Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 16/18

Irizpena 16/18

Irizpena 16/18, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Araudia onartzeko Dekretu Proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2018ko urriaren 24an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Gobernamendu Publiko eta Autogobernurako Sailaren idazkia sartu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Araudia onartzeko Dekretu Proiektuari buruzko txostena eskatzen zuen 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearenak, 3.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bere helburua 9/2016 Legea, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen babesletza eta erregistroari dagokionez, garatu eta gauzatzea da.

Berehala dokumentuaren kopia bat bidali zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamen eta iritziak eman eta Lan Batzorde egokian lantzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamenduari buruzko Araudian xedatutakoarekin bat.. 2018ko azaroaren 12an Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen proiektu hau formulatu da azaroaren 15eko Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Dekretuak xedapen-zatia, fundazioen araudia onartzeko artikulu bakarra, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, indargabetzeko beste bat, bi azken xedapen eta bi eranskin ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzko arautegiaren testua 1. eranskin modura ageri da eta bigarren eranskinean jarduera-kodeen zerrenda dago.

Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen araudiak (1. eranskina) 55 artikulu ditu eta hiru kapitulutan banatuak daude. Xedapen orokorrak, babesletza eta Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroa arautzen dira, hurrenez hurren.

Zioen azalpena

Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroa eta babesletza elkarren artean administrazio-organo independenteak dira, alde batera utzi gabe fundazioen arloan aginpidea esleitua duen sailarekin beren erlazio organiko eta funtzionala. Bi organoen arteko harremana arautzeko, komunikazio eta lankidetza iraunkorraren printzipioei erreparatu behar zaie.

12/1994 Lege indargabetua, ekainaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzkoa, garatzeko araudietan (101/2007 Dekretua, ekainaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroari buruzko araudia onartzen duena; eta 101/2007 Dekretua, ekainaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen babesletza onartzen duena) bi organoak bereizita egon arren, arautegi honetan batera arautzen dira 9/2016 Legearen espirituari jarraiki. Nolanahi ere, testu bakarrean jaso nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzko araudi osoa, hobe ulertu eta informazio orokorra sustatzeko.

Fundazioen arautegiari buruzko xedapen-zatia (I. eranskina)

I. KAPITULUA.- XEDAPEN OROKORRAK atalean 1etik 6ra bitarteko artikuluak ageri dira eta araudiaren xedea, aplikazio-eremua, fundazioen arloan aginpideen esleipena eta fundazio-jardueren sailkapena garatzen ditu.

Aldi berean, berariaz xedatzen da administrazio-kudeaketa esklusiboki bitarteko telematikoak erabiliz egingo dela. Bestalde, elkarri eragiteko bitarteko bezala, notariotzekin harremana eta elkarreragingarritasuna aipatzen dira. Ildo horri eutsiz, administrazioan komunikatzeko eta izapideak egiteko modurik aurreratuenak erabiliko dira, administrazio-izapideak sinplifikatu eta zerbitzu publikoak arrazionalizatzearen alde.

II. KAPITULUA.- EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO BABESLETZA (7tik 28ra arteko artikuluak) deritzonean oinarrizko printzipioak eta funtzioak arautzen dira eta 9/2016 Legeak, ekainaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzkoak, sartutako aginpide berriak garatzen dira. Egitura eta funtzionamenduari buruzko bi sekzio ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzarako Batzorde Aholkularia arautzen du. Babesletzaren kontsulta-organoa da eta bere txostenak, lotesleak ez suertatu arren, nahitaezkoak dira, bai beren helburuen interes orokorra eta zilegitasuna, baita bideragarritasun ekonomikoa zehazteari dagokionez, fundazioak eratzeko inskribapen-espedienteak izapidetzean, bai fundazioen arloan xedapen orokorreko proiektuetan parte hartzean.

Kapitulu honetan hurrengo berrikuntzak azpimarra daitezke:

Urteko prebentziozko ikuskapenak arautzen dira. Hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen legeak sartu duen berrikuntza bat da. Ikuskapenek babesletzak fundazioen araudia eta fundatzaileen borondatea betetzen direla egiaztatzea dute helburu. Hala, fundazioen bideragarritasun ekonomikoa eta estatutuetan aurrez ikusiak dauden interes orokorreko xedeak betetzen direla ziurtatuko dute.

Kontuak aurkezteko izapideak garatu eta arautzen dira. Hala, EAEko administrazioaren egoitza elektronikoan dauden inprimakien bidez osatuko dira eta, bide batez, zerbitzu publiko garden, arin eta teknologikoki aurreratua egituratuko da. Horrez gain, erregistro-informazio osora modu fidagarrian eta kalitatezkoan errazago iritsiko da eta lege segurtasunerako berme izan ere bai.

Fundazioen jarduera ekonomikoak garrantzi berezia du eta, besteak beste, honako alderdiak garatzen dira: xedapen- eta zergapetze-egintzei buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren edukia, hasierako fundazioaren hornidurari buruzko arauak, fundazioaren helburuetara bideratu behar diren diru-sarreren ehunekoak kalkulatzea, administrazio gastuak zehaztea eta merkataritza-sozietateetan parte hartzea.

Fundazioen legeak aurrez ikusitako epean kontuak ez aurkezteagatik Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroa ixteari dagokionez, irizpideak zehazten ditu, bai kontuen gordailuaren kontzeptua kontuan hartuta, bai ixtea altxatzeko baldintzei erreparatuz.

III. KAPITULUA.- EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERREGISTROA (29tik 54ra arteko artikuluak) deritzonean oinarrizko printzipioak eta funtzioak arautzen dira eta 9/2016 Legeak, ekainaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioei buruzkoak, sartutako aginpide berriak garatzen dira.

Lau sekzio ditu. Lehenengo sekzioko xedapen orokorrek erregistroaren xedea eta funtzioak zehazten dituzte. Bigarren sekzioak nahitaez inskribatzeko egintzak ezartzen ditu, erregistro-inskribapen eta -idazpenen izaerarekin batera. Hirugarren sekzioak inskribatzeko egintza bakoitzaren prozedura aipatzen du. Azkenik, laugarren sekzioan erregistroaren beste funtzio batzuk garatzen dira.

Kapitulu honetan hurrengo berrikuntzak azpimarra daitezke:

Izenaren ziurtagiria aipatzen da. Izan ere, ezinbestez eratzeko eskritura publikoan sartu behar da eta urtebetez izena gordetzeko aukera dago.

Era berean, fundazioen datu eguneratuei buruzko urteko ziurtagiriaren gutxieneko edukia garatzen da. Hori urteko kontuekin batera aurkeztu behar da eta Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroan segidako traktua betetzen dela egiaztatzeko, ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran dauden erregistro-datu nagusiak jasotzeaz gain, araudian aipatzen diren datuak gehitu behar dira. Helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak diru-sarrerak fundazioaren helburuetara bideratzen al diren eta administrazio-gastuen muga betetzen al den balioztatzea da. Halaber, erabilitako baliabideen, egindako jardueren eta lortutako helburuen artean proportzionaltasuna egokia al den balioetsiko du.

Araudian zehar beste alderdi batzuk garatzen dira, hala nola, erregistro-publizitatea telematikoki izapidetzea, liburuak eta kontsultak legeztatzea, baita autokontratazioa eta patronatuak edo batzorde aholkulariak bilerak aurrez aurre egon gabe egitea ere. Bestalde, fundazioak desegin edo eraldatzeko espedienteei buruzko prozedura arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen legeak aurrez ikusten duelako.

III.- GOGOETA OROKORRAK

2016ko ekainaren 13an EHAAn 9/2016 Legea, ekainaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoa, argitaratu zen eta Batzorde honek irizpena (1/15 Irizpena) 2015eko otsailaren 11ko Osoko Bilkuran onartu zuen.

Aipatu legearen bigarren xedapen iragankorrean Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistro eta babesletzari buruzko araudien indarraldia zehazten da, ezinbestez araubidez garatzen ez diren bitartean. Nolanahi ere, hori lehenengo azken xedapenak aurrez ikusten du: “Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartzen denetik 18 hilabeteren buruan, garatu eta gauzatzeko xedapenak eman beharko ditu”.

Hori guztia kontuan hartuta, kontsultatzen zaigun araudiaren proiektua positiboki balioztatzen dugu, araudia garatzearen aurreikuspen orokorrari erantzuten baitio, legeak lehenengo azken xedapenean zehaztutakoari jarraiki.

Hala eta guztiz ere, hainbat alderdi aipatu nahi ditugu, aurrez ikustea komenigarria litzatekeelakoan.

Jarduerak egiaztatzeko espedientearen 16. artikuluari dagokionez, fundazioei buruzko legearen 53.2. artikuluak hala dio: “jarduerak egiaztatzeko espedientea legearen garapen-araudian xedatutako prozeduraren bitartez gauzatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak berariaz ebazpena egiten duenean amaituko da eta horretan honako erabaki batzuk hartuko dira:”

Hau da, jarduerak egiaztatzeko prozedura berariaz arautu behar dela aipatzen du artikuluak, baina kontsultatzen zaigun agiriaren 16. artikulua irakurritakoan, ez da egin. Egia da 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, hutsunea salbatzen duela. Dena den, Batzorde honek galdetzen du zergatik araudiak ez duen garatu, legeak berez jasotzen duenean. Hala, fundazioen legeak aipatu artikuluan emandako manduaren aurka doa.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

4. artikulua. Fundazioen jarduerak sailkatzea.

2. atalak idazkera berria izatea komenigarritzat jotzen dugu, egungo bertsioa ulergaitza baita. Era berean, 1. eranskineko jardueren kodeak sailkapen onaren euskarri suertatzeko, sistematizazio-ahalegina egin behar delakoan gaude.

6. artikulua. Notariotzekin harremana.

Batzorde honen iritziz, 1. atalaren idazkera nahasia da; batetik, fundazioen legeak edo araudiak xedatutakoarekin bat, agiri publikoak baimentzen dituzten notariotzek fundazioen erregistroari baimendutakoaren kopia telematikoa bidali beharko diote eta, ondoren, xedapenak berak eginkizun horretaz salbuesten du, pertsona interesdunak kontrakoa adierazten duenean. Notariotza eta fundazioen erregistroaren artean harreman telematikoa arautu nahi bada, itxuraz, ez du koherentziarik salbuespena sartzea.

Gainera, ezin daiteke ahaztu Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak 16.2.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazio prozedura batean edozein izapide egin nahi dutenean, notarioak halabeharrez herri-administrazioekin bitarteko elektronikoak erabiliz erlazionatuko direla, salbuespenik aurrez ikusi gabe.

7. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Babesletzaren izaera eta antolaketa orokorra.

Gure iritziz, indargabetzen den araudian, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuan, idazkera egokiagoa zen eta mantendu beharko litzateke. Horregatik, dekretu proiektuan “kontrola eta aholkularitzaren” ordez “aholkularitza, laguntza eta kontrola” idaztearen aldekoak gara.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletza fundazioen arloan eskumenak dituen sailaren mendeko fundazioen aholkularitza-, laguntza- eta kontrol-organoa (kontrol eta aholkularitza) da eta bere funtzioak fundazioen funtzionamendu-autonomia errespetatuz erabiliko ditu. Xedea fundazioaren borondatean zehaztutako legezkotasuna eta helburuak betetzea da.

8. artikulua. Babesletzaren Batzorde Aholkularia eta 9. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari buruzko Batzorde Aholkulariaren egitura eta funtzionamendua.

Batzorde honen ustez, fundazioek lortu nahi dituzten helburuen egokitasunari eta horiek egiteko bideragarritasunari dagokionez, kontsulta- eta laguntza-funtzioak (7.2. artikuluko bigarren paragrafoan kokatzen dira eta kontuan hartu aipatu artikulua Babesletzari buruz ari dela) funtsezkoak dira.

Jakitun gara Eusko Jaurlaritzako sailek, fundazioen sektore-eremuan aginpideak esleituak badituzte, espedienteak ezagutu eta txostena gauzatu behar dutela, baina zalantzan jartzen dugu organoa eratzearen erabilgarritasuna. Gure iritziz, txostenak egiteko orduan ez du balio erantsirik.

Pertzepzio horrek zentzu gehiago du 9. artikuluko 7. eta 9. atalak irakurtzen direnean. Nolanahi ere, 7. atalean ondoriozta daiteke organoa balioz eratzeko, aipatzen diren kideak behar direla (“organoa balioz eratzeko, burutza eta buruordetza betetzen dituzten pertsonek, baita idazkaritza duenak ere egon beharko dute. Horrez gain, kasu bakoitzean organoa Eusko Jaurlaritzan fundazioen sektore-eremuan aginpideak dituzten sailetako kideekin osatuko da, espediente horiek Aholkularitza Batzordeak ezagutzea ezinbestekoa bada”); 9. atalean, berriz, buruari batzordearen bilera egiteko ahalmena ematen zaio eta ez da beharrezkoa izango sailetako kideak bertaratzea. Halakoetan, beren iritzia aholkularitza-batzordeari bidaltzen zaion txostenaren bidez emango dute, horrek erabakia har dezan.

10. artikulua. Laguntza-, bultzada- eta aholkularitza-funtzioak.

a) atalari dagokion bigarren paragrafoan honakoa gehitzea proposatzen dugu:

“Babesletzak interesdunei izapideak egiteko ereduak eskuratuko dizkie. Oso-osorik gutxi gorabeherakoak izango dira eta Eusko Jaurlaritzako korporazioaren web orrian ikus daitezke. Interesdunek babesletzari estatutuen zirriborroa aurkez diezaiokete, aldez aurretik txosten ez-loteslea egiteko”.

Gure iritziz, ondoren arazoak saihesteko, desiragarria da interesdunek aurretiaz aztertzeko zirriborroa aurkeztu ahal izatea.

12. artikulua. Patronatuko kideak autokontratatzeko baimen-prozedura.

1. atalean honakoa gehitzea proposatzen dugu:

“Beren izenean edo hirugarren pertsonen izenean patronatuko kideek eta beren ordezkariek fundazioarekin kontratatzea ezinezkoa izan arren, salbuespenez autokontratazioa eska diezaiokete Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari eta horrek aldez aurretik baimena eman beharko du. Autokontratazioa egitea ahalko da, fundatzaileak berariaz debekatzen ez badu”. 

15. artikulua. Nahitaezko urteko ikuskaritzak.

  • Batzordearen ustez artikulu honek ez du koherentziarik. Ildo horri eutsiz, lehenengo atala irakurri ostean ondoriozta daiteke urtero, ohiz, prebentziozko ikuskaritzak egingo direla.
    Hirugarren atalean xedatutakoaren arabera, ordea, prebentziozko ikuskaritzak hirugarrenen salaketa edo komunikazioa jaso ondoren egingo dira. Baina prebentziozkoak eta ohikoak badira eta, gainera, planean sartuak badaude, arrazoizkoa litzateke programatuak egotea eta hirugarrenen salaketa eta komunikaziotik at burutzea. Itxuraz, hirugarren atalean beste balizko ikuskaritza batzuk gehitu nahi izan dira, ohizkoez gain, komunikazioa edo salaketa badago.
    Testuinguru honetan, idatziz jasoa utzi nahi dugu hirugarren atala 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 58. artikuluan xedatutakora ez dela egokitzen. Aipatutakoak hala dio: “prozedurak ofizioz hasiko dira organo eskudunaren erabakiz, bai ekimen propioz, bai goi-mailako aginduaren ondorioz, beste organo batek eskaera arrazoitua egin edo salaketa izanez gero”.
    Aurrekoaren harira, nahiz eta ikuskaritza-prozedura betiere ofizioz hasiko dela aipatzen den, ofizioz hasteko modalitate bakarra (salaketa) xedatzen du eta estatuko legeriak zehazten dituen bestelako modalitateak (organo eskudunaren erabakiz, bai ekimen propioz, bai goi-mailako aginduaren ondorioz eta bestelako organoek eskaera arrazoituta eginez) ahazten ditu.
    Argudioaren ildo berari eutsiz, egungo idazkeran hirugarren pertsonen komunikazioa (“ikuskaritza-prozedura… hirugarren pertsonen salaketaren edo komunikazioaren ondorioz…”) kontzeptu zehaztugabea da eta kendu beharko litzateke, bere zentzua gutxienez nahasia baita eta lege-segurtasunari eragiten baitio.
    Amaitzeko, hirugarren atalaren idazkera eta arauaren izenburua aldatu behar direlakoan gaude. “Ikuskaritzak” izan beharko luke, bi ikuskaritza-motak aurrez ikusten baititu.
  • Bigarrenez, 3. atalak aurrez ikusten duen ebazpen-epea zabaltzeko orduan, urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.2. artikuluan xedatzen duen gehieneko epea (6 hilabete) gainditzen du. Estatuko arauak xedatutakoarekin bat, epeak ezingo ditu sei hilabete gainditu, lege-maila duen arauak zabalagoa definitu edo Europar Batasuneko zuzenbideak hala aurrez ikusten duenean izan ezik.

19. artikulua. Xedapen- eta zergapetze-egintzak

Askotan adierazten da babesletzari jakinarazi behar zaiola, baina guztietan ez da epea aipatzen.

Lege-segurtasunaren alde, gure ustez epea ezinbestekoa da. Batzuetan egutegiko 30 egun aipatzen direnez, gure iritziz hori izan beharko litzateke babesletzari jakinarazteko epe erkidea.

27. artikulua.- Fundazioak merkataritza-sozietateetan parte hartzea.

Ausazko idazkeraren proposamen argirik izan gabe, harrigarria da artikulu honetan merkataritza-sozietateetan partaidetza arautzeko erabili den erraztasun eta malgutasuna. Horrek lardaska ekonomikoen egoerak sor ditzake, fundazioek irabazi-asmorik ez izatearen printzipioa kontuan hartuta.

Aukera hori irekitzeak jardueran kontrol handiagoa eta mugak eskatu beharko lituzke.

32. artikulua. Nahitaez inskribatu behar diren egintzak.

f) atalean honakoa gehitzea proposatzen dugu:

 “Patronatuak batzorde eragileak edo ordezkaritzak sortu eta desegitea eta ahalorde orokorrak eman nahiz ahalmenak eskuordetzea, auzietarako ahalordea eman eta hori kentzea izan ezik”.

Justifikazioa: Fundazioaren patronatuak, estatutuek debekatzen ez badute, patroi batean edo gehiagotan eskuorde ditzake bere ahalmenak edo horien zati bat, baina eskuordetzearen ondorioz, ez da erantzukizunaz salbuetsiko. Dekretu-proiektuaren 41. artikuluarekin bat, hori inskribatu beharko litzateke. Ustezko hori ez da aurrez ikusten eta gure ustez sartu beharra dago.

I. ERANSKINA. Jardueren kodeak.

9. puntuan gure iritziz komenigarria litzateke garapenerako hezkuntzaren kontzeptua sartzea, garapenerako kooperazioarenaz gain.

9. - Garapenerako kooperazioa eta hezkuntza. Giza laguntza.

Gure ustez, garapenerako hezkuntza kooperaziorako funtsezko prozesua da eta herritarrek garapen-politika eraginkor eta kalitatezkoan nahasi eta parte hartzea du xede. Horretarako, elkartasunarekin, gizarte-justiziarekin eta giza eskubideekin zerikusia duten ahalmenak, balioak eta jarrerak ezagutu eta garatu beharko dituzte.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen araudia onartzeko dekretu-proiektua izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2018ko azaroaren 15ean

Batzordeburuaren O.E.  Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez

a

Eranskina. Estilo-gaiak.

  • 10.2. artikuluko bigarren paragrafoa: “El protectorado facilitará a los interesados modelos orientativos para la realización de dichos trámites, con carácter orientativo meramente orientativos y que estarán disponibles a través de la página web corporativa del Gobierno Vasco.”
    “Gutxi gorabeherakoak” azalpena hiru aldiz errepikatzen da. Arauaren idazkera berraztertzea gomendatzen da.
  • 26.2. artikulua: “Si la actividad se desarrolla directamente la prestación o servicio de que se trate puede ser gratuito o estar sujeto a contraprestación.”.
    “Directamente” hitzaren ondoren, koma jarri beharko litzateke.
  • 27.2. artikulua: “Asimismo, las fundaciones podrá participar en sociedades mercantiles con fines diferentes o no complementarios o accesorios a los de la fundación.”
    Kopuruan baterakotasuna falta da.