Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 11/15

Irizpena 11/15

11/15 Irizpena, Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-ogibideetara iritsi eta horietan jarduteko Lege Aurreproiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

I.- SARRERA

2015eko ekainaren 9an Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean Herri Administrazio eta Justizia Sailaren idazkia sartu zen eta “Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-ogibideetara iritsi eta horietan jarduteko Lege Aurreproiektuari” buruzko txostena eskatzen zuen, 8/2012 Legeak, maiatzaren 17koak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, 3.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kontsultatzen zaigun ekimen legegileak kirolaren ogibide zehatzetara iritsi eta horietan jarduteko oinarrizko alderdiak agintzea du helburu. Ildo horri eutsiz, berariaz onartzen ditu ogibideak eta bakoitzari dagokion jarduneko eremu funtzional orokorra atxikitzen dio. Horrez gain, ogibide horietan aritzeko prestakuntza adierazten du.

Horren kopia berehala bidali zitzaien Batzordearen Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamenak egin eta iritziak emateko, baita lan-batzorde egokian lantzeko ere, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokion Funtzionamendu Araudiak xedatutakoarekin bat. 2015eko uztailaren 1ean Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen eta hartutako erabakietatik abiatuta, irizpen-proiektu hau egin zen Batzordearen Osoko Bilkuran lantzeko, 2015eko uztailaren 14an Euskadiko EGABren Osoko Bilkuran lantzeko irizpen-proiektua egitea erabaki zen eta aho batez onartu zen.

II.- EDUKIA

 “Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-ogibideetara iritsi eta horietan jarduteari buruzko Lege Aurreproiektuaren” testuak zioen azalpena, 20 artikulu, 11 xedapen gehigarri, 7 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bakarra eta 6 azken xedapen ditu.

Zioen azalpenak aipatutakoaren arabera, kirola egitean alderdi biologikoak eta kulturalak konbinatzen dira eta pertsonen osasunerako ekarpena argia da. Aurrekoaren harira, ukaezina da kirolaren ogibide batzuek kirola egiten duten pertsonen osasunean eta segurtasunean eragiten dutela eta, ondorioz, halabeharrez horietara iristea eta horietan jardutea arautu behar da, are gehiago, jarduera profesionalak prestakuntza egokirik ez duten pertsonek burutu dituztenean.

2003-2007 aldirako Kirolaren Euskal Planak eremu horretan erregulazio profesionalik ez zegoela salatu zuen eta, horren ondorioz, merkatuan prestakuntzarik gabeko pertsonak eta prestakuntza gutxi zutenak sartu dira. Horregatik, Planaren lehentasunezko helburu bat zen jarduera profesionaletarako titulazioen gutxieneko eskakizunak arautzea, Planak berak onartutakoari jarraiki, kirol-jardunak egiten dutenen osasunean eta segurtasunean duen eragina kontuan hartuta.

Ukaezina da, orokorrean, herritarrek kirola egiten dutenean onurak garrantzitsuak direla, hori baldintza onargarrietan egiten bada; baina, halaber, mehatxu garrantzitsua izan daiteke, beharrezko prestakuntza ez duten pertsonen zuzendaritzapean edo ikuskaritzapean gauzatzen bada.

Ildo horri jarraiki, proposatzen zaigun testua kirolaren eremuak berezkoak dituen ogibide batzuen jardunari buruzko funtsezko alderdiak arautzen saiatzen da. Hala, berariaz zehazten ditu ogibideak eta horietan jarduteko beharrezko prestakuntza xedatzen du. Gainera, ogibide bakoitzari dagokion eremu funtzional orokorra atxikitzen dio.

Legeak kirolaren eremu materiala oso zentzu zabalean hartzen du eta euskal kirolaren fenomenoa bere azalpen guztietan aurrez ikusten du, aipatu kontzeptua ofizialki onartutako kirol-modalitate eta -diziplinetara edo huts-hutsik lehiaketaren mundura mugatu gabe. Horregatik, legea ez da bakarrik lehiaketaren eremurako ala arlo federaturako; 1992ko Kirolaren Gutun Europarrarekin bat, kirolaren polikromia guztia aurrez ikusten du. Hala, kirola litzateke “jarduera fisikoaren mota oro, partaidetza antolatuaren edo ez-antolatuaren bitartez, egoera fisikoa eta psikikoa adieraztea edo hobetzea, giza harremanak garatzea edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea xede dituena”.

Lege honetan arautzen diren ogibideek hezkuntzaren eremua, lehiaketaren eremua eta zuzendaritzaren esparrua hartzen dituzte. Eremu bakoitzean ogibide bat onartu da.

Arau honen beste oinarri bat kirolaren ogibideetara iristeko edo horietan jarduteko goi-mailako hezkuntza-titulurik ez edukitzea da. Ildo horri eutsiz, prestakuntza profesionalak beharko lirateke egiaztatzeko. Nolanahi ere, prestakuntza horiek maila desberdinetako titulu akademikoen bitartez edo beste titulu ofizial batzuen bidez (hala nola, profesionaltasunaren ziurtagiriak) egiaztatu ahal izango dira, une bakoitzean indarreko antolamenduak xedatzen baditu.

Era berean, legezko testuak kirolaren ogibideetan jarduteko jarduera-printzipio eta -eginkizunen katalogoa sartu du. Orokorrean, printzipioak eta eginkizunak aipatu ogibideen berezkoak eta bereziak dira eta gainerako guztirako jardun profesionalaren esparru komuna bete beharko dute.

Azkenik, 3/2007 Lege Organikoak, martxoaren 22koak, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun eraginkorrari buruzkoak, eta 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari buruzkoak, dituzten printzipioak betetzeko, arreta berezia jarri zaio eremu profesionalean gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren gaiari. Horregatik, testuak, besteak beste, legeak araututako ogibideetara sartzeko, horietan aritzeko, sustapen profesionalerako eta erakunde kolegiatuetarako tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko politikak egitea sustatzen du.

Arauak hurrengo artikuluak ditu:

1. artikulua-. Xedea eta aplikazio-eremua

2. artikulua.- Kirolaren berezko ogibideak, eremu funtzional orokorra eta prestakuntzak

3. artikulua.- Gorputz hezkuntzari buruzko irakaslearen ogibidea

4. artikulua.- Kirol-monitorearen ogibidea

5. artikulua.- Entrenatzailearen ogibidea

6. artikulua.- Kirol-zuzendariaren ogibidea

7. artikulua.- Ustezko berezietan prestakuntza-baldintzak

8. artikulua.- Prestakuntza eta titulu ofizial berrietara moldapena

9. artikulua.- Izenak gordetzea

10. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-ogibideen elkargoko kide egitea eta erregistratzea

11. artikulua.- Jardun profesionalean eginbeharrak

12. artikulua.- Sozietate profesionalen bitartez jardutea

13. artikulua.- Erantzukizun zibila aseguratzea

14. artikulua.- Beste baldintza batzuk

15. artikulua.- Lehen sorospenetarako gaitasuna

16. artikulua.- Legean babesik ez duten ogibideetan jardutea

17. artikulua.- Lege-esparru erkidea. Leia librea

18. artikulua.- Beste estatu batzuetan lortutako prestakuntza profesionalak onartzea

19. artikulua.- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babestea

20. artikulua.- Plataforma birtualen edo informazio eta komunikazioaren teknologien bitartez ogibidean aritzea

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Dagokion elkargo-erakundearekin, kirol-federazioekin eta beste kirol-erakunde batzuekin lankidetza-mekanismoak

Bigarrena.- Kirolaren ogibideetan berdintasunari buruzko politikak

Hirugarrena.- Boluntarioen araubidean edo antzekoetan egindako jarduerak

Laugarrena.- Ogibideetara iritsi eta horietan jarduteko prestakuntzak egiaztatzea

Bosgarrena.- Prestakuntza berezia

Seigarrena.- Jarduera-mailak

Zazpigarrena.- Eskola-adinean dauden kirolariekin jardueretan prestakuntza

Zortzigarrena.- Estatuak onartzen ez dituen kirol-modalitateetan prestakuntzak eta Estatuak prestakuntza-plana onartu gabe duen kirol-modalitateetan prestakuntzak

Bederatzigarrena.- Prestatu eta ikasteko nahiz prestakuntza dualerako kontratuak

Hamargarrena.- Kirol-teknikariaren eta goi-mailako kirol-teknikariaren titulazioekiko prestakuntza baliokideak

Hamaikagarrena.- Zigor-ahalmena

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Legean eskatutako prestakuntzarik gabe ogibidean jardutea

Bigarrena.- Kirol-monitorearen, entrenatzailearen eta kirol-zuzendariaren ogibideetarako legea pixkana aplikatzea

Hirugarrena.- Elkargoko kide egitearen betebeharra

Laugarrena.- Lehen sorospenetan prestakuntza lortzearen eginbeharra ez betetzea

Bosgarrena.- Boluntarioak

Seigarrena.- Federazio-araudiak

Zazpigarrena.- Legea indarrean sartzean indarreko kontratuak

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA (125/2008 Dekretuak, uztailaren 1ekoak, kirol-eskolari buruzkoak, 25. artikuluko 1., 2. eta 3. ataletan eta maila bereko edo txikiagoko arau guztiek xedatutakoa, legean xedatutakoari kontra egiten badiote).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 127. artikulua aldatzea.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 128. artikulua aldatzea.

Hirugarrena.- Legea garatu eta aplikatzeko gaitze orokorra.

Laugarrena.- Kontzeptuak definitu eta ogibideen eremu materialak eta zereginak mugatzeko berariaz gaitzea.

Bosgarrena.- Prestakuntza berezia onartzen duen prozedurarako berariaz gaitzea.

Seigarrena.- Indarrean sartzea.

III.- GOGOETA OROKORRAK

Kirola interes publikoko gizarte-jarduera da eta pertsonen prestakuntza nahiz garapen integrala lortzen eta bizi-kalitatea nahiz banan-banako eta gizarte-ongizatea hobetzen laguntzen du14/1998 Legea, ekainaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko kirolari buruzkoa, 2.1. artikulua..

Gizarte-funtzioen artean, lehenik eta behin, osasuna eta bizimodu osasuntsuak sustatzen dituela azpimarra daiteke, bizi-itxaropena luzatzen eta horren kalitatea hobetzen laguntzen baitu. Era berean, gizarte-harremanak sustatu eta kohesioan laguntzen du, bere funtzio integratzailea garrantzitsua baita. Bestalde, orokorrean, jendeari eta, bereziki, eskola-adinekoei hezkuntza- eta kultura-baloreak transmititzeko bitartekoa da, bizikidetzen eta jokoaren erregelak errespetatzen erakusten baitu eta, aldi berean, ahalegin pertsonalaren eta kooperazioaren balorea bultzatzen baitu.

Horrengatik guztiarengatik, gizarte-ikuspegitik, kirola herrialde guztietako herri-politiken agendan sartzen ari da. Gainera, ez da baztertu behar jarduera ekonomikoari, turismoari eta astialdiari ekarpenak egiten dizkiela.

 Horrek guztiak kirola bere osotasunean interes publikoko zeharkako eremu bihurtzen du eta lege-antolamendua indarreko eskeei etengabe moldatu behar zaie, izaera dinamikoa kontuan hartuta.

Horretaz jakitun izanik, Eusko Legebiltzarrak, 2012ko otsailaren 9ko Osoko Bilkuraren saioan, “Eusko Jaurlaritzari, Autonomia Estatutuak eta Lurralde Historikoei buruzko Legeak aurrez ikusitako aginpide-esparruan, lege-proiektua aurkeztea eskatu zion, nahasitako eragile guztiekin elkarlanean kirolaren ogibide desberdinak arautzeko. Helburua kirolaren ogibideak, prestakuntza eta profesionalen gaikuntza, bakoitzaren gaitasun profesionalak eta lan-merkatuan jarduera-eremua zehaztea da, pertsonen segurtasuna eta osasuna antola daitezen”.

Eta, testuinguru honetan, EGABk zer nahasitako eragileri kontsultatu zaion zalantzan jartzen du, hemen ordezkatutako erakunde batzuei, arau honetan interesa zutenei, ez baitzaie galdetu.

Guk iritzia emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko kirolaren ogibideetan sartu eta horietan aritzeko Lege Aurreproiektua aurkezten zaigu eta horrekin Gobernuak, 1. artikuluan xedatzen den bezala, “kirolaren ogibide zehatzetara iritsi eta horietan aritzeko oinarrizko alderdiak antolatu nahi ditu. Hala, berariaz onartuko ditu ogibide horiek eta ogibide bakoitzari dagokion jarduteko eremu funtzional orokorra esleituko dio eta ogibideetara iristeko prestakuntza azalduko du”.  Arauak jardun profesionala hurrengo moduan definitzen du: “kirolaren ogibideek berariazkoak dituzten zerbitzuak eskaintzea, ordainsariaren arabera horretan arautuak badaude. Boluntarioen, adiskidetasunaren, familiartekoen harremanen edo antzekoen esparruan burututako jarduerak baztertzen dira”.

Ekimen hau positiboki balioztatzen dugu. Izan ere, kulturaren, gizartearen eta osasunaren ikuspuntutik kirola egiteak duen garrantzia onartuta, praktikarekin zerikusia duten ogibide garrantzitsuenetan aritzen diren pertsonei eskatzen zaizkien baldintzak eta prestakuntza arautzen dira.

Zehatz-mehatz esanda, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna babesteko duen funtzio garrantzitsua nabarmendu nahi dugu.

Aurreproiektuaren txosten osagarriak kirolaren sektorea orain arte lan-merkaturik irekienetarikoa izan dela onartzen du. Gainera, ogibide zehatzetan prestakuntza eta titulazio oso heterogeneoak zituzten pertsonek, prestakuntza oso urria zutenek edo prestakuntzarik gabekoek jardun dute. Ildo beretik, egin du bere 7/2004 irizpena Aholku Batzorde Juridikoak. Hari jarraiki, “herri-agintariek ezin diote kirol-jardueraren segurtasunari bizkarra ematen jarraitu, aldi berean, sustapenaren eta hazkuntzaren mezua azaleratzen badute. Gorputz-jarduera segurtasun-baldintzetan egin behar da eta oso zati garrantzitsua dago ikaste-maila desberdinetan eta gidatzen esku hartzen duten pertsonetan”.

Kirolaren ogibide batzuen jardunak egiten dutenen segurtasunean eta kontsumitzaile nahiz erabiltzaileen eskubideetan duen eragina kontuan hartuta, lege-aurreproiektuak xedatutakoarekin bat (19. artikulua), lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak, bere aginpideak erabiliz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatuko ditu eta, horretarako, lege honek xedatutako kirol-ogibideetan aritzeko prestakuntzen eskakizunei dagokienez, honakoak eskatu ahal izango ditu: baimen-sistema egokiak, aitorpen arduratsua, jakinarazpena, ebaluazioa,egiaztapena eta ikuskaritza.

Txosten osagarrian argudiatzen den bezala, pertsonen moldapen fisikoarekin zerikusia dagoen merkatua objektibotasunik edo oinarri zientifikorik ez duten mezuez zipriztindua dago. Horregatik, arau honek xedatutakoaren arabera, kideen gainean elkargo profesionalek duten diziplina-ahalmena baztertu gabe, herri-administrazio aginpidedunek lege honetan araututako ogibideen eremuan zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonen eta erakundeen publizitatea objektiboa, zuhurra eta egiazkoa izatea zainduko dute. Horrez gain, kirolarien osasunaren eta segurtasunaren kontra doazen kirol-praktikak ez dituzte sustatuko eta zorroztasunez errespetatuko dituzte jardueren oinarri zientifikoa eta preskripzioak, itxaropen faltsuak sortu barik. Hala, lege honen barruan dauden profesionalek ezingo dute osasunerako ondorio onuragarriak argi eta garbi ez dituzten kirol-jarduerei buruzko publizitaterik egin.

Gainera, legearen eremuko profesionalek gutxieneko prestakuntza betetzen dutela bermatzeko, profesionalek zerbitzuak eskaintzeko kontratu guztiak idatziz legeztatuko dira eta aipatu profesionalen prestakuntza argi eta garbi egiaztatuko da. Modu horretan, kirolaren praktikan osasuna eta segurtasuna babestuko dira.

Araututako ogibideetan aritzeko eskatutako prestakuntza egiaztatzeari dagokionez, irizpen-aurreproiektuak 10. artikuluan ogibideetara iritsi eta horietan jarduteko ezinbesteko baldintza bezala, dagokion estatuko legeriak hala zehazten badu, elkargo profesionalaren kide izatea edo Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Profesionalen Erregistroan sartzea xedatzen du. Elkargoko kide egiteko baldintza bakarrik elkargo profesionala existitzen denean eska daiteke. Horrek erregistroari, informazio eta estatistikarako, elkargokideen zerrenda eskuratu beharko dio.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Profesionalei buruzko Erregistroa publikoa izango da eta inskribatutako profesionalen izen eta abizenei buruzko informazioa eskainiko du. Halaber, titulazioak, ziurtagiriak edo antzeko dokumentuak, prestakuntza profesionala egiaztatzen dutenak, adieraziko ditu, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobe defendatzeko.

Nolanahi ere, positiboki balioztatzen dugu arau-proiektuak Gobernuari egindako eskea, hain zuzen ere, legeak araututako ogibideetara iristeko eta horietan jarduteko orduan tratu- eta aukera-berdintasunerako politikak sustatzea, gainerako herri-administrazioen, elkargo-erakundeen, kirol-federazioen eta antzeko erakundeen laguntzaz (Bigarren X.G.), kirol-ogibideetan aritzeko emakumezkoak ordezkaritza txikiagoa dutela kontuan hartuta.

IV.- GOGOETA BEREZIA

18. artikulua.- Beste estatu batzuetan lortutako prestakuntza profesionalak onartzea

Artikulu honen lehenengo atalak hurrengoa xedatzen du: “Europar Batasuneko estatu kideetan edo langileen zirkulazio librea, kokapen librea edo profesionalen zerbitzuen eskaintza librea aplikagarria den gainerako estatuetan lortutako prestakuntza profesionalak onartzeko, nazioarteko hitzarmenek eta Erkidegoko arauek xedatutakoari erreparatuko zaio, arloa arautzen badute. Halaber, antolamendu hori iraultzeko Estatuko xedapenak kontuan hartuko dira”.

Ikuspegi formaletik, gure iritziz egokiagoa da Erkidegoko araudiari aipamena egin ordez, “europar araudiaz” hitz egitea.

V.- ONDORIOA

Euskadiko EGABren ustez, “Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-ogibideetara iristeko eta horietan jarduteko Lege Aurreproiektua” izapidetzea egokia da, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetekin.

 

Bilbon, 2015eko uztailaren 14an

 

O.E. Presidentea Idazkari Nagusi
Francisco José Huidobro Burgos Emilia Málaga Pérez