Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 1/18

Irizpena 1/18

Irizpena 1/18, Ama-esnearen Euskadiko Bankua sortzen duen eta norberaren semeak/alabak erabiltze eta emate aldera hori hartu, atera, prozesatu, banatu eta administratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

 I.- AURREKARIAK

2017ko abenduaren 21ean Osasun Sailaren idazkia jaso zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean. Horren bidez, irizpena eskatu zen “Ama-esnearen Euskadiko Bankua sortzen duen eta norberaren semeak/alabak erabiltze eta emate aldera hori hartu, atera, prozesatu, banatu eta administratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretu proiektua”ri buruz, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Arau horren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan ematen den ama-esnea eman, atera, ebaluatu, prozesatu, zaindu, biltegiratu, banatu eta erregistratzeko arau esparrua ezartzea da zenbait printzipiori helduta: borondatezko emate altruista, emailearen eta hartzaileen anonimatua, eta osasun berme guztiak izanda medikuaren agindupean baino ez banatzea.

Agiri horren kopia bidali zitzaien berehala Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bidal zitzaten eta horiek bidezko Lan Batzordeari helaraz zekizkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamendu-araudian ezarritakoaren arabera. Gizarte Garapeneko Batzordea 2018ko urtarrilaren 10ean bildu zen, eta, bertan hartu ziren erabakietatik aurrera, honako irizpen proiektu hau egin da, Batzordearen urtarrilaren 15eko Osoko Bilkurari aurkezteko, eta bertan gehiengoz onetsi da.

II.- EDUKIA

Ama-esnearen Euskadiko Bankua sortzen duen eta norberaren semeak/alabak erabiltze eta emate aldera hori hartu, atera, prozesatu, banatu eta administratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretu proiektuak honako hauek biltzen ditu: zioen azalpena, 14 artikulu, hiru xedapen iragankor eta hiri azken xedapen. Halaber, hiru eranskin ditu.

Lehenik eta behin, azaltzen du ama-esnea berezko elikagaia dela jaioberrientzat eta bularreko haurrentzat bizitzaren lehenengo hiletan. Nutrizio hoberena izateaz gain, babesa eskaintzen du infekzio-gaixotasunen aurrean, enterokolitis nekrosatzailea (batez ere jaioberri goiztiarretan) eta bularreko haurraren bat-bateko heriotza saihesten ditu, eta hesteari heltzen eta ondo funtzionatzen laguntzen dio.

Euskadiko 2013-2020ko Osasun Planak berariazko ekintza ildo bat (4.1.2 ekintza) hartzen du barnean: “Amagandiko edoskitzearen jarraitutasuna eta iraupena sustatu eta babestu, osasun fisiko eta emozionalerako dituen onurengatik, betiere amaren nahia errespetatuz”. Horri jarraitzeko ezartzen duen adierazlea honako prebalentzia hau lortzea da: haurtxoak 6 hilabete bete arte amagandiko edoskitze esklusiboa % 35etik gorakoa izatea.

Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordeak, 2013ko abenduaren 26an egindako bileran, Legez besteko 209/2013 Proposamena onetsi zuen, Ama-esnearen Bankua ezartzeari buruzkoa. Horren ondorioz, Osasun Sailaren eta Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuaren artean baterako txostena prestatu zen 2014ko ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoan emandako Ama-esnearen Bankua ezartzeko aukerari buruzkoa.

Aurreko legegintzaldian, emandako ama-esnearen banku baten beharrari buruzko eztabaidari ekin zaio, erabaki honetan adierazten den bezala. Horregatik, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ama-esnearen bankua egotearen egokitasuna baloratu du Euskadin emandako ama-esnearen bankuari buruzko txosten bat eginez 2016ko irailaren 30ean. Txosten horrek Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan zentralizatuta dagoen Ama-esnearen Bankua sortzea babesten du, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen eskariari erantzuteko asmoz.

Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuaren 9.d) artikuluak hauxe dio: “Euskadiko osasun-sistemako gaixoek eta erabiltzaileak, sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko osasun-laguntza espezifikoari lotuta, honako eskubide hauek dituzte: (…) Amagandiko edoskitzeari buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, haurra elikatzeko unean edoskitzearen erabilera sustatzeko”.

Hona hemen arau honen artikuluak:

1. art. Xedea eta helburua

2. art. Emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankua

3. art. Emandako ama-esnearen hartzaileak

4. art. Ematearen printzipioak

5. art. Emaileen informazioa, hautaketa eta ebaluazioa

6. art. Emandako ama-esnea ateratzeko prozedura

7. art. Emandako ama-esnea garraiatzeko prozedura

8. art. Emandako ama-esnea jasotzeko zentroak

9. art. Emandako ama-esnea emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankuan tratatzeko prozedura

10. art. Emandako ama-esnea ospitaleetako jaioberrien zainketa intentsiboetako unitateetan tratatzeko prozedura

11. art. Lankidetza-hitzarmenak

12. art. Norberaren semeak/alabak erabiltzeko ama-esnea osasun zentroetan tratatzeko prozedura

13. art. Ikuskapena

14. art. Jarraipen batzordea

1. X.I. Emandako ama-esnea atera, garraiatu eta jasotzeko prozeduraren ezarpen mailakatua

2. X.I.  Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan ezarritako araubide baimenduaren pean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleen egokitzapena

3. X.I.  Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa dekretu honen arauetara egokitzea

1. A.X. Transfusioetarako eta Giza Ehunen Horniketarako Euskal Autonomia Erkidegoko Sarea antolatzeko den otsailaren 13ko 29/2001 Dekretuaren aldaketa

2. A.X. Garatzeko ahalmena

3. A.X. Indarra hartzea

I. eranskina. Gorabehera dokumentua

II. eranskina. Amagandiko edoskitzearen kontraindikazioak

III. eranskina. Jaiotzarako laguntza eta edoskitzea humanizatzeko ekimena (IHAN_UNICEF)

III.- GOGOETA OROKORRAK

A) Balorazio orokorra

Ama-esnearen Euskadiko Bankua sortzen duen eta norberaren semeak/alabak erabiltze eta emate aldera hori hartu, atera, prozesatu, banatu eta administratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretu proiektua” aurkeztu zaigu, hori aztertzeko. Dekretu proiektuaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan ematen den ama-esnea eman, atera, ebaluatu, prozesatu, zaindu, biltegiratu, banatu eta erregistratzeko arau esparrua ezartzea da, zenbait printzipiori helduta: borondatezko emate altruista, emailearen eta hartzaileen anonimatua, eta osasun berme guztiak izanda medikuaren agindupean baino ez banatzea. Horretarako, emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankua sortzen du, eta ama-esnearen (emandakoa zein zuzenean administratu gabea)  kalitate eta segurtasun arauak ezartzen ditu.

Dekretu proiektuak zehazten dituen helburuek Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta nazioko zein nazioarteko beste erakunde batzuek emandako jarraibideei erantzuten diete; izan ere, jarraibide horiek gomendatzen dute bularretako haur guztiek bularra baino ez hartzea lehenengo sei hiletan eta, beste elikagai osagarri batzuekin batera, bi urteak edo gehiago bete arte, baldin eta amak eta semeak/alabak hori nahi badute.

Funtsezkoak dira emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankua arautzea, bai emandako ama-esnearen bai norberaren semearentzat/alabarentzat jaioberrien zainketa intentsiboetako unitateetan eta amaetxeetan jasotzen den ama-esnearen kalitate eta segurtasun arauak ezartzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan amagandiko edoskitzea sustatzea, batez ere kontuan hartzen bada bankua jada sortua dela. Beraz, bat gatoz arau horren egokitasunarekin eta beharrarekin, eta positibotzat jotzen dugu.

Gainera, komenigarria da nabarmentzea Osakidetza/Euskal Osasun Zerbitzuak kudeatuko duela bankua, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren bidez. Hori funtsezkoa da balizko merkantilizazioa saihesteko.

Hala ere, irizpen hau egin den egunean, ez zegoen behar bezalako akreditaziorik dekretuak indarra hartzeak berekin ekarriko dituen gastuak ordaintzeko aurrekontu aurreikuspenen gainean; justifikazio memorian Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan beharrezkotzat jotzen diren baliabide materialen eta langileen zerrenda baino ez dago. Horrek guztiak arriskuan jar dezake arauaren aplikazioa, eta Batzorde honen balorazioa mugatzen du.

Dekretua tramitatzeko derrigorrezko txostenean Osasun Saileko zerbitzu juridikoek ohartarazten duten bezala, artikuluetatik jarduketa batzuk ateratzen dira, behar bezala ebaluatu ez direnak. Honako hauek dira: emaileen eta hartzaileen eskubide eta betebeharrei eragiten dietenak (3., 4. eta 5. art.), emandako ama-esnea jasotze zentroetan jasotzeko jarduketak (7. eta 8. art.), eta esnea Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora garraiatzeko prozedura (9. art.).

Horrez gain, uste dugu oso garrantzitsua dela, arautzen den arloa ikusita, ematearen hartzaileen kolektiboa argiago zehaztea, berariazko gogoetetan zehaztu bezala (3. art.).

B) Emaileenganako babesa

6. artikuluak emandako ama-esnea ateratzeko prozedura arautzen du, eta emailearen etxean egingo dela eta, horretarako, Bankuak hori emateko gaitzat jo den emaileari beharrezko informazioa eta esnea jasotzeko kitak emango dizkiola ezartzen du.

Uste dugu funtsezkoa dela emaileari mota guztietako estaldura (pertsonala eta materiala) ematea, ateratzea egin ahal izateko. Ziur aski, esnea ateratzen duen lehenengo aldietan, zailtasunak aurkituko ditu. Beraz, komenigarria izango litzateke, behar izanez gero, osasun langile espezializatuak etxera joatea edo osasun zentroek esnea ateratzeko tokiak prestatzea. Laburbilduta, botere publikoek beharrezko baliabideak (antolaketa aldaketak, profesionalentzako prestakuntza egokia…) eskaini beharko dituzte, ateratzeak egin ahal izateko.

Gainera, arauaren zioen azalpenak gogorarazten duen bezala, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuaren 9.d) artikuluak hauxe dio: “Euskadiko osasun-sistemako gaixoek eta erabiltzaileak, sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko osasun-laguntza espezifikoari lotuta, honako eskubide hauek dituzte: (…) Amagandiko edoskitzeari buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, haurra elikatzeko unean edoskitzearen erabilera sustatzeko”.

Horrenbestez, iradoki daiteke 5. artikuluan ezartzen diren “Emaileen informazioa, hautaketa eta ebaluazioa” kontzeptuei “prestakuntza” gehitzea eta, halaber, prestakuntza hori txertatzea emandako esnea ateratzeko 6. artikuluan arautzen den prozeduran.

C) Amagandiko edoskitzearen sustapena

Dekretu horren helburuen artean, 1.2 artikuluak hau ezartzen du: “amagandiko edoskitzea sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, nazioarteko gomendioekin bat etorrita”.

Hala ere, xede hori ez da artikuluen artean zehazten ondoren ekintza zehatz batean, eta 14.3 artikuluan baino ez da agertzen; artikulu horretan, emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankuaren ezarpena abiarazteko eta jarraitzeko eta amagandiko edoskitzea sustatzeko batzordea sortzen da. Batzorde horrek hau egin ahalko du: “iradokizunak sustatu amagandiko edoskitzearen arloan, bereziki, amagandiko edoskitzearen indikazioei edo kontraindikazioei buruzkoak, eta araudian aldaketak bultzatu”. Eginkizun hori positibotzat jotzen dugu, baina, gure ustez, ez da nahikoa.

Amagandiko edoskitzearen sustapena garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste badugu ere, arau horretan bi gauza arautu nahi izan dira, gure iritziz: alde batetik, bankuaren funtzionamendua, zerbitzu publikoa baita, eta amagandiko edoskitzearen sustapena, edukirik ez duena. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu sustapen hori garatzea (dekretuaren tituluan bertan, xedapen zehatzak gehituz…) edo beste arau bat, xede horretarako berariazkoa dena, aldarrikatzea.

Nolanahi ere, dekretu proiektuaren egungo testua ikusita, uste dugu 1.2 artikuluan aipatutako helburua gauzatu beharko litzatekeela. Horretarako, letra lodiz nabarmenduta dagoena gehitzea iradokitzen da:

“2. Amagandiko edoskitzea sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, Ama-esnearen Bankuaren zerbitzuari berari dagokionez, nazioarteko gomendioekin bat etorrita”

IV.- GOGOETA BEREZIAK

3. art. Emandako ama-esnearen hartzaileak

Artikulu horrek honako hau xedatzen du 1. apartatuan: “Emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankuan emandako esne hori jaso ahalko dute ama biologikoaren bidezko nutrizioa jaso ezin duten eta honako irizpide hauetako baten bat betetzen duten bularretako haurrek:

a).- Haur jaioberriak, 32 asteko haurdunaldia baino laburragoa edo 1.500 gramoko pisua baino txikiagoa izan dutenak.

b).- Haur jaioberriak, gaixorik daudenak, patologia zehatz batzuk dituztenak edo, hainbat arrazoi direla eta, amarengandik esnerik jaso ezin dutenak.

Uste dugu kolektibo horren barnean sar litezkeela, aipatutako irizpideetako baten bat beteta, ama biologikoaren bidezko nutrizioa nahikoa ez duten bularretako haurrak. Gainera, apartatu horrek eranskin batera bidali beharko luke, eta eranskin horretan b) epigrafean aipatzen diren patologiak zehaztuko lirateke. Halaber, epigrafe horren testua hobea izan liteke, norberaren amarengandik esnea jasotzeko ezintasunaren aipamena kenduta, aurretik aipatu baita.

Laburbilduta, honako testu hau gomendatzen dugu lehenengo apartatu horretarako:

“1. “Emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankuan emandako esne hori jaso ahalko dute ama biologikoaren bidezko nutrizioa jaso ezin duten edo nahikoa ez duten eta honako irizpide hauetako baten bat betetzen duten bularretako haurrek:

a).- Haur jaioberriak, 32 asteko haurdunaldia baino laburragoa edo 1.500 gramoko pisua baino txikiagoa izan dutenak.

b).- Haur jaioberriak, gaixorik daudenak eta patologia zehatz batzuk dituztenak (ikusi eranskina).

Ondoren, 2. apartatuak xedatzen du emandako ama-esnea haurra ospitaleratuta dagoen bitartean emango dela, gidaliburu eta jakintza zientifikoen gomendioetara egokituta.

Gure buruari galdetzen diogu ea posiblea den emandako esne hori ematea ospitaleratzea amaitu ondoren, irizpide medikoak hori aholkatuz gero. 

5. art. Emaileen informazioa, hautaketa eta ebaluazioa

Artikulu horrek honako hau xedatzen du 3. apartatuan: “balizko emaileei emate prozesuari buruz eskaintzen zaien informazioa nahikoa, ulergarria eta haien kultura mailarako eta egoera fisiko eta sozialerako egokia izango da”.

Beste testu bat proposatzen dugu, uste baitugu ez dela beharrezkoa aipatutako bereizketa egitea, aipamen orokorragoa eta integratzaileagoa egitea nahikoa izanda.

Zehatz-mehatz, aipatutako esaldiaren ordez, jarraian letra lodiz nabarmentzen dena erabiltzea gomendatzen da:

“3. Informazioa eskuragarria izan behar da emakume guztientzat modu sinple eta ulergarrian, haien zirkunstantzietara egokituta. Balizko emaileek aldez aurreko informazioa jasoko dute idatziz eta hizkera ulergarrian, emate prozesua garatzeko baldintzei eta prozesuan parte hartzea eragozten duten zirkunstantziei buruz. Halaber, emaileari aplikatu beharreko babes neurrien eta hartzailearengan espero diren onuren berri eman ere egingo da.

6. art. Emandako ama-esnea ateratzeko prozedura

Emaileentzako prestakuntza emate prozeduraren zati gisa txertatzeko komenigarritasunari dagokionez gogoeta orokorretan azaldutakoa errepikatuta, artikulu horren 1. apartatuan honako hau gehitzea gomendatzen da:

“1. Emandako Ama-esnearen Euskadiko Bankuari emandako esnea emailearen etxean aterako da. Horretarako, Bankuak hori emateko gaitzat jo den emaileari beharrezko informazioa eta prestakuntza eta esnea jasotzeko kitak emango dizkio.  Esnea emateko edo jasotzeko zentroa eta ordutegia adieraziko dizkio, eta, emakumea ados badago eta berak hautatzen baditu, hirugarren pertsonek eman eta jasotzeko aukera ezarriko da. Pertsona horien identitatea jasotzeko unean egiaztatuko da.”

14. art. Jarraipen batzordea

Artikulu horretan modu berezian espezializatuta dagoen batzordea arautzen da, emandako Ama-esnearen Bankua abiarazteko eta jarraitzeko eta amagandiko edoskitzea sustatzeko eginkizunak dituena. Diziplina anitzeko organo kontsulta-emailea da, eta haren osaera zehaztu da (2. apartatua), baina ez hura hautatzeko irizpideak, kontseilariaren mende daudenak.

Dena den, 4. eta 5. apartatuetan indarreko legedian jada ezartzen diren bi kontu arautzen dira: genero berdintasuna eta hizkuntza normalkuntza. Beraz, arau horretan erredundantetzat jotzen ditugu.

Nolanahi ere, apartatu horien ordez, bi kontu horiei dagokienez indarreko legedia bete beharra gogoraraztea proposatzen dugu, adibidez, testu honen bidez:

 “4. Nolanahi ere, Batzordearen osaeran berdintasun irizpideei eta hizkuntza ofizialen erabilerari dagokienez indarreko legedia beteko dela bermatuko da.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABk egokitzat jo du “Ama-esnearen Euskadiko Bankua sortzen duen eta ama-esnea norberaren semeak/alabak erabiltze eta emate aldera hori hartu, atera, prozesatu, banatu eta administratzeko baldintzak ezartzen dituen dekretu proiektua” bideratzea, kontsulta organo honek egin dituen gogoetak gehituta.

Bilbon, 2018ko urtarrilaren 15ean

 

 

OE Presidentea Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez