Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 19/15

Irizpena 19/15

Irizpena 19/15, Euskadiko Kultur Ondarearen Legearen Aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2015eko azaroaren 2an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren idazkia sartu zen eta “Euskadiko Kultur Ondarearen Legearen Aurreproiektuari” buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kontsultatzen zaigun arau-proiektuak Euskadiko kultur ondarearen lege-araubidea zehaztea du helburu, batetik, babestu nahiz kontserbatzen dela eta balioa ematen zaiola bermatzeko eta, bestetik, ezagutu, hedatu eta gozatzeko, bai egungo belaunaldiak, bai etorkizuneko belaunaldiek ere. Horrekin guztiarekin 7/1990 Legea, uztailaren 3koa, Euskadiko Kultur Ondareari buruzkoa, eguneratzen da. Hori gaur egun indarrean dago eta honek ordezkatu nahi du.

Horren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak egin eta iritziak emateko, baita lan-batzorde egokian lantzeko ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokion Funtzionamendu Araudiak xedatutakoarekin bat. 2015eko azaroaren 20an Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin zen azaroaren 26ko Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko. Bertan aho batez onartu da.

II.- EDUKIA

Aipatu legea hamar titulutan, 88 artikulutan, hiru xedapen gehigarritan, lau xedapen iragankorretan, xedapen indargabetzailea batean eta bi azkeneko xedapenetan egituratzen da. Gainera, buruan zioen azalpena du, berrikuntzarik garrantzitsuenak justifikatu eta azaltzeko.

Lehenik eta behin, kultur ondarea antzinatik jarauntsitako ondasunen multzo bezala definitzen da. Ildo horri jarraiki, gizarte bakoitzak kontserbatu eta transmititzea merezi duten balioak onartzen ditu. Kultur balioak aldakorrak direnez, ondarearen beraren kontzeptua etengabe eraikitzen ari da eta egituratzen duten elementuek alda daitekeen multzoa osatzen dute eta gauza berriak eranstera irekiak daude.

EAE kultur ondarearen defentsa, aberastasuna, hedapena eta sustapena bermatzeko lege-antolamendua sortzen aitzindaria izan zen, 7/1990 Legea, uztailaren 3koa, Euskadiko Kultur Ondareari buruzkoa, onartu zuenean.  Erkidegoko lehenengo araua izan zen “kultura” izena erabiltzen ondarea aipatzeko eta lehena ere ondasun ez-materialak edozein babes-mailapean zuzenean babesten. Hala eta guztiz ere, denbora igaro da eta Euskadiko Kultur Ondareari buruzko Lege berria idaztea gomendatuta dago. Izan ere, azkeneko urteetan kultur ondarearen kontzeptuak izandako eboluzioa lege-antolamenduari erantsi behar zaio, analisi- eta jarduera-eremuak nabarmenki zabaldu baitira.

Horrekin bat, lege berri honen helburu nagusia kultur ondarearen kudeaketa integrala bermatzera bideratuta dago. Ildo horri eutsiz, kudeaketaren barruan sartu behar dira identifikatzea, dokumentatzea, ikertzea, kontserbatzea eta babestea, baita transmititu, sustatu eta balioa ematearen konpromisoa bereak egitea ere. Hori guztia ondarearen babes- eta sustapen-eredu eraginkorragoa erabiliz egin nahi da eta oraingo belaunaldiei nahiz etorkizunekoei transmititzea nahiz gozatzea bermatuko zaie. Gainera, liburutegien, agiritegien eta museoen sistemarekin zerikusia duen gure lege-araubidean gertatutako aldaketei egokituko zaie, beren lege-erregulazioa izan baitute.

EAEko bere aginpideen esparrutik abiatuta, Euskadiko Kultur Ondareari buruzko Legeak kultur ondarearen arloan euskal herri-administrazioaren maila bakoitzari dagozkion jarduerak zehazten ditu eta horien arteko koordinazioa bermatuko duen organoa eratzen du.

I. Tituluak Legearen Xedapen Orokorrak ditu eta beste alderdi batzuen artean xedea eta aplikazio-eremua xedatzen dira. Euskadiko kultur ondarea zaintzen nahastuak dauden herri-administrazioak definitzen ditu, baita horien funtzioak eta aginpideak arautu ere. Ildo horri eutsiz, Euskadiko Kultur Ondarearen Zentroaren bitartez EAEri dagozkion aginpideak eta funtzioak zehazten dira. Horrez gain, bi organo berri arautzen dira: Euskadiko Kultur Ondarearen Kontseilua, euskal kultur administrazioaren kontsulta-organo nagusi bezala, eta Euskadiko Kultur Ondarearen Erakundeen Arteko Organoa. Azkenekoaren helburu nagusia herri-administrazioen artean eta kultur administrazio nahiz nahasitako gainerako administrazio sektorialen artean komunikazioaren, kooperazioaren eta elkarrekiko laguntzaren eginkizuna eraginkor bihurtzea da.

II. eta III. Tituluak babes-eredu eta -prozedurari buruzkoak dira eta IV. Tituluan Euskadiko Kultur Ondarearen Erregistroei buruzko erregulazio berria sartzen da. Hiru babes-maila bereizten dira, ondasunak daramatzan kultur balioen garrantziaren arabera: Babes Bereziko Kultur Ondareak, Babes Ertaineko Kultur Ondasunak eta Oinarrizko Babeseko Kultur Ondasunak. Azkeneko maila kultur ondare higiezinen eremuari aplikatzen zaio eta udaletako hirigintza-katalogoan sartutakoekin bat datoz.

Gainera, kultur ondasunen kategoria berriak sartzen dira. Bere tipologiaren arabera (higiezina, higigarria eta ez-materiala) bereizten dira eta gaur egun erabiltzen diren kultur ondarearen kontzeptuaren pertzepzio zabal eta orokorragorako egokiagoak dira. Kultur ondare higiezinaren kasuan, Kultur Paisaiaren kategoria sartu dela azpimarra daiteke, Paisaiari buruzko Hitzarmen Europarrean (2000) azaldutako sentikortasunekin bat. Izan ere, horretan legearen ikuspegitik onartzen da paisaia giza ingurunearen funtsezko elementu bezala, kultur eta natur ondare erkidearen aniztasuna adierazten duena eta bere nortasunaren oinarri modura. Halaber, paisaia, besteak beste, kultur eremuko politiketan integratzearen konpromisoa onartzen da.

Aitorpenaren espedienteak ebatzi eta jakinarazteko epeak aldatzen dira. Gauza bera gertatzen da kultur ondasunak babesteko prozedura-izapideekin. Hala, legezko babes-araubidea behin-behinekoz eta berehala aplikatuko dela xedatzen da eta babes-espedientea hasten den unetik lizentziak etengo dira, bai babes bereziko kultur ondareetan, baita babes ertaina duten horietan ere.

V., VI. eta VII. Tituluetan babes-araubidearen erregulazioa garatzen da eta ohiko araubidea nahiz araubide berezia bereizten dira, babes-mailen eta tipologiaren arabera.

Berrikuntza bezala azpimarra daiteke esku hartu eta kontserbatzeko irizpide erkideak eranstea. Euskadiko Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatutako kultur ondasunei aplikatuko zaizkie. Gainera, esku-hartzeari buruzko txostenarekin batera, proiektu tekniko berezia burutu beharko da, hori guztia Krakoviako Gutunaren (2000) ondorioz sortutako nazioarteko araudiaren usadioarekin bat. Azkenik, babes berezia eta ertaina duten kultur ondasun higigarrietan eta higiezinetan baimendutako esku-hartze mota desberdinen erregulazio xehatua zehazten da. Ondare ez-materialaren kasuan, erregulazioa garrantzitsuagoa da, halako ondare-motak azkeneko urteetan lortutako onarpenarekin bat. Horretarako, bi babes-tresna berezi berri sortzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Ondasun Ez-materialen Inbentarioa eta Kultur Ondasun Ez-materialak Babesteko Planak. Biak ondarearen zaintza eta bideragarritasuna ziurtatzera bideratuak daude eta lehentasunezko arreta eskaintzen zaie desagertzeko arriskua duten ondasunei.

Bestalde, ondasun higiezinen ingurunearen erregulazioa azpimarratzen da. Dena den, babestutako ondasunari balioa eman eta hori behar bezala babesteko beharrezkoa denean bakarrik mugatuko da. Ingurunearen kontzeptua duen definizio berria zehaztu da. Bere izaera instrumentala islatzen du, ondasuna integratzen den paisaia-, hiri- eta arkitektura-testuingurua mantentzeko. Gainera, joera berriei eta egungo sentikortasunei jarraiki, ikuste-poluzioa arautzen da eta hirigintza-plangintzaren irudien laguntzaz defentsa-mekanismoak zehazten dira.

VIII. Titulua berariaz arkeologi eta paleontologi ondareaz arduratzen da bereziki eta arkeologi nahiz paleontologi jardueren baimen-sistemari buruzko oinarrizko elementuak mantentzen ditu eta horien artean altxaeren analisi estratigrafikoa eransten da. Beste berrikuntza batzuen artean, baimendutako jardueren zuzendaritza presentzialaren eginkizuna nabarmen daiteke. Horrez gain, arkeologi jardueren txostenak egiteko gutxieneko edukiak sartu dira. Ustezko Arkeologia Zonetan kautelazko irudia berariaz definitzen da ere bai.

IX. Tituluak sustapen-neurriak jasotzen ditu. Ondasun babestuak babestearen eta horiei balioa ematearen betebeharra errazago betetzeko, Euskadiko Kultur Ondarearen Legea laguntza ekonomikoak eta zerga-pizgarriak arautu behar direlakoan dago. Ildo horri eutsiz, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Euskadiko kultur ondarea kontserbatu eta horri balioa ematera gutxienez herri lanetan inbertitutakoaren ehuneko bata bideratu beharko dute. Era berean, kultur ondasun babestuak kontserbatu eta horiei balioa emateko ekarpenak egin ondoren, zerga-kengarriaren neurriak arautu behar direla aurrez ikusten du. Halaber, Euskadiko kultur ondarearen ondasunekin ordainean ematea onartzen du.

Azkenik, X. Titulua administrazioaren arau-hausteetarako eta beren zigorretarako da. Lehenik eta behin, arau-hauste arinen, larrien eta oso larrien sorta zehazten da eta, ondoren, zigorrei dagokienez, ahal den guztietan kalte-galerak konpontzearen eskakizuna nabarmentzen da. Gizarte-sentsibilizazioaren ahaleginak osa daitezen zigorrekiko disuasioa sendotzeko oinarrizko neurria da.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Guk aztertzeko gure aurrean “Euskadiko Kultur Ondarearen Legeari buruzko Aurreproiektua” jarri da. Egun indarrean dagoen araua (7/90 Legea) eguneratuz, kultur ondarearen kudeaketa integrala bermatzea du xede. Hala, identifikatu, dokumentatu, ikertu, kontserbatu eta babestu nahi da eta transmititu, sustatu eta balioa ematearen konpromisoak bere bihurtu nahi ditu. Hori guztia ondarearen babes- eta sustapen-eredu eraginkorragoa erabiliz egin nahi da eta oraingo belaunaldiei nahiz etorkizunekoei transmititzea nahiz gozatzea bermatuko zaie. Gainera, liburutegien, agiritegien eta museoen sistemarekin zerikusia duen gure lege-araubidean gertatutako aldaketei egokituko zaie, beren lege-erregulazioa izan baitute.

Aldez aurretik aipatu behar dugu 2012. urtean Batzorde honek legearen aurreproiektuari buruzko irizpena egin zuela. Orduan, Gobernuak aurkeztu zuen arlo bera arautzeko eta abiapuntutzat premisa berdinak hartu ziren: kultur ondarea gehiago ezagutu eta kudeaketa propioa izatea. Arloari dagokionez, nazioarteko erreferentziatan eta araudian aldaketek moldapen garrantzitsuak ekarri dituzte eta Euskadiko Kultur Ondareari buruzko Legea (7/1990 Legea) ezinbestez aldatu behar da. Horregatik, harrigarria da aurreproiektu berriaren “justifikazio-txostenean” 2012. urtean izapidetutako dokumentuari aipamenik ez egitea.

Artikuluak (88 artikulu, orduko 72 artikuluren aldean) kontuan hartuta, orain irizpena egiten ari garen testua zabala izateaz gain, aurrekoa baino hobe egituratuta dago: aurrekoaren bost kapituluen aldean, orain hamar titulu daude eta horietako lau (III, VI, VII eta X) kapituluetan banatzen dira. Are gehiago, batzuek atalak dituzte.

Gainera, 2012ko Irizpenean egin ziren oharren artean, batzuek kultur ondarearen ondasunak kategoriatan sartzearekin zerikusia zuten. Aurrekoaren harira, hain zuzen ere, orain irizpena egiten ari dugun testu berrian hobekuntza antzematen da: 9., 10. eta 11. artikuluek kategoria horiek zehazten dituzte eta 11.ak, espresuki, kultur ondare ez-materialari buruz egiten du. Bereziki garrantzitsua da, zioen azalpenean dioen bezala “kultur ondare ez-materiala –belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa eta ingurunearekin eta historiarekin elkarrekintzan erkidegoek etengabe birsortua- horiei nortasunaren eta jarraipenaren sentimendua eskaintzen baitie eta kultur aniztasunarengatik eta giza sormenarengatik errespetua sustatzen laguntzen baitu”.

Kultur ondarea erkidegoaren iraganaren berezko kultur jaraunspena da eta gaur egun oraindik horrekin bizi da eta oraingo nahiz etorkizuneko belaunaldiei transmititzen zaie eta kide bezala, UNESCOk 2003ko urriaren 17an Kultur Ondare Ez-materiala Babesteko Konbentzioa onartu zuen eta proposatutako testuak eransten du eta, beraz, oso hobekuntza garrantzitsua da. Horregatik guztiarengatik, legearen aurreproiektu hau positiboki balioztatzen dugu.

Kultur ondarea sustatzeko neurriei dagokienez, aurreproiektuak, aldaketa txikiren batekin, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei behartzen die gutxienez herri lanak finantzatzeko aurrekontu partiden %1 kultur ondarea osatzen duten ondasunak kontserba, babes, balio eman eta hedatzera bidera dezaten

Gure iritziz eskea behar bezala balioztatzeko, interesgarria litzateke txosten ekonomikoak funtsen bolumenaren eboluzioari eta xede horretara bideratutako inbertsio publikoaren egiazko ehunekoari buruzko informazioa jasotzea. Era berean, azkeneko 10 urteetan finantzatutako proiektuen modalitate desberdinek agertu beharko lukete.

Era berean, Euskadiko Kultur Ondarearen finantzazioari buruzko zeharkako koefizientea aplikatzeak zentzurik ba al duen galdetu beharko litzateke, herri lanen inbertsioaren eboluzioaren joan-etorrien araberakoa baita. Ez al litzateke egokiagoa urtero aurrekontu berezia zehaztea, bitartekoak behar dituzten kultur ondareari buruzko proiektuen arabera?

IV.- GOGOETA BEREZIAK

Zioen azalpena

  • Lehenik eta behin, zioen azalpenaren bigarren paragrafoan adierazitakoarekin bat, “kultur ondarearen kontzeptu berria” sortuz joan da “eta ez da bakarrik forma ukigaien (hala nola objektuak, eraikuntzak edo paisaiak) bitartez adierazten, giza sormeneko azalpen ukiezinei ere erreparatzen die”.
    Horri dagokionez, paisaia natur eta kultur osagaiek, materialek eta ez-materialek, ukigaiek eta ukiezinek osatzen dute, beraz, ez da esklusiboki forma ukigaien bitartez adierazten, aztertutako testua irakurtzetik ondoriozta daitekeen bezalaPaisaiari buruzko Hitzarmen Europarrak, Europako Kontseiluak 2000. urtean onartutakoak, 1. artikuluan paisaia hurrengo moduan definitzen du: “Lurraldearen edozein zati, biztanleek ikusten duten bezala, izaera natur edota giza faktoreen ekintza eta elkarrekintzen emaitza izanik”.  . Ildo horri jarraiki, “paisaiaren” ordez “paisaiaren zenbait azalpen” erabiltzea proposatzen da.
  • Bigarrenez, IX. Tituluak sustapen-neurriak jasotzen dituela adierazten da eta, besteak beste, kultur ondare babestuak kontserbatu eta horiei balioa emateko ekarpenen ondorioz, zerga-kengarrien neurriak arautu behar direla aurrez ikusten da. Ondoren aipatuko den bezala, Erkidegoko legegileak foru-erakundeen zerga-araubidea arautzeko aginpiderik ez du.
  • Hirugarrenez, arau-hauste administratiboen eta zigorren erregulazioari buruzko X. Titulua aipatzean, zioen azalpenak, zigorrei dagokienez, ahal den neurrian kalte-galerak konpontzearen eskakizuna azpimarratzen du.  Zehaztapen hori ez dator inolaz ere 86. artikuluan (kalte-galerak konpontzeko eskakizuna) xedatutakoarekin bat. Azkenekoak lehenengo atalean xedatutakoaren arabera, “legez dagozkion isun-zigorrak ezartzea baztertuta, arau-hausteek Euskadiko Kultur Ondareari kalteak eragin badizkiote, ahal denean, gauzak konpondu eta jatorrizko egoerara lehengoratuko beharko dira eta, nolanahi ere, sortutako kalte-galerengatik kalte-ordaina ordaindu beharko da”.

Ondorioz, ahal denean, konpondu eta lehengoratzera behartuko zaio; baina, edozelan ere, kalte-galerengatik kalte-ordaina bidezkoa izango da. Zioen azalpeneko testuak kalte-galerak konpontzearen eta kalte-ordainaren kontzeptuak nahasten ditu eta, beraz, berraztertu beharko litzateke.

1. artikulua. Xedea

Gure ustez kultur ondarea ikertu behar da, hobe ezagutu ahal izateko. Horregatik, 1. artikuluan hurrengoa eranstean gomendatzen da:

“Lege honek Euskadiko kultur ondarearen lege-araubidea zehaztea du helburu, batetik, babestu nahiz kontserbatzen dela eta balioa ematen zaiola bermatzeko eta, bestetik, ezagutu, ikertu, hedatu eta gozatzeko, bai egungo belaunaldiak, bai etorkizuneko belaunaldiek ere”.

2. artikulua. Aplikazio-eremua

Euskadiko kultur ondare bezala liburuak ez direla aurrez ikusten antzeman dugu. Urritasun nabarmena da eta konpondu beharra dago. Horregatik, artikuluaren 1. atalean honakoa eranstea gomendatzen dugu:

“1. Euskadiko Kultur Ondarearen barruan daude Euskal Herriko kultur ondasun higiezinak, higigarriak, ez-materialak, hurrengo balioren bat badute: artistikoa, historikoa, arkeologikoa, paleontologikoa, etnologikoa, linguistikoa, bibliografikoa, zientifikoa, industriala, paisajistikoa edo beste kultur izaera bat. Era berean, Euskadiko Kultur Ondarearen barruan sartzen dira, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egonda, Erkidegotik datozela dokumenta daitezkeen horiek edo ezagutu, hedatu eta gozatzeko, nabarmenak direnak eta horrekin lotura dutenak”.

8. artikulua. Babes-mailak

Lehenengo atalean artikulu honek ondorengoak bereizten ditu:

“a) Babes Bereziko Kultur Ondareak: Babes Bereziko Kultur Ondaretzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan higiezin, higigarri eta ondasun ez-material bikainenak, Lege honek 2.1. artikuluan xedatutako kultur balioren bat badute.

b) Babes Ertaineko Kultur Ondasunak: Babes Ertaineko Kultur Ondaretzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan higiezin, higigarri eta ondasun ez-material nabarmenak, Lege honek 2.1. artikuluan xedatutako kultur balioren bat badute”.

Gure iritziz legegileak oinarrizko irizpideak zehaztu beharko lituzke lege operadoreek zer ondasun diren bikainenak edo nabarmenenak ezagutu ahal izateko. Egungo idazkerak lege-segurtasun gabezia handia sortzen du; ondasuna kultural bezala aitortzeko prozedura zehaztuta dago, baina ez da irizpide materialik ezartzen aipagarritasuna zehazteko.

9. artikulua. Kultur ondare higiezinaren babes-kategoriak

Kultur ondare higiezinaren babes-kategorien artean lorategi historikoa sartzea gomendatzen da eta, beraz, artikulu honen 1. eta 2. atalak hurrengo moduan aldatu beharko lirateke

“1.- Euskal Autonomia Erkidegorako duten interesarengatik Babes Bereziko edo Ertaineko kultur ondasun bezala aitortu behar diren ondasun higiezinak honako kategoriaren batean sailkatu beharko dira:

a) Monumentua.b) Monumentu-multzoa.

c) Arkeologi edo paleontologi gunea.

d) Toki historikoa.

e) Kultur paisaia.

f) Kultur ibilbidea.

g) Lorategi historikoa.

2.- Lege honetarako, hurrengoak ulertzen dira:

a) Monumentua: giza jarduerak sortutako eraikuntza edo obra materiala, unitate berezia osatzen duena.

g) Lorategi historikoa:gizakiak esku hartu ondoren, natur elementuen antolamenduaren ondorioz sortutako espazioa, arkitekturaren edo ingeniaritzaren eraikin edo egiturekin osa daitekeena.

Lorategi historikoa eta toki historikoa bereiztea garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskadik, itxuraz, ez du lorategi historiko asko, baina existitzen dira eta oso garrantzitsuak dira, hala nola “La Florida parkea” (1820) Gasteizen,“Cristina Enea parkea” Donostian, Pierre Duccasek diseinatutakoa, edo “Doña Casildako parkea” Bilbon, Ricardo Bastidak XX. mendearen hasieran diseinatua. Horiei Barakaldon “Munoa finka” gehi dakioke. Eta, askotan, lorategi historikoek gehieneko babesa dute, hain zuzen ere, Kultur Intereseko Ondasuna (KIO). Horregatik, lege honen irudia kontuan hartu eta arautu behar du.

11. artikulua. Kultur ondare ez-materialaren babes-kategoriak

Artikulu honetako c) atala adierazten den moduan osatzea gomendatzen da:

“Euskadiko Kultur Ondarea osatzen duten ondasun ez-materialek gutxienez ondorengo kategoriak izango dituzte eta, nolanahi ere, elkarren artean iragazkorrak izango dira:

a) Kulturaren ahozko adierazpen eta tradizioak, hizkuntza barne, kultur ondare ez-materialaren bitarteko bezala.

b) Ikuskizunaren arteak.

c) Gizarte-erabilerak, erritualak, jaialdiak eta kirol-ekitaldi tradizionalak.

d) Artisautzaren ezagutzak eta teknikak.

e) Elikadura-moduak eta sukaldaritzako sistemak”.

Euskadik kirol-usadio tradizional zabala du, besteak beste, idi-probak, aizkolariak, segalariak, etab. eta euskal landa-munduari oso errotuak daude. Gure iritziz berariaz jaso behar dira adierazitako azalpenaren bidez: “kirol tradizionalak”.

12. artikulua. Aitorpenaren espedienteak hastea

Lehenengo atalean artikulu honek hala dio: “prozedurari betiere arloan Sailburuordetza aginpidedunak ofizioz hasiera emango dio, bai bere ekimenez, bai beste organo eta administrazio batzuek ala edozein pertsona fisiko edo juridikok eskatuta”.

2. atalak erantsitakoarekin bat, “prozedura hastea interesdunak sustatzen badu, hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da hastea bidezkoa al den. Epe hau igarota alde eskatzaileei erantzun ez bazaie, administrazioaren isiltasunagatik eskaera gaitzetsiko da”.

Arloan partikularren protagonismoa eta inplikazioa bultzatzeko, artikulu honetan aipatzen den prozedura, Administrazioak ofizioz izapidetzeaz gain, partikular interesdunek zuzenean eskatzeko aukera izan behar dutelakoan gaude. Kasu honetan, prozedura horietarako 30/92 Legeak aurrez ikusitakoarekin bat, isiltasunaren ondorioz kontuan hartu beharko litzateke (prozedura hasteari dagokionez).

13. artikulua. Aitorpenaren espedientean entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidea

a) atalak hala dio: “kultur ondasun higiezinen kasuan, Lurralde Historikoko Foru Aldundiari, ondasuna kokatzen den udalerriko udalari eta nahasitako jabeei entzungo zaie eta, aldi berean, jendaurrean jarriko da. Monumentu-multzoak eta gainerako tipologia kolektiboak direnean, hasieraren jakinarazpena partikularrei egin ordez, dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratuko da”.

Nahiz eta monumentu-multzoak izan, interesdunak identifika daitezke, beraz, legegileak jakinarazpen pertsonalizatua bermatu beharko lieke jakinarazpena jaso behar duten guztiei.  Ildo horri jarraiki, 30/92 Legeak (APEL) 59. artikuluko 6. paragrafoan argitalpenak jakinarazpena ordezkatzen duela xedatzen du eta ondorio berdinak izango ditu “egintzaren hartzailea pertsonen pluraltasun zehaztugabea denean edo administrazioaren ustez interesdun bakarrari egindako jakinarazpena guztiori jakinarazpena bermatzeko nahikoa ez denean. Azkeneko kasuan, egindako jakinarazpenarekiko osagarria izango da”.

Kasu honetan, ez gaude pertsonen pluraltasun zehaztugabearen aurrean, beraz, interesdunen ikuspegitik gehiago bermatuko lukeen aukera litzateke argitalpena jakinarazpenaren osagarria izatea.

Eta artikulu bereko c) atalari dagokionez ohar berdina egitea bidezkoa da. Honakoa xedatzen du: “kultur ondasun ez-materialen kasuan, Lurralde Historikoko Foru Aldundiari eta dagozkien udalei entzungo zaie eta, aldi berean, jendaurrean jarriko da. Nahasiak egon daitezkeen partikularrei jakinarazpena dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratuz gauzatuko da”.

Laburbilduz, nahasitako partikularrak behar bezala informatuak izateari begira, berme handiagoak eskaintzen dituen prozedura xedatzeko, atal horietan hurrengoak eranstea gomendatzen dugu:

“Kultur ondasun higiezinak, higigarriak eta ez-materialak babesteko espedientea jendaurrean jarriko da eta interesdunen entzunaldiaren izapidea bete ere bai, ondoren xedatzen diren irizpideei jarraiki:

a) Kultur ondasun higiezinen kasuan, Lurralde Historikoko Foru Aldundiari, ondasuna kokatzen den udalerriko udalari eta nahasitako jabeei entzungo zaie eta, aldi berean, jendaurrean jarriko da. Monumentu-multzoak eta gainerako tipologia kolektiboak direnean, hasieraren jakinarazpena partikularrei modu pertsonalizatuan egingo zaie eta partikularrekin harremanetan jartzea ezinezkoa denean, horren ordez dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratuko da”.

b) Kultur ondasun higigarrien kasuan, Lurralde Historikoko Foru Aldundiari, ondasuna kokatzen den udalerriko udalari eta nahasitako jabeei entzungo zaie.

c) Kultur ondasun ez-materialen kasuan, Lurralde Historikoko Foru Aldundiari eta dagozkien udalei entzungo zaie eta, aldi berean, jendaurrean jarriko da. Nahasiak egon daitezkeen partikularrei jakinarazpena modu pertsonalizatuan egingo zaie eta partikularrekin harremanetan jartzea ezinezkoa denean, dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratuz”.

16. artikulua. Aitorpenaren edukia

Artikulu honetako egungo 1.b) atalaren ordez ondoren adierazitakoa idaztea gomendatzen da, proposatutako idazkerak ondasunaren deskribapen osoa ahalbidetzen duelakoan, aurrekoan argi gelditzen ez baita:

“b) Zehatz-mehatz identifikatzeko ondasunaren eta bere kultur balioen deskribapen argi eta zehatza, osatzen duten elementuekin eta, bidezkoa bada, horri lotutako ondasunak ere deskribatuko dira, babestu beharrekoak baitira ere bai”.

20 bis artikulu berria eranstea. Aitorpena argitaratzea

I. Kapituluaren (babes bereziko eta ertaineko kultur ondasunei buruzkoa) amaieran, III. Tituluaren (aitorpenaren prozedura) barruan 20 bis izeneko artikulu bat eranstea gomendatzen da, “aitorpenaren argitalpena” izenburupean, honako edukiarekin:

“20. Bis. Aitorpena argitaratzea

Kultur Intereseko Ondasun bezala edozein izaeratako ondasunari dagokion aitorpena Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian eta dagokion Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da“.

Azpimarragarria da Kultur Intereseko Ondasun bezala ondasunaren aitorpena iragartzeko orduan EHAAn argitaratu beharrezkoa aurrez ez ikustea, aitorpenaren espedientea hastean interesdunei entzuteko izapidean aurrez ikusten denean. Iragarpen materialerako, aitorpena dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratu beharko litzateke, are gehiago, Sailaren dekretuz edo aginduz onartzen denean.

31. artikulua. Kultur ondareak desjabetzea

Lege-aurreproiektuaren 29. artikuluak (kontserbatzearen betebeharra), kontserbatzearen eta zaintzearen betebeharrarekin batera, Euskadiko kultur ondareak behar bezala erabili behar direla aipatzen du. Baina, aldiz, behar bezalako erabileraren inguruan 31. artikulu honetan ez da jasotzen erabilera desegokiarengatik desjabetzearen aukera.

Bermeak zehaztu eta erabilera desegokien aurrean arbitrariotasunak saihesteko eta, ondorioz, kultur ondasunaren balioak ez gutxiesteko, 1 b) atala hurrengo moduan aldatzea gomendatzen da:

“1.- Kultur ondasun babestuak desjabetzeko orduan erabilgarritasun publikorako edo gizarte-intereseko erabilgarritasunerako arrazoitzat joko dira:

a) Kultur ondasunak defendatu eta babestea.

b) Ondasun babestuaren pertsona jabeek, edukitzaileek ala eskubideen titularrek kontserbazioaren eta zaintzaren betebeharrak ez betetzea edo erabilera desegokia ematea, legeak xedatzen dituen balioak gutxiesten direnean. Administrazioari ondasun babestua oso-osorik edo zati batean desjabetzeko ahalmena emango dio.

c) Aurri-egoeran aitortzea…”

33. artikulua. Esku-hartzeak baimentzea

2. atalak hurrengoa xedatzen du: “artikulu honetan aipatzen diren esku-hartzeak baimentzen dituzten ebazpenak erabaki eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskaera jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenik jakinarazi gabe epe hori amaitzen denean, eskatu duen interesdunak gaitzetsitzat jo dezake administrazioaren isiltasunarengatik”.

Aurreikuspen hau 30/1992 Legeak 43. artikuluko 1. atalean xedatutakoaren kontrakoa izan daiteke. Aipatu artikuluak interesdunak eskatu ostean hasten diren prozeduretan administrazioaren isiltasuna arautzen du eta hala dio “interesdunak eskatu ondoren hasten diren prozeduretan, artikulu honen 3. atalean aurrez ikusitako moduan administrazioak egin behar duen ebazpena alde batera utzi gabe, berariazko ebazpenik gauzatu barik gehieneko epea amaitutakoan, eskaera egin duten interesdunak legeztatzen ditu administrazioaren isiltasunarengatik kontuan hartutzat jotzeko, interes orokorraren premiazko arrazoiak direla-eta legearen maila duen arauak edo erkidegoko zuzenbidearen arauak kontrakoa xedatzen duenean izan ezik”.

Lege-aurreproiektuak isiltasun negatiboa estaltzen duten interes orokorreko premiazko arrazoiak ez ditu aipatzen. Beraz, artikulu hau berraztertu beharko litzateke edo berariaz aipatu beharko litzateke babestu nahi izatearen interes orokorra.

40. artikulua. Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea

Lehenik eta behin, 3 d.4) atalak xedatutakoari jarraiki, “atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izango da aldez aurretik aipatutako baldintzetan. Atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzeko epea edozein bitarteko erabiliz transmisioa egin dela jakinarazten den unetik hasiko da zenbatzen”.

Atzera eskuratzeko eskubiderako eperik ez da ezagutzen. Bakarrik lehentasunez erosteko eskubidearena xedatzen da (40.2. artikulua), beraz, xedapen horien idazkera berraztertu beharko litzateke.

Bigarrenez, 3 d.5) atalean antzeman dugun akatsa azpimarratu nahi dugu. Ondorengo moduan konpondu behar da:

“d.5.- Garaiz eta modu egokian transmisioaren jakinarazpen frogagarria jaso ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lehentasunez erosteko atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzeari uko egiten diola jakinaraz dezake eta transmisioa egiten duen pertsonari gauzatu beharko dio”.

52. artikulua. Jakinaraztearen betebeharra

1. atalak hurrengoa xedatzen du: “ondasun higigarrien jabeek eta edukitzaileek Euskadiko Kultur Ondarearen Erregistroan integratzeko araubidezko ezaugarriak betetzen badituzte, existentzia kultur ondarearen arloan Eusko Jaurlaritzako sail aginpidedunari jakinarazi beharko diote”.

Artikulu honetan xedatutako betebeharrak zigorren araubidean ez du islarik, beraz, aurreikuspena deuseztatu behar da edo betetzen ez bada, zigorra jarri beharko zaio.

53. artikulua. Gordailua eta zaintza

2. atalean ondokoa eranstea iradoki da:

“2. Euskadiko Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatutako ondasun higigarrien pertsona titularrek herri-administrazioekin horiek gordailuan lagatzea erabaki dezakete. Nolanahi ere, gordailuan laga behar bada, administrazio gordailuzainak gordetako ondasunak jendaurrean jartzeko eskubidea izango du, pertsonen legezko interesak kaltetzen direnean eta behar bezala justifikatzen denean izan ezik. Herri-administrazioek gordailuengatik ordainak ezar ditzakete”.

Modu horretan, Administrazioari ahalmena ematen zaio, ausaz, gordailuarengatik ordainen bat (ekonomikoa edo ez) zehazteko. Horrekin obrak erakustea saritzen da, bestela, herritarrentzat orokorrean ez lirateke irisgarriak izango. Aukera honek 72. artikuluan (sustatzeko neurri ekonomikoak) aurrez ikusitako sustapen-neurriekin zerikusia du.

71. artikulua. Arkeologi eta paleontologi interesa duten ondasunen aurkikuntzak

Artikulu honetako 5. atalak ondorengoa xedatzen du: “aurkikuntza lurrak mugitu ala edozein motatako obrak egin ondoren gertatu bada, dagokion Foru Aldundiak edo, premiazkoa izanez gero, udaletako alkateek, berrogeita zortzi orduko epean Aldundiari jakinaraziz, gehienez hamabost egunez lanak berehala etetea agin dezakete. Etenaldiak kalte-ordainerako eskubiderik ez du emango. Beharrezkoa izanez gero, Foru Aldundiak dagokion arkeologi jarduera egiteko etenaldia mantendu ahal izango du. Halakoetan, herri-administrazioen erantzukizunari buruzko legeria orokorrak xedatutakoari erreparatuko zaio”.

“Herri-administrazioen erantzukizunari buruzko legeria orokorrak”, hain zuzen ere, artikuluak aipatzen duenak, (zehazki, 30/92 Legearen 141.1. artikuluaBakarrik kalte-ordaina jaso ahal izango dute partikularrari sortutako lesioek, horrek legearekin bat legearen ikuspegitik jasan behar ez dituen kalteetatik badatoz. Ez da kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango kalteak sortu diren unean zientzia-ezagutzen eta teknikaren egoeraren arabera aurrez ikusi edo saihets ezin daitezkeen gertaera edo gorabeheren ondorioz sortzen badira; hori guztia, kasu horietarako legeek zehatz ditzaketen laguntza- edo ekonomia-prestazioak baztertu gabe”.) etenaldi luzeen aurrean izan daitezkeen prestazioak zehazteko araudi berezira bidaltzen duenez, kalte ekonomikoak sor ditzaketen etenaldi luzeetarako lege honek zuzenean eta esplizituki aurreikuspen hori jaso behar duela uste dugu. Bestela, arauetara bidaltze bikoitzak edozein kalte-ordainaren nahi bideraezin bihur dezake.

74. artikulua. Euskadiko Kultur Ondarea kontserbatu eta horri balioa emateko zerga-pizgarriak

1. atalak xedatutakoaren arabera, “Foru Aldundiek, beren aginpideen esparruan, titularrek Euskadiko Kultur Ondarea kontserbatu eta horri balioa emateko zerga-pizgarriak arau ditzakete hurrengo foru-arauen bitartez: pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen zerga, ondarearen zerga, ondasun higiezinen gaineko zerga, hiri-izaerako lursailen balioa gehitzearen gaineko zerga eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga”.

Positiboki balioztatzen dugu lege honek Foru Aldundiei gonbita luzatzea, beren aginpideen esparruan, Euskadiko Kultur Ondarea kontserbatu eta horri balioa emateko zerga-pizgarriak arau ditzaten, zerga-pizgarriak ezartzearen ahalmena foru-erakundeen eskumenekoa baita.

“Euskadiko Kultur Ondarearen ondasunak ordainean emateari” buruzko 75. artikuluan xedatutakoaren inguruan berdina esan daiteke Lurralde Historikoetako Foru Ogasunei dagokienez.

81. artikulua. Arau-hauste oso larriak

Arau-hauste oso larrien artean ondorengoa eranstea gomendatzen da:

“e) Baimendu gabeko arkeologi jarduerak egitea ustez arkeologi aztarnak dauden guneetan”.

Delitua izateaz gain (zigor penalarekin), justifikazioa administrazioaren arau-haustea sartzean oinarritzen da. Pentsa dezagun, adibidez, metalen detektagailuek eragiten dituzten kalteak eta, ondorioz, aztarnategia suntsituko litzateke.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren ustez, “Euskadiko Kultur Ondarearen Lege Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

Bilbon, 2015eko azaroaren 26an

 

 

O.E. Batzordeburua Idazkari nagusia
Francisco José Huidobro Burgos  Emilia Málaga Pérez