztanleak) eskubideen eta betebeharren arteko oreka bermatuko da.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen iritziz, Euskadiko ondare naturala kontserbatzeko legearen aurreproiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2019ko otsailaren 22an

a

Batzordeburuaren O.E. Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez

a