Publicaciones > Libros
Descárguese el documento en

Contenido

KONTSULTA JARDUERA BULTZATZEA

2022an COVID-19a egonkortu zen eta maskarak eguneroko bizitzan bigarren mailan egotera igaro ziren. Pandemiak atseden bat emango zigula ematen zuenean, beste agerraldi bat azaldu zen: inflazioa. Pandemiaren astinduak eta Ukrainako gerraren ondorioz eratorritako arrisku geopolitiko berriek kolokan jarri zituzten aurreikuspen sozioekonomikoak eta ziurgabetasun mailak gora egin zuen.

Testuinguru horretan, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak bere jarduera erabat berreskuratu zuen. Akitania Berriko CESER-ekin bilerak eta jarduketak indartu zituen, bereziki, baita Arku Atlantikoko beste kontseilu batzuekin ere.

Baina, zalantzarik gabe, kontsulta jarduera, hau da, Batzordearen xedea izan zen 2022an Kontseilu honetan bultzadarik handiena jaso zuen jarduera. Hamasei irizpen eman ziren garrantzi eta eragin sozial handiko gaiei buruz, hala nola Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen Aurreproiektua, 2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoa edota Enpleguaren Euskal Legearen Aurreproiektua. Hiru horiek interes handiko ekimen legegileak dira Euskadiko hainbat kolektiborentzat. Interesekoak dira baita ere Haur eta Nerabeen Legearen aurreproiektuan jasotakoak. Kontseiluak 2022ko irailean eman zuen horri buruzko irizpena.

Beste plano batean, azpimarratu behar da hamalau urtetik beherako seme alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko Dekretu Proiektuari buruzko irizpena. Bertan, Batzordeak errepikatu zuen familia politikak ikuspegi integralago baterantz eraldatu eta aurrera egin behar dutela, bai eta beste kontziliazio neurri eta baliabide batzuk aztertu ere. Premia horrek ahalbidetuko du, besteak beste, modu eraginkorragoan jorratu ahal izatea aurre egin behar dugun erronka demografikoa.

Irizpena emateko jardueraz harago, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak urteko memoria sozioekonomikoa egiteko legezko agindua bete zuen, eta uztailean aurkeztu zen jendaurrean memoria hori.

Gainera, EBko esparruan, gizarte eta ekonomia politiken inguruko hainbat jardunaldi ospatu ditu Europako EGAB eta España EGAB lankide izan dituela. Gainera, Atlantikoko Sare Transnazionala hartu du (Espainiako eta Frantziako zenbait kontseilu ekonomiko eta sozialek osatzen dute, Euskadikoak barne). Amaitzeko, Atlantikoko korridoreari eta Europa barneko garraio sarea berrikusteko prozesuari buruzko azterlana egin du. Azterlan horretan, Atlantikoko Sare Transnazionalak zortzi proposamen egin ditu eta Europako Batzordeak aurkeztutako Europa barneko Garraio Sarea berrikusteko proposamenarekin alderatu ditu, Arku Atlantikoko Europako eskualdeen lankidetzarako gako gisa.

(Dokumento osoa eskuragarri)