Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

ZIURGABETASUNA NAGUSI

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, besteak beste, urtero Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoari eta sozialari buruzko bere gogoetak azaltzeko memoria bat idazteko eginbeharra du. Hala, 2023ko ekainaren 28ko ohiko bilkuran, aho batez onetsi zuen jarraian jasotako dokumentua.

Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren kontsulta-erakunde den aldetik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urtero aztertzen du egoera ekonomikoa eta soziala, soilik datu ofizialak oinarri hartuta. Aitzitik, ez da batzorde honen eginkizuna eskuragarri dauden datu eta estatistika ugariak errepikatzea, horiei buruzko gogoetak egitea baizik. Gure eginbeharra, beraz, iturri ofizialek argitaratutako estatistika eta informazioei balio erantsia ematea da. Hartara, izandako bilakaera unean uneko denbora-testuinguruan jartzen dugu, aurrerapenak eta atzerapenak egiaztatzen ditugu, bilakaerak aurreikusten ditugu, eta ohartarazpenak eta gogoetak egiten ditugu; hori guztia, dena egiaztatu eta adostu ondoren. Funtsean, honetan datza erakundearen zeregina: gizartea erabat ordezkatzen duen Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak egoeraren azterketa egitea eta horren harira adostutako proposamenak aurkeztea.

Pandemiako bi urtek astinduta hasi zen 2022a, ziurgabetasun-kutsuarekin. Bat-batean Ukrainako gerra hasi zenean, sentsazio hori areagotu zen, eta inflazioak izugarri egin zuen gora, azken hamarkadetan ikusi gabeko mailara igo baitzen. Testuinguru horretan, agerian geratu zen administrazio publikoek zergen eta aurrekontuen politika oinarrizko zerbitzu publikoetan ardaztu behar zutela (nagusiki osasunean eta gizarte-zerbitzuetan), bai eta hezkuntzan eta ikerketan ere, egoera horretan sortutako beharrizanei aurre egin ahal izateko.

2022ko memoria sozioekonomikoak Euskadin erregistratutako hazkuntza ekonomikoa islatzen du; hazkuntza horri esker, hain zuzen ere, mantendu ahal izan da enpleguaren susperraldia (urte-amaieran, BPGd-aren gehikuntza % 4,4koa zen, eta enpleguaren igoera % 3,1ekoa). Alabaina, industria-sektorean galdu diren enpleguei dagokienez EUSTATek emandako datuak aintzat hartuta, adierazi nahi dugu euskal produkzio-sistemaren funtsezko katebegia dela, eta –% 2,8ko okupazio-tasa izan duela 2021. urtearekin alderatuta.

Bestalde, adierazle nagusien arabera, okupazioa igo da eta pandemia-aurreko egoera berreskuratu ahal izan da; horrez gain, lan-erreformaren ondoriozko urteko balantzeak erakusten du lortu dela enpleguaren kalitatea hobetzea. Hala eta guztiz ere, oraindik ere arreta berezia eman behar zaie iraupen luzeko langabeziari, laneratzeko zailtasun handiagoak dituzten zenbait kolektiboren langabeziari eta enplegu publikoaren behin-behinekotasunari. Hori dela eta, enplegura bideratutako partida publikoak sendotu behar dira eta Europako berreskuratze-funtsak aprobetxatu.

Egoera demografikoari dagokionez, dokumentuan argi eta garbi azaldu da Euskadik krisi demografiko izugarriari egin behar diola aurre. Krisi-definizioaren lehenengo adiera aintzat hartuta erabili dut terminoa: “zerbaiten bilakaeran gertatzen den une edo epe larria, ondorio garrantzitsuak dakartzana”. Bilakaera horretatik sortu da erakundearen agenda politikoan erronka demografikoa erdigunean jartzeko beharra. EAEn hazkunde natural negatiboa erregistratu da, migrazio-saldo positiboekin konpentsatzen ez dena. “Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia”, zeina 2022an onetsi baitzen, ekonomiari lotutako gaiak eta bizitzako baldintza materialak uztartzen dituen tresna izan behar da; halaber, aipatzekoa da bidegurutze horrek bizi-garapena ulertzeko beste modu batzuk ere hartuko dituela barne, zeinek gure iraganarekiko haustura soziokulturala ekarriko baitute (jada ekarri dute).

Alderdi positiboari dagokionez, Euskadi oso ondo kokatzen da bizi-kalitateko nazioarteko rankingetan (GGI), bai eta Europako AROPE tasaren askotariko eremuetan nahiz Bizi-baldintzei buruzko Inkestako adierazle gehienetan ere. Hala eta guztiz ere, 2021eko memorian nabarmendu ziren EAEko bizi-kalitateari lotutako hainbat alderdi; 2022koan, ostera, aurreko aldiko hobekuntzarekin alderatuta, bizi-baldintza horiek zertxobait okertu izanaren zantzuak jaso dira. Horrenbestez, jarraipena egin behar zaie honako hauei: pobreziako edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden biztanleen kopuruan egondako igoerari, gutxienez astean bitan okela edo arraina jatea ordaindu ezin dezaketen etxebizitzen portzentaje-gehikuntzari, eta energia-pobretasunaren igoerari. Aldaketa horiek prezioen bilakaerari lotuta egon daitezke, baina ez dira estatistika hutsak: gure gizartearen alderdirik zaurgarrienaren erakusgarri dira, arreta handiena behar duena, alegia.

Hori dela eta, nahitaezkoa da Europako herrialde nagusietan dagoen gizarte-babeseko sistemaren antzekoa mantentzea eta, ahal den neurrian, sendotzea, gure gizarteak bere gain hartutako erronkei, sortutako beharrizan berriei eta sortu daitezkeen erronka eta errealitate berriei aurre egiteko funtsezko tresna baita.

Amaitzeko, animatu nahi zaituztet hizpide dugun memoria irakurtzera eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea osatzen duten gizarte- eta ekonomia-eragileek identifikatu dituzten erronkak eta egindako gogoetak ezagutzera.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet berriz ere memoria hau egin duten Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kideei eta batzordearen zerbitzura dauden langileei, egindako esfortzuagatik eta erakutsitako arduragatik. Horiei guztiei, mila esker bihotzez egindako lanagatik eta izandako inplikazioagatik.

(Laburpena eta Ondorioak)

(2022ko MSE)