Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 15/15

Irizpena 15/15

15/15 Irizpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektuaren gainekoa.

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- AURREKARIAK                 

2015eko abuztuaren 3an sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Salaren idazkia, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektuaren gaineko txostena eskatuz, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legeko 3.1.a) artikuluan xedatutakoari jarraiki.

“Arauaren helburua lanbide heziketako euskal sistema antolatu eta arautzea da, era egokian erantzun diezaien euskal ekonomiaren eta gizartearen beharrizanei eta gizarte horretan ezagutzan oinarritutako ekonomia garatzeko orduan sortzen diren eraldaketei, hazkunde inteligentea, iraunkorra eta integratzailea lortu ahal izateko.”

Idazkia jaso eta berehala bidali zitzaien haren kopia bat Batzordeko osoko bilkurako kide guztiei, beren proposamenak eta iritziak bildu eta Lan Batzorde egokiari igortzeko, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Funtzionamendu Araudian ezarritakoaren arabera.

Gizarte Garapeneko Batzordea 2015eko irailaren 21ean eta 22an bildu zen, irizpenaren aurreproiektuaren proposamena eztabaidatzeko. Hilaren 22an irizpenaren proiektu hau onartu zen, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen 2015eko irailaren 25eko osoko bilkurara igorri zen, eta, bertan, aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

Dekretuaren proiektuan arrazoien azalpena, 10 kapitulutan banatutako 33 artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, bi xedapen indargabetzaile eta sei azken xedapen daude.

Arrazoien azalpena

 Europak, eta, beraz, Euskadik gainditu behar duen erronkarik handiena hazkunde inteligente, iraunkor eta integratzailerako eredu ekonomiko berri baten eraikuntza dela adierazi da. Hala ere, hainbat elementuk helburu hori zailtzen dute eta beharrezkoa da paradigma aldaketa bat bultzatzea, pertsona erdigunean jarri eta beharrezko funtzionaltasuna eta balio-aniztasuna bermatuko dituzten gaitasun teknikoak, pertsonalak eta sozialak eskuratu eta finkatzen direla sustatzeko.

Erronka handia da enpresen lehiakortasunerako eta pertsonen enplegugarritasunerako, baina are garrantzitsuagoa da egungoa bezalako egoera batean, langabezia tasak oso altuak diren honetan. Hori dela eta, lanbide heziketa eta hezkuntza politiken eta enplegu politiken nahiz ekonomiaren garapeneko politiken arteko lotura geroz eta garrantzitsuagoa da.

EAEk, bere eskumenak betez, jarduera esanguratsu bat hedatu du lanbide heziketaren eremuan, eta, horretarako, lanbideen trebakuntzara orientatutako sistema garrantzitsu bat garatu du, bi alderditan (hasierako lanbide heziketa eta enplegurako lanbide heziketa). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ahalegin berezia egin du lanbide heziketako sistema gara dadin. Hurrengo Lanbide Heziketako Planak onartu eta martxan jartzea elementu nabarmena izan da eremu horretan egindako ahaleginen artean.

Lege honekin, izan ere, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legea osatu nahi da, berau lanbide heziketaren eremu berrietan garatuz. Euskadiko lanbide heziketako sistemak era egokian erantzun behar die egungo erronkei eta sortuko diren etorkizuneko erronka berriei, pertsonen enplegugarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetuko dituen eredu bat gauzatu dadin konplexutasun altuko testuinguruetan. Lege horrek Euskadiri tresna egokiak eman behar dizkio, gure ekoizpen sareak planteatutako erronkei kaudimenez aurre egiteko eta gizartean enplegu eredu berrietarantz doazen joerei, hots, prestakuntza eta espezializazio handiagoa eskatzen duten joerei aurre egiteko. Horretarako, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoak lanbide heziketako sistema malgua behar du, egokitzeko gai dena eta bere helburuak etengabe eraldatzen den ekonomia eta gizartean beteko dituena.

Testuinguru horretan, bada, erakundeen arteko lankidetza eta eremu publiko eta pribatuaren arteko elkarlana indartu beharreko bideak dira. Horrenbestez, lankidetza formula tradizional batzuk berreskuratu eta egokitu behar dira, hala hobetu lerrokatuko baitira helburuak eta baliabideen erabilera eraginkorragoa.

Hau da, edukiari erreparatuz gero, lege esparru bat da, eta, ondorioz, lanbide heziketaren eremuan gida izan behar duten helburu eta xedeak eta kudeaketan erabili behar diren tresnak argi eta garbi zehaztu ondoren, Eusko Jaurlaritzak aukera izan behar du unean-unean bidezkotzat jotzen dituen neurriak ezartzeko, malgutasunez, Legean ezarritako esparruaren barruan.

Xedapenen corpusa

Xedapen orokorrek legearen helburua eta definizioak ezartzen dituzte, lanbide heziketa osatzen duten eremuak zehazteko, ondore horietarako. Jarraian adieraziko dira lanbide heziketaren helburuak, erakunde europarrek ezarritako xedeak lortze aldera.

Lehenengo kapituluak lanbide heziketaren eredu konbinatua sartzen du, bertan daudelarik ez soilik Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2003 Legean definitutako lanbide heziketa integratuaren eremua, baizik eta, baita, berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza aktiboko ikaskuntzak ere. Ekonomiaren eremuan, eta, bereziki, ekoizpenaren eremuan lanbide heziketaren ondorioak kualitatiboki eraldatu behar dituzten bi eremu dira, eta, beraz, helburua pertsona aktiboak prestatzea izango da, lanbideen inguruko berrikuntza eta sektore ekonomikoko ekimena eta ekintzaile espiritua beren gaitasunen, eta, batez ere, lanbide helburuen parte izan daitezen.

Bigarren kapituluan Eredu Konbinatuan Espezializatutako Lanbide Heziketako Ikastetxeen Euskal Sarea arautzen da. Ikastetxe integratuen (hots, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Lege Organikoan aipatzen diren prestakuntza jarduera guztiak esklusiboki eskaintzen dituzten horien) eta lanbide heziketako ikaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeen (beste hezkuntza eskaintza batzuk egin arren) arteko bereizketa gainditu nahi da.

Hirugarren kapituluan ikas-ekinezko erregimenean prestakuntza duala nola eman garatzen da eta horixe da, hain zuzen ere, lanbide heziketaren eredua sustatzeko funtsezko helburu estrategikoa. Lege honek ikas-ekinezko erregimeneko lanbide heziketa dualaren sistema sendo eta zabal bat garatzeko eta ezartzeko elementuak ezarri nahi ditu, hasierako lanbide heziketa eta enplegurako lanbide heziketa barne hartuta. Halaber, ekoizpen sareak –orokorrean- eta lehentasunezko ezagutza sektoreek –zehazki- eskatutako beharrezko espezializazioak ere garatu nahi ditu.

Lanbide heziketan hezkuntza eta lanaren arloko banaketa tradizionala gainditu behar da, lanbide heziketako sistema koherentea eratu behar baita, helburu komunak lortzeko orduan eragina izango duena. Hori dela eta, laugarren kapituluan lanbide heziketako koordinazio, planifikazio, zuzendaritza, kudeaketa eta aholkularitza organoak arautzen dira.

Sail arteko organo bat (Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena) sortzen da, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren eta enplegurako heziketaren gaineko eskumenak koordinatzen direla bermatzeko. Organo horretan parte hartuko dute, hain zuzen ere, gaiaren gaineko eskumenak dituzten sail desberdinek.

Era berean, eta lanbide heziketa eraldatzeko bertan parte hartzen duten agenteen lankidetza esparru berri bat behar denez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua organismo berri bat bihurtu behar da, lanbide heziketa osatzen duten politika desberdinen gaineko beharrezko akordioak eztabaidatu, adostu eta bilatzeko.

Bosgarren kapituluan Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Euskal Esparrua arautu da, lanbide heziketako sistema orokorraren bidez gure lan merkatuari erantzuteko asmoz. Bertan sartzen dira, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide heziketako espezializazioko programen berezko ziurtagiriak eta egiaztagiriak. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legeak dagoeneko ezartzen du ikaskuntza jarduerak bide desberdinen bidez egiaztatzeko sistema. Lege horretan, araudi hori osatu nahi da, bereziki sustatu nahi den jarduera bati azpimarratuta: lanbide arloko espezializazio programei buruz ari gara. Indarreko araudi esparruan balioa izango duten eta aitorpena eta ziurtagiria behar dituzten jarduerak dira.

Seigarren kapituluak lanbide heziketako euskal sistemaren nazioartekotzea du hizpide. Nazioartekotze prozesu hori esku hartzeko hiru mota bereizitan oinarritzen da. Alde batetik, ikasleak eta irakasleak trukatzeko programak dauda, bi norabideetan: irakasleen eta ikasleen partaidetza beste herrialde batzuetako ikastetxeetan eta beste herrialde batzuetako pertsonen harrera Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan. Bigarrenik, beste herrialde batzuetako lanbide heziketako euskal sistemako prestakuntza jardueren eskaintzak garrantzia berezia dauka atzerrian lantokiak dituzten euskal enpresen kasuan. Eta, hirugarrenik, beste herrialde batzuetara lanbide heziketako euskal sistemako esperientziak esportatzeko zeregina dago, horretarako lanbide heziketako sistemak diseinatu eta ezarriko direlarik, Euskal Autonomia Erkidegoan dauzkagun ezagutza eta esperientzia aprobetxatuta.

Lanbide heziketako hizkuntza ofizialen eta atzerriko hizkuntzen gaiak erronka bikoitza eragiten du Euskal Autonomia Erkidegoan eta, halaxe jaso du, hain zuzen ere, zazpigarren kapituluak. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen presentzia egokitu behar da lanbide heziketaren sisteman, eta, horretarako, azken urte hauetan azpimarratu diren arazoak zuzendu behar dira. Euskarak lanbide heziketaren sisteman presentzia normalizatua duela bermatu behar da. Hala, hizkuntzaren gaineko xedapen orokorrak aplikatuko dira, lanbide heziketako jarduerak egiten dituzten pertsonek ondo menperatu ditzaten bi hizkuntza ofizialak, batez ere hasierako prestakuntzan, eta hizkuntza ereduak lanbide heziketaren eta enpresa munduaren berezitasun eta eskakizunetara egokitu daitezen. Horren harira, Lege honek euskara eta gaztelaniazko eredu elebiduna ezartzearen alde egiten du.

Bigarrenik, lanbide heziketak atzerriko hezkuntzak lan munduan hedatzeko erronkari egin behar dio aurre. Ildo horretatik, ingelesa ezagutzea, orokorrean, ezinbestekoa da; baina eremu eta kasu jakin batzuetan, beste hizkuntza batzuk ere indartu behar dira, batez ere etengabeko prestakuntzaren eremuan.

Zortzigarren kapituluari jarraiki, berariaz sustatu behar da lanbide heziketaren gaineko ikerketa garatzen dela eta prestakuntza eskaintzen bilakaeran berrikuntza eta hobekuntza prozesuak eta, orokorrean, lanbide heziketako sistema indartzen direla. Bestetik, bederatzigarren kapituluan, Legeak lanbide heziketako sistema aldizka ebaluatzeko betebeharra ezartzen du, lanbide heziketako eredu konbinatua osatzen duten jarduerak eta ikas-ekinezko erregimeneko prestakuntza dualeko programak bereziki azpimarratuta.

Amaitzeko, xedapen gehigarrietan legeak lanbide heziketaren eremuko aholkularitza organismo tekniko batzuk sortu, aldatu edo ezabatzeko aukera aurreikusten du. Halaber, lanpostu horietarako langileak hornitzeko prozedura zehatzak aurreikusten ditu.

Xedapen indargabetzailean beste lege eta arau batzuetako artikuluak indargabetzen dira, Lege honetan aurreikusitakoaren arabera gainditu diren aurreikuspenak dituztelako.

Era berean, eredu konbinatuan espezializatutako lanbide heziketako ikastetxeen sarea osatzen duten ikastetxeentzat irakaskuntzako lanpostuak hornitzeko sistema zehatz baten aukera aurreikusten du legeak.

III.- OHAR NAGUSIAK

Araua osorik aztertu eta baloratzea

Lege esparru honek, Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planean diseinatutako lanbide heziketaren sistema berria era antolatu eta integratuan jasotzen duen arren, lanbide heziketaren eremuan egiten denarekin batera, garapen aukera zabala ematen du aplikatzeko orduan sortzen diren aukerak zehazteko.

Hau da, lege esparru bat da, eta, ondorioz, lanbide heziketaren eremuan gida izan behar duten helburu eta xedeak eta kudeaketan erabili behar diren tresnak argi eta garbi zehaztu ondoren, Eusko Jaurlaritzak aukera izan behar du unean-unean bidezkotzat jotzen dituen neurriak ezartzeko, malgutasunez, Legean ezarritako esparruaren barruan.

Funtsezko helburua lanbide heziketako euskal sistema antolatu eta arautzea da, euskal gizartearen eta ekonomiaren beharrizanei eragin diezaien, ahal den neurrian beharrizan horiei aurrea hartuta.

Berrikuntza nagusia zera da, lanbide heziketaren eredu konbinatua sartzen duela, bertan daudelarik ez soilik Bizialdi Osoko  Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2003 Legean definitutako lanbide heziketa integratuaren eremua (hasierako lanbide heziketa edo enplegurako lanbide heziketa edo hezkuntza sistema), baizik eta, baita, berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza aktiboko ikaskuntzak ere.

Indargune nagusien artean aipatzekoa da lanbide heziketako euskal sistemaren nortasun adierazle nagusiena dena eta izango dena: ekoizpen sistemaren eta hezkuntza eta lanbide sistemaren arteko hurbiltasunaz eta lankidetzaz ari gara.

Egiaztatu dezakegunez, testuan indargune gisa ageri da gizarte agenteek lanbide heziketako euskal sistema garatzeko orduan duten eta izan behar duten zeregina, are gehiago legegintzako esparru berri honetan. Izan ere, lanbide heziketako eredu konbinatu berria arautzean kudeaketa, diseinu eta koordinazio modu berri bat sortuko da, hau da, kudeaketa eredu berri bat.

Horrela, bai arrazoien azalpenean, bai artikuluetan zehar, bereziki azpimarratu da ekoizpen sarearekiko lankidetzaren balioa, lanbide ikastetxeen eta enpresen artean egon beharreko harremanaren garrantzia, eta erakundeen eta eremu publiko eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia, enpresa erakundeek eta gizarte agenteek berebiziko garrantzia baitute.

Ondorioz, lanbide heziketako euskal sistema garatzeko lanbide heziketa legez arautu beharra dago, bai hasierako lanbide sisteman, bai enplegurako lanbide sisteman, eta, horrenbestez, Batzorde honi positiboa eta egokia iruditu zaio ekimen legegile hau martxan jartzea. Gainera, lege egutegia garatzeko orduan lehentasuna izan behar duela uste dugu.

Hala ere, eta goian adierazitakoari kalterik eragin gabe, honako ohar orokor eta zehatz hauek egin ditugu, edukia hobetze aldera.

Araua justifikatzen duten alderdiei buruz

Arrazoien azalpenean hainbat faktore aipatzen dira, lan merkatuan sartzeko edo ez sartzeko orduan eragin zuzena dutenak, besteak beste, kualifikazio falta edo eskola uztea. Halaber, egokia litzateke bai enplegu falta, bai bereziki lehiakorra den testuinguruko enpleguen berezitasunak jasotzea. Azaldu denez, pertsonen enplegugarritasunerako estrategia eta mekanismo berriak garatu behar dira. Horrekin ados gauden arren, gure ustez administrazioaren, langileen eta enpresen artean konpromiso bateratu bat behar da horretarako.

Gai honi buruzko indarreko araudia jasotzen denean, Etengabeko Prestakuntzaren Euskal Akordioa jasotzeko proposatzen dugu, gaur egun indarrean baitago, alderdietako batek ere ez diolako uko egin. Argi dago berau aldatu egiten dela estatuko araudian dauden aldakuntzen ondorioz, baina, edonola ere, ez da inoiz desagertzen eta berau da benetako arauak ezartzen dituena lanbide heziketaren arloan, batez ere Euskadiko okupatuentzat.

Azpimarratzekoa da ikastetxe pribatuek Euskadiko lanbide heziketa garatzeko orduan izan duten papera eta eremu publiko eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia aipatu da, gure ere ados gaudelarik, horixe baita gure nortasun adierazlea, gure erkidegoan lanbide heziketarako sistema garatzeko. Hori dela eta, lankidetza hori sustatzen jarraitu behar da, lanbide heziketako ikastetxeen sistema publiko eta eraginkorra garatzeko, ikastetxe publiko eta pribatuak indartuko direlarik eta bikaintasun mailetara iritsiko direlarik.

Amaitzeko, orokorrean langileak birkolokatzeko etengabeko prestakuntzaren helburua gehiago azpimarratu behar dela uste dugu.

Lanbide heziketa integratuaren gaineko orientazioari buruz

Adieraz den bezala, lanbide heziketa integratuaren eremuan (6. artikulua) sartzen dira lanbide heziketako sistema integratuko lanbide eta ikaskuntza jarduera guztiak, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutakoaren arabera, horren barruan sartuta irakaskuntza ez formalak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren iritziz aitorpena eta egiaztapena merezi dutenak.

Gure ustez, orientazioa funtsezkoa da lanbide heziketara sartzeko orduan, eta, beraz, beharrezkoa iruditzen zaigu Lege testuan epigrafe bat jasotzea, orientazioa hizpide. Bertan, inplikatutako agente desberdinek eremu honetan egin dezaketen lana azpimarratu behar da, gizarte agenteek sistema hedatu eta informazioa emateko orduan duten partaidetza gakoa izanik.

Eredu konbinatuan espezializatutako lanbide heziketako ikastetxeen euskal sareari buruz

11. artikuluak, eredu konbinatuan espezializatutako lanbide heziketako ikastetxeen euskal sareari buruzkoak, Euskadin dauden ikastetxeetan beste tipologia bat gehitzen du. Hala ere, ezin dugu tipologia hori garatzeko aukera baloratu, diseinua zehaztu gabe dagoelako.

14. artikuluko 3 eta 4. puntuetan, ikaskuntzako lanbide jarduera garatzeko programetan, jaurlaritzaren eskutik programa orokorrak, lanbide jarduera bereziak eta bestelako ekimenak ezartzeko aukera dagoela jasotzen da. Edonola ere, ez da horien edukia jaso eta, beraz, ezin ditugu baloratu. Nolanahi ere, jaurlaritzak gizarte agenteen adostasunik gabe ezin duela jardun ulertzen dugu.

Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide heziketa dualari buruz

Guk ere uste dugu ikas-ekinezko erregimeneko lanbide heziketa duala tresna erabilgarria eta eraginkorra dela pertsonak lan ingurura hurbiltzeko orduan eta ikasleen, langileen eta enpresen artean ezagutzak helarazteko orduan. Hala ere, edozein formulak ez du balio.

16.5 artikuluaren arabera, Lanbide eta ikaskuntza jarduerak egiteko programak ezartzea, txandakatzeko araubideko lanbide heziketa dualeko ereduaren arabera… Hori guzia lanaren gaineko araudian ezarritakoari kalterik eragin gabe, prestakuntza duala lan kontratu bidez antolatzen bada”; bada, gai horretan, deigarria iruditu zaigu artikuluetan zehar ez dela aipamenik egiten beren jarduera plana lan kontratu baten babespean gauzatzen ez duten langileen eskubideei buruz.

Horren harira, zera adierazi nahi dugu: merkatuan kontratu mota zehatzak daude (prestakuntzarako kontratua, praktiketako kontratua…) programa horiek garatu daitezen, horietan parte hartzen duten pertsonen eskubideei kalterik eragin gabe. Ondorioz, gure iritziz, jaurlaritzak halako kontratu motak erabiltzea sustatu behar du lanbide heziketa duala garatzeko orduan eta ikaskuntza modalitate hori legezko berme guztiekin garatzen dela zaindu behar du.

Berez, prestakuntza eta ikaskuntza kontratua garatzen duen eta lanbide heziketako oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuak Espainian apurka-apurka lanbide heziketa duala ezartzeko oinarriak finkatzen  ditu. Lanbide heziketa duala, lan arloan, prestakuntza eta ikaskuntzako kontratuen bidez gauzatzen da.

Ondorioz, gure ustez, oinarrizko araudi horrek eredu “duala” garatzeko duen gaitasuna kontuan hartuta, mugak ere gogoan izanda, azpimarratu beharreko araudia iruditzen zaigu, zalantzarik gabe eragiten baitie lan kontratu horretako prestakuntza alderdiei eta ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza hitzarmenei,  prestakuntza edukiari, prestakuntzarako denborari, berau eman dezaketen ikastetxeei, egiaztapenei, finantza kostuei eta enpresen hobariei.

Kudeaketa, diseinu eta koordinazio modu berriari buruz

Azaldu dugun bezala, aurreproiektuak helburu handizale bat dauka, lanbide heziketako eredu konbinatu berria antolatu eta arautzea, eta, gainera, bere erronka da euskal gizarte eta ekonomiaren beharrizanetara era egokian egokitzea.

Arau horrek kudeaketa, diseinu eta koordinazio modu berri bat sortuko du, hezkuntza eta lanbide heziketako politiken, enplegu politiken eta gizarte eta ekonomia garapeneko politiken arteko lotura geroz eta garrantzitsuagoa izango baita.

Ondorioz, sail arteko organo bat (lanbide heziketako koordinazio organo gorena) sortu behar dela ulertzen dugu eta ados gaude, halaxe koordinatuko baitira zehazten diren jarduera lerroen arabera gauzatuko diren ekintza desberdinak. Hala ere, kontuan hartu behar dugu edozein organo sail batera edo bestera atxikitzea ez dela huskeria bat, are gutxiago hemen aipatutakoa bezalako organo bati buruz ari garenean. Atxikipen horrek nahitaez ezartzen du hartuko den joera, eta, horren harira, atxikipen hori lege honetatik egin dadila planteatzen dugu (ez dezan kasuan kasu zehaztu arloen dekretuak), Lehendakaritzaren alde egin dadin. Izan ere, funtzioaren zeharkakotasuna ezarriko litzateke, kudeaketaren koordinazioan oreka jarriko luke eta jaurlaritzak gaiari ematen dion garrantzia eta esangura islatuko lituzke. Era berean, lanbide heziketaren gaineko sail eskudunen arteko organoaren izaera parekideari kalterik eragin gabe (7. Atala), egokia izan liteke beste sail batzuk egotea, hitz egiteko aukerarekin, baina botorik eman gabe (ekonomiaren garapen eta lehiakortasun saila, osasun saila edo beste batzuk), bai eta organismoak ere (Lanbide eta Hobetuz), zuzenean lotuta baitaude organo honetan erabakiko diren politikekin.

Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua izan da protagonista nagusia lanbide heziketaren gure sistema garatzeko orduan eta zeregin berezia izan du lanbide heziketako sistemaren eta ekoizpen sistemaren arteko lotura gisa; neurri handi batean, bertako agenteek egindako lanari esker, hots, administrazioak, enpresa eta sindikatu erakunde esanguratsuenek eta ikastetxeek egindako lanari esker.

Hori dela eta, gure ustez, egokia litzateke aurreproiektuan jasotzea, gutxienez funtsezko alderdien artean, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren izaera, funtzioak eta osaera, eta gaur egun duena baino zeregin garrantzitsuagoa ematea: hala, protagonista bihurtu beharko litzateke politikak diseinatzeko orduan eta Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorenarekiko harremana argitzeko orduan.

Halaxe ondorioztatu daiteke 18.1 eta 32.1 artikuluetan Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari egiten zaion aipamena irakurrita. Zehazki, 18.1 artikuluan “herri administrazioen eta enpresa eta sindikatu erakunde esanguratsuenen arteko partaidetza organo gisa zehazten da, eztabaidatu eta akordioa bilatzeko…”. Hala ere, 32.1 artikuluari jarraiki, lanbide heziketako eredu konbinatuaren ebaluazioari dagokionez, “aholkularitzako organismo tekniko eskudun gisa…” zehazten da.

Era berean, eta arrazoi horien ondorioz, beharrezkoa iruditzen zaigu legean Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluan beharrezko baliabide eta aurrekontuak jartzeko aukera aurreikustea, araudi esparru berri honetan zehaztutako sistema berrian izango dituen zeregin eta funtzioen arabera.

Lanbide heziketako hizkuntza ofizialei eta atzerriko hizkuntzei buruz

Positiboa iruditzen zaigu Jaurlaritzak hizkuntza desberdinen gaitasun linguistikoak emateko duen interesa. Hala ere, gaitasun horiek ez izateak ez luke pertsonak prestakuntzara sartzeko traba izan behar. Testuinguru horretan, beharrezkoa iruditzen zaigu lanbide heziketaren eskaintza egokia eta nahikoa izatea, pertsona guztiek nahi duten prestakuntza jaso dezaketela bermatzeko, hizkuntza arloko baldintzak horretarako eragozpen izan gabe.

Era berean, 25.1 artikuluari jarraiki, “euskararen eta gaztelaniaren erabilera sustatuko da ikastetxeetan komunikazio tresna normal gisa, bai barruko jardueretan, bai kanpoko jardueretan, eta administrazioaren agiri eta jardueretan”. Horren harira, beharrezkoa iruditzen zaigu irakasleak euskara eta atzerriko beste hizkuntza batzuetan trebatzeko beharrezko neurriak ezartzea; izan ere, Hezkuntza Sailaren datuen arabera, ingeles maila nahikoa duten irakasle kopurua (erreferentzia gisa Europar Esparru Komuneko B2 maila hartuta) ez da oso altua.

Lanbide heziketako euskal sistemako ikerketari, berrikuntzari eta etengabeko hobekuntzari buruz

Jaurlaritzak lanbide heziketako euskal sistemaren kalitatearen aldeko interesa agertu du, 28. artikuluan ikus daitekeen bezala. Interes hori bidezkoa iruditzen zaigu, baina kezkatu egiten gaitu interes hori egiaztapen berriak lortzeko ibilbide hutsa bihurtzea; hau da, ez dugu nahi burokrazia areagotzeko baino balio ez duen duen aldaketa bat izaterik, horixe saihestu beharreko alderdi bat baita.

Lankidetza eta koordinazioa lanbide heziketako euskal sistemaren eta euskal unibertsitate sistemaren artean

Garrantzitsua iruditzen zaigu aurreproiektu honetan lankidetza eta koordinazio handiagoa jasotzea lanbide heziketako euskal sistemaren eta euskal unibertsitate sistemaren artean.

IV.- OHAR ZEHATZAK

ARRAZOIEN AZALPENA

5. orriko lehen paragrafoaren amaieran, honakoa gehitzeko proposatzen dugu: “Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak, gizarte agenteekin eta lanbide heziketako ikastetxeekin batera, ahalegin berezia egin du…”:

AURRETIAZKO KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua eta xedeak

Eskola uztea eta eskola porrota jorratzeko beharra aipatu behar da. Hala, enplegurako balio duten kualifikazioak eman beharko lirateke eta hezkuntza sistemara berriz sartzeko saiakera egin.

Era berean, langileei (enplegua izan nahiz ez) prestakuntzarako eskubidea bermatu behar zaiela jaso behar da, unean uneko kualifikazio eta birkualifikazio beharrizanak betetzen dituen prestakuntza eskainita.

3. artikulua.- Helburuak

1. puntuari dagokionez, Legearen helburua lanbide heziketako euskal sistema osatzea eta hainbat helburu betetzea dela dioelarik, beharrezkoa iruditzen zaigu helburuak berrantolatzea, beren garrantziaren arabera, kasu batzuetan sinpletu edota ñabardurak ezarrita.

Hala, egungo c) atala, “enpresei unean-unean behar diren profil profesionalak ematea, horixe baita bermerik onena pertsonen enplegurako eta enpresen lehiakortasunerako”, ez litzateke helburu bat gehiago izan beharko zerrenda luze eta heterogeneo baten barruan, oinarrizko eta lehentasunezko helburua dela iruditzen zaigu eta.

Bestalde, d) atalari dagokionez, honako ñabardura hau proposatzen dugu: “d) pertsonek bizi osoan zehar gaitasun profesionalak hobetzen dituztela sustatzea… lan munduan sartu, jarraitu eta berregokitzeko erraztasunak emanez eta…”

3. puntuari dagokionez, lanbide heziketa dualari buruz adierazitako ohar orokorraren ildotik, Batzorde honen ustez berariaz jaso behar dira kontratazioak eragingo dituzten proiektuak lehenetsi edo sustatuko direla.

4. artikulua. Lankidetza enpresekin, gizarte agenteekin eta beste erakunde eta organizazio batzuekin

2. puntuari dagokionez, gure ustez, gizarte agenteek lanbide heziketako euskal sistema garatzeko orduan izan behar duten partaidetza Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legeko 27. artikuluan jasotakoaz harago doa, eta besteak beste, jarduera eremu hauek jaso beharko lirateke:

  • Lanbide heziketako ikastetxe integratuetan parte hartzea, gizarte batzordeen bidez edo sektore mailan sortzen diren beste bide batzuen bitartez.
  • Lotura gisa jardutea langileen eta lanbide heziketako ikastetxeen artean.
  • Gaitasun profesionalak aitortzeko prozesuetako aholkularitza fasean parte hartzea.
  • Langileei eta enpresei aholkuak ematea lanbide heziketari buruz, zentzurik zabalenean.
  • Langileek lanbide heziketaren gainean dituzten eskarien bideratzaile gisa jardutea.
  • Enpresei babesa ematea, batez ere enpresa txiki eta ertainei, langileen prestakuntzarekin lotutako gaietan.

 

LEHEN KAPITULUA. LANBIDE HEZIKETAKO EREDU KONBINATUA

5. artikulua. Lanbide heziketako eredu konbinatuaren egitura

Kontsulta organo honen ustez, nahitaez egiaztapena edo aitorpena behar ez duten baina langileen edo enpresen eskari puntualei erantzuteko beharrezkoak diren bestelako irakaskuntza mota batzuk aipatu beharko lirateke.

6. artikulua. Lanbide heziketa integratuaren eremua

  • 1. puntuan honako aldaketa hau proposatzen dugu: “lanbide heziketa integratuaren eremuan sartzen dira lanbide heziketako sistema integratuko lanbide eta ikaskuntza jarduera guztiak, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutakoaren arabera, horren barruan sartuta irakaskuntza ez formalak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren iritziz aitorpena eta egiaztapena merezi dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aitortu eta egiaztatu ditzakeenak.
  • c) ataleko 2. puntuan zera iradokitzen dugu, lanbide heziketako ibilbide integratu batzuen definizioan bereziki zaindu dadila ez daudela bi bide oso bereizi ikasle motari eta kalitate pedagogikoari dagokienez, ibilbide bakar baten bi prestakuntza maila egotea saihesteko.
  • 3. puntuari dagokionez, beharrezkoa iruditzen zaigu berau gehiago zehaztea. Izan ere, enplegurako prestakuntza lanbide heziketako euskal sistemaren errealitate garrantzitsua da eta presentzia egokia izan behar du halako lege batean, etorkizunean garatzeko aukera ahalbidetuta. Hala, b) atalaren kasuan:
    • Batetik, beharrezkoa iruditzen zaigu idazkuntza argiagoa izatea eta faltan botatzen dugu eskumen profesionalen aitortza sistemarekin lotutako atal zehatz bat, garapen araudi propioa duen arren, sistema honen guztiaren zati garrantzitsua delako eta Lege honen parte izan beharko lukeela uste dugulako.
    • Bestetik, adierazitako asmoarekin ados gauden arren, “Ziurtagiri hauek (profesionaltasunaren gainekoak) osatu beharko lirateke…” adierazpenaren irismenari buruzko zalantzak dauzkagu. Izan ere, ziurtagiri horiek Errege Dekretu bidez daude ezarrita estatu osorako.

a

Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu behar du beharrezkoa dela gizarte agenteek parte hartu behar dutela lehentasunak definitzeko orduan eta lanbide heziketaren eredu konbinatua osatzen duten gainerako elementuak ezartzeko orduan.

7. artikulua. Berrikuntza aplikatuaren arloko ikaskuntza eremua

1. puntua idazteko orduan honako aldaketa proposatzen dugu: “…Ekintza horien helburua ikastetxeen ezagutza sortu eta areagotzea izango da…” ordez “Ekintza horien helburua ikastetxeen eskutik ezagutza sortu eta areagotzea izango da…”.

Bestalde, berrikuntzaren gaineko ikaskuntza jarduera hauei dagokienez, ez dakigu zergatik ez den jaso 8.1 artikuluan adierazitako bera, ekintzailetzaren gaineko ikaskuntzei dagokienez. Azken horien harira, honakoa adierazi da: “Koordinazio organo gorenak ematen dituen jarraibideen arabera zehaztu eta garatuko dira…”. Hala ere, 7.1 artikuluan ez da berrikuntzaren gaineko ikaskuntzari buruzko ezer adierazi.

8. artikulua. Ekintzailetza aktiboaren arloko ikaskuntza eremua

1. puntuari dagokionez, ekintzailetzaren gaineko ikaskuntza jarduerak “lehentasunez industria giroetan eta estrategiko gisa ezarritako gainerako sektoreetan” emateko proposatzen dugu, “enpresen sorrera sustatuz”: 2. puntuari dagokionez, berau positiboa iruditzen zaigu baina, gure ustez, eskumen horiek lehen hezkuntzan eta bigarren hezkuntzan hasi beharko lirateke bultzatzen.

9. artikulua. Berrikuntzaren eta ekintzailetzaren gaineko ikaskuntza sustatzea

1. puntuko azken lerroan, “…bat etorri behar duen pisu erlatiboa…” ordez “bat etor daitekeen…” jartzea proposatzen dugu. Izan ere, gure iritziz “behar” esateak jarduera desberdinekin (prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetza) bat datozen pisu erlatiboak aurretik zehaztuta eta ezarrita eduki behar direla esan nahi du, baina horien arteko harremanak eta dinamismoak, gauzatuko diren sustapen eta indartze ekintzen ondorioz, naturala denez, pisu erlatiboa denboraren poderioz aldatzea eragingo du.

 BOSGARREN KAPITULUA. LANBIDE KUALIFIKAZIO ETA ESPEZIALIZAZIOEN EUSKAL ESPARRUA

20. artikulua. Lanbide kualifikazio eta espezializazioen euskal esparrua.

  • 2. puntuan, 8.1 artikuluan jasotako ñabardurarekin bat eginez, honakoa gehitzeko proposatzen dugu: “Lanbide kualifikazio eta espezializazioen euskal esparruan sartuko dira beharrizanak asetzeko espezializazio profesionaleko programak…batez ere industria arloan eta estrategiko gisa ezarritako gainerako sektoreetan, eta …”.
  • 4. puntuari dagokionez, espezializazio programa horiek zehazteko, kontuan hartu behar dira, beste faktore batzuen artean, ekoizpen sektoreen eskariak, baina, gure ustez, hori baino lehen, akordio bat lortu beharko litzateke Jaurlaritzaren eta gizarte agenteen artean, Euskadiko ekoizpen sistemaren jomugari buruz. Ondorioz, horren arabera erabakiko litzateke zein programa garatu behar diren.
  • 5. puntuari dagokionez, ohar orokorretan azaldu dugun bezala, 11. artikuluak Euskadin dauden ikastetxeen artean tipologia berri bat sartzen du, baina ezin dugu baloratu berau garatzeko aukerarik ote dagoen, diseinua zehaztu gabe dagoelako. Bada, horren harira, honako hau ezabatzeko proposatzen dugu:
    “5.- Indarreko oinarrizko araudian ezarritakoari eta enpresak sortzeko eta zerbitzuak libreki emateko askatasunari kalterik eragin gabe, eta finantzazio ondoreetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak lehenetsi egingo du lanbide kualifikazio eta espezializazioen euskal esparruan dauden lanbide ekintzak garatzean, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide espezializazio zehatzen programak garatzean, Lege honetako hirugarren kapituluan zehazten den eredu konbinatuan espezializatutako lanbide heziketako ikastetxeen euskal sareko kide diren lanbide heziketako zentroak erabiltzea, eta, salbuespen kasuetan eta gizarte edo sektore mailako interesak direla era, herri administrazioen menpeko edo baimenpeko beste ikastetxe batzuk, baldin eta lanbide kualifikazio eta espezializazioen euskal esparruan jasotako kualifikazioak egiaztatzeko prestakuntza ekintzak ezartzeko finkatu diren baldintzak betetzen badituzte, enplegua sustatzen badute eta administrazio eskudunak behar bezala baimendu baditu.”
  • 6. puntuan enplegu egonkortasunari eta kalitate bermeei eutsiz pertsonen enplegugarritasuna ahalbidetzen duten ekintzak lehenetsi beharko liratekeela uste dugu.
    Bestalde, “…enplegugarritasun hobea eta handiagoa ahalbidetzea eta …” adierazpena, ezer gehitzen ez duen eta bistakoa den esapide bat izateaz gain, neurtzeko eta kontrolatzeko zaila den “hautazkotasuna” islatzen egon liteke.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA. LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL SISTEMAREN EBALUAZIOA

Kapitulu honetan berariaz jaso da lanbide heziketako euskal sistemaren ebaluazioa (31. artikulua) eta artikulu zehatz bat (32. artikulua) mintzo da lanbide heziketaren eredu konbinatuaren eta prestakuntza dualaren eskaintzaren garapena ebaluatzeari buruz.

  • Ohar orokorretan adierazitakoaren ildotik, egokia iruditzen zaigu aurreproiektuan, behintzat funtsezko alderdietan, lanbide heziketako euskal kontseiluaren izaera, funtzioak eta abar jasotzea, kontraesan bat ikusten baitugu 18.1 eta 32.1 artikuluetan adierazten den oharrari dagokionez. Zehazki, 18.1 artikuluan “herri administrazioen eta enpresa eta sindikatu erakunde esanguratsuenen arteko partaidetza organo gisa zehazten da, eztabaidatu eta akordioa bilatzeko…”. Hala ere, 32.1 artikuluari jarraiki, “aholkularitzako organismo tekniko eskudun gisa…” zehazten da.
    Era berean, ebaluazio sisteman duen zereginari buruzko zalantzak sortzen zaizkigu, berau aholkularitzako organismo tekniko batek egiten baitu, baina lanbide heziketako euskal kontseiluaren irizpideari jarraiki.
  • 31. artikuluak honakoa dio: “Gutxienez hiru urtero, lanbide heziketako euskal kontseiluak berariaz ebaluatuko ditu lanbide heziketako euskal sistemako ikaskuntza eta prestakuntza jarduerak, bereziki aztertuz euskal sistema ekonomikoaren beharrizanekiko egokitzapena, enplegugarritasun tasak, ikastaroak egin zituztenek lortutako emaitzak, kasuan kasuko prestakuntza moduluak eta bestelako ekintzak, enpleguaren eta jasotako prestakuntzaren arteko egokitasuna eta antzeko datuak.”
    Gure ustez, aldizkako ebaluazioan lehenago aipatu beharko lirateke enplegugarritasun tasak euskal sistema ekonomikoaren beharrizanak baino: Berez, aurreproiektuaren arrazoien azalpenean langabezia datu larriak aipatzen ditu, batez ere euskal gazteen artean. Horrenbestez, honako ordena aldaketa proposatzen dugu:
    “…, lanbide hezietako euskal kontseiluak berariaz ebaluatuko ditu lanbide heziketako euskal sistemako ikaskuntza eta prestakuntza jarduerak, bereziki aztertuz enplegugarritasun tasak, euskal sistema ekonomikoaren beharrizanekiko egokitzapena, ikastaroak egin zituztenek lortutako emaitzak, kasuan kasuko prestakuntza moduluak eta bestelako ekintzak, enpleguaren eta jasotako prestakuntzaren arteko egokitasuna eta antzeko datuak.”
  • Hirurteko ebaluazioak, 31. artikuluan eta 32. artikuluan proposatu bezala, ez du uzten aldi horren barruan sortu eta zuzendu litezkeen elementu negatiboak antzematen. Horregatik, bitarte horretan ebaluazio bat egiteko proposatzen dugu.

 

Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA

3. puntuan honakoa gehitzeko proposatu da: “Arauz ezarriko dira ikastetxe publikoetako gobernu organoek gizarte agenteekin batera lanpostuak hornitzeko prozesuan parte hartzeko beharrezko neurriak, aurreikusitako legezko baldintzetan.”

AZKEN XEDAPENETATIK lehenengoa

Aldaketan honakoa gehitzeko proposatu da: “5.- Enplegurako lanbide heziketaren eta hezkuntza sistemako lanbide heziketaren gaineko sail eta organismo eskudunek zehaztuko dute lanbide heziketaren eskaintza, kontuan hartuta lanbide heziketaren euskal plana eta lanbide heziketako koordinazio organo gorenak ezartzen dituen irizpide eta lehentasunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Legeko 17. artikuluan zehaztutakoaren arabera. Lanbide heziketaren euskal kontseiluaren iritzia entzun ondoren”.

AZKEN XEDAPENETATIK laugarrena

Tasei dagokienez, gure ustez gaitasun profesionalak aitortzeko prozesua garestitu izanak ez du eraginik izan behar sistemaren azken erabiltzaileen artean. Beharrezkoa da sistema merkatzeko aukera emango duten mekanismoak ezartzea, planteatzen diren tasek murriztu egin baitezakete bertaratuko den biztanle kopurua.

Edonola ere, pertsona interesdunen soldatak gutxienekora iristen ez diren kasuetan (lanbide arteko gutxieneko soldataren gainetik), tasa horiek egokitu egin beharko liratekeela uste dugu, are gehiago egun lan eta ekonomia arloan dugun egoera kontuan hartuta.

V.- ONDORIOAK

Euskadiko EGABen ustez egokia da Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko Lege Aurreproiektua tramitatzea, kontsulta organo honek egin dituen oharrak kontuan hartuta.

 

Bilbon, 2015eko irailaren 25ean

 

 

O.E. Presidentea Idazkari Nagusia
Fco. José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez