Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

Irizpena 6/14

Irizpena 6/14

6/14 Irizpena, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen duen agindu bateratua aldatzeko agindu proiektuari buruzkoa

CESEGAB

CESEGAB

BILBAO

1

 I. SARRERA

2014ko ekainaren 5ean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren idazki bat sartu zen Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean. Haren bidez, sailak txosten bat eskatzen zuen “Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen duen Agindu bateratua aldatzeko Agindu Proiektua” izenekoari buruz, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari buruzko ekainaren 27ko 8/2012 Legeko 3.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Kontsulta egiteko aurkeztu zaigun legegintza-ekimenaren funtsezko xedea da 2012ko urriaren 3ko Aginduan –haren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira– jasotako aurreikuspen batzuk egokitzea profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko Estatuko araudi berriari (martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretua), bai eta haren artikuluetan zenbait hobekuntza egitea ere, programaren ezarpena errazte aldera.

Berehala dokumentuaren kopia bat bidali zitzaien Batzordeko Osoko Bilkurako kide guztiei, beren proposamen eta iritziak aurkez zitzaten eta haiek kasuko lan batzordeari haiek helaraz ziezazkion, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen funtzionamendu araudian ezarritakoari jarraituz. 2014ko ekainaren 19an, Gizarte Garapenerako Batzordea bildu zen, eta hark hartutako akordioak abiapuntu hartuta, honako irizpen proiektua egin zen, Batzordearen ekainaren 30eko Osoko Bilkurari aurkezteko, non aho batez onetsi baitzen.

II.- EDUKIA

Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen duen Agindu bateratua aldatzeko Agindu Proiektua” izenekoaren testuak honakoak dauzka: zioen azalpen bat, 16 artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

Zioen azalpenean, azaltzen da egun prestakuntza lanarekin txandakatzeko dagoen programa, Hezibi programa, ezarri zela Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezarri zituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko Agindu bateratuaren bitartez.

Martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak Profesionaltasun-ziurtagiriak arautu zituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatu zuen, bai eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezarri zituzten errege dekretuak ere, eta aukera zabaldu zuen ekimen pribatuak profesionaltasun-ziurtagiriak emateko. Horrenbestez, beharrezkoa da erraztea prestakuntza-ekintza pribatuetan parte hartzen duten ikasleek beren prestakuntza hartu ahal dezatela Hezibi programako prestakuntza lanarekin txandakatzeko modalitatearen arabera.

Bestalde, 2012ko urriaren 3ko Aginduak ezarri zuen ezen prestakuntza lanarekin txandakatzeko proiektuetan, profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzearekin lotutakoetan, prestakuntzarako gutxieneko taldea bost pertsonek osatutakoa izango dela. Hala eta guztiz ere, esperientziak erakutsi du zeinen zaila den tamaina horretako taldeak edukitzea prestakuntza-proiektu beraren barruan; izan ere, egingarriago gertatzen da banakako nahiz talde txikien kontratazioa. Hori dela eta, agindu berria baldintza horiek malgutzera dator.

Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkar eraginezko zerbitzuak edukitzeak, nortasun datuak eta zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzakoetan egunean egoteari buruzko egiaztagiriak konprobatze aldera, eta lan kontratuen datu baserako sarbidea izateak, programa honen esparruan egindako kontratuaren datuak kontsultatze aldera, aukera ematen dute entitate onuradunak dagokien dokumentazioa aurkeztetik salbuesteko.

Azkenik, argiro eta zehaztasunez jaso beharra dago diru-laguntzaren ordainketa efektiboaren fluxua, baldin eta prestakuntza lanarekin txandakatzeko proiektuak urtebetekoa baino iraupen luzeagoa badu, eta horrek berarekin ekarri du arau indardunean zenbait aldaketa sartu behar izatea.

Agindu berriaren artikuluek 2012ko urriaren 3ko Aginduko honako artikuluak aldatzen dituzte:

1. artikulua. Zioen azalpena aldatzen du.

2. artikulua. 2. artikulua, “Hezibi Prestakuntza eta Lan Programaren hartzaileak”, aldatzen du.

3. artikulua. 4.2 artikulua, “Prestakuntza-zentroak”, aldatzen du.

4. artikulua. 4.5 artikulua, “Prestakuntza-zentroak”, aldatzen du.

5. eta 6. artikuluak 7.3 artikulua, “Aurrera eraman beharreko prestakuntza-jarduera”, aldatzen dute.

7. artikulua. 7.4 artikulua, “Aurrera eraman beharreko prestakuntza-jarduera”, aldatzen du.

8. artikulua. 7.5 artikulua, “Aurrera eraman beharreko prestakuntza-jarduera”, aldatzen du.

9. artikulua. 11 artikulua, “Prestakuntza-jarduerarako akordioa prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuan”, aldatzen du.

10. artikulua. 13. artikuluko –”Finantzaketa eta baliabide ekonomikoak”–, zenbait idatz-zati aldatzen ditu.

11. artikulua. 14.4 artikulua, “Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-proiektuen eskaerak aurkeztea. Prozedura eta ebazpena” aldatzen du.

12. artikulua. 16.4 artikulua, “Programa honen esparruan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresentzako diru-laguntza”, aldatzen du.

13. artikulua. 16.5 artikulua, “Programa honen esparruan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresentzako diru-laguntza”, aldatzen du.

14. artikulua. 16.6 artikulua, “Programa honen esparruan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresentzako diru-laguntza”, aldatzen du.

15. artikulua. 17 artikulua, “Diru-laguntzaren baldintza orokorrak”, aldatzen du.

16. artikulua. Hezibi Programa arautzen duen Aginduko eranskinak aldatzen ditu.

 

III.- GOGOETA OROKORRAK

Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen duen Agindu bateratua aldatzeko agindu proiektua (aurrerantzean, hasierako agindu edo Hezibi agindu gisa aipatuko dugu) aurkeztu zaigu, iritzia eman dezagun. Haren bidez, Jaurlaritzak bilatzen du programa horren alderdi batzuk argitzea, hain zuzen lehenengo idazketan behar bezain argi geratu ez zirenak, besteak beste ziurtagirien eta tituluen arteko bereizketa erraztuz eta prestakuntza-zentroei kontrol handiagoa emanez. Aldaketek bost alderditan eragiten dute, nagusiki:

1,- Programaren hartzaileei buruzko alderdiak.

  • Prestakuntza-zikloetako ikasleak, lanbide heziketako titulua lortzeko.
  • Profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza-programetako ikasleak.

2.- Hezibi programaren titularrak diren prestakuntza-zentroei buruzko alderdiak. Hemen, sartzen den berritasuna da enpresak berak izan ahalko direla prestakuntza planeko titularrak.

3.- Prestakuntza-jarduerarekin lotutako alderdiak.

4.- Finantzaketari eta baliabide ekonomikoen esleipenari buruzko aldaketak.

5.- Prozedurari eta ebazpenari buruzko aldaketak.

Lehenengo, eta kontuan izanda aldaketa hauen xedea dela arau indarduna hobetzea eta perfekzionatzea, Batzordeak positiboki baloratzen du kontsultagai den ekimena.

Hala eta guztiz ere, bi gai aipatu nahi ditugu, zeren eta uste baitugu haietan arau-aldaketak sakondu beharko lukeela: langileek prozesuan duten legezko ordezkaritzaren eginkizuna, eta aukera enpresari zabaltzea, prestakuntza ematen duen entitatea den aldetik.

Langileen legezko ordezkaritzaren eginkizunari dagokionez, uste dugu sakondu beharra dagoela hasierako aginduko 18. artikuluan jasotakoan; hau xedatzen du, hain zuzen: “Enpresek araudi honen arabera diruz lagundutako kontratazioak egin behar direla jakinarazi beharko diete langileen ordezkariei, baita kontratazio horiei dagozkien baldintza eta eskakizunak ere”.

Komenigarria iruditzen zaigu areagotzea langileek legezko ordezkaritzari buruz eduki beharreko ezagutza-maila; izan ere, soilik egindako kontratuetara mugatu beharrean (lan-araudiak horixe bera ezarria baitu), prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuaren arabera prestakuntza-jarduerarako akordioan sartutako informazio guztia hartu beharko luke, arau indarduneko 11. artikuluan jasotako terminoetan. Gure iritziz, ez da nahikoa hezkuntza-entitatearen programazioa aurkeztea, eta langileen legezko ordezkariek informazio bera eduki beharko lukete.

Enpresa prestakuntza ematen duen entitate gisa zabaltzeari dagokionez, hasierako aginduko 7. artikuluak ezartzen zuen beharrezkotzat jotzen den eta katalogatu gabe dagoen prestakuntza sartzeko. Gure ustez, kontrol handiagoa ezarri beharko litzateke horri buruz. Zehazki, baldin eta prestakuntza osagarri hori lan arriskuen prebentzioari buruzkoa bada, enpresako prebentzioaren arloko delegatuek ezagutu beharko lukete.

Beste maila batean, jasota utzi nahi dugu ezen, aurreko beste batzuetan gertatu den bezala, arau berriak sartzen dituen aldaketa batzuk justifikatzeko informazioa ez dela nahikoa, eta horrek eragozten digula haiek egokitasunez eta osotasunez baloratzea, geure irizpidea perfekzionatzea ezinezko bihurtzen baita. Eta horri dagokionez, gure berariazko gogoetetan zenbait zalantza planteatuko ditugu sartutako aldaketei buruz.

 

IV.- BERARIAZKO GOGOETAK

10. artikulua. Hezibi aginduko 13. artikulua, “Finantzaketa eta baliabide ekonomikoak”, aldatzen du.

Aginduko 13. artikuluko 3. lerrokadari egindako aldaketen artean dago honakoa dioen lerrokada kentzea: “Proiektu bat (txandakako prestakuntza-proiektua) onartzeko, ezinbestekoa izango da prestakuntza-ekintza egiten duten ikasle guztiak kontratatzeko adina enpresa egotea, prestakuntza-zentroak taldea bitan…“.

Gure ustez, prestakuntza duala edo txandakako prestakuntza arautzen ari denez, lerrokada hori kentzea ez da alferrekoa.

14. artikulua. Hezibi aginduko 16.6 artikulua, “Programa honen esparruan prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak egiten dituzten enpresentzako diru-laguntza”, aldatzen du.

Artikulu honetako 6. puntuko a) letran, aldaketa bat sartzen da, non ezartzen baita ezen ikasle-langilearen errendimendua desegokia bada, emandako diru-laguntza aldatuko dela edo hura itzultzeko prozedura hasiko dela, “dagokionaren arabera”, diru-laguntza likidatzeko, kontratuak izan duen iraupen efektiboa kontuan hartuta.

Uste dugu komenigarria dela arau horrek argi uztea zer esan nahi duen “dagokionaren arabera” esapideak, xedapena hobeki ezagutze aldera.

Forma izaerako gogoeta

Jasotako agindu proiektuaren testuari dagokionez, eta haren irakurketa eta ulermena errazte aldera, iradokitzen dugu aldaketaren xede den arauaren aipamen ugariak (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko agindu bateratua…) kendu eta haien ordez aipamen laburragoak erabiltzea (“hasierako agindua” edo “Hezibi agindua”, esate baterako).

 

V.- ONDORIOAK

 

Euskal EGABek uste du egokia dela Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen duen Agindu bateratua aldatzeko Agindu Proiektuaren izapidetzea, kontsulta-organo honek egin dituen gogoetak kontuan hartuta.

Bilbon, 2014ko ekainaren 30ean

Firmas eusk