Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

21/15 Irizpena

21/15 Irizpena

21/15 Irizpena Euskadiko Kooperatiben Legearen aurreproiekturari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

 2015eko azaroaren 13ko Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailaren idatzia sartu zen eta “Euskadiko Kooperatiben Legearen Aurreproiektuari” buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kontsultatu den arau-proiektuaren helburua Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean promulgatu zenetik egindako aldaketak testu arauemaile bakarrean bateratzea, sozietate mota horren eraginkortasunari eta baliozkotasunari buruzko gai garrantzitsuak argitzea, mota batzuen legezko konfigurazioa berrikustea eta Administrazioak arlo kooperatiboan egin beharreko sustapena eta kontrola oraingo ingurune juridiko, ekonomiko eta instituzionalera egokitzea da. Era berean, Lege horri sozietateen zuzenbidearen gidalerro orokorrak gehitu nahi zaizkio, zenbait kasutan autoerregulazioa gaitu eta doikuntza eta hobekuntza juridiko-tekniko batzuk egiten diren aldi berean.

Horren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak egin eta iritziak emateko, baita lan-batzorde egokian lantzeko ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokion Funtzionamendu Araudiak xedatutakoarekin bat. Gizarte Garapenerako Batzordea 2015 eko abenduaren 1ean eta 4ean bildu zen eta bertan hartutako erabakiak oinarri hartuta, Irizpen Proiektu hau egin zen Kontseiluak 2015eko abenduaren 11n egingo duen osoko bilkuran aurkezteko. Bertan gehiengoz onetsi zen, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkariaren boto partikularrarekin.

II.- EDUKIA

154 artikuluk, 6 xedapen gehigarrik, 2 xedapen iragankorrek, 5 azken xedapenek eta xedapen indargabetzaile batek osatzen dute Legearen aurreproiektuaren egitura, 4 titulu, 15 kapitulu eta 18 ataletan banatuta. Gainera, buruan zioen azalpena du, aldaketarik garrantzitsuenak justifikatu eta azaltzeko.

Legegintzako testu hau egiteko arrazoiak denboran zehar Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea (hemendik aurrera 4/1993 Legea) aldatuz joan diren legezko testuak eraberritzeko beharrizana dagoela erakusten du. Indarrean dagoen araua sistematizatzeko, errazago identifikatzeko eta aplikatzeko egindako aldaketak izan dira, hau da, arau kooperatiboa interpretatu eta aplikatzeko behar den segurtasun juridikoa izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko legeriaren pean dauden kooperatibei aplika dakizkiekeen xedapen guztiak barne hartzen dituen testu bakarra onestea bilketa-lana egitea baino gehiago da eta bateratze-lan gehigarria eskatzen du, kasu batzuetan terminologiaren aldetik eta arrazoi eta irtenbide juridikoen identitatearen aldetik batez ere, eta beste batzuetan zehatzak ez diren edo aplikatzean zalantzak sor ditzaketen araudiaren elementuak argitu behar direlako. Elementu horiek argitzeko, ekarpenak egin behar izan dira ordu-orduan, behar bezala interpretatzeko beharrezkoak zirenak.

Testu bakarraren sistematikotasuna are gehiago justifikatzen da Euskadiko kooperatibei buruzko legeriaren eboluzioari dagokion une honetan garapen arautzaile zehatzak sartu behar direnean, gutxieneko jatorrizko arau-oinarria aldatu gabe sozietate kooperatiboen eta, bereziki, kooperatiba-mota zehatzen garapena bideratzeko.

Era berean, aldatzen diren elementuen artean, batetik, kooperatiba sustatzearekiko eta, bestetik, kooperatiben legezkotasuna betetzearen gaineko kontrolarekiko administrazio-jardueraren modua eta intentsitatea eguneratzea azpimarra daiteke.

Onartu diren konponbide arautzaileek hurrengoak lortu nahi dituzte: elementu zaharkitu zehatzak, kostua eta aplikatzeko zailtasuna konpontzea; kooperatibaren proiektu bakoitzera egokituta dagoen araudiaren autonomia sendotzea eta, aldi berean, sozietatea kooperatiba bezala definitzen duten ildoak mantentzearekin bateratzea; funtzionamendu demokratiko eta parte-hartzailea definitzea, kudeaketa eta kontrol eraginkorrekin batera; eta lankidetza publiko pribatua indartzea; laburbilduz, bai barneko harremanetan, bai hirugarrenekiko legearen segurtasun-maila gehitzea, kooperatiben barruko harremanak eta kanpoko lege-trafikoa finka daitezen Euskadiko kooperatiben legeria tresna egokia izateko.

Hori guztia indarreko arautegiaren egituran sartzen da. Eduki gehiena ildo horretan mantentzen da eta arau-diseinuaren gidalerroekin bateratzen da: kudeaketa-organoa profesionalizatzea, erabakiak arinago hartzea, baliabide finantzarioak sendotzea eta kooperazioaren artekoa sendotzea, aukera berdinekin enpresa-lehia bermatzeko. Hala ere, sozietatearen kooperatiba-nortasuna mantendu, funtzionamendu demokratikoa bermatu eta gizarte-erantzukizuna bultzatu nahi dira.

Helburu horrez orokorrean merkataritzaren arloan araudiaren egungo egoera eta eboluzioa kontuan hartu dira, zuzenbide alderatuko kooperatiben garapen eta konponbideekin batera. Halaber, ez dira baztertu ekiteko ezarri berriak diren neurriak nahiz tresnak eta onartuak dauden parametro, printzipio eta tradizioei jarraiki, beren burua antolatzeko kooperatiben autonomiarekin emaitza orekatua lortzen saiatu da.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Guk iritzia emateko, “Euskadiko Kooperatiben Legeari buruzko Aurreproiektua” aurkeztu zaigu. Batetik, onartu zenetik 4/1993 Legeak, ekainaren 24koak, Euskadiko Kooperatibei buruzkoak, izandako arau-aldaketak bildu eta bateratzen ditu eta, bestetik, araua kooperatibek, lehia orokorraren agertokian jarduera garatzean, aurre egin behar dizkieten erronka berrietara moldatzea bilatzen du.

Egungo agertoki ekonomikoak geroz eta erronka handiagoak ditu eta kooperatibek lehiakortasuna areagotzeko araudia behar dute. Ildo horri jarraiki, Euskadiko Kooperatiben Lege berria izapidetzea beharrezkoa da eta gure aldetik balioztapen positiboa du.

Hala eta guztiz ere, halako izaera eta garrantzia duen araudia zorroztasun eta sakontasunez aztertzeko denbora gehiago edukitzea gustuko izan arren, ondoren lege berriari dagokionez, alderdi garrantzitsuenak aipatuko ditugu. Era berean, araubidezko garapena beharrezkoa izango duenez, EGABri irizpena egin dezan eskatzea espero dugu eta, modu horretan, araudiari buruzko eztabaida sakonagoa izango dugu.

Zioen azalpenak aipatutakoaren arabera, “ekonomiaren eta gizartearen kontsulta- eta erabakitze-arlo desberdinetan mugimendu kooperatiboaren erakunde-ordezkaritza azpimarratzen da” eta, aurrekoari eutsiz, 145.1. artikuluak xedatutakoarekin bat “Euskal Autonomia Erkidegoko herri-agintariek… gizarte-eragile bezala onartzen dute Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa Euskadiko Kooperatibismoaren solaskide ordezkari modura”.

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa kooperatiba-sarearen interes sozioekonomikoak batu, babestu eta sendotzen dituen elkartea da eta, ondorioz, erakunde-lan garrantzitsua egiten du, baita Euskadiko aholkularitza- eta kontsulta-organo desberdinetan parte hartu ere. Dena den, “gizarte-eragilea” terminoa testuinguru horretan erabiltzea eta, nagusiki, 146. artikuluak (gogoeta berezira bidaltzen dugu) xedatutakoari dagokionez, nahastea edo gaizki-ulertua sor dezake eta ez da bidezkoa.

Hain zuzen ere, proposatutako idazkera kontuan hartuta konferentzia eremu zehatzetan eta, zehazki esanda, lanaren arloan erakunde-partaidetzarako sindikatuekin eta enpresa-erakundeekin parekatzen ari dela uler daiteke. Izan ere, horretan partaidetza hiru aldeen eta berdintasunaren printzipiopean aldez aurretik zehaztua eta mugatua dago.  Horregatik, interpretazioaren edozein zalantza baztertzeko beste terminologia bat erabiltzea komenigarria litzateke, adibidez, “Euskadiko kooperatiba-mugimenduaren solaskidea”.

Bestalde, ondorengoa gogorarazi nahi dugu: legearen aurreproiektuan Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa aipatzen denean, arauak 153.3. artikuluan onartutako baldintzetan egiten dela eta hala dio: “konfederazioak gutxienez Euskadin erregistratuak dauden kooperatiba-federazioen ehuneko hirurogei biltzen duenean, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa esango zaio”.

Gure iritziz konfederazioari egiten zaizkion aipamenetan, berariaz idatziz jasoa utzi beharko litzateke “153.3. artikuluan xedatutako baldintzetan” aipatu edo onartzen dela.

IV.- GOGOETA BEREZIAK

 Zioen azalpena

  • Lehenik eta behin, erabilitako adierazpena legearen ikuspegitik zuzena ez denez, zioen azalpeneko laugarren paragrafoa aldatzea eta honako moduan idaztea gomendatzen da:
    .
    “Legeria egokiaren eskakizunak berrikuntza legegilearen etengabeko tentsiora legeria etengabe moldatzera behartzen du. Horregatik, indarreko araua aldatu da…”
    .
  • Bigarrenez, hala dio: “testu legegile honen arrazoia da denboran ondoz ondo 4/1993 Legea aldatu duten legezko testuak bateratu behar izana”.
    .
    Dena den, 4/93 Legea aldatuz joan bada, araudi berriak aurrekoa baliogabetzen du. Ez dugu baieztapen hori ulertzen, legedi finkatu bezala lege berria egiten ari dela aipatu nahi ez bada.
    .

2. artikulua. Izena

1. atalean, idazkera hurrengo moduan hobetzea proposatzen da:

“1. Kooperatibek halabeharrez berariaz beren izenean «Sozietate Kooperatiboa» hitzak edo «S. Koop.» laburdura sartuko dituzte”.

5. artikulua. Eragiketak hirugarrenekin

3. atalaren idazkera hurrengo moduan osatzea gomendatzen da:

“3. Nolanahi ere, kreditu- eta aseguru-kooperatibek hirugarrenekiko eragiketetan beren finantza- eta aseguru-jarduerari aplikagarriak zaizkion araudiaren baldintzak eta mugak bete beharko dituzte”.

 10. artikulua. Kooperatiba irregularra

Artikulu honetako 1. atalaren idazkera ondorengo moduan osatzea proposatzen da:

“1. Sozietatea Kooperatiben Erregistroan ez inskribatzeko borondatea egiaztatu ondoren eta, nolanahi ere, eskritura egiten den unetik inskribapena eskatu gabe urtebete igarotakoan, edozein bazkidek eratzen ari den kooperatiba desegitea eta, sozietatearen ondarea likidatu ostean, ekarpenak lehengoratzea eska dezake”.

25. artikulua. Informazioaren eskubideari buruzko mugak eta bermeak

Artikulu honen 2. atala ondorengo moduan aldatzea proposatzen da:

“2. Bai informazioa eskatzean, bai eskuratu edo ukatzean arbitrariotasuna eta kalteak saihesteko, estatutuek bermeen sistema zehatz dezakete zehaztuko dute eta kooperatibaren berezitasunak nahiz bazkidearen egiazko egoera kontuan hartuko dira kooperatibaren jarduerari eta eskubide nahiz betebeharrei erreparatuz”.

Gure ustez nahitaez arautu behar dute estatutuek informazioaren eskubidea bermatzeko sistema. Hala, ematea ukatzearen ondorioz sor daitezkeen arbitrariotasunak eta kalteak saihestuko ditu. Antolaketa demokratikoaren (bazkide bakoitzak boto bana) eta kudeaketan partaidetzaren (bazkideak enpresa-kudeaketaren eremuan arduraz inplikatzea) kooperazio-printzipioak bermatzeko modua da.

26. artikulua. Borondatezko baja

  • Lehenik eta behin, gehiegizkoa iruditzen zaigu kooperatiban baja eskatu nahi duten pertsona fisikoetarako aurreabisuaren denboraldia sei hilabetera artekoa izatea, estatutuek modu horretan xedatzen badute.
    .
    Libreki atxikitzeko kooperazio-printzipioaren (kooperazio-printzipioak aske eta borondatez onartzea) kontrakoa izan daiteke. Gutxienez, bazkide langileei dagokienez, lan-baldintzak nabarmenki aldatzen bazaizkie edo bizi pertsonala kaltetzen dien toki-aldaketa gertatzen bazaie, zerbitzuak eskaintzez uzteko aukera izan beharko lukete hain aurreabisu-epe luzea jasan gabe.
    .
    Horregatik, artikulu honen 1. atala epea murriztuz aldatzea proposatzen da:
    .
    “1. Bazkideak une oro kooperatiban borondatez baja eska dezake. Xede horrez, idatziz aurreabisua egin beharko du estatutuek finkatzen duten epean, baina ezingo du sei hiru hilabetetik gorakoa izan pertsona fisikoetarako eta urtebetetik gorakoa pertsona juridikoetarako”.
    .
  • Bigarrenez, lan elkartuko kooperatibetan iraupen zehatzeko gehieneko bazkideen kopuruaren mugak gainditu ahal izatearekin ez gaude ados, denborazkotasunaren baldintzetan dituen inplikazioengatik.
    .
    Horregatik, 2. ataleko bigarren paragrafoa honako moduan aldatzea proposatzen da:
    .
    “Hala eta guztiz ere, estatutuek aurrez ikusten badute eta onartzen den unean hala erabakitzen bada, iraupen zehatzeko sozietate-loturak zehatz daitezke. Lotura horien berezko eskubideak eta betebeharrak gainerako bazkideekiko baliokideak izango dira eta estatutuek arautuko dituzte. Dagokion motan edo behin betiko langileek Batzar Nagusian dituzten botoei dagokienez, bazkide horien kopurua ez da behin betiko bazkide kopuruaren bostena izango, lan elkartuko kooperatiben kasuan izan ezik. Salbuespen bera aplikatuko da beste mota batekoa izanik, lan-bazkideak dituenean. Halakoetan, proportzioak gaindi daitezke, betiere iraupen zehatzeko bazkideek eta beste baten kontura diharduten langileek egindako ordu-kopuru/lanurte behin betiko langile edo lan bazkideek gauzatutako ordu/urte guztien Pera iristen ez badira”.
    .

30. artikulua. Bazkide inaktiboak edo ez-erabiltzaileak

Artikulu honen 4. atala hurrengo moduan aldatzea proposatzen da:

“4. Sozietatearen estatutuek eta, horiek izan ezean, araudiak arau dezakete arautuko dute. Ildo horri jarraiki, eskubideak eta betebeharrak, lan-utzialdian dauden bazkideen egoera, aldi baterako jarduera utzi badute, zehaztuko dute”.

Justifikazioari begira, gure iritziz egoerak arautzeko orduan ausari ez zaio aukerarik eman behar, desadostasunen kasuan, liskarrak sor baititzakete.

31. artikulua. Organo-motak

Artikulu honen 2. atala ondorengo moduan aldatzea proposatzen da:

“2. Sozietatearen estatutuek arau dezakete arautuko dute, Lege honek xedatutako irizpideen arabera sorrera nahitaezkoa bada, Zaintzaren Batzordea, Sozietatearen Kontseilua eta Baliabideen Batzordea eratu eta funtzionatzea lege honek aurrez ikusten dituen baldintzetan, bestelakoak zehaztea aldi batera utzi gabe, baina ez dituzte inolaz ere sozietatearen organoei atxikitako funtzioak eta aginpideak izango”.

Gure iritziz kooperatibak organo horiek baditu, positiboa da bazkide guztiek funtzionamendua ezagutzea, beraz, funtzionamendu hori sozietateen estatutuen barruan sartu beharko litzateke.

32. artikulua. Batzar Nagusia: kontzeptua eta aginpideak

  • Lehenik eta behin, edozein erabakiren gainean Batzar Nagusiaren subiranotasuna idatziz jasoa gelditzeko, kooperatiba orok erantzun behar dion demokrazioaren eta partaidetzaren oinarrizko gakoa baita, 1. atalean honakoa eranstea proposatzen da:
    .
    “1. Kooperatibaren Batzar Nagusia, sozietatearen borondateari buruzko adierazpen-organo gorena, bazkideen bilera da eta bere aginpideko berariazko arloetan eztabaidatu eta erabakiak hartzeko eratzen da”.
    .
  • Bigarrenez, Batzar Nagusiak dituen aginpide esklusiboen artean (3. atalean aipatzen dira), b) puntua hurrengo moduan aldatzea proposatzen da:
    .
    “b) Kontuetako auditoreak izendatu eta kargutik kentzea, bakarrik bidezko arrazoirik dagoenean.
    .
    Gure ustez, arrazoia bidezkoa al den zehaztea subjektiboa da eta, ondorioz, gatazkak sor ditzake. Batzar Nagusiaren heldutasun eta jarduera arduratsua ulertutzat jo behar dira.
    .
  • Hirugarrenez, Batzar Nagusia organo gorena izatearen ildotik, erabakiak hartzeko ahalmenak ez dira mugatu behar beste sozietatearen organo batzuen ahalmenengatik. Horregatik, artikulu honen 4. atala ondorengo moduan aldatzea proposatzen da:
    .
    “4. Era berean, Batzarrak edozein gairi buruz eztabaida dezake, kooperatibaren intereserako bada, baina bakarrik nahitaezko erabakiak hartu ahal izango ditu lege honek sozietatearen beste organo batzuen aginpide esklusibotzat jotzen ez dituen arloei buruz”.
    .

34. artikulua. Deialdia

5. ataleko hirugarren paragrafoan hurrengo aldaketa gomendatzen da:

“Kooperatibak web orri korporatiboa duenean, batzar nagusirako deialdia sozietatearen web orrian iragarkia argitaratuz egingo da, betiere orria egitea Batzar Nagusiak erabaki badu eta sorreraren erabakia Euskadiko Kooperatiben Erregistroan kooperatibari ireki zaion orrialdean idatziz jasoa badago”.

Gurea bezalako mundu digitalean, web orriak merkatura iristeko oinarrizko elementuak dira eta, ondorioz, ez dugu ulertzen Batzar Nagusiak web orriaren sorrera onartu behar izatea. Kooperatibek web orriak sortzeko tarte handiagoa utzi behar delakoan gaude.

Beste gai bati eutsiz, erabilitako terminologia harmonizatzeko, artikulu honen 5. atalean eta 82.6. artikuluan (bat-egitearen erabakia) “diarioak” “periodikoen” ordez aldatzea gomendatzen da, lege honen beste artikulu batzuetan (77, 88, 89, etab.) jasotzen den bezala.

42. artikulua. Administratzaileak hautatzea

2. atalean, bazkideak ez izanik, administratzaile bezala izendatzen diren kideei gutxieneko prestakuntza eta esperientzia eskatzeko, Zaintzaren Kontseiluan hirugarrenentzat xedatutakoaren (52.2. artikulua) baliokidea izango da eta ondorengoa gehitzea proposatzen da:

“2. Administratzaile bakarrak kooperatibako bazkidea izan beharko du. Artezkaritza Kontseiluan kideen herena ez-bazkideen artean aukera daiteke, estatutuetan berariaz debekatzen denean izan ezik, zintzotasunaren, prestakuntza profesionalaren eta esperientzia teknikoaren edo enpresa-esperientziaren baldintza egokiak betetzen badituzte organoaren funtzioak kontuan hartuta”.

44. artikulua. Ordainsaria

Artikulu honen 1. ataleko bigarren paragrafoaren idazkera ondorengo moduan osatzea proposatzen da:

“Nolanahi ere, ordainsariak kooperatibaren garrantziarekin, une bakoitzean duen egoera ekonomikoarekin eta, batez ere, beren karguak betez administrazaileek onartutako erantzukizunekin eta egiaz eskainitako zerbitzuekin arrazoizko proportzioa gorde beharko du”.

46. artikulua. Artezkaritza Kontseiluaren konposizioa eta hori berritzea

2. atalean hurrengoa deuseztatzea gomendatzen da:

“2. Estatutuek Batzar Nagusiak aukeratzea aurrez ikusten dutenean izan ezik, Artezkaritza Kontseiluak kideen artean kontseiluburuaren eta idazkariaren karguak aukeratuko ditu. Halaber, estatutuek aurrez ikus dezakete idazkariaren irudia kooperatibako bazkidea edo kontseilaria ez izatea”.

Gure ustez idazkariak ezin dezake kooperatibaren kanpokoa izan, kide izan beharko du, horren barruan funtzio garrantzitsuak izango baititu.

47. artikulua. Artezkaritza Kontseiluaren funtzionamendua

Kooperatibetan Artezkaritza Kontseiluak garrantzi berezia duenez, bileretan partaidetza beste kide batzuengan ezin dela eskuordetu uste dugu. Berdin da Kontseiluaren barnean edo hortik kanpo egotea.

Horregatik, artikulu honen 2. atalean honakoa eranstea gomendatzen dugu:

“2. Artezkaritza Kontseilurako deialdia kontseiluburuak egingo du eta balioz eratuta geldituko da bileran kideen erdiak baino gehiagok parte hartzen duenean. Kontseiluaren bileretan pertsonalki eta ordezkatu gabe parte hartuko da”.

48. artikulua. Administratzaileen eginkizunak

Artikulu honen 4. atalean honako aldaketak gomendatzen dira:

“4. Administratzaileek beren kabuz edo beste batzuentzat ez dute jarduerarik gauzatuko, kooperatibari lehia egiten badiote edo beste edozein modutan kooperatibaren interesekin gatazkatsua bada.

Hala eta guztiz ere, kooperatibak, Batzar Nagusiak aldez aurretik berariazko erabakia hartu badu, aurreko atalean dauden debekuez salbuets dezake kasu berezietan salbuespenezko kasuetan eta behar bezala justifikatuak badaude.

Interes-gatazkaren egoeratan sartuta dagoen administrazaileak aitortu beharko du eta ezingo du bozketan parte hartu.

Aipatu baimenik gabe egindako egintzak, kontratuak edo eragiketak baliogabe daitezke eta fede onez hirugarrenek onartutako eskubideak salbu geldituko dira”.

Artikulu honetan deskribatutako egoeraren aurrean justifikatu behar delakoan gaude. “Kasu berezia” adierazpena zalantzagarria da. Era berean, administratzaileak aitortu beharra komenigarritzat jotzen dugu, bazkideen eskubideak babesteko.

59. artikulua. Sozietatearen kapitala

7. atalean idazkera adierazten den moduan osatzea proposatzen da:

“7. Artikulu honen 1etik 5era xedatutakoa kreditu- eta aseguru-kooperatibetarako aplikagarria izango da bakarrik batzuei eta besteei buruzko araudi sektorialak saihesten ez duenean”.

66. artikulua. Partaidetza bereziak

59. artikuluari buruz gure gogoetaren ildo beretik, 3. atala hurrengo moduan osatzea proposatzen da:

“3. Artikulu honetan xedatutakoa kreditu- eta aseguru-kooperatibetarako aplikagarria izango da bakarrik batzuei eta besteei buruzko araudi sektorialak saihesten ez duenean”.

72. artikulua. Galerak egoztea

Artikulu honen 2. atalean idazkera aldatu eta, bidezkoa bada, honako moduan zuzentzea proposatzen da:

“2. Galerak kontu bereziari egoztea baliozkoa izango da etorkizuneko emaitza positiboen soberakin garbien kargura amortizatzeko gehienez bost urteren buruan. Epea igarotakoan orekatu gabe gelditzen diren galerak artikulu honen 1. zenbakiko a), b) eta c).1 hizkietan xedatutakoarekin bat ordainduko dira eta azkeneko kasuan hilabeteko epean ordaindu beharko dira”.

102. artikulua. Lan elkartuko kooperatibak. Xedea eta arau orokorrak

  • Lehenik eta behin, artikulu honen 4. atalak hala dio: “nahiz eta lan elkartuko kooperatiben xedea bazkideen lana eskaintzea eta, bide batez, enplegua ematea izan, beste batzuen kontura lan-kontratuak gauzatu ahal izango dituzte, baina bazkide langileek urtean egindako ordu-kopuruak ezingo du urtean gauzatutako lanordu guztien 100eko 30 gainditu”. Egun indarrean dagoena kontuan hartuta, ehuneko horrekin beste baten kontura egindako gehieneko lanordu/urte baino 5 puntu gehiago dira.
    .
    Gure iritziz gehieneko hori zehazteko orduan, kooperatibaren dimentsioa kontuan hartu beharko litzateke, atzean sozietatearen oso errealitate ezberdinak baitaude. Eta, nolanahi ere, gure ustez kooperatiba kapitalean parte hartzen ez duen langileen ehuneko altuak osatzen badu, kooperatibaren beraren funtsa hutsaltzen da.
    .
  • Bigarrenez, ondorengoak deuseztatu eta aldatzea gomendatzen da, baita 4. ataletik ere, beste batzuen kargurako enpleguaren ehunekoa kalkulatzeko orduan zenbatzen ez diren lanen zerrendan:
    .
    “4. …Ehuneko honetan ez dira zenbatuko:
    .
    a) Mendeko lan-zentro eta –unitateetan nahiz osagarrietan egindako lanordu/urte.
    .
    Nolanahi ere, mendeko lan-zentro edo osagarrietan eskainitako lana izango da beste baten kargura dauden langileek egindakoa, kooperatibek beren bezeroaren edo onuradunaren lokaletan eta herri-administraziorako iraupen zehatzeko zerbitzuak eskaintzeko kontratatzen badituzte. Halaber, kooperatibak obra, muntaia edo jarduera osagarrietan egin behar dituen jarduerak, betiere kooperatibaren sozietatearen xede nagusia ez badira eta jardueraren beraren eskakizunak direla-eta, kooperatibaren lokaletatik kanpo eskaintzen badira eta kooperatibarekin harremana ez bada argi eta garbi iraunkorra eta iraupen mugagabekoa.
    .
    b) Legezko subrogazioaren bitartez kooperatiban sartuta, beste baten kargura dauden langileek eta subrogazio horiek betetzeko jardueratan sartzen direnek burututako lana.
    .
    c) Bazkide langileak edo soldatapekoak ordezkatzeko langileek egindako lana, lan-legeriarekin bat lehenengoen kasuan lanpostua gordetzeko eskubidea badute lan-utzialdiaren egoeran edo aldi baterako ezintasunaren egoeran, amatasunarengatik, adopzioarengatik edo harrerarengatik bajan daudelako edo familia-bateratzea gauzatu nahi dutelako.
    .
    d) Berariaz bazkide langile izateari uko egin dioten langileek burututako lana.
    .
    e) Enpresa erabiltzaileen eskura jartzeko kontratatutako langileak, kooperatibak aldi baterako laneko enpresa bezala jarduten duenean.
    .
    f) Enplegu eta prestakuntzari buruzko programen barruan prestakuntzan, orientabidean eta lan-bitartekaritzan aritzen diren kooperatibetako ikasleek egindako lana.
    .
    g) Praktiketan eta prestakuntzarako kontratuak dituzten langileak.
    .
    h) Pertsona minusbaliatuek, fisikoek eta psikikoek, egindako lana, gutxienez 3ko minusbaliotasuna onartua badute, enpleguaren zentro berezi bezala kalifikatu eta onartu ostean, lan elkartuko kooperatibetan izan ezik.
    .
    i) Kooperatibak administrazioarekin edo herri-administrazioak partaidetza gehiena duen beste enpresa, partzuergo, fundazio eta gainerako erakunde batzuekin kontratua egitearen ondorioz erantsi diren pertsona langileak.
    .
    Dena den, zortzi bazkide langiletik beherako kooperatibek gehienez bi langile sar ditzakete lanean beste baten kargura dauden lan-kontratuarekin”.
    .

Bazkide izan nahi ez duten langileen orduak ez zenbatzea (d atala) beste baten kargura egindako lanorduen kopurua gehitzera darama. Gauza bera gertatzen da mendeko zentroetan edo osagarrietan zerbitzuak eskaintzen dituztenenak baztertzearekin (a atala). Izan ere, azkenekoaren barruan sartzen dira titulartasun publikoko lokaletan zuzenean administrazioari eskainitako zerbitzuak, beraz, zuzenean lana mailegatzen da, zeharka enplegu publikoa ordezkatzeaz gain.

Gainera, planteatutako baldintzetan pertsona minusbaliatuekiko aipamenak (h atala), ehunekoa zehazteko orduak zenbatzen ez badira, berdintasunaren ikuspegitik talde hori lan-merkatuan sartzeko ahalegina zalantzan jartzen du. Horrengatik guztiarengatik, aipatu hiru atalak ezabatzea planteatzen da.

c) atalari dagokionez, proposatutako aldaketak idazkera orokorragoari eta zuzenbidearekin hobe moldatzen denari erantzuten dio.

103. artikulua. Lan elkartuko kooperatibak. Probaldia

Artikulu honen lehenengo atalak xedatutakoaren arabera, “estatutuek probaldia zehatz dezakete bazkide bezala onartzeko baldintza modura”.

Bazkidea probaldian 102.4. artikuluan araututako baldintzetan eta mugapean beste baten kontura diharduen langilearen irudi ordezkatzailea izatea proposatzen da.

107. artikulua. Lan elkartuko kooperatibak. Alderdi gatazkatsuak

36/2011 Legeak, urriaren 10ekoak, Gizarte Eskumena arautzen duenak “Gizarte-eskumeneko organoek, aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatu ondoren, sustatzen diren alderdi gatazkatsuak ezagutuko dituzte: …c) Lan-sozietate eta lan elkartuko kooperatiben eta beren bazkide langileen artean, esklusiboki zerbitzuak eskaintzeagatik…”, 2c) artikuluan xedatutakoa betetzeko, artikulu honen lehenengo paragrafoa hurrengo moduan aldatzea proposatzen da:

“Prozesuaren legeriarekin bat, gizarte-eskumeneko organoek lan elkartuko kooperatiben eta hala izateagatik bazkide langileen artean sustatzen diren alderdi gatazkatsuak ezagutzen dituzte. Ondorioz, Lan- eta gizarte-lotura berezi horretan oinarritzen ez diren gatazkak, edozein bazkide eta beste mota bateko kooperatiben artean sor daitezkeenen antzekoak badira, merkataritzaren epaitegien eta auzitegien eskumenekoak izango dira”.

117. artikulua. Etxebizitzen kooperatibak: xedea, eragiketak eta eremua

Artikulu honen 2. ataleko hirugarren paragrafoan hurrengoa eranstea gomendatzen da:

“Halaber, kooperatibak bazkideak ez diren hirugarrenei besteren diezazkieke sustatutako etxebizitzak, kooperatibaren sustapena finantzatzeko beharrezkoa denean, kooperatibako kide guztiek etxebizitza lortuko dutela bermatu ostean. Halakoetan, bazkideak ez diren hirugarrenekin eragiketak gehienez bazkideei egindako etxebizitzen esleipenen ehuneko berrogeira iritsiko dira eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak homologatu beharko du. Nolanahi ere, berak egiaztatuko du behar hori”.

Begien bistakoa izan arren, gure iritziz berariaz esan beharra dago kooperatibako pertsona kide guztiek etxebizitza bermatua dutenean besteren dakiekela hirugarrenei.

120. artikulua. Etxebizitzen kooperatibak: Artezkaritza Kontseilua

Artikulu honen 1. atalean ondorengoa deuseztatzea gomendatzen da:

“1. Pertsona batek ezingo du aldi berean administratzailearen kargua etxebizitzen kooperatiba batean baino gehiagotan bete, estatutuek berariaz onartzen dutenean izan ezik.

Karguen titularrek beren funtzioa betetzeagatik ezingo dute ordainsaririk jaso, sortzen dizkien gastuen ondorioz ordainarako eskubidea alde batera utzi gabe”.

Ez zaigu oso egokia iruditzen; are gehiago, interesen gatazka egon daiteke pertsona bera zenbait etxebizitza-kooperatiben administratzailea bada. Horregatik, kooperatibako kide diren pertsonen segurtasunerako eta gardentasunerako, aukera hori ez uztearen aldekoak gara.

143. artikulua. Talde kooperatiboak

  • Lehenik eta behin, 2. atalean, integratzeagatik talde kooperatibotzat jotzeko baldintzen artean, honakoa xedatzen da: “talde kooperatiboa batera hartuta zuzendaritza orokor erkidea izatea”.
    .
    Azpimarratutako kontzeptua zehaztugabea da, beraz, “zuzendaritza orokor erkidearekin” noiz jarduten den zehazteko adierazpenak aipatu beharko lirateke.
    .
  • Antzeko zerbait gertatzen da 3. atalean, ondorengoa esaten denean: ustez unitate ekonomikoa dago, aipatu zuzendaritza orokor erkidearekin batera, ustezkoen zerrendatik bat ematen denean eta lehenengoa da “izatezko harremanak, merkataritzakoak, finantzarioak edo ondareari buruzkoak izatea eta horien ondorioz taldeko erakunderen batek mendekotasun eraginkorra du” (a puntua).
    .
    Gure iritziz “mendekotasun eraginkorra” oso kontzeptu lausoa da eta zehaztu beharko litzateke noiz den mendekotasuna eraginkorra.
    .
    Unitate ekonomikoa egoteko bigarren ustezkoari (b puntua) dagokionez, honako aldaketak proposatzen dira:
    .
    “b) Taldean integratutako sozietate kooperatiboek hirugarrenekin zuzenean egiten dituzten Taldean sartuak dauden sozietate kooperatiboek zuzenean hirugarrenekin egiten dituzten eragiketengatik kanpoaldearekin erantzukizun-akordio solidarioa izatea, betiere iraunkorrak direnean eta eragiketak beharrezkoak direnean, hain zuzen ere, bere jarduerari buruzkoak eta ez enpresaren jarduera xedea betetzeko osagarriak eta bere produkzio-ziklora, merkatuak jartzen duenera, eransten dira”.
    .
    Idazkera hobetzeaz gain (paragrafoaren lehenengo zatia), aldaketekin legeak egozten duen gertaera hobe deskribatzen da 20-7-2005, A. 5595 eta 2-10-2006, A. 6728: “lan” kontrata eta azpikontrata SSTS (gizartea) izatezko ustezkoaren aurrean.
    .
    Bestalde, aurrerago, 3. atal honetan bertan, hala aipatzen da: “artikulu honetan aurrez ikusitako talde kooperatiboen araubidea horretan xedatzen diren baldintzak betetzen diren unetik eraginkorra izango da”. Lehen baldintzaren bat betetzea beharrezkoa zela xedatzen zen, beraz, akats hori konpontzea gomendatzen dugu:
    .
    “Artikulu honetan aurrez ikusitako talde kooperatiboen araubidea horretan xedatzen den baldintzaren bat betetzen denean baldintza guztiak betetzen direnean eraginkorra izango da”.
    .
  • Azkenik, 6. atalean honako aldaketa iradoki da:
    .
    “6. Taldearen aurrean onartutako konpromiso orokorrak taldean buru den kontrola duen erakundearen estatutuetan idatziz legeztatu beharko dira, sozietate kooperatiboa bada, edo beste kontratu-dokumentu bat erabiliko da ez bada. Eskritura publikoan legeztatuko da eta halabeharrez iraupena, mugatua bada, aldatzeko prozedura, sozietate kooperatibo bat bereizteko prozedura eta taldean buru den kontrola duen erakundeari esleituko zaizkion ahalmenak izango ditu. Adierazitako konpromisoak aldatu, zabaldu edo ebazteko, hala xedatua badago, buru den kontrola duen erakundearen gehieneko organoaren erabakiz egin daiteke”.
    .
    “Kontrola duen enpresa” da Merkataritza Kodeak (42. artikulua) erabiltzen duen sintagma. Eta “kontrolari” buruzko adierazpena murriztailea balitz lege-aurreproiektu honek aurrez ikusten duen ustezkorako, “matrize” izena erabil daiteke, zientzia-doktrinak egiten duen bezalaIkusi EMBID IRUJO, “Concentración de empresas y derecho de cooperativas”, Murtziako Unibertsitatea, 1991..
    .

145. artikulua. Gizarte-interesa eta erabilgarritasun publikoa

Lehenik eta behin, artikulu honen 1. atalari buruz, gogoeta orokorretan azaldutakora bidaltzen zaituztegu.

Bigarrenez, artikulu honen 2. atalak hala dio: “Beren funtzioak garatuz Euskadiren interes orokorra sustatzen laguntzen duten erakunde kooperatiboak Eusko Jaurlaritzak erabilgarritasun publiko modura onartuko ditu, araubidez xedatutako prozedura, araubide eta baldintzekin bat”.

Gure iritziz, kooperatiba erabilgarritasun publikoko aitortzeko jada existitzen dena kontuan hartuta, idazkera honekin  araubidezko garapen desberdina izango duela aditzera ematen da, beraz, testua berraztertu beharko litzateke aitorpenari dagokionez argi eta garbi hurrengoa esateko: “araubidez xedatutako prozedura, araubide eta baldintzekin bat”.

146. artikulua. Kooperatibismoa sustatu eta hedatzeko neurriak

Lehenik eta behin, artikulu honen 1. puntua honako moduan aldatzea proposatzen da:

1. Euskadiko Kooperatiben Mugimenduaren erakunde-ordezkaritza ziurtatuko da. Ildo horri eutsiz, legez berezkoak zaizkion kontsulta- eta erabakitze-eremu desberdinetan, baita Euskadiko arlo desberdinetako (ekonomia, hezkuntza, lana eta gizartea) erakunde-ordezkaritzako organismoetan ere kooperatibismoaren presentzia eta elkarrizketa sustatuko dira. Pixkana finkatuz joango da arautegian Aplikagarria den araudiarekin egokituko dira”.

Eragile desberdinen partaidetza eta presentzia erakunde-organoetan herri-aginteak zehazten ditu, interes zehatzak dituzten ordezkariei kontsultatu nahi dien eta iritziak ezagutu nahi dituen neurrian.

Baina eremu zehatzetan, besteak beste, lanekoan, nazioarteko erakundeak eta Estatuko oinarrizko legeak partaidetza-organoek konposizio zehatza, hiru aldeena eta berdina (ugazaben eta sindikatuen erakunde ordezkatuenei mugatua), izan behar dutelakoan daude, konposizioa eremu horri atxikitako dinamikak bermatzeko oinarrizko elementua baita.

Ondorioz, kooperatiben mugimenduaren gizarte-partaidetzari buruzko gogoeta orokorretan adierazitakoa berriz azpimarratuz, idazkera aldatzea proposatzen dugu. Hala, kooperatiben mugimenduak Euskadiko herri-aginteak egokitzat jotzen duen tokietan presentzia izan behar du eta, aldi berean, araudi bereziek (hala nola lanekoak, EAEk aginpide legegilerik ez du) aldez aurretik zehaztutako konposizioa errespetatu behar du.

Nolanahi ere, herri-aginteak “laneko” alderdiei buruz kooperatiben mugimenduaren iritzia eta irizpidea ezagutzea bidezkotzat jotzen badu, eztabaida-gune berezietan, besteak beste, Kooperatiben Kontseilu Nagusian lan dezake eta, kasua iritsiz gero, xedea nahiz funtzioak zabal ditzake (154. artikulua).

Bigarrenez, artikulu honetan kooperatibismoa sustatu eta positiboki diskriminatzeko neurri zehatzak zerrendatzen dira, nahiz eta arrazoiak ez azaldu eta gure ustez Legeari dagokion zioen azalpenean justifikazioa gauzatu beharko litzateke.

147. artikulua. Ikuskaritza kooperatiboa

1. atalak xedatutakoaren arabera, “Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiari dagokio funtzio ikuskatzailean jardutea Lege hau betetzeari buruz, beren aginpideak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako sailei edo beste herri-administrazio batzuei dagozkien funtzio ikuskatzaileak alde batera utzi gabe”.

Jarduera edo ahalmen ikuskatzailea bere jarduera desberdinetan herri-administrazioei dagozkien administrazio-zuzenbidearen zatia da. “Administrazio Polizia” izeneko jardueran kokatuta dago, hau da, administrazioak erabiltzen duen neurri hertsagarrien multzoa partikularrek beren jarduera erabilgarritasun publikoaren xedera egoki dezaten. Eta Administrazio Poliziarekin administrazio-aginpideen eta -jardueraren oso azalpen desberdinak aipatzen dira, besteak beste, hirigintza-polizia, segurtasunari buruzkoa, ingurumenarena, zirkulazio eta bide-segurtasunekoa, etab. eta hori da, hain zuzen ere, ikuskaritzaren administrazio-jarduerari instrumentu-izaera ematen diona, funtzioa garatzen duen administrazio-sektorearekiko.

Horregatik, funtzio ikuskatzailea kooperatibaren arloa ezagutu behar duen erakunde edo sailburutzari dagokio eta ikuskatzeko funtzionario arduradunak izenda ditzake.

Gure iritziz, kasu honetan Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren funtzioa lan teknikora, laguntza eta lankidetzakora mugatu beharko litzateke, ahalmen ikuskatzailea duenarekin, ikuskaritzak eta, nolanahi ere, zaintza nahiz lankidetza gauzatzeko. Horregatik, aipatu atalean “funtzio ikuskatzailearen” ordez “funtzio ikuskatzaile bat” adieraztea gomendatzen da.

Gogoeta formala

Legearen aurreproiektuan erabiltzen den mintzaira berraztertzea gomendatzen dugu, generoaren ikuspegia kontuan hartu eta hainbat azalpen sexista (socio, administrador, trabajador…) ezabatzeko.

Gauza bera gertatzen da “pertsona minusbaliatu”, “minusbaliotasun”… azalpenak erabiltzeko orduan, desegokiak baitira minusbaliotasunak edo gaitasun ezberdinak dituzten pertsonak aipatzeko.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren ustez “Euskadiko Kooperatiben Legearen Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin eta, bereziki, erakunde-partaidetzari dagozkionak kontuan hartuta, garrantzi berezia dutelako.

 Bilbon, 2015eko abenduaren 11n.

 francis  emi

            O.E. Presidentea

            Francisco José Huidobro Burgos

Idazkari Nagusia

Emilia Málaga Pérez

.

ERANSKINA

KONFEKOOP EUSKADIKO KOOPERATIBEN KONFEDERAZIOAREN ESKUORDEAK  FORMULATU DUEN BOTO PARTIKULARRA

EEGABen Osoko Bilkurak, 2015eko  abenduaren 11n egin duen bileran eta KONFEKOOPen kontrako botoarekin, Euskadiko Kooperatiben Legearen Aurreproiektuari buruzko 21/15 IRIZPENA onetsi zuen. Horri dagokionez Kooperatiben Konfederazio honek ondokoa adierazten du

BOTO PARTIKULARRA

Egin den Irizpenaren aurkako gure jarrera adierazten dugu, hala Iruzkin edo Ohar Orokorrei dagokienez  nola Kooperatiben Legearen Aurreproiektuko 145 eta 146. artikuluetan aipatzen diren berariazko Iruzkinei Dagokienez, eta Jaurlaritzak igorri zuen Aurreproiektuan ematen zen jatorrizko idazkuntza mantentzeko eskabidea egiten dugu. Horretarako gure arrazoiak hauek dira:

1. EEGABek onetsi duen Irizpenak ondokoa ezarri du: “145.1. artikuluan jaso den gizarte eragilea terminoaren erabilerak, gertatzen den testuinguruan, eta bereziki 146. artikuluan ezarri denarekin lotuta, komeni ez den  nahastea edo gaizki-ulertua eragin dezake”, eta “proposatu du egokiagoa litzatekeela interpretazioan duda guztiak saihestuko dituen beste terminologia bat erabiltzea”. Eskabide hori, Irizpenean, ez da inolako oinarrizko arau juridikoan finkatzen eta, gure aburuz, bere kideen atal baten jarrera interesdunetik abiatuta egiten da, ondoko hauek baztertuz:
.

  • Konstituzioko 7. artikuluaren arabera interes ekonomikoak eta sozialak babesterakoan oinarrizko zeregina eta betebeharra duten garrantzi konstituzionaleko  gizarte eragileak direla  “langileen sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak”.
  • KONFEKOOP  elkarte enpresariala dela, oraingo eta etorkizuneko Euskadiko Kooperatiben Legeko 1.1. artikuluan ezarri denaren arabera  (“lehen helburutzat kideen ekonomi eta gizarte-jarduerak sustatzea eta beren beharrizanak betetzea duen enpresa garatzen duen elkartea da kooperatiba” ) eta Kooperatiben Estatuko Legeko 1.1. artikuluan  ezarri denaren arabera  (“Kooperatiba sozietate bat da, enpresa-jarduerak egiteko biltzen diren pertsonek eratzen dutena”.
  • Hori ez ezik, Konstituzioaren 28. artikuluan estatuko jurisprudentzia eta ebazpen europarrak daude, enpresen askotariko formak eta enpresa askatasuna azpimarratzen dituztenak, eta kooperatiba horietatiko bat da.
  • Proposatu den idazkuntzarekin ez da Konfederazio hori lanaren arloko erakunde partaidetzaren ondoreetarako berdinesten, hori berariaz ukatu delako  Irizpenaren aurreko eztabaidan.
  • Beraz, gizarte eragilea esaten denean aintzatespena eta partaidetza lortzearen ondoreetarako egiten da, ez bakarrik mugimendu kooperatiboa gaur egun egon dagoen    esparruetan (OSALAN, EUSTAT,–Kontsumobide- Kontsumoko Euskal Erakundea, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, Segurtasun Industrialeko Euskal Kontseilua, Euskadiko Nazioartekotze Kontseilua, Gizarteratzeko Euskal Kontseilua, Familiaren Euskal Kontseilua, EEGAB,…), baizik eta SPRI , LANBIDE  eta Euskadiko Eskola Kontseilua bezalako beste erakunde batzuetan.
  • Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak (Espainiako Gorteek onetsi zutena), bere 7.4. artikuluan ezarri du  autonomia erkidegoak eskuordetzen dituzten gizarte ekonomiako antolakuntzek, federazioek edo konfederazioek eskuordetza izango dutela  euren interes ekonomiko eta sozialak  ukitzen dituzten autonomia erkidegoetako administrazioen erakunde-partaidetzako organoetan; arau horrek, lege horren azken xedapenetatik lehenean ezarri denarekin bat, oinarrizko izaera du.
    .

2. “Kooperatibismoa sustatzeko eta zabaltzeko neurriak” gaiari buruzko 146.1. artikuluan eman den Berariazko Iruzkinean azaltzen diren argudioak, nahiz eta baieztatu “eragileek erakunde-organoetan duten presentzia eta partaidetza botere publikoak ezarrita dagoela, bidezkotzat jotzen badu eskuordeei interes jakin batzuei buruzko kontsultak egitea eta horien iritziak ezagutzea”, eta ondokoa azpimarratu du “lanekoa bezalako esparru batzuetan nazioarteko erakundeek eta estatuko oinarrizko legeek ezarri dute, hori guztia gorabehera,  partaidetza organoek osaketa jakin bat eduki behar dutela, hirualdekoa eta paritarioa”, eta  “ondorioz, …., idazkuntza aldaketa proposatzen dute,…, aldi berean lanaren kasua bezalakoetan    berariazko arautegiek ezarritako osaketa zainduko duena”. Ez gaude interpretazio horrekin ados lanaren arloan soldatara murrizten duelako, Eusko Jaurlaritzaren  eskumenak ahaztu eta baztertu ez ezik, eragotzi egiten duelako mugimendu kooperatiboa bere interesen defentsan euskal botere publikoak bidezkotzat joko dituen tokietan egotea.
.

Adibide bat jartzearren, berariaz alboratzen du Enpleguari buruzko 56/2003 Legeko 18. artikulua; legearen artikuluetan enpleguko zerbitzu publikoak aipatzen dira eta ezarri da oro har autonomia erkidegoek auto-antolakuntza ahalmena dutela zuzendaritza eta egitura organoak ezartzerakoan eta adierazgarrienak diren  enpresa eta sindikatuen arloetako antolakuntzek kontsulta-izaerako ordezkaritza organoetan parte hartzerakoan, hau da,  autonomia erkidegoen ezarriko duten eran, eta partaidetza hori  hirualdekoa eta paritarioa dela. Bada, KONFEKOOP egon dago izaera hirualdekoa eta paritarioa duten beste organo batzuetan, eta alderdi ekintzailea edo enpresen  elkarteen alderdia eskuordetuz. Kasurik adierazgarriena OSALAN da.
.

Beste adibide bat sozietate kooperatiboen erakunde-partaidetzari buruz  Eusko Legebiltzarrak, Eusko Legebiltzarreko Lan eta Gizarte Gaietarako  Batzordearen 2018ko apirilaren 9ko bileran,     onetsitako 6  eta 15. zenbakiko Ebazpenak lirateke.  Ebazpen horietan ondokoa ezarri zen hitzez hitz:
.

  • 6. zk.a: “Eusko Legebiltzarrak solaskide moduan euskal mugimendu kooperatibistaren aintzatespenean   sakontzeko eskatzen die euskal erakunde publikoei, eta Euskal Mugimendu Kooperatibistaren eskuordeen presentzia bermatzeko eta, oro har, gizarte ekonomiarena, beharrezkoak diren urratsak ematen jarrai dezaten Euskadiko gizarte politikak eta politika ekonomikoak egituratzen dituzten organoetan eta erakundeetan”.
  • 15 zk.a: “Gizarte partaidetzan eta ekimenean oinarritzen den gizarte ereduaren defentsan, derrigorrezkoa da gizarte eragile guztien (sindikatuak, enpresak, kooperatibak eta gainerako gizarte taldeak)  partaidetza bermatzea Euskal Herriko esparru sozio-ekonomikoko erakundeetan”.
    .
    .

Aurreko hau guztia kontuan hartuta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak uste du  Aurreproiektuko 145 eta 146. artikuluen lehen atalak Eusko Jaurlaritzak igorri zuen proposamenean agertzen diren termino horiekin mantendu behar direla.

Bilbo, 2015eko abenduak 11

Patxi Olabarria Furundarena

KONFEKOOPeko lehendakariordea