Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

LEHENGORATZEA NAZIOARTEKO TESTUINGURU KORAPILATSUAREN ERDIAN

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Memoria Sozioekonomikoaren argitalpena itxaroten eta baloratzen den gertaera da, eta horrela da Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate sozial eta ekonomikoari buruzko dokumentu zehatz, serio eta fidagarria izateko interesa duten kolektibo eta pertsonen artean duen garrantziagatik eta sortzen duen interesagatik. Memoria honek, datuen eta estatistiken bilduma izateaz gain, adierazle horiek denboran zehar izan duten bilakaeraren azterketa sakon eta testuinguruan kokatua eskaintzen du.

Aurkezten dugun azterlana iturri ofizialek argitaratutako datuetan eta informazioetan oinarritzen da, informazioaren fidagarritasuna eta zehaztasuna bermatuz. Hala ere, ez gara bilketa estatistiko soilera mugatzen. Gure lanak informazioa kontrastatzeko eta egiaztatzeko prozesu zorrotza eskatzen du, eta, horri esker, aurkeztutako datuak sendoak eta egungo errealitatearen adierazgarri direla ziurtatu dezakegu. Analisi honek, Euskal Autonomia Erkidegoaren egungo egoeraren ikuspegi argia emateaz gain, aldi berean epe luzerako ikuspegia eskaintzen du, plangintzarako eta erabakiak hartzeko funtsezkoa dena.

Gure memoriaren balio erantsi esanguratsu bat Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea osatzen duten eragile sozial eta ekonomikoen arteko eztabaida aktibo eta eraikitzailetik sortzen diren gogoetak gehitzea da. Eztabaida- eta deliberazio-prozesu honek, adostasunean amaitzen denak, izugarri aberasten du analisia eta dimentsio praktikoa eta aplikagarria ematen dio. Aurkeztutako gomendioak eta oharrak ez dira gogoeta teoriko hutsak; aitzitik, Euskadiko gizarte- eta ekonomia-sarean zuzenean inplikatuta daudenen kezkak eta proposamenak jasotzen dituzte. Agiri hau, beraz, funtsezko tresna da Euskal Autonomia Erkidegoaren errealitate konplexua ulertzeko eta hausnarketarako eta ekintzarako oinarri sendoa eskaintzen die arduradun politikoei, eragile ekonomiko eta sozialei eta, oro har, jendeari.

2023an egoera geopolitikoa bi gatazka belikok markatu dute: amaitzen ez den Ukrainako gatazkak eta Gazakoak. Liskar hauek sortutako ezegonkortasunak zuzenean eragiten die tartean dauden eskualdeei baina, aldi berean, ondorioak ditu munduko ekonomian, merkatuetako aldakortasuna areagotuz eta aurreikuspen ekonomikoa zailduz. Faktore-konbinazio honek ziurgabetasun itzeleko ingurunea sortu du, non ondorio ekonomiko kaltegarriak hainbat eremutan nabaritzen diren, energia-horniduratik hasi eta oinarrizko ondasunen prezioetaraino.

Testuinguru global konplikatu honen barruan, aldi berean eurogunearen dezelerazioak ere markatzen duena, itxaropentsua da egiaztatzea Euskadiko datu ekonomikoek aldakuntza positiboak izan dituztela BPGaren urte arteko % 1,8ko hazkundearekin. Hala ere, inflazioak arazo izaten jarraitzen du herritar guztiontzat. 2023an prezioen gorakada moteldu bada ere, maila altuetan mantentzen da eta horrek eragin negatiboa du familien erosteko ahalmenean.

Enpleguari dagokionez, langabeziak jaisten jarraitu du, nahiz eta sumatzen den luzaroko langabeziak, laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektibo jakin batzuei eragiten dienak, eta behin-behinekotasunak arazo hauek arintzeko neurriak behar dituztela. Gainera adimen artifiziala agertzeak enpresetan, langileengan eta, oro har, herritarrengan izan ditzakeen ondorioei buruz hausnartzea eskatzen du. Adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko aldaketak planteatu beharko dira hala prestakuntzan nola lan-inguruneetan integratzean.

Beste datu batzuei dagokienez, hala nola Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten bizikidetza-unitateen % 13,6ko igoera, Euskadiko familien % 12,6ri pobrezia energetikoak edo alokairuko etxebizitza-eskaintza eskasak eragin izana, esan behar da beharrezkoa dela gizarte-babeseko sistema mantentzea eta, ahal den neurrian, indartzea, sistema honek garapen ekonomiko bidezkoagoa eta ekitatiboagoa bermatzen duelako herritar guztientzat.

Beste alde batetik, demografiak egiturazko arazo izaten jarraitzen du Euskadin, gure herrialdeak behin eta berriz hazkunde natural negatiboa duelako. Izan ere, jaiotzen eta heriotzen arteko aldeak ordura arteko maximoa gainditu zuen 2022an, eta migrazio-saldoen biztanleria-ekarpenak biztanleriaren galera konpentsatzen duen arren uste dugu premiazkoa dela "Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategian" sakontzea; 2023an egin ziren estrategia honen lehenengo jarduketak positibotzat jotzen ditugu.

Azkenik, aurkezpen hau amaitzeko eskerrak eman nahi dizkiet Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EGAB) Memoria Sozioekonomikorako Batzordea osatzen duten pertsona guztiei eta Batzordeko langileei. Horiei guztiei nire eskerrik beroenak adierazten dizkiet euren lanagatik eta konpromisoagatik.

Irakurleei memoria hau aztertzen jarraitzeko gonbita egitea besterik ez zait geratzen, Euskadiko EGAB osatzen duten eragile sozial eta ekonomikoek identifikatutako erronkak eta, aldi berean, erronka horiekin lotutako gogoetak ezagutzeko.


Javier Muñecas Herreras

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Presidentea


(2023ko MSE)

(Laburpena eta ondorioak)