Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 4/16

Irizpena 4/16

4/16 Irizpena, gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko dekretua aldatzeko dekretu-proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean, 2016ko ekainaren 23an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren idazkia sartu zen, “Gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko dekretua aldatzeko dekretu-proiektua”ri buruzko txostena eskatzeko. Hori guztia, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, 3.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hauxe da dekretuaren xedea: Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko 4/2011 Dekretua, urtarrilaren 18koa, aldatzea. Esparru arautzailea egokitu nahi da, administrazio-kudeaketa hobeto antolatzeko eta Eusko Legebiltzarreko eskakizunak behar bezala betetzeko. Bestalde, ez da beharrezkotzat hartu dekretu berri bat ematea, gizarte-larrialdietarako laguntza guztiak berriro arautzeko. Hori dela eta, hamaika manu eta eskabideari buruzko eranskina aldatu dira, eta xedapen gehigarri bat sartu da.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordearen funtzionamendu-araudian ezarritakoari jarraituta, batzordeko osoko bilkurako kide guztiei lehenbailehen bidali zitzaien dokumentuaren kopia, beren proposamenak eta iritziak lan-batzordeari eman ziezazkioten. 2016ko uztailaren 7an, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen. Hartu zituzten erabakiak abiapuntu hartuta, Irizpen Proiektu hau osatu zen. Ondoren, uztailaren 15ean, batzordeko osoko bilkuran aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko dekretua aldatzeko dekretu-proiektuan bildu dira zioen azalpena, hamabi artikulu eta azken xedapena.

Zioen azalpenean azaldu da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legean, abenduaren 23koan, tresnak arautzen direla, herritar izateak dakartzan eskubide sozialak benetan baliatzerakoan, behar beste baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko ez dutenei laguntzeko, bai bazterkeria-arriskuari aurre egiten, bai bazterkeria pertsonala, soziala eta laborala arintzen, bai gizarteratzea errazten. Lege horretan prestazio ekonomikotzat hartzen dira gizarte-larrialdietarako laguntzak, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako prestazio osagarria. Laguntza horiek emateko xedeak gizarte-bazterkeriari aurrea hartzea, horrelako egoerarik ez gertatzea eta, gertatuz gero, arintzea dira. Gizarte-larrialdietarako laguntzak honela daude definituta, 44. artikuluan: “gizarte-larrialdietarako laguntzak diru-laguntzak dira, aldian-aldian emango ez direnak, eta haien hartzaileak hauexek izango dira: gizarte-bazterkeria prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko behar diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonak”.

4/2011 Dekretuak, urtarrilaren 18koak, 18/2008 Legea garatzen du; besteak beste, laguntza horiek arautzen ditu, eta diru-laguntzen barne zer azalpen jaso behar den eta laguntzak emateko zer eskakizun eskatu behar den zehazten du.

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legearen 88. d) artikuluan ezarri denarekin bat etorrita (azaroaren 24ko 4/2011 Legean jasotako idazketaren arabera), autonomia-erkidegoko udalek dituzte eskabideak jasotzeko, izapidetzeko, onartzeko eta baztertzeko ahalmenak, bai eta diru-laguntzak ordaintzeko ahalmena ere. Gizarte-larrialdietarako laguntzetan erabiltzeko baliabide ekonomikoak banatzea eta transferitzea honela egin behar da: Eusko Jaurlaritzatik udaletara (4/2011 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita).

4/2011 Dekretua indarrean sartu zenetik, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzeko balioduna eta eraginkorra dela erakutsi da. Hala eta guztiz ere, bereganatu dugun eskarmentuari erreparatuta, lege-alderdi batzuk egokitu behar dira. Batetik, prestazioaren banaketa hobetu behar da (behar bezala babestuta ez dauden pobrezia-modu berrietako gizarte-eskaerei erantzute aldera), bai eta, laguntzaren egokitasuna zehazteko balorazio profesionala kontuan hartuta, prestazioak jasotzeko aukera modulatu ere. Beste alde batetik, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren artean diruaren transferentzia eta informazioaren bidalketa arrazionalizatu behar da, gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketak administrazio-zamarik ez gehitzeko eta administrazio eskudunen antolaketa-funtzionamenduaren aldaketa ez eragiteko.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, EAEko udalerriei berezko esparru juridikoa ematen die. Esparru horrek, segurtasun juridikoa emateaz gain, ahalmenak ere argitzen ditu; horrez gain, udalei baimena ematen die autogobernua garatzeko eta beren xede nagusia, hots, herritarren eskaerei erantzutea, betetzeko. Ildo horretatik, legeek edo foru-arauek udalerriei ematen dizkieten ahalmenen artean, lege horretako 17. artikuluaren arabera, honako hauek dituzte: diru-sarreren bermea eta gizarteratzea antolatzea, programatzea eta kudeatzea. Era berean, lege horren zortzigarren xedapen iragankorrean ezartzen da beharrezkoa dela diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemaren berrikuspena egitea. Horrez gain, modu iragankorrean, konpentsazio-mekanismoa ezartzen du, EAEko Administrazio Orokorraren hasierako esleipenak handitzea aukeratzen duten udalerriei zuzenduta.

Bestalde, ekainaren 18ko 3/2015 Legean, Etxebizitzari buruzkoan, aitortzen da, eskubide subjektibo gisa, etxebizitza bat legez modu egonkorrean okupatzeko eskubidea. Horrez gain, lege horretan ezarrita dago, era subsidiarioan, eskubidea prestazio ekonomikoen sistema bat ezarrita baliatu ahal izatea. Gaur egun, etxebizitzako prestazio ekonomiko berria garatzen duen dekretu-proiektua izapidetzen ari da; hortaz, beraren erregelamenduzko xedapenak indarrean sartu ondoren, etxebizitzako beste prestazio osagarri batzuk aitortzeari utziko zaio. Hori dela eta, dekretu-proiektuarekin bat etorrita, gizarte-larrialdietarako laguntzak eta etorkizunean ezartzekoa den etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa bermatzeko etxebizitzako prestazio ekonomiko osagarria bateragarriak diren arautu behar da.

Bestalde, Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordea 2015eko azaroaren 24an bildu zen, eta gizarte-larrialdietarako laguntzak hobetzeko, dekretuan zenbait aldaketa egitea proposatu zuen. Aldaketa horiek proposatzerakoan, honako hauek hartu ziren kontuan: batetik, Eusko Legebiltzarraren 23/2015 legez besteko proposamena, 2015eko martxoaren 5ekoa, 4/2011 Dekretua egokitzekoa; eta, bestetik, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin dituen ekonomia- eta arau-kontrolen gaineko txostenak (txosten horiek lotuta daude Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren urteko aginduarekin, bertan ezartzen baitira gizarte-larrialdietarako laguntzetako gastu zehatzetarako kopuruak).

Hori guztia dela eta, dekretu berriaren bidez, honako aldaketa hauek sartu dira indarreko araudian:

  • Lehenengo artikuluaren bidez, hirugarren zenbakia gehitu zaio indarreko testuaren 2. artikuluari. Horren arabera, diru-laguntza ematea onartzeko, kontuan hartu behar da gizarte-zerbitzuen balorazioa, 4/2011 Dekretuaren 10.1.c eta 21.1 artikuluetan ezarritako baldintzetan. Alderdi hori eta dekretu-proiektuak azken artikulu horretarako proposatu duen aldaketa direla-eta, diru-laguntza eman aurretik, gizarte-zerbitzuek ezinbestean ziurtatu behar dituzte: batetik, premiazko egoera benetakoa eta larrialdikoa den; eta, bestetik, diru-laguntza egoera horri aurre egiteko egokia den.
  • Indarreko dekretuaren 3. artikulua aldatuta, bigarren artikuluan garatzen da «energia-gastu»ren kontzeptua (18/2008 Legearen 44.2.a artikuluan ezarrita). Horretarako, berariaz aipatzen da elektrizitate- eta gas-hornidura, bai eta etxean erabiltzen diren erregai mota batzuk ere.
  • Hirugarren artikuluak 4.3 artikulua aldatzen du. Zehazki, horren bidez, ekainaren 18ko 3/2015 Legean ezarrita dagoen etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa bermatzeko etxebizitzako prestazio osagarriak ere ez dira bateragarriak izango alokairu-gastuak ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzekin. (Etxebizitzari buruzko 3/2015 Legea).
  • Laugarren artikuluak 5.2.a artikuluaren edukia handitzen du. Horren bidez, honako salbuespen hau ezartzen da: babes publikoko etxebizitza jabetzean edo alokairuan edukiz gero, ezinezkoa izango da alokairu-gastuak ordaintzeko edo etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko kredituen interesak edo amortizazioa ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzarik eskuratzea. Proposatu den idazketaren arabera, baldintza hori ez da aplikatuko salbuespenezko egoeretan, betiere udalerri bakoitzeko oinarrizko gizarte-zerbitzuek pentsatzen badute horrelako egoerak direla, eta gizarte-txostenaren bidez justifikatuta dagoenean. Salbuespenezko egoera horietan, gizarte-zerbitzuek aztertu behar dute kasu zehatz bakoitza.
  • Bosgarren artikuluaren bidez, 12.c artikulua ezabatu da; hortaz, etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko kredituen interesak edo amortizazioa ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzetarako hamabi hilabeteko epea, indarreko araudian ezarria, ezabatu da.
  • Seigarren artikuluaren bidez, bi zenbaki berri sartu dira 13. artikuluan, eta bi alderdi berri ezarri dira indarreko arauan. Lehenik eta behin, indarreko enplegu-pizgarriaren denbora-muga ezabatu egin da, gizarte-larrialdietarako laguntzen araudia diru-sarrerak bermatzeko errenta arautzeko dekretura bidalita; eta hori arautzea geroratu da, dekretua garatuko duen agindua eman arte. Era berean, diru-sarrerak bermatzeko errentatik, etxebizitzako prestazio osagarritik eta etxebizitza bat edukitzeko eskubidea bermatzeko prestazio ekonomikotik sortutako etekinak zenbatzeko betebeharra berariaz jaso da.
  • Zazpigarren artikuluak berritu du 21.1 artikuluaren idazketa, dekretu-proiektuaren lehenengo artikuluan zehaztutako baldintzetan.
  • Zortzigarren eta bederatzigarren artikuluek VI. kapituluaren 32. eta 33. artikuluak aldatzen dituzte. Kapitulu hori finantzaketari eta transferentziei buruzkoa da. Honako aldaketa hauek sartu dira:
    a.- Eusko Jaurlaritzak hiruhilekoan behin berrikusi behar zituen banaketa-irizpideak, eta udal bakoitzari esleitutako kredituak doitu behar zituen; aldaketaren bidez, betebehar horiek ezabatu dira.
    b.- Udalek hiruhilekoan behin bidali behar zuten dekretuaren 33. artikuluan ezarritako informazioa; aldaketaren bidez, betebehar hori ez da aurretiazko baldintza izango, hiruhileko ordainketak egiteko.
    c.- Hiruhileko bakoitzeko gastuak honela ziurtatuko dira: udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradunak justifikazioa sinatzea eskatuko da.
    d.- Erakunde publikoko fede-emaileak igorri beharko du urteko ziurtagiria.
  • Hamargarren artikuluak Bigarren Xedapen Gehigarri berria ezartzen du. Horren bidez, sail eskudunari ahalmena ematen zaio foru-aldundira jotzen duten udalei esleitutako kopuruak udalez gaindiko erakundeei transferitzeko, edo gizarte-larrialdietarako laguntzak izapidetzeko eta ordaintzeko kudeaketa-formula partekatuak erabiltzeko.
  • Hamaikagarren artikuluak Bigarren Azken Xedapenaren idazketa aldatzen du, eta, sail eskudunaren izena aldatuz gero, etorkizunean doituko dela bermatzen du.
  • Azkenik, hamabigarren artikuluak aldatzen du eskabide arautuaren ereduari dagokion eranskina.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko Dekretua aldatzeko Dekretu-proiektua aztertzeko eskatu digute. Lehenik eta behin esan behar da aldaketa arrazoitua dela, funtsean, Eusko Legebiltzarrak agindu duelako2015eko martxoaren 5ean, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen Euskal Sozialistek aurkeztutako legez besteko proposamen bat. Proposamen horretan azaltzen zuten, Eusko Jaurlaritzaren txostenak eta gizarte-elkarteen txostenak aintzat hartuta, agerikoa dela gizartean egoera eta premia berriak sortzen ari direla, eta herritar batzuk pobrezian eta gizartean baztertuta bizi direla; hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zioten urratsak emateko eta 4/2011 Dekretua 2015ean aldatzeko. Aldaketaren helburua hauxe zen: likidezia ez duten pertsonek gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratu ahal izatea, pertsona horiek gastu zehatzei edo gizartean baztertuta egotea eragiten duten egoerei aurre egin ahal izateko, bai eta babes gabeko pobrezia-egoerei ere aurre egin ahal izateko.. Horretan ez dira sartzen beste gogoeta mota batzuk (ezaugarriei eta abarrei buruz), horiek gure autonomia-erkidegoan egiteko dagoen eztabaida batean jorratu beharko liratekeelako.

Hori horrela, gizarte-larrialdietarako laguntzen berrikusketa berandu heldu da, Eusko Jaurlaritzari egindako eskaeraren arabera; 2015ean arautzeko eskatzen zen, 2016an aplikatzeko asmoz.

Hala eta guztiz ere, proposatu diren aldaketen bidez hobetu egin da indarreko araua. Besteak beste, nabarmentzekoak dira honako hauek:

  • Arau berriak zalantzak argitzen ditu, baliabideak eta ondarea zehazterakoan, etxebizitzako prestazio osagarria diru-sarrera gisa zenbatu beharraren gainean (6. art.). Horrek segurtasun juridikoa ematen du, iritzia edozein izanda ere.
  • Laguntzak eskatzeko formularioan jasotako terminoak hobetu dira: «desgaitasun» terminoa gaztelaniaz behar bezala erabiltzen da; eta datuak babesteari buruzko ikuskaritzak eskatutako beste aldaketa batzuk ere egin dira.
  • Oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileei garrantzi handiagoa ematen zaie, laguntzak emateko erabakiak modulatzeko. Haien balorazio profesionala eskatuko da, laguntzak ematea egokia den zehazterakoan (1. art.). Izan ere, diru-laguntza jasotzeko eskakizunak betetzen badira ere, horrek ez du berez bermatzen laguntza hori baliabiderik ezari edo gizarte-bazterkeriari aurre egiteko egoera zehatz batzuetan modurik egokiena izatea. Inguruabar hori bereziki nabarmentzekoa da lan hori aurrekontu-urritasuneko egoeretan egin behar denean.
  • 2. artikuluak onerako aldatzen du dekretuaren 3. artikulua: krisialdian hauteman diren kasu gehiago gehitzen dira (energia-pobretasuna, adibidez); gauza bera aplikatu ahal zaio 5. artikuluari. Dekretua aldatzeko zioetako bat hori izan da, hain zuzen ere.
  • 3. artikulua bat dator laguntzen ezaugarriekin: alokairuak ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzak ez dira bateragarriak etxebizitzako prestazio ekonomiko berriarekin (3/2015 Legearen araberakoa). Hala eta guztiz ere, gure aburuz, agerian uzten du sistema osoa berrikusi behar dela, hainbat xede lortzeko: arau aplikagarriak argitzeko; laguntzak zertarako ematen diren, horretarako erabiltzen direla bermatzeko; eta egoera zehatz bakoitzak erantzun zehatza duela ziurtatzeko.

Laburbilduz, dekretu berriaren aldeko balorazioa egiten dugu, alderdi batzuk —adibidez, Etxebizitzari buruzko Legearen garapenaren mende daudenak— oraindik ere argitzeko egon arren, eta alderdi horiek «denbora-hutsune»ak eragin izan arren.

Bestalde, gure ustez, hauxe da beharrezkoena: gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzea eskubide subjektiboa ote den eta haien aurrekontu-urritasuna eztabaidatzea.

 IV.- GOGOETA BEREZIAK

5. artikuluak dekretuaren 12. artikuluko c) letra ezabatzen du

4/2011 Dekretuaren 12. artikuluko c) letra ezabatu da. Letra horretan hamabi hilabeteko epea ezartzen zen etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko kredituen interesak edo amortizazioa ordaintzeko gastuetarako.

Hori ezabatuta, hutsunea sortzen da, eta oztopo bihur daiteke, araua aplikatzeko; zehatzago esanda, hauxe dio 18/2008 Legeak 49.3 artikuluan: “laguntzak ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuetarako erabiltzen direnean, ezingo dira zenbatekoan, ezta urte-kopuruan ere, erregelamendu bidez ezarriko dena baino handiagoak izana”.

Horren harira, guk iradokitzen dugu ondoz ondoko luzapenak egitea, ahalik eta egoera ebatzi arte.

 6. artikuluaren bidez, dekretuaren 13. artikulua berridatzi da

Idazketa berrian, hauxe ezartzen da 13.2 artikuluan: “enplegurako pizgarriak indartze aldera, eskatzailearen edo haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen norberaren konturako edo besteren konturako diru-sarreren portzentaje jakin batzuk ez dira zenbatuko baliabide erabilgarri modura. Lanerako bultzagarri gisako konpututik kanpo utzi beharreko diru-sarreren portzentajea eta denbora-muga zehazteko, Eusko Jaurlaritzak honako Dekretu hau garatzeko ematen duen Aginduaren bitartez ezartzen dituen irizpideei jarraituko zaie”.

Kontuan hartzen baditugu iraupen zehatzeko kontratu sorta zabala, lan-kontratu batzuen iraupen oso laburra eta kontratu horien bidezko ordainsaria, komeni litzateke dekretua garatzeko agindua lehenbailehen argitaratzea. Horretarako, gure aldetik gomendatzen dugu agindu hori argitaratzeko epe laburra ezartzea dekretuko xedapen batean.

V. ONDORIOAK

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak, kontsulta-organoa den aldetik egin dituen gogoeten arabera, uste du egokia dela “Gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko dekretua aldatzeko dekretu-proiektua” izapidetzea.

Bilbon, 2016ko uztailaren 15ean

 

Presidentearen O. E. Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos  Emilia Málaga Pérez